Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAN BERTAKOTUTAKO EGILE BEARNES ETA FRANTSESAK ETA HAIEN OBRAK

ABBADIE, Bertrand d’ (Navarrengose, Biarno, XV. mendearen amaiera – Biarno, 1546).

Karguak eta lanbideak

Jurista, Nafarroako Errege Kontseiluko kantzelaria

Ibilbidea

Legeetan lizentziatua zen Abbadie, eta hainbat kargu bete zituen justizia eta gobernuko goi-administrazioan, Nafarroako errege-erregina eta Biarnoko jaun-andre subiranoen zerbitzura: Nafarroako kantzelari, erregearen abokatu nagusi, Nebouzan konderriko epaile, Bigorra konderriko epaile, Biarnoko Kontseilu subiranoko kide eta Paueko Kontuen Ganberako auditorea.

xvi. mendearen hasieratik 1520ko hamarkadara arte Nebouzaneko epaile aritu zen. 1513an Ramon de Casarrer epailearen ondoren Bigorrako konderriko epaile izan zen. 1515-1517 aldera Nafarroako kantzelari izendatu zuten, Jean du Bousquet hil zenean. Henrike II.a erregearen ordezkari eta kantzelaria izanik Nafarroa Behereko Estatuetako batzarraren buru izan zen, Gorte nagusia Donapaleuko San Pauloren elizan batzartu zenean, 1523ko abuztuaren amaieran, eta berak jaso zuen, erregearen izenean, Gorteek aurkeztu zuten zina. Kantzelaria izanik, halaber, Nafarroako Gorteetako batzarren buru izan zen 1525, 1530, 1531, 1536, 1537 eta 1538an. Kargu horiei erantsi behar zaie Nafarroako erregearen abokatutza nagusia, 1520ko hamarkadatik aitzina.

Biarnon, Henrike II.a erregearen ordezkari Alain Albretekoaren berariazko aginduz, 1519an jaurerriko justiziaren erreformaz arduratu ziren legegizonen taldekoa izan zen, Pierre de Biaix eta beste hainbat jurista bearnesekin batera. Henrike II.aren Kontseiluko kide ere izan zen, eta Paueko Kontuen Ganberako auditore, Biarnoko erreformen testuinguruan sortu zenean. Erreforma horien testuinguruan betiere, 1534an, Biarnoko lurraldean errege-ondarearen erreforma egiteko ordezkaria izendatu zuten, eta hurrengo urtean, Menaud du Cassou kontseilariarekin batera, Gan eta Saliese hirietako censiers edo zerga-erregistroak garatu zituen.

Artxibozain gisa ere nabarmendu zen. 1533an Biarnoko hiriburuko gazteluan gordetzen zen Trésor des chartes de Pau delako artxiboaren inbentarioa egiteko ardura zuen batzordeko kidea izan zen. 1540ko urtarrilaren hasieran hil zen, eta Biarnoko Monein hiriko elizan lurperatu zuten. Haren ondorengo Nafarroako kantzelaria Nicolas Dangu elizgizona izan zen.

Obrak

Archives Départementales des Pyrénées Atlantiques (ADPA), E 14, E 331, E 564/1, E 1470, E 1614, E 1981, B 229, B 701, B 705.

Bibliografia

Adot Lerga, A., Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517), Iruñea: Pamiela, 2005.

— Construire les archives. Du temps des Foix-Béarn à celui des rois de Navarre. Pratiques de l’écrit et enjeux de pouvoir. Doktore-tesia, Pau: Université de Pau et des Pays de l’Adour, 2017.

Anthony, R., eta Courteaul, H., Les testaments des derniers rois de Navarre, Paris-Toulouse: Privat-Didier, 1940, 103. eta 118. or.

Daranatz, J. B., «Les États de Basse Navarre», in Gure Erria, 4 (1924), 223. or.

Aipamen bibliografikoa

Adot Lerga, A. “Abbadie, Bertrand d´”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 618-619.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP