Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

AMIANO MARTZELINO (Ammianus Marcellinus) (ca. 330 – IV.-V. mendeak).

Karguak eta lanbideak

Erromatar militarra, greziar jatorrikoa, eta historialaria. Bere lana latindar historiografia berantiarraren adierazle nagusia da

Ibilbidea

Ammianus Marcellinusi buruz dakizkigun datu biografikoak bere literatura-lanetan ageri direnak dira, lan horietan pasadizo pertsonalak eta berak parte hartutako gertakari batzuei buruzko datu zehatzak jaso baitzituen. Dirudienez, Amiano 330. urtearen inguruan jaio zen, Antiokian (Siria), greziar aristokraziako familia batean. Gutxienez zazpi urtez (353-360), protectores domesticien kide izan zen —Erromako armadako eliteko destakamentu militar bat zen—, eta Inperioko ekialdean jardun zuen armadako eginkizun hori egiten. 360an, armada utzi zuen, baina laster itzuli zen berriz; izan ere, 363an, Julianok gidatutako Persiaren aurkako espedizioan parte hartu zuen, Amianok Juliano miresten baitzuen. Kanpainak porrota izan zuen, eta Juliano bera ere hil egin zen, eta Amiano, kanpaina amaitzean, Antiokiara joan zen, jaiolekura, eta zenbait urtez bizi zen han. Aldi horretan, zenbait bidaia egin zituen Greziara eta Egiptora, eta 378an, Erromara joatea erabaki zuen, han bizitzeko eta bere obra idazteko. Uste da 400. urtearen inguruan hil zela.

Amianoren Res Gestae lana latinez idatzita dago, eta, obra horretan, egilea Tazitoren lana jarraitzen saiatu zen, Nerva enperadorearen (96-98) agintaldiaren hasieratik Hadrianopoliseko Gudura (378) bitarteko historia-aldia 31 liburutan bilduta. Gudu horretan hil zen, hain zuzen ere, pars orientaliseko enperadore Valente. Lehenbiziko hamahiru liburuak galdu dira (96.-353. urteak), eta gurera iritsi diren hemezortziak azkeneko hogeita bost urteko aldia soilik hartzen dute (353-378). Lanaren banaketa kronologikoan ikusten den desoreka historiografia klasikoko azpigenero horretako (res gestae) berezkoa da: nahiz eta urte bakoitzeko gertaeren azterketa nolabait sakona egiten saiatzen ziren, protagonismo handiagoa ematen zioten zuela gutxiagoko gertaerei. Amianok interes berezia du Erromaren historia politiko eta militarrean, eta tolerantea da gero eta indar handiagoa duen kristau-erlijioarekiko, bere burua paganotzat eduki arren. Nabarmenak dira Erromako aristokraziari egiten dizkion kritikak: hipokritak direla leporatzen die, eta ez direla batere abegikorrak, eta xahubidean, bizioetan eta ustelkerian murgilduta daudela, eta interes gutxi dutela kulturan. Halaber, ohikoak dira Erromako plebearen bizimoduari buruzko kexak, eta materialistak, alferrak eta nagiak direla egozten die. Nolanahi ere, militarrak ez du nahi duen guztia jasotzen bere obran, onartu egiten baitu ez duela azkeneko urteetako gertaerei buruz askatasunez idazteko aukerarik. Kontakizunean, egilea Erromatar Inperioaren krisiaz ohartzen dela hauteman dezakegu, eta bere kezka adierazten du. Hala eta guztiz ere, itxaropentsu dago, eta bere irakurleak eta, oro har, Erromako gizarteak garaiz erreakzionatzen jakingo dutela eta zailtasunak gaindituko dituztela espero du.

Historiografia klasikoan ohikoa den moduan, Ammianusek bere lanean biltzen dituen gertaera nagusiak baliatzen ditu, haiekin lotutako gaiei buruz hitz egiteko, kontakizuna testuinguru egokian jarri, eta gertaeren ulergarritasuna errazte aldera. 15. liburuak hartzen dituen urteetan, gertaera garrantzitsuenak Galian gertatutakoak dira, eta Amianok koiuntura hori baliatzen du Galiako diozesiaren deskribapen laburra egiteko. Militarrak errepikatu egiten du Zesarrek Galian erromatarren konkistaren aurretik bizi ziren komunitateei buruz emandako azalpena: hiru direla dio (zeltak —edo galiarrak—, belgikarrak eta akitaniarrak), komunitate bakoitza bere legeengatik, ohiturengatik eta hizkuntzarengatik bereizten dela, eta Garona ibaia dela galiarren eta akitaniarren arteko muga naturala (Amm. 15.11.1-2). Hurrengo pasarteetan, labur, Zesarren konkista eta erromatarrek konkistaren ostean egindako banaketa probintziala berrikusten ditu. Akitaniari dagokionez, lurralde horretan Bordele, Clermont, Saintes eta Poitiers —Burdigala et Arverni excellunt et Santones et Pictavi— hiri garrantzitsuak daudela eta eremu hori Pyrenaeos monteseraino hedatzen dela aipatu ondoren, adierazten du Novem populos eskualdea Auscien (Auch, Gers) eta Vasatesen (Vasats, Gironda) civitatesengatik dela ospetsua. Paragrafo berean, huts eginez, Elusa civitas (Eauze, Gers) Narbonensis probintzian kokatzen du (Amm. 15.11.13-14), Novenpopulaniako hiriburua izan arren. Pixka bat geroago, egileak adierazten du Galiako probintziakoak oso harroputzak direla, baina, haien guztien artetik akitaniarrek zaintzen dutela gehien beren higienea eta irudia (Amm. 15.12.2).

Latindar historiografia eraldatze-prozesu sakon batean zegoen garaian — eduki laburrengatik nabarmentzen diren generoak nagusitzen ari ziren, hala nola biografiak, kronikak eta laburpenak—, Amianoren Res Gestae lana erabateko salbuespena da, ezinbesteko iturria baita iv. mendeko erromatar gizartearen zenbait alderdi ezagutzeko. Hala, greziar militarraren obra latindar historiografia klasiko nagusian sartzen da, eta Tazitoren Annales eta Historiae lanekin parekatu daiteke. Hala ere, ikusi ahal izan dugunez, Amiano Martzelinoren lanak mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuaren ezagutzarako egindako ekarpena xumea eta anekdotikoa da.

Obrak

Amiano Marcelino, Historia, Harto Trujillo, M.ª L. (arg.), Madrid: Akal-Clásica, 2002.

Ammianus Marcellinus, Rerum gestarum libri, Rolfe, J. C. (arg. eta ingelesarako itzulpena), ingelesera ere itzulita, Cambridge-Massachusetts: Harvard University Press, 1963, 3 libk.

Bibliografia

Fabre, G.; Bost, J. P.: «Aux origines de la Province de Novempopulanie: nouvel examen de l’inscription d’ Hasparren» in Aquitania, 6 (1988), 167.-178. or.

Lanz, J.: «A propósito de una legatio en el “Ara de Hasparren”» in Cordeiro Macenlle, R.; Vázquez Martínez, A. (argk.): Estudos de Arqueoloxía, Prehistoria e Historia Antiga: achega dos novos investigadores, Santiago de Compostela: Andavira, 2016, 537.- 552. or.

Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: UPV-EHU, 2007.

Rico, C.: Pyrénées Romaines. Essai sur un pays de frontière (IIIe siècle av. J.-C.-IVe siècle ap. J. C.), Madrid: Casa de Velázquez, 1997.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Amiano Martzelino”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 70-71.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP