Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

FERNANDEZ-GUERRA Y ORBE, Aureliano (Granada, 1816ko uztailak 16 – Madril, 1894ko irailak 7).

Karguak eta lanbideak

Epigrafista, literatoa eta bildumagilea

Ibilbidea

Jose Fernandez-Guerraren semea, abokatua eta katedraduna, ezaguna ere baden arren epigrafian bete zuen rolagatik eta metafisikan, erretorikan, arte ederretan, historian, numismatikan eta antigoalekotan aritu zelako; Luis Fernandez-Guerra y Orbe akademikoaren anaia izan zen. Haurretan, Granada eta Zuheros artean bizi izan zen txandaka; Zuheros Kordobako probintziako herri bat zen, eta bertakoak zituen gurasoak.

Gaztaroan, Madrilera lekualdatu zen, eta bertan egin zituen lehen ikasketak 1828ra arte; orduan, Granadara itzuli zen. Hor, filosofia ikasi zuen Sacromonteko Apaiztegian 1831tik 1832ra, bai eta Granadako Unibertsitatean ere; bertan, izan ere, gradua egin zuen 1832tik 1837ra. 1838 eta 1839 artean, literatura-katedran jardun zuen Granadako Unibertsitatean. 1868an, Madrilgo Unibertsitate Zentralean eman zituen eskolak atzerriko literaturako katedran, eta 1871n Unibertsitate Katoliko Librean.

Historialari gisa, 1844an Madrilera itzuli ondoren, Francisco de Quevedoren lehen editoretzat jo zuten, Biblioteca de Autores Españoles-en literato horren inguruko bi liburuki argitaratu ondoren, 1852an eta 1859an. 1853an, Espainiako Historiaren Errege Akademiako kide oso gisa hasi zen 1855ean. 1856an, Espainiako Errege Akademian onartu zuten, eta orduantxe eskuratu zuen X maiuskulako besaulkia. 1865ean, berriz, El fuero de Avilés argitaratu zuen Bellas Artes y Arqueología aldizkarian.

Epigrafista-lanetan, kristau-epigrafian espezializatu zen, eta sarkofago paleokristauei buruzko lan batzuk argitaratu zituen El Arte en España aldizkarian, Monumentos Arquitectónicos de España lanean eta Bulletin Monumental aldizkarian.

Garai hartako agintariekin jarri zen harremanetan, hala nola Giovanni Battista de Rossi, Eduardo de Hinojosa, Juan de Dios de la Rada, Emil Hübner, Fidel Fita, Antonio Delgado Hernandez edo Eduardo Saavedra. Hinojosarekin eta De La Radarekin lankidetzan aritu zen Historia General de España laneko bisigodoen aldiari buruzko bi liburuki idazten, Antonio Canovas del Castilloren zuzendaritzapean. Emil Hübner-ekin aritu zen lankidetzan Corpus Inscriptionum Latinarum-en, Hispaniari eskainitako liburukietako batean, eta Fidel Fita, Antonio Delgado edo Eduardo Saavedrarekin Antzinako Espainia aztertzen, 1888an argitaratu Chavesko inskripzioan aipatu askotariko hiriei buruzko mapen bidez, hala nola Cantabria, 1878an argitaratua; Deitania y su cátedra episcopal de Begastri, 1879an argitaratua; Arabako geografiari buruzkoa, 1883an; edo Asso eta Argos hiriei buruzkoa, 1887an. Estatuko zein atzerriko beste egile batzuekin lankidetzan, Fernandez-Guerra Institut für archäologische Wissenschaften erakundeko kide aukeratu zuten 1861ean, eta Alemaniako Gilen I.ak Koroaren Gurutzea esleitu zion.

Historialari-lana administrazioko hainbat enplegurekin bateratu zuen, eta politikara ere pasa zen. Hala, 1844an, Grazia eta Justizia Ministerioko ofizial laguntzailea izan zen; 1856an, Sustapeneko bigarren ofizial izan zen; Instrukzio Publikoari buruzko Lege Orokorraren testua aztertu zuen batzordeko kide idazkari izan zen; Sustapen Ministerioaren Instrukzio Publikoko idazkaria izan zen 1857tik 1868ra; Sustapeneko zuzendari nagusi izan zen 1859an; Erresumako senataria izan zen 1883an, Espainiako Historiaren Errege Akademiatik; eta Instrukzio Publikoko zuzendari nagusia izan zen 1884an.

Epigrafista, historialari eta politikari gisa zituen merezimendu guztiak alde batera utzita, hiztegi honetan sartzeko arrazoia da 1887an «Cantabria» izeneko hitzaldi bat eman zuela, hurrengo urtean Boletín de la Sociedad Geográfica de Madrid argitaratua. Bertan, defendatu zuen kantabriar herriak zelten eragina zuela; hartara, antzinako Kantabriatik at utzi zuen euskaldunen lurraldea eta, ondorioz, arbuiatu egin zuen kantabrismoaren tesia. Hain zuzen, tubalismoarekin batera, tesi horixe erabiltzen zen euskal foruak legitimatzeko. Gainera, Historiaren Errege Akademian, badira hura egile duten Baskoniaren inguruko zirriborro eta txosten batzuk, honako hauek, adibidez: «Borrador del informe de la Comisión de Antigüedades de la Real Academia de la Historia sobre el traslado de los restos de los reyes de Navarra a Pamplona hasta que concluya la rehabilitación del Monasterio de Leire», batez ere lurralde horretako monumentu artistiko eta historikoei buruzkoa; Francisco de Coello y Quesadaren «Noticias sobre las vías, poblaciones y ruinas antiguas especialmente de la época romana en la provincia de Álava» lanaren gainean egindako txostenaren zirriborroa; «Informe de la Comisión de Antiguedades sobre los descubrimientos arqueológicos realizadas en Iruña» txostena, proiektuaren arimatzat Fernandez-Guerra hartzen zuena, batzordeari geografiako bere ezagutzak ekarri zizkiolako, batzordeko buru izateaz gain, eta abar. 1883an, idazlan bat idatzi zuen Araba probintziako erromatar geografiari buruzkoa, haren epigrafia-azterketen barnean kokatua.


Obrak

El fuero de Avilés: discurso leído en la junta pública de la Real Academia Española, para solemnizar el aniversario de su fundación, Madrid: Imp. Nacional, 1865.

Cantabria, Madrid: Imp. de Fortanet, 1878.

«Historia de España desde la invasión de los pueblos germánicos hasta la ruina de la Monarquía visigoda», in CÁNOVAS DEL CASTILLO, A., Historia General de España: desde los tiempos primitivos hasta la muerte de Fernando VII, I. libk., IV. liburua, I. kapitulua, Madrid: El progreso digital, 1891.

Bibliografia

GIMENO PASCUAL, H., eta SALAMANQUÉS PÉREZ, V., «Aureliano Fernández- Guerra y Orbe», Anticuarios y epigrafistas, siglo XIX en adelante, http://www3.uah.es/imagines_cilii/Epigrafistas/textos/fguerra.htm (2020ko ekainak 25).

MAIER ALLENDE, J., «La comisión de antigüedades de la Real Academia de la Historia», in MAIER ALLENDE, J. (koor.), 250 años de Arqueología y Patrimonio: documentación sobre arqueología y patrimonio histórico de la Real Academia de la Historia: estudio general e índices, Madrid: Real Academia de la Historia, 2003, 27-51. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP