Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

AGRAMONT ZALDIBAR, Pedro (Tutera, Nafarroa, 1567-1635).

Karguak eta lanbideak

Eskribaua, notarioa eta kronista

Ibilbidea

Tradizio luzeko notario-familia batean sortu zen, eta Erriberako merindadeko harreragileen seme eta biloba zen. Haren gurasoak Gaspar Agramont eta Agueda Zaldibar ziren, eta Andre Mariaren elizan bataiatu zuten, sorterrian, 1567ko maiatzaren 23an. Arreba bat zuen, Mariana izenekoa, lau urtez gazteagoa, aitaren eta haren bigarren emazte Ana Perezen alaba. 1572an hirugarren anaia jaio zen, baina ez dugu haren izenaren berririk.

Tuterako Agramont familiaren jatorria lausoa da, eta zaila da familia hori Erriberan xv. mendearen amaieran ezarri zen familia bereko adarrarekin lotzea. Azken ikerketen arabera, haien aurrekoek azkar egin zuten gora gizartean, eta agian horrek iradokitzen ahal du kristautasunera konbertitutako familia izatea. Litekeena da Pierres Agramont izeneko larrugin iruindar batekin lotura izatea, agian, hark Iruñetik Tuterara alde egin izanen zuelako, xv. mendearen amaieran, hiri hartako komunitate kriptojuduaren babesa eta anonimotasuna bilatuz. Beraz, sinesgarria izan daiteke Agramont familiak Tuterako gizartean gora egin izatea negozioen munduan egindako bidearen ondorioz.

Egileak berak aipatu zuen bere ibilbidea; adibidez, Filipe II.aren gutunen eskribaua izan zela kontatu zuen. Ezaguna da 1589an Gortean egon zela, eta beharbada han hasiko zituen monarkaren ondoan leku pribilegiatua zuten Beaumont eta, beraz, Alba familiekiko harremanak. Nafarroara noiz eta zergatik itzuli zen zehazki ez badakigu ere, ontzat ematen diren arrazoi nagusiak aitaren heriotza edo iragan juduaren ondoriozko jazarpena izan litezke. Azken buruan, 1592an Tuteran zen, notario-lanbidean, eta 1593tik 1635era bitartean egin zituen protokoloak gordetzen dira. 1635ean hil zen, sorterrian.

Tuterako notariotzaren testuinguru horretan kokatu behar dugu haren lanik garrantzitsuena, hau da, Historia de Navarra y de sus patriarcas, gobernadores y reyes (1632). Izan ere, eskuizkribuan ageri diren grafia desberdinek pentsarazi diete adituei lana haren notariotzako eskribauek diktatu edo kopiatu zutela. 1630eko hamarkadako urteen ezaugarria da nafarren berezko nortasunaren defentsa, botere politiko gero eta zentralizatzaileago eta bateratzaileago baten aurrean. Agramonten lanean, pasarte batzuetan subjektibotasuna ikusten bada ere, haren ikuspegi kritiko, zientifiko eta historikoa ere sumatzen dira, nafarren antzinako fede urruna defendatzen duelarik.

Lana ezaguna izan bazen ere, ez zen argitaratu, beharbada antisemitismoa berriz piztuta ikusirik, nabarmendu nahi ez zuelako, eta agintarien politika egiteko era berriei antzematea zaila zelako, betiere era guztietako errepresalien beldur egonik. Eskuizkriburik ospetsuena, edizio kritiko batekin argitaratua, 1990aren hasieran aurkitu zen San Domingo Siloskoaren monasterioan.

Egia da, bestalde, Agramonten lana ordura arte idatzi ziren beste batzuetatik bereizi zela, egileak eman zion eite intelektual eta politikoagatik, foruaren aurkako edozein adierazpenen aurka agertzen baitzen, uneoro egia historikoa bilatuz. Inspirazioaren bila autore klasikoengana jo zuen, besteak beste, Jenofonte, Aristoteles, Estrabon, Zizeron eta Tito Liviorengana, eta Erdi Aroko kroniketara nahiz Europan hedatutako beste obra batzuetara. Historiari buruzko lanak hedatzen ziren une hartan, esate baterako Zuritarena Aragoin, Garibairena Gipuzkoan, edo Juan Marianarena Gaztelan, Agramontek Nafarroari buruzko bildumarik osoena aurkeztu zuen Historia lanean, gauza ezezagunak argitzeko eta aurretik idatzitako guztiari argudio-ildo bat emateko aukera emanez.

Nafarroari antzinatasunik argiena emateko asmoz, Tuterari buruz hitz egin zuen hasieran, haren irudiko Tubalek, Bibliako patriarka Noeren bilobak, sortu baitzuen. Beraz, Nafarroan ezarri ziren iberiar penintsulako lehenengo biztanleak, Pirinioetan barna iritsita. Lehenengoak eta, beraz, antzinakoenak eta nobleenak ziren biztanle haiek, hainbat belaunaldiren buruan, ordezkari bat hautatu zuten haien erregetzat, kanpoko mehatxuei aurre egiteko. Gartzea Semenez izan zen hautatua, eta era horretan, Agramontek bere egin zuen lehenengo errege nafar horren irudia, Ramirez Avalos de la Piscina eta beste hainbat autorerengandik hartuta.

Nafarroako erresumaren hasiera zehaztasunez osatu ondoren, garai gorenera iritsi zen, hau da, gaztelarrek 1512an erresuma konkistatu zuteneko unera. Gertaera justifikatu zuen Joan Albretekoa erregearen jokaera koldarra argudiatuz, herejea eta saldua zela esanez, Frantziako Luis XII.aren alde agertu zelako, auzo erresuman zituen jabegoak ez galtzeko asmo hutsez. Gertatzen ari zenaz ohartuta, Nafarroak bere burua entregatu zuen odolik isuri gabe, Iruñeko adibidean ikus zitekeenez eta Luis Correak bere Historia de la conquista del Reino de Navarra por el Duque de Alba (Salamanca, 1513) lanean jaso zuenez.

Bat-egite hura izan zen, haren iritziz, bandoen arteko gerran eta, beraz, gerra zibilean katramilatutako gizarte baten salbazioa. Gaztelan ehun urtez integratuta egoteak ematen zion ikuspegitik hitz eginez, bat-egite horren onurak nabarmendu zituen Agramontek, besteak beste, bakea, hazkunde ekonomikoa, oparotasuna, leinu frantsesik ez izatea Nafarroako tronuan, errenta, kargu eta ofizio berriak eskuratu ahal izatea eta, nola ez, Amerikara emigratzeko aukera. «Bat-egite zoriontsua» islatuta geratzen da haren lanaren pasarte aipatuenetako batean: «La unión deste reino al de Castilla fue como salir a volar un pájaro de su nido para andar por todo el mundo».

Obrak

Historia de Navarra y de sus patriarcas, gobernadores y reyes desde la creación del mundo hasta el año del nacimiento de Jesuchristo nuestro Redemptor, mil y seiscientos y treinta y dos, recopilada de uarios y diuersos autores y escrituras por Pedro de Agramont y Çaldibar, natural de la ciudad de Tudela, del mismo reyno, Tutera, 1632, Miranda García, F. eta Ramírez Vaquero, E. (argk.), «Pedro de Agramont y Zaldívar», in Historia de Navarra y de sus… (edizioa gehi faksimilea), Iruñea: Mintzoa, 1996, 2. libk.

Bibliografia

Floristán Imízcoz, A., «Examen de la conquista castellana. La introspección de los cronistas navarros (siglos xvi–xviii)», in Príncipe de Viana, 51. libk., 219. zk.(2000), 79.-134. or.

Miranda García, F. eta Ramírez Vaquero, E. (argk.) Pedro de Agramont y la Historia de Navarra, Iruñea: Mintzoa, 1996.

Satrústegui, J. M.ª, «Pedro de Agramont, vascófilo y tudelano del siglo xvii», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 28. libk., 73. zk. (1996), 455.-464. or.

Aipamen bibliografikoa

Martínez Aznal, R., “Agramont y Zaldivar, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 525-527.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP