Karguak eta lanbideak
(Ingalaterra, xii. mendea – s. l., xii. mendea). Klerikoa. Arabieran idatzitako lanak latinera itzuli zituen
Ibilbidea
Ez dakigu noiz jaio zen eta hil zen Robert Kettongoa ingelesa, baina, segur aski, xii. mendearen erdialdeko hamarkadetan biziko zen. Ezizen lokatiboak -Kettonen (Rutlandeko konderria) jaio zela pentsarazten gaitu. Agian, Parisen jaso zuen itzultzaile izateko prestakuntza, Thierry Chartreskoa irakasle izanda. 1140ko hamarkadaren hasieran, Ebroren ibaiertzaren eskualdean bizi zen, Tarazonan segur aski, ikasten eta astronomiako eta geometriako lanak itzultzen. 1141ean, Clunyko abade Petri Beneragarriak Korana itzultzeko enkargua eman zion, eta Kettongoak 1143an amaitu zuen lan hori. Urte horretarako, ingelesa Iruñera joana zen, eta, han, katedraleko artxidiakonoa izan zen. Urte batzuk geroago, Roberto maisuak aragoiarrek eta nafarrek 1149ko uztailaren 1ean sinatutako bake-ituneko dokumentua idatzi zuen, «Iruñeko elizako artxidiakono eta Gartzea erregearen kapilau nagusia, eta aipatutako kondearen [Erramun Berenguer IV.a] klerikoa» izanik. Artxidiakono izaten jarraitu zuen, 1156.-1157. urteetara arte, dignitate hori galdu egin baitzuen orduan, apezpikuarekin izandako liskarren ondorioz, baina, hori konpentsatzeko, Antso Jakituna erregeak Tuterako Andre Mariako kalonje izendatu zuen. Robert Kettongoari buruzko azken aipamen dokumentala 1157ko irailekoa da: erregeak dohaintza bat egin zion Tuterako Andre Mariari, «maisu Robertok eskatuta eta haren maitasunagatik, nire lagun mina eta leku horretako kalonjea izanik».
Kettongoaren itzulpenen artean, Koranaren latinezko bertsioa nabarmentzen da. Petri Beneragarriak enkargatuta egin zuen lan hori, eta hari eskaini zion hitzaurrea. Musulmanen liburu sakratuaren latinezko lehen itzulpena izan zen, eta 1543an inprimatu ostean, gehien erabilietako bat, Aro Modernoaren azkenaldira arte. Itzulpenarekin batera, Mahomaren bizitzaren laburpen bat eta musulmanen historia gehitu zituen, eta Chronica mendosa et ridícula sarracenorum izenburua jarri zien testu horiei —Fabulae sarracenorum ere esaten zaie—. Testu horiek, Herman Karintiakoak eta Pedro Toledokoak arabieratik egindako beste itzulpen batzuekin —horiek ere Petri Beneragarriak enkargatuta, 1142. eta 1143. urteetan— eta Petri Beneragarriak Bernardo Clairvauxkoari bidalitako gutun batekin batera, Corpus Islamolatinum delakoa osatzen dute. Korpus horren bidez, Clunyko abadeak itzulpenak bildu nahi zituen, islama ezeztatzeko bere proiekturako. Korpus horrek hedapen handia izan zuen Mendebaldean Erdi Aroan, kultura islamikoa ezagutzeko iturri gisa.
Obrak
Bibliander, Th. (arg.): Mahumeti Saracenorum principis eiusque successorum uitae, doctrina ac ipse Alcoran… quae ante annos CCC… D. Petrus abbas cluniacensis per uiros eruditos… ex arabica lingua in latinam transferri curauit… opera et studio Theodori Bibliandri…, Bâle, 1543, 1550.
Bibliografia
Burman, Th. E.: «Tafsir and Translation: Traditional Arabic Quran Exegesis and the Latin Qurans of Robert of Ketton and Mark of Toledo» in Speculum,73 (1998), 703.-732. or.
D’Alverny, M. T.: «Deux traductions latines du Coran au Moyen Age» in Archives d’histoire doctrinale et littéraire du Moyen Age, 16 (1948), 69.-131. or. Berrarg.La connaissance de l’Islam dans l’Occident médiéval, I. libk. Aldershot: Variorum, 1994.
De la Cruz, O.: «La trascendencia de la primera traducción latina del Corán (Robert de Ketton, 1142-1143)» in Collatio, 7 (2002), 21.-28. or.
Goñi Gaztambide, J.: Historia de los obispos de Pamplona. I, Iruñea: Eunsa-Institución Príncipe de Viana, 1979.
Martín Duque, A. J.: «El inglés Roberto, traductor del Corán. Estancia y actividades en España a mediados del siglo xii» in Hispania, 22 (1962), 483.-506. or. Berrarg. Príncipe de Viana, 63. libk., 227. zk. (2002), 567.-582. or.
Martínez Gázquez, J.: «Trois traductions médiévales latines du Coran: Pierre le Vénérable-Robert de Ketton, Marc de Tolède et Jean de Segobia» in Revue des études latines, 80 (2002), 223.-236. or.
Southern, R.: Robert Grosseteste. The Growth of an English Mind in Medieval Europe, Oxford: Clarendon Press, 1992, 2. argit.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Kettongoa, Robert”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. pp. 364-365.





