Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA MUSULMANAK

AL-MAQQARĪ, Abū Abbas Aḥmad al-Maqqarī(Tilimsen, 986/1578 – Kairo, 1014/1631),

Karguak eta lanbideak

historialaria, hispanista eta idazlea

Ibilbidea

Tilimsenetik Fez hirira joan zen, eta geroago, Marrakexera (Maroko). Marrakexen, Aḥmad al-Manṣūr subiranoaren zerbitzura jardun zuen, eta lan bat ere eskaini zion hari. 1602an, Fezera itzuli zen, eta, han, al-Qarawiyyin meskitako mufti eta iman izendatu zuten. Sa’adí dinastiarekin lotutako gatazkaren garaian, hiri horretatik joan egin behar izan zuen, eta Mekarako erromesaldia egin zuen —berrogeita hamar aldiz egin zuen erromes-bide hori sei urtetan—.

Bidaia horretan, Kairora iritsi zen, eta han jarri zen bizitzen, eta handik, Jerusalem eta Damasko hiriak bisitatu zituen 1620an. Damaskon, 1628an, tradizioari buruzko ikastaro bat eman zion al-Buḥarī-k, eta, han bertan, Al Andalusen loriei buruzko hitzaldietan egon zen. Gertaera horrek bultzatu zuen bere lanNafḥ al-ṭīb guṣn al-Andalus al-raṭīb Kairon urtebetez idaztera. Damaskora behin betiko joan baino zertxobait lehenago, hil egin zen, bat-batean. Hain zuzen ere, garai horretan, bere emaztearengandik dibortziatu zen, eta Damaskorako hurrengo bidaia prestatzen ari zela —hiri horretan behin betiko geratzeko asmoa zuen—, hil egin zen, bat-bateko sukarrak jota.

Datu interesgarri bat da Abū ‘Abd Allāh, Abū ‘Abd Allāh Muḥmmad b. Muḥammad b. Aḥmad b. Abī Bakr b. Yaḥà b. ‘Abd al-Raḥmān b. Abī Bakr b. ‘Alī [b. Dāwūd] al-Qurašī al-Tilimsānī al-Maqqarī-ren ondorengoa zela. Pertsona hori Tilimsenen/Fezen jaio zela uste da, 759./1358. urte aldera, eta, segur aski, Fezen hil zen 759. urteko muḥarram hilaren/1358ko urtarrilaren amaieran, edo 758. urteko ḏū l-ḥiŷŷa-n/1357ko azaroaren 15etik abenduaren 13ra bitartean.

Abū ‘Abd Allāh-k, gortean, bizitasun handiko bizimodua eta jarduna izan zituen, eta horrek aukera eman zion Al Andaluseko historiari buruzko tradizio askoren berri izateko, eta al-Maqqarī-k, erreferentzia historiko horiek guztiak biltzeko, galdutako testuak ere erabili zituen. Abū ‘Abd Allāh-k oso heziketa ona jaso zuen ‘ilm al-fiqh delakoan (hau da, zientzia islamikoak: exegesia, zientzia koranikoa, ḥadiṯ, jurisprudentzia eta hizkuntza). Ekialdera bidaiatu zuen, Mekarako erromesaldia egiteko, eta Bejaia, Tunisia, Kairo, Meka, Damasko eta Jerusalem bisitatu zituen 740./1339.-1340. urteen inguruan. Mekatik, Tilimsenera itzuli zen, bere sorlekura, eta zientziari emanda jardun zuen. 749an, hiri horretatik Fezera joan zen, eta han, lehenbizi, kadia izan zen, eta geroago, kadi gorena, Abū ‘Inā sultanak bere aitaren aurka egindako matxinadaren ondoren. Kargu hori utzi zuen 756./1355. urte aldera, sultanaren konfiantza galtzetik gutxira, eta 756ko ŷumādaren IIan/1355eko ekainaren 13an, nazarien erresumara bidali zuten, enbaxadore. Gibraltar, Estepona, Marbella, Málaga, Vélez, Alhama eta Granada bisitatu zituen, eta Granadako madrasan eta meskitan bizi izan zen. Fezera itzultzeko agindu ziotenean, uko egin zion aginduari, eta sultan marindarra haserretu egin zen; egoera hori emir nazariaren bitartekaritzari esker konpondu zen, eta, azkenean, Granadako eruditu handien delegazio baten buru itzuli zen Fezera. Besteak beste, Ibn Jaldūn zegoen delegazio horretan. Nolanahi ere, une horretatik aurrera, sultanak etengabe umiliatzen jardun zuen, eta geroago armaden kadi izendatu bazuten ere, bere egoera ez zen hobetu. Abū ‘Abd -Allāh-ren lagunetako bat Ibn al-Jaṭīb izan zen, eta maisu ugariren irakaskuntza jaso zuen Tilimsen, Beijian, Tunisian, Egipton, Mekan, Damaskon, Jerusalemen eta bisitatu zituen Ekialdeko beste leku batzuetan. Dizipuluei dagokienez, honako hauek izan zituen, besteak beste: al-Tinbuktī, Ibn al-Jaṭīb eta al-Šaṭibi.

Sarrera honetako pertsonari dagokionez, Vigueraren ustez, al-Maqqarī-ren Nafḥ al-ṭīb guṣn al-Andalus al-raṭīb lana Al Andalusen hasierako kronika- eta -literatura-bilduma da, eta gurera iritsi ez diren arabiar eta andalustar lan batzuen datuak biltzen ditu. Izan ere, egileak, Al Andalusen mugakide diren barbaroen hiriak, hala nola (León), Samórah (Zamora) eta Bambílonah (Iruñea), deskribatzeko, al-Bakrī-k edo al-Idrīsī-k idatzitakoa aipatzen du. Nafḥ al-ṭīb lana Lisān al-Dīn ibn al-Jaṭīb-en lanetik abiatuta egin zuen. Testu horretan, hain zuzen ere, honako hauek nabarmentzen dira: aipatutako pertsonei buruzko datu biografikoen ugaritasuna, anekdotak eta istorio bitxiak edota neurriz gainekoak ere.

Hasieran, gogoratzen du, Tārik Espainiako kostaldeetara iritsi zenean, Rodrigo 711. urtean Iruñeko lurraldeetan zegoela, baskoien aurka borrokatzen, istilu larriak gertatu zirelako. Hasierako fase horretan, al-Maqqarī-ren arabera, bisigodoen talde txiki baten matxinada ere gertatu zen Asturiasen. Isolatuta eta jatekorik gabe zeuden bisigodo horiek, basaerleen eztia baino ez zuten eskura, eta musulmanek abandonatu egin zituzten, iraungo ez zutelakoan. Lanean, musulmanek euskaldunen eta Arabako lurraldeen aurka egindako zenbait kanpaina aipatzen dira; esate baterako, Musak baskansen aurka egindako bat, Toledotik bere tropekin abiatu zenean fedegabeen aurka borrokatzera eta hiriak eta hiribilduak konkistatzera, lurralde osoa mendean hartu arte. Galiziarantz joan zen eta lurralde hori mendean hartu zuen; gero, euskaldunen lurraldea inbaditu zuen eta haien aurka borrokatu zen, denek haren aurrean abere-talde baten moduan izan arte, zamabereak bezalakoak baitziren harentzat. Beste erasoaldi batzuk egin zituzten, 791., 792., 793., 794., 816., 823., 853., 859., 865. eta 268./882. urtera arte. Azken horretan, Kordobako emirrak bere seme al-Mundir eta Haŝim ‘Abd al-‘Azīz jenerala bidali zituen banukasitarren aurka; gero, Isma’il b. Mūsā-ren jabetzetara joan ziren, hura mendean hartu zuten, eta bahituak eman zizkien. Erasoaldi hori jarraitu zuten, eta tropa musulmanek Araba berriz inbaditu zuten, baina arrakastarik gabe, ezin izan baitzituzten Cellorigo eta Pancorboko gaztelua konkistatu. Aipamen gutxiago daude Iruñeko lurraldearen aurkako kanpainei buruz, baina 844. urteko kanpainaren xehetasunak kontatzen ditu. Erasoaldi horretan, Gartzea jauna hil zen borrokan, kristauen printze nagusietako bat. 247./861. urteko beste bat ere aipatzen du. -Erasoaldi horretan, Orti Gartzez preso hartu, eta Kordobara eraman zuten, eta hogei urtez eduki zuten han. Halaber, Abd al- Raḥman II.ak 227./841. urtean ipar-ekialdeko frankoen aurka egindako kanpaina arrakastatsu baten berri ematen da. Kanpaina horretan, Tuterako gobernadore Mūsà ibn Mūsà nabarmendu zen.

Obrak

Nafḥ al-ṭīb guṣn al-Andalus al-raṭīb, Iḥsān ‘Abbās (arg.), Beirut, 1968, 8 libk.

Ahmed ibn Mohammed al-Makkari, The History of the Mohammedan Dynasties in Spain, Gayangos, P. de (itz.); Brett, M. (arg.); London: Routledge, 2002.

The History of Mohammedan Dynasties in Spain: extracted from the Nafhu-t-tíb min ghosni-l-Andalusi-r-Rattib wa Tárikh Lisánu-d-Dín Ibni-l-khattíb / by Ahmed Ibn Mohammed Al-Mallarí; traslated from the copies in the Library of the British Museum and illustrated with critical notes on the History, Geographi and antiquities of Spain by Pascual de Gayangos, London: printed for the Oriental Translation Fund of Great Britain and Ireland, 1840.

Nafh al-tib min gusn al-Andalus al-ratib, Al-Maqqari, Lafuente y Alcántara, E. (itz.): Al Qantir: Monografías y documentos sobre la historia de Tarifa, 10 (2010). Pasartea.

Nafh al-tib min gusn al-Andalus al-ratib, Al-Maqqari, Gayangos, P. de (itz.): Al Qantir: Monografías y documentos sobre la historia de Tarifa, 10 (2010). Pasartea.

Bibliografia

Del Castillo Álvarez, A.; Montenegro Valentín, J.: «La expedición de Abd Al-malik ibn Qatan Al-fihri a los “Pirinaica iuga” en el anónimo mozárabe de 754» in Hispania: Revista española de historia, 64. libk., 216. zk. (2004), 185.-202. or.

Garulo, T.: «Notas sobre muŷūn en al-Andalus. El capítulo VII del Nafḥ al-ṭīb de al-Maqqarī» in Anaquel de Estudios Árabes, 26. libk., 93. zk. (2015), 93.-120. or.

Ibn al-Hādi Abū l-Ayfān, M.: al-Imam Abú ‘Abd Allah Muhammad al-Maqqari al-Tilimsani, Libia-Túnez: al-Dár al-’arabiyya li-l-kitáb, 1988.

Kacimi, M.; Qāsīmī, M.: «Abū-l-‘Abbās Aḥmad Ibn Muḥammad al-Maqqarī al-Tilimsānī: su vida, formación y obras» in Revista Argelina: revista semestral de Estudios Argelinos, 1 (2015), 61.-77. or.

Moral Molina, C. del: «Un monumento literario a la memoria de Ibn al-Jatib: el Nafh al-tib de al-Maqqarí» in Rodríguez Gómez, M.ª D.; Peláez Rovira, A.; Boloix Gallardo, B. (arg.): Saber y poder en al-Andalus Ibn al-JatIb (s. xiv): estudios en conmemoración del 700 aniversario del nacimiento de Ibn al-Jatib (Loja, 1313-Fez, 1375), Córdoba: Ediciones el Almendro,2014, 183.-202. or.

Peláez Rovira, A.: «Al-Maqqarī, Abū ‘Abd Allāh, Idrīsī AbūˀAbd Allāh» in Lirola Delgado, J.; Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.): Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 6. libk., 2009, 507.-512. or.

Viguera Molins, M.ª J.: «Cuando Córdoba pasó a ser capital de al-Andalus» in Revista Mulk, 15 (2017), 13.-43. or.

Zenbaiten Artean: «La España cristiana de los siglos viii al xi. Los núcleos pirenaicos (718-1035), Navarra, Aragón, Cataluña» in Riu y Riu, M. (koor. eta hitz.): Historia de España, dirigida por Menéndez Pidal, VII, Madrid: Espasa-Calpe, 1999, 118.-119. or.

Aipamen bibliografikoa

Martínez Almira, Mª. M. “Al-Maqqari, Abu Abbas Ahmad Al-Maqqari“, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 744-746.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP