Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO BESTE EGILE BATZUK

ANELIER TOLOSAKOA, Gilen (Guillem Anelers de Toulouse)

Karguak eta lanbideak

(ca. 1250, Tolosa, Languedoc, Frantzia – 1291, Iruñea). Idazlea eta militarra

Ibilbidea

Tolosan jaio zen. 1270ean, Luis XI.aren armada gurutzadara joateko ontziratzen ikusi zuen, Aigues-Mortesen, eta baliteke Gilenek espedizio horretan parte hartu izana. 1275ean, Tolosatik Iruñera joan zen, Eustakio Beaumarchaisen armadarekin, Filipe III.a Frantziakoak Beaumarchais Nafarroako gobernadore izendatu zuenean. Nabarreriako Gerran (1276) parte hartu zuen, baleztari, San Zernin eta San Nikolas burguetakoekin. Borroka horri buruzko poema bat idatzi zuen 1276. eta 1277. urteen artean, agian Beaumarchaisen onginahia erakartzeko. 1291n, exekutatu egin zuten, dirua faltsutzeagatik, eta Koroak etxea eta ondasunak konfiskatu zizkion. Hala ageri da Iruñeko bailearen kontuetan.

Gilen Anelierren lan ezagun bakarra, Nafarroako gudua, okzitanieraz idatzi zuen. 5.118 bertso ditu, baina, itxuraz, azkeneko folioak falta dira. Dirudienez, Iruñeko San Zernineko kontzejuak gorde zuen, eta iturritzat erabili zuten Gartzea Eugik eta Vianako printze Karlosek, beren kronikak egiteko. Gaur egun Real Academia de la Historian (hau da, Historiaren Erret Akademia) gordetako kopia Fiteroko monasterioko liburutegiko kopia zen, Pablo Ilarreguik aurkitua.

Poeman, Iruñean 1276ko martxoaren eta irailaren artean izandako borroka kontatzen da, baina narrazioan, Antso VII.a Azkarraren garaietara arte (1194-1234) egiten da atzera. Aurrekarietan, Nafarroako nobleziak Antso VII.arekiko jarrera desleiala zuela adierazten da, eta jarrera horrek ondorioak izan zituela, Gaztelak Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea konkistatu baitzituen (1199-1200). Horrela, 1276ko esku-hartze militarra justifikatu nahi zen; horren bidez, frantziarrek Nafarroako noble matxinoak babesten zituzten. Nabarreriako Gerra hiria osatzen zuten guneen arteko barne-liskarren eta Nafarroan Henrike I.a hiltzean (1274) sortutako ondorengotza-arazoaren ondorio izan zen. Gartzea  Almoravitek gidatutako alderdia Nabarreriakoek eta Erresumako nobleziaren zati batek osatzen zuten. Eustakio Beaumarchaisek bere tropen eta San Zernin eta San Nikolas burguetako frankoen babesa zuen. Roberto Artoiskoak gidatutako armadaren esku-hartzeak frantziarren garaipena ekarri zuen. Gerraren berehalako ondorioz, Nabarreria arpilatu eta suntsitu zuten. Poemak ez du balio artistiko berezirik, baina nabarmentzekoak dira haren narrazio-izaera eta borrokak, gertaerak eta pertsonaiak deskribatzeko erabiltzen den xehetasun-maila. Horregatik, iturri nagusietako bat da —eta askotan, bakarra—, gatazka horren eta xiii. mendeko Iruñearen berri izateko.

Obrak

La Guerra de Navarra, siglo xiii. Argitalpenak: Ilarregui, P., La guerra civil de Pamplona. Poema escrito en versos provenzales por Guillermo Anelier, de Tolosa de Francia, Iruñea: Editorial Ilarregui, 1847. Michel, F., Histoire de la guerre de Navarre en 1276 et 1277 par Guillaume Anelier de Toulouse, Paris: Imprimerie Impériale, 1856. Anelier de Tolosa, G., La Guerra de Navarra. Nafarroako Gudua. Azterketa, okzitanierako testuaren argitalpena, eta gaztelaniazko eta euskarazko itzulpenak: M. Berthe, R. Cierbide, X. Kintana eta J. Santalo,Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1995, 2 libk.

Bibliografia

Alegría Suescun, D.: Archivo General de Navarra. Sección de Comptos. Registro núm. 5 (1291), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2000.

Anelier de Tolosa, G.: La Guerra de Navarra. Nafarroako Gudua. Azterketa, okzitanierako testuaren argitalpena, eta gaztelaniazko eta euskarazko itzulpenak: M. Berthe, R. Cierbide, X. Kintana eta J. Santalo,Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1995, 2 libk.

Ayerbe Iribar, M.ª R.: «La incorporación de Guipúzcoa a la corona de Castilla (1199/1200) y el memorial de Gabriel de Henao de 1702. Estudio y documentos» in Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 34 (2000), 26.-27. or.

Oroz Arizcuren, F. J.: «Conjeturas sobre el manuscrito de La Guerra de Navarra de Guilhem Anelier de Tolosa, a propósito de una nueva edición» in Boletín de la Real Academia de las Buenas Letras de Barcelona, 45 (1995-1996), 205.-222. or.

Aipamen bibliografikoa

Ilundain Chamarro, J., “AnelierkoaToulouse”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 365-366.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP