Kolonaurreko eta Atlantiko iparreko eta Artikoko euskal presentziari buruzko historiografia berria

  • Hasiera
  • /
  • Kolonaurreko eta Atlantiko iparreko eta Artikoko euskal presentziari buruzko historiografia berria
Alt
12 Ira 2025

Donostiako Euskal Itsas Museoan, hilaren 17an, iragan mendeko 30eko hamarkadan ordura arte gai horri buruz argitaratutako lanak bildu zituen obra argitaragabe bat aurkeztuko da

 

Espekulazio ugari eragin ditu kolonaurreko euskal presentziaren gaiak; alegia, euskal herritarrak ez ote ziren lehenago iritsi Mundu Berrira, gerora Amerika den horretara. Antón Ugarte ikerlariak Kanadako Fitxategi Zerbitzuaren Parisko arduraduna zen Edmond Buron frantses-kanadarraren ale mekanografiatu batzuk erreskatatu ditu Kanadako artxiboetan. Haietan, Buronek kolonaurreko euskal presentziari eta euskal marinelek Atlantiko iparreko eta Ozeano Artikoko uretan izandako arrantza-jardunari buruzko idazkiak bildu zituen. Eusko Ikaskuntzak, ikerketari interesgarri iritzita, Buron gonbidatu zuen VII. Eusko Ikaskuntzaren Kongresura. Azterlan historikoak gai hartuta, Lizarran egitekoa zen 1936ko udan. Gerra zibilak zapuztu zuen Buronen obra ezagutzeko aukera.

Orain, Iura Vasconiae fundazioak, EHUrekin elkarlanean, eta edizio zaindu batean, ikerlarien eta Euskal Herriaren itsas historian interesa dutenen esku jartzen du quebectar historialariaren lana, Antón Ugarteren sarrera zabal batekin, zeinak Buronen lanaren inguruabarrak argitzen baititu.

Antón Ugartek hitzaurrean dioenez, Buronen helburua zen “nazioarteko historiografian apenas ezagutzen den gertakari bati buruzko datu positiboak biltzea, eskualde jakin batzuetara mugatu gabe, eta euskal herritarrek Atlantikoko nabigazioan izandako protagonismoa aldarrikatzea, batik bat iparralderen dauden uretan. Gainera, aldarri horrek, batzuetan, marina nazionaletako historialarien tonu epiko bereizgarri hori du”.

Aurkezpena Euskal Itsas Museoan

Irailaren 17an, arratsaldeko 7etan, eta edonori irekita, Euskal Itsas Museoan aurkeztuko da Edmond Buronen Les basques dans l’Atlantique liburua, hain zuzen, Amerikako kostaldeko uretan ibili ziren ontzietako asko itsasoratu ziren kaian bertan.

Juantxo Madariagak adierazi duenez —Iura Vasconiae, Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioaren presidenteordea da eta Antón Ugarterekin batera liburua aurkeztuko du—, “Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin babesarekin, gure kolaboratzaile Antón Ugarteren lanari lagundu nahi izan dio, Edmond Buron quebectar ikerlariak euskal herritarrak bere herrialdeko uretan Kolon aurretik ibili zirela aldarrikatzeko egindako lana eta lan horretan jarri zuen maitasuna ez daitezen geratu Kanadako liburutegi bateko apaletan hautsa pilatzen, baizik eta ikerlariek eta balentria horri buruz gehiago jakin nahi duen orok eskura izan dezaten”.

Alt
Alt