Karguak eta lanbideak
Teologoa eta idazlea
Ibilbidea
Kordobako mozarabiarra izan zen eta, Eulogio Kordobakoarekin batera, San Zoilo abadiako eskolan hezi zen; Esperandeo abadearekin, zehazki. Sekularra zen, ezkondu, eta hainbat alaba izan zituen. Antza denez, prestakuntza sendoa jaso zuen, haren idazlanen goi-kalitateak erakusten duen bezala; gehienbat, biografiak, gutun-liburuak, moral-tratatuak (Liber Scintillarum eta Indiculus luminosus) eta olerkiak. Albaroren obra oso irakurria izan da eta aipu eruditu anitzetan ageri da. Kordobako martirien matxinadan parte hartu zuen, ix. mendeko berrogeita hamarreko urteetan. Horrela, Indiculus luminosus lana ondu zuen kausa horren alde, martiri boluntarioak defenditzeko eta Mahoma Antikristotzat jotzeko. Eulogioren martiritzak (859ko martxoaren 11) eraginik, Vita vel passio beatissimi martiris Eulogii idatzi zuen (860). Albaro ere martirizatuta hil zen, 862.-863. urte inguruan.
Vita Eulogii lanean, Eulogio adiskideak baskoien lurretan egindako bidaldiaren berri ematen du: «Eta ez zuen aski izan [Eulogiok] bere aberriko monasterioak bisitatzea. Are gehiago, bere anaia batzuen aldia baliaturik, zeinak egun haietan desterrura baitzihoazen Frantziako mugetara, bidea hartu zuen, eta Iruñekoen lurraldeaz haratago iritsi, San Zakariasko monasterioan sartu, eta gero eta debozio handiagorekin ibili zen eskualde haietako bertako beste monasterio batzuetan, aita anitzen adiskidantzaren gozotasuna jasota; aita haien tratua azaldu zuen, eta halaber, haien izenei eta topikoei buruzko datuak eman, betiere espetxeratuta zegoela Iruñeko apezpikuari igorritako gutunean. Han, gozatu egin zuen Odoario [Siresakoa] dohatsuarekin izaniko hizketaldia, zeinaren agindupean ehun eta berrogeita hamar monje erregularrek militatzen baitzuten. Handik, Agustin guztiz dohatsuaren «Hiria» liburua [ekarri zuen], eta Virgilioren «Eneida», eta Juvenalen bertso-liburuak, eta Flakoren olerki satirikoak, eta Porfirioren opuskulu miniatuak, edota Adhelmoren epigrama-obrak, eta halaber, Avienoren bertso-alegiak, eta eresi katolikoen kantu bikainak […]. Berarekin ekarri zituen, baina ez bere erabilera pribaturako, ikerlari arras aditu guztien erabilerarako baizik».
Obrak
Argitalpenak eta itzulpenak: Gil Fernández, J. (arg.), Corpus Scriptorum Muzarabicorum, 1. libk., Madrid: CSIC, 1973, 144.-361. or., eta 2. libk., 365.-366. or. eta 460.-461. or.
Delgado León, F. (arg. eta itz.), Álvaro de Córdoba y la polémica contra el Islam. El «Indiculus luminosus», Córdoba: Cajasur, 1996.
Madoz, J. (arg.), Epistolario de Álvaro de Córdoba, Madrid: CSIC, 1947, 91.-281. or.
Del Cerro Calderón, G., eta Palacios Royán, J. (itz.), Epistolario de Álvaro de Córdoba, Córdoba: Universidad de Córdoba, 1997.
Madoz, J. (arg.), «Autógrafos de Álvaro de Córdoba», in Estudios Eclesiásticos, 19 (1945), 519.-522. or. eta 519.-520. or.
Bibliografia
Andrés Sanz, M.ª A., «Beato Álvaro de Córdoba», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/7093/beato-alvaro-de-cordoba (2018ko urriaren 4an egindako kontsulta).
González Muñoz, F., Latinidad Mozárabe. Estudios sobre el latín de Álbaro de Córdoba, Córdoba-La Coruña: Universidad de La Coruña, 1996.
Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 241.-242. or.
Sage, C. M., Paul Albar of Cordoba. Studies on his Life and Writings, Washington: The Catholic University of America Press, 1943.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Albaro Cordobakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 183-184.





