Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

FITA COLOME, Fidel (Arenys de Mar, Bartzelona, 1835eko abenduak 31 – Madril, 1918ko urtarrilak 13).

Karguak eta lanbideak

Historialaria, filologoa eta epigrafista

Ibilbidea

Fidel Fita Arenys de Mar-en jaio zen 1835ean. Historialari, filologo eta epigrafista nabarmena izan zen, irakaskuntzan ere aritua, eta Antzinako Hispaniari buruzko azterketaren aitzindarietako bat. Interes handia agertu zuen Iberiar Penintsulako erromatarren aurreko hizkuntzekin, batez ere iberiarrekin, zeltiberiarrekin eta euskararekin, eta lan asko egin zituen haien gainean. Hamalau urterekin sartu zen jesuiten ordenan eta, prestakuntza-etapa baten ondoren, Loiolan pausatu zen. Hortxe humanitateak eta greziera irakatsi zituen. Frantzian lehen erbestea pasa ondoren, Carrión de los Condesera (Palentzia) bidali zuten, latina eta frantseseko irakasle-lanean aritzeko. Handik Leonera joan zen, eta bertan Monumentuen Batzordeko lehendakariorde izendatu zuten, bere kezka intelektualak eta Hispaniako historia, arkeologia zein epigrafia ikasketak zirela-eta. Bertan, gainera, erromatarren presentziari buruzko aztarnak dokumentatzen eta tokiko aldizkarietan

— «Aureliano Fernández-Guerra y Orbe», Diccionario bibliográfico de la Real Academia de la Historia, https://www.rae.es/academico/aureliano-fernandez-guerra-y-orbe (2020ko ekainak 25). argitaratzen hasi zen. Leon inguruan, indusketa arkeologikoetan parte hartu zuen lehen aldiz eta behin bakarrik. 1870etik hara, Katalunian finkatu zen, eta handik jarraitu zituen azterketak, batez ere epigrafiakoak eta linguistikoak. 1877an, Historiako Errege Akademiko hautatu ondoren, Madrilera lekualdatu zen, eta han bizi izan zen 1918an hil zen arte.

Urte hauetan guztietan, historiaren inguruko lan ugari egin zituen, baina batez ere, Hispaniako epigrafiari lotuak. Espainiako inskripzioei buruzko argitalpen gehienak Boletín de la Real Academia de la Historia aldizkarian editatu ziren, eta bertako zuzendari izatera pasa zen 1883an. Harremanak izan zituen Espainia osoko monumentuen probintziako batzordeekin eta, ondorioz, Iberiar Penintsulako epigrafiako aurkikuntzen berri bikaina izan zuen. Horrek E. Hübner ikertzaile alemaniarrari hurbildu zion, zeinak Hispaniako inskripzio latinoak bildu baitzituen Corpus Inscriptionum Latinarum-erako, eta Inscriptiones Hispaniae Christianae bildumatu zituen. Fitaren informazioen ondoren, CIL-en II. liburukia, Espainiako probintziei buruzkoa, gehigarri batekin osatu behar izan zen, eta hurrengo urteetan ondoz ondoko eranskinen, Fidel Fita jesuita izanik horren informatzaile nagusia. Horregatik guztiagatik, bere garaian, Hispaniako epigrafiaren inguruko autoritate gailentzat jo zuten, aurkikuntzak zein transkripzioak oso gutxitan egiaztatzen zituen arren; izan ere, berriemaileek agintzen zizkioten kalkoen eta argazkien gainean lan egiten zuen. Horregatik, urte batzuk geroago, haren lana errepasatu ondoren, inskripzio faltsuak eta irakurketa okerrak zituzten epigrafia-testuak aurkitu ziren.

Lan egin ahala, interes nabarmena agertu zuen Probintzia Baskongadoen eta Nafarroaren historiaz eta, bereziki, euskararen inguruko gaiez. Azken horri dagokionez, euskarari buruzko ondorioak argitaratu zituen «Álava antes del siglo XIV» lanean. Fita gutun-elkartrukean aritu zen V. Stempfekin: Linguae Vasconiae primitiae-ren editorea. Eusko-iberismoaren tesien aldezle aitortua izan zen, euskaldunak Iberiar Penintsulako jatorrizko biztanleak izan zirela zioena. Pentsamendu horren ondorioz, lotura bat egin zuen antzinako mito klasikoen eta hispaniar zein euskal antzinatasunaren artean, Tartaloren kondaira, esaterako. Etengabeko harremana izan zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Monumentuen Probintziako Batzordeekin, bai eta Nafarroakoarekin ere, eta horiexek ematen zioten lurraldeotako aurkikuntzen berri, edo iritzia ere eskatu zioten lurraldean abian jarri beharreko ikerketa-ildo arkeologikoei buruz. Horri buruzko bere ikerketa gehienak aipatu Boletín de la Real Academia de la Historia aldizkarian agertu ziren. Bertan, Euskal Herriko «antzinatasunak» (antigüedades direlakoak) idatzi zituen, bai eta inskripzio latino zehatzen gainean ere, hala nola Andrearriagako hilarrikoa (Oiartzun, Gipuzkoa); horren gainean, ordea, irakurketa okerra egin zuen, eta urte batzuk geroago Ignacio Barandiaranek zuzendu zion. Antzeko zerbait gertatu zen Iruña (Araba) eta Morgako (Bizkaia) epigrafia-pieza batzuekin.

1912an Marcelino Menendez Pidal hil zenean, Historiaren Errege Akademiako presidente izendatu zuten, eta kargu hori bete zuen 1918an hil zen arte.

Obrak

«Epigrafía romana», BRAH, 10 (1887), 399-408. or.

«Inscripciones romanas inéditas de Añavieja y Oyarzun», BRAH, XXIII (1893), 484-490. or.

«Antigüedades e Historia del País Vasco», BRAH, XXXIV (1899), 164-172. or.

Bibliografia

ABASCAL, J. M., «Fidel Fita y la epigrafía hispano-romana», BRAH, CXCIII, II. koadernoa (1996), 305-334. or.

— Fidel Fita (1835-1918). Su legado documental en la Real Academia de la Historia, Madrid: Real Academia de la Historia, 1999.

CIPRÉS, P., «La epigrafía romana del País Vasco: una revisión historiográfica», Lucentum, 37 (2018), 193-211. or.

GIMÉNEZ, M.; ORTIZ DE URBINA, C.; LAVIN, A., eta ESPINOSA, U., Comisión de Antigüedades de la Real Academia de la Historia. Cantabria, País Vasco, Navarra, La Rioja. Catálogo e índices, Madrid: Real Academia de la Historia, 1999.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP