Karguak eta lanbideak
Abokatua, idazlea, historialaria, politikari integrista, Logroñoko Monumentuen Probintziako Batzordeko kidea eta Espainiako Historiaren Errege Akademiaren akademiko osoa
Ibilbidea
Naiaran jaio zen, eta Valladolideko Unibertsitatean Zuzenbideko lizentziatura ikasi eta lortu zuen. Geroago, 1883ko otsailaren 28an, Zuzenbide Zibileko eta Kanonikoko doktore-gradua lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Abokatua izan zen Burgosen zein Tuteran.
Abokatutza, ordea, ez dugu Garran ezagutzeko arrazoia, idazle emankorra zela baizik. Doktore-titulua lortu zuenetik, hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituen askotariko gaiei buruz, gehienean historikoak, politikoak, artistikoak edo erlijiosoak. Haren lanik garrantzitsuenetako bat Galería de riojanos ilustres izan zen, 1888an argitaratua. Pertsona biografiatu bakoitzaren jatorrizko lekuaren arabera antolatutako biografia-bilduma bat da.
Errioxako eruditua beste zerbaitegatik ere da ezaguna: Errioxako ondare historiko-artistikoaren kontserbazioan duen inplikazioa. Horren inguruko jarduketa garrantzitsuena Naiarako Santa Maria Erregina monasterioa leheneratzeko konpromisoa izan zen, aurrietan baitzegoen Independentzia Gerraren eta desamortizazioen ondoren. Monumentuaren jatorrizko pintura errenazentista batzuk saltzearren eskandalu bat sortu ondoren, Garranek kinka gaiztoan zela salatu zuen 1885ean, eta lehen txosten bat idatzi zuen haren historiari eta hura kontserbatzeko beharrari buruz, monumentu historiko artistiko izenda zezaten. Hori lau urte geroago gertatu zen. Abokatuak eraikina kontserbatzearen alde egiten jarraitu zuen hurrengo hamarkadan, Logroñoko Monumentuen Batzordeko kide posizioa baliatuz. 1890ean bihurtu zen Batzordeko kide, Espainiako Historiaren Errege Akademiako akademiko urgazle izendatu berria zelako. Azkenik, lortu zuen 1895ean frantziskotarrek bertan bizitzeko ardura hartzea eta ondare artistiko hori zaintzea.
Era berean, badakigu Errioxako abokatuak bat egin zuela Ramon Nocedalen integrismoarekin. Mugimendu hori publikoki aldeztu zuen Alderdi Integristaren El siglo futuro egunkarirako artikuluetan. 1891ko hauteskundeetan, hautagai-zerrenda integristan aurkeztu zuen bere burua Logroño eta Torrecilla barrutietan diputatu izateko, Camerosen, baina ez zuen jarlekurik lortu. Denbora batez, Tuterako Udaleko idazkaritzan ibili zen, eta 1892ko abuztuaren 14an kendu egin zioten, gaixorik zegoela-eta idazkaritzara bi egunez joan ez zelako.
Constantino Garranen lana ugaria da. El siglo futuro egunkari integristarentzako artikuluekin hasi zen, baina laster lerratu zen ikerketa historiko eta artistikora. 1884an, Naiarako Santa Maria Erregina monasterioari buruzko txosten bat argitaratu zuen El siglo futuro egunkarian, eta 1888an, Galería de riojanos ilustres ezaguna. Hurrengo urteetan eta 1929. urtera arte argitaratzen jarraitu zuen. Argitalpen horiek azterlan historiko-artistikoak ziren, hala nola San Millán de la Cogolla y sus dos insignes monasterios: estudio histórico-artístico, bai eta dokumentazioko katalogoak ere, hala nola Índice de los documentos históricos referentes a las antiguas Cortes de Navarra existentes en al Archivo Municipal de Tudela, historiako azterlanak, hala nola Episodio militar del siglo XIV: la batalla de Nájera, eta azterlan artistikoak, Una joya artística de Nájera en Bélgica: los Memling de Nájera, esate baterako.
Abokatu naiaratarraren idazlan batzuek Nafarroa eta haren historia izan zuten arretagune, Errioxakoarekin lotura duten neurrian, batez ere. Nafarroako Gorteen dokumentazio-aurkibideaz gain, Naiarako udal-foruari buruzko azterlana egin zuen; foru hori Iruñeko Antso III.a Gartzeitzek eta Gartzea III.a Santxitzek aitortu zioten hiriari. Donemiliaga Kukula monasterioa ere aztertu zuen, Iruñeko Erresumako kulturaren eta erlijioaren gune garrantzitsuenetako bat. Bertan daude, hain zuzen, gaztelaniazko eta euskarazko lehen adierazpen idatziak.
Bizi artean idazleak egin zuen argitaratze-jarduera handiaren ondorioz, Constantino Garran da Errioxako historia, ondare eta erlijiotasunari buruzko XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako ikertzaile nagusietako bat.
Obrak
(Hautatuak)
La Iglesia y el Estado: discurso leído en la Universidad de Madrid en el solemne acto de recibir el grado de Doctor en Derecho Civil y Canónico el día 28 de febrero de 1883, Madrid: Imp. Militar, 1883, 77 or. Galería de riojanos ilustres, Valladolid: Imp. y Libª. Católica de la viuda de Cuesta e Hijos, 1888, XVII, 675 or.
«La Compañía de María en La Rioja», La inauguración del convento-colegio de enseñanza en la ciudad de Logroño: páginas religio-literarias en honor de este fausto suceso, Logroño: F. Martínez, 1888, 4-6. or.
«Índice de los documentos históricos referentes a las antiguas Cortes de Navarra existentes en el Archivo Municipal de Tudela», BRAH, 35 (1889), 167-177. or.
Crónica de la gran peregrinación a Valvanera, Valladolid: Gaviria, 1889, 103 or.
«El fuero municipal de Nájera», BRAH, 19 (1891), 52-123. or.
Santa María la Real de Nájera: memoria histórico-descriptiva, Logroño: Est. Tip. La Rioja, 1892, 117 or.
Episodio militar del siglo XIV: la batalla de Nájera, 3 de abril de 1367, Logroño: La Rioja, 1902, 35 or.
«El Becerro de Santa María la Real de Nájera», BRAH, 49 (1906), 385-389. or.
«Riojano-éuskara (Al chispeante escritor riojano Eladio Albéniz)», Rioja Ilustrada, 86 (1908).
Santa María la Real de Nájera: monumento histórico-artístico nacional: apuntes para su primera visita arqueológica-popular, Soria: Imp. Tierra Soriana de José Sáenz, 1909, 80 or.
«Don García Manrique de Lara y Don Diego López de Salcedo», Rioja Ilustrada, 105 (1909).
«Sagasta y las Órdenes Religiosas», Tierra Hidalga, 1912ko irailaren 8-15a.
«La Rioja antigua: delimitación geográfico-histórica», La Rioja, 1926ko maiatzaren 12-20a.
San Millán de la Cogolla y sus dos insignes monasterios: estudio histórico-arqueológico, Logroño: sucesor de Delfín Merino, 1929, 186 or.
Bibliografia
FERNÁNDEZ PARDO, F., «Ruina y abandono en torno al Monasterio de Santa María la Real de Nájera», Berceo, 126 (1994), 7-16. or.
LÓPEZ RODRÍGUEZ, P., Élites y poderes. Cambio estructural y dinámica política bajo el caciquismo liberal: La Rioja, 1890-1923, Ciencias Históricas 2, Logroño: Instituto de Estudios Riojanos, 2001.
MARTÍNEZ LATRE, M. P., Diccionario biobibliográfico de autores riojanos, III. libk., Logroño: Instituto de Estudios Riojanos, 2003.
MERINO URRUTIA, J. J. B., «Labor de la comisión de monumentos de La Rioja desde que fueron creadas el año 1845 hasta nuestros días», Berceo, 15 (1950), 327-356. or.
PÉREZ GOYENA, A., «Garrán (Constantino)», Ensayo de Bibliografía Navarra: desde la creación de la imprenta en Pamplona hasta el año 1910, VIII. libk., Burgos: Nafarroako Foru Aldundia, CSIC, Príncipe de Viana, 1964.





