Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

ALONSO MARTINEZ, Manuel (Burgos, 1827ko urtarrilak 1 – Madril, 1891ko urtarrilak 13).

Karguak eta lanbideak

 Politikaria eta abokatua

Ibilbidea

Familia aberats batean jaio zen. XIX. mendearen bigarren erdian, bere gain hartu zituen estatuaren ardura gorenak. Gazterik, hogeita zortzi urte besterik ez zituela, ministerio-sail desberdinak bete zituen: Sustapeneko ministroa izan zen (1856an eta 1864an), eta, lehen aldian, Espainiako konstituzioen historiako ministrorik gazteena izan zen; Ogasunekoa (1865-1866) eta Grazia eta Justiziakoa (hiru une desberdinetan: 1874an, Zabala jeneralaren gobernuan, Paviaren kolpearen ondoren; eta Sagastaren bi gobernutan, 1881-1883an; eta 1885-1888an). Horri esker, administrazioaren beharrezko erreformei aurre egin ahal izan zien talaia pribilegiatu horretatik, kodegintzaren aurrerabidea bultzatu ahal izan zuen, 1882ko Prozedura Kriminalaren Legeari, 1885eko Merkataritza Kodeari eta Zigor Kodearen erreformari heldu, Zinpekoen Epaimahaia ezarri, eta abar. Gainera, Kodeen Batzordeko 1. Sekzioaren presidente gisa (1878-1888), Kode Zibilaren egitasmoa ondu zuen, eta eginkizun horri pertsonalki heldu zion: baieztatu ere egin zuen ekimen hori, nekeza bezain bihurria, izan zela bere bizitza politikoko urrezko ametsa. Halaber, beste batzorde berezi batzuetako presidentea edo kidea izan zen, hala nola Uren Legea idatzi zuena (haren zioen azalpena sinatuz, 1866), Prozedura Zibilarena, Merkataritza Kodearena, besteak beste. Bere beste ametsetako bat, Ministroen Kontseiluko presidentetza hartzea, ez zen egia bihurtu, segur aski Sagastari leial zitzaizkion bere alderdikideek babesik eman ez ziotelako, Begoña Urigüenek idatzi duen bezala. 1854tik 1890era bitarteko legegintzaldietan diputatu izan zen, eta oso gogoangarriak dira haren idazkiak eta hitzaldi parlamentarioak, beti sakonak eta zorrotzak, bai eta Jurisprudentziaren Errege Akademiako presidente gisa esandakoak ere. Diputatuen Kongresuko presidente ere izan zen 1889ko ekainaren 14tik legegintzaldia amaitu arte. Hain zuzen, pixka bat geroago hil zen, 1890eko abenduaren 29an.

Ideia liberaletakoa zen, baina beti jarrera zentristei atxikia. Alderdi liberalaren fakzio desberdinekin bat egin zuen, nahiz eta hari buruz beste politikari eta legelari ospetsu batek, Francisco Silvela politikako haren antagonistak, esan «liberalen artean militatzen duen kontserbadore ugarietako bat gehiago zen». Madrilgo Unibertsitate Zentralean Jurisprudentzian eta Filosofian lizentziatua, literatura eta poesiaren zalea, prestakuntza humanistiko handia erakutsi zuen bere hitzaldi publikoetan eta idazkietan. Hainbat hizkuntza erabiltzeari esker, zientzia juridikoaren aurrerapenak eta beste herrialde batzuetan egindako lege-aurrerapenak ezagutu zituen, eta bere ezagutzak ardura publikoetatik egitasmo zituen erreformen mesedetan aplikatu zituen. Langile nekaezina izan zen, zuzena iritzietan, zuhurra eta neurtua eztabaidagunetan eta politikan eta, bere maisu Manuel Cortina bezala, adostasunera emana eta hizlari bikaina. Emilio Castelarrek, besteak beste, haren bertute horixe nabarmendu zuen. Bere bertuteengatik eta Estatuaren zerbitzura egin zuen lanagatik, mendearen bigarren erdiko Politikako eta Zuzenbideko pertsonaiarik garrantzitsuenetakotzat hartu behar da.

Adostasunera emana zenez, Gobernuak esku artean zituen arazo politiko bihurrienak konpontzeko mandataria izan zen: bitartekari-lanak egin zituen erreginarekin, bai eta Egoitza Santuarekin ere, ezkontza zibilaren auzia aztertzeko, edo Elizaren desamortizazioaren betearazpena. Era berean, beti saiatu zen politikari eta legelari gisa landu zituen erreformen bidea zelaitzeko hitzarmen-formulak bilatzen. Hitzarmen sen hori bereziki agertu zen kodetze-prozesuan. Kode Zibilari dagokionez, aurrerapen garrantzitsuak lortu zituen foru-lurraldeetako ordezkarien posizioari begira, foruen auzia delakoak zekartzan zailtasunak zelaituz. Horixe zen, izan ere, kodegintzan aurreratzeko eragozpen handietako bat, ezkontza zibilarekin batera, Alonso Martinezen arabera. Horretarako, trebeki jokatu zuen, eta foru-lurraldeetako ordezkariekin Junta magna edo batzorde nagusi batean bildu zen ezkontzaren araubide ekonomikoa, seniparteen oinordetza edo testamentu-askatasuna sistema, foro eta enfiteusietan «aldeak zenbateraino onar zitezkeen eztabaidatzeko». Batzorde horrek, Kodegintza Batzordeko kideez eta Espainiako Senatuko zein Kongresuko ordezkariz osatuak, 1882an egin zituen saioak. 1884an, liburu interesgarri bat argitaratu zuen, El Código Civil en su relación con las legislaciones forales izenburukoa, eta, bertan, hartutako akordioen berri bildu zuen. Gainera, Gaztelako edo Zuzenbide Komuneko legeria eta beste lurraldeetakoak konparatu zituen, horretarako askotariko eskualdeetako letraduen txostenak eta galdetegiak baliatuz, nabarmenki hauexenak: Duran y Bas, Morales Gomez eta Lekanda Mendieta, Kataluniako, Nafarroako eta Bizkaiko zuzenbide propioaren defentsan, hurrenez hurren. Alonso Martinezek foru-letraduen lana erabili zuen konponbide bat bilatzeko eta era horretan askotariko lurraldeen zuzenbideak integratzeko, 1851eko egitasmo onean ez baitzegoen halakorik: praktikan, izan ere, zuzenbide erkidea (komuna) egon zen indarrean Espainia osoan, foru-berezitasunak direlakoak gordez, harik eta horiek sintetizatzen zituen lege berezi bat atera arte, zuzenbide propioa zuen lurralde bakoitzean aplikatzekoa.

1876ko Konstituzioa prestatu zuen Batzordeko presidente gisa (Bederatzien batzordea), testu moderatu horren egile eta ideologo nagusitzat hartzen da. Hain zuzen, testu hori bihurtu zen Berrezarkuntzako egitura politikoaren euskarri. Konstituzio hori Alonso Martinezen beraren izaeraren isla da, Canovas del Castillok ere ondua. Konstituzio horri esker, Espainiako alderdi liberala eta kontserbadorea bakez txandakatu ahal izan ziren gobernuan, Seiurteko Iraultzaileko urte aztoratuen ondoren (1868-1874). Testu konstituzional horren bidez, nolabaiteko egonkortasun sozial eta politikoko giroan hasi zen etapa politiko berria, eta pausoak eman ziren administrazioan erreforma garrantzitsuak egiteko, eta erraztu egin zuen monarkiaren instituzioa errotzea, hura Alfontso XII.an gorpuzturik. Izan ere, monarkiazale sutsua izanik, Burgosko gizon handi hau haren eskubide dinastikoen aldeko porrokatua izan zen.

Gizon publiko eta abokatu gisa, erabakigarriak izan ziren haren bizitzan bi legelari, abokatutzako eta politikako ibilbidean maila gorenetara helduak: batetik, Cirilo Alvarez, Burgosko Abokatuen Elkargoko dekanoa, Grazia eta Justiziako ministro, senatari eta 2. Sekzioko presidentea, bai eta Kodegintza Batzordeko arazo kriminaletakoa ere, 1875ean Batzorde hori berrantolatu zenetik; bestetik, Manuel Cortina, Madrilgo Elkargoko dekanoa, politikaria, eta Kodegintza Batzordeko presidentea hiru etapatan (1843-1844, 1854-1856 eta 1856-1869). Hain zuzen, legelari sevillar itzaltsu horrek sartu zuen Alonso Martinez kodetze-lanetan, hura 1854an eratutako batzorde bereziko idazkari izendatuz.

Alonso Martinez Bizkaiko Foru Aldundiko abokatua izan zen bere ibilbide profesionaleko lehen urteetan. Bizkaiko Diputazioaren aholkulari-lanetan, ezagutzen da Gernikako Batzarretara gonbidatu eta bertaratu zela, eta informatzaile-lana egin zuela 1849 eta 1854 artean probintziari eragiten zioten gai bihurrienetan, bereziki Bizkaia eta Santanderko probintzia mugakidea aurrez aurre jarri zituen lurralde-arloko gatazketan, jurisdikzio-mugetako liskarretara sartuak. Bizkaiarekin zuen lotura profesionala 1854an amaitu zen beharbada, Vicálvaroren altxamenduarekin bat etorriz. Altxamenduak, izan ere, eszenategi berri bati eman zion hasiera: Biurteko Progresista delakoa, haren aurreikuspen politikoekin bat zetorrena gehiago. Une horretan, gortera lekualdatzea erabaki zuen, eta Madrilgo Abokatuen Elkargoan izena eman (1854ko martxoaren 11n). Hartara, ibilbide profesional distiratsu bati ekin zion, Espainiako hiriburuan gobernadore zibil lanetan hasiz, O’Donnell jenerala gobernuburu zela. Haatik, euskal lurraldeekin zuen lotura afektiboa ez zen amaitu Madrilera joatean: hurbiletik jarraitu zituen haien arazoak, eta beti agertu zuen interesa zuzenbide propioaren ikasketari buruz. Iturrien haren erabilera eta erakunde basko-nafarren ezagutza bere idazlan honetan egiazta daiteke: El Código Civil en sus relaciones con las legislaciones forales… Alonso Martinezek berak Kongresuko tribunatik aitortu zuen lurralde horiekin zuen afektua, 1856an. Maiz joan zen Donostiara, etxalde bat zuen bertan jabetzan, eta hurreko politikoekin biltzen zen. Maiz hartzen zituen, halaber, ur- bainuak Beteluko bainuetxean, Donostia hiriburutik hurbil eta Aralarko mendigunearen magalean kokatua, bronkitis kronikoari aurre egiteko.

Politikari eta legelari erabakigarria izan zen administrazioan eta Zuzenbidean erreformak sartzeko orduan, eta bere ezaugarri onenak erakutsi zituen legegintzako sorkuntzan eta arlo prozesalean, zibilean, penalean zein merkataritza-arloan eta auzitegien antolamenduan. Hala ere, Kode Zibila prestatu zuen batzordeko presidente-lanean aritzea du aintza handiena, haren lan iraunkor eta biribilena, doktrina garaikidearen zati handi baten hasierako errezeloak errezelo. Berak bultzatu zuen irmoen kodegintza zibila. Jose Castan maisuak hari buruz esan zuen bezala, kodegintza zibila «haren obra da […] (berak) bideratu eta zuzendu zuen». Izan ere, ez zen bera izan Kodearen autorea, legelari entzutetsuen talde-lana izan baitzen gehiago, Kodegintza Batzordearen inguruan bilduak. Hala ere, politikari eta jurista gisa egin zuen ekarpena erabakigarria izan zen obra amaitu ahal izateko, Ministeriotik edo Kodegintza Batzordetik kodetze-lanak koordinatuz. Ekarpen handia egin zuen arren, ekitaldi publiko bakar batean jaso zuen aitortza Kodearen erredakzio-batzordearen buru hartu zuen eginkizunarengatik, guk dakigula. Jurisprudentzia Akademiak, behintzat, merituko akademiko izendatu zuen 1890ean, heriotza hurbil zuela. Aitortza-ekitaldi horretan, Francisco Silvelak bihotza eman zion Alonso Martinezi kodetze-eginkizunean bere ekarpena burura eraman zezan, Kodearen iruzkinak eginez, Garcia Goyenak urte batzuk lehenago 1851ko Kode Zibil egitasmoari buruz egin zuenaren antzera. Hala ere, tamalez, ia ez zuen astirik izan eginkizun horretan hasteko bizitzako azken egunetan, heriotzak eraman baitzuen. Haren exegesi-lan bat izan zitekeenaren aurrerapen labur bat haren hil osteko idazlan batean azaldu zen: Fundamentos de la doctrina de algunos preceptos del Código Civil.

Aitortza bakan hori jaso arren, egia da haren garaikideek ez zutela haren lana behar beste balioetsi, Kodeari bide laburra iragartzen baitzioten. Zuzenbide zibileko aditu talde batek gogor kritikatu zuen, hala nola Augusto Comasek (Kodeari egotziz «presa harrigarriaren fruitu» izatea) edo Sanchez Romanek («lan biziki inperfektua eta tamalgarria» izan zela iritziz), biak ere Kodegintza Batzordeko partaide izatera deitu ez zituztelako, segur aski, edo Rafael de Ureñak, zuzenbidearen historiatik. Prentsak, korporazio eta elkargo profesionalek kritika horien berri zabaldu zuten. Oso ezaguna da Iruñeko Abokatuen Elkargoaren irizpena, Kodeko artikuluak arbuiatuz. Hala ere, egindako lanari justizia eginez, denboraren joanean legelarien belaunaldiek Burgosko legelari hau eta haren kodetze-lana birgaitu dituzte. Haren kodetze-lanak agertzen dituen merituak eta kalitatea zuzenbide zibileko aditu ospetsuenek aitortu dituzte (Castan, De Castro, Hernandez Gil…). Horretan, asko lagundu du zuzenbide zibilaren doktrinak egindako berrikuspen dogmatikoak eta haren edukien eguneratzeak geroko erreformen segidan, beharrezkoa denboraren joanean haren espiritua eta mamia mantentzeko. Ehun urtetik gorako kode bat baino gehiago da: Alonso Martinezen ekarpen onena izan zen Zuzenbide Estatua behingoz eta betiko sendotzeko beharrezko segurtasun juridikoa finkatzeari begira. Horri gehitzen bazaio 1876ko egitura konstituzionalaren diseinuari egin zion ekarpen erabakigarria eta askotariko arloetan haren eskua duten erreforma garrantzitsuak, Alonso Martinez Berrezarkuntzako gizon erabakigarritzat hartu behar da beste politikari nabarmen batzuekin batera, hala nola Canovas del Castillo edo Sagasta.

Bestalde, Alonso Martinezek, itzal publikoko pertsonaia orok bezala, aurkariak eta maiseatzaileak zituen, hala nola krausismoaren jarraitzaileak, buruan zutela Gumersindo de Azcarate, eta Martinez, hain zuzen, haien ideien kontra borrokatu zen. Politikaren arloan, Lasso Gaitek adierazi duenez, ez zituen etsai gutxi, liberalismoaren barrutik ideia kontserbadoreak aldeztearren. Kontsekuentea ez izatea leporatu zioten (Pidalgo markisak, besteak beste), ministroa zela zinpekoen epaimahaia ezartzea proposatu baitzuen. Publikoki, ordea, Zientzia Moral eta Politikoen Akademiaren txosten batean, besteak veste haren sinadura zuena, hainbat eragozpen agertu zituen justizian herriak parte hartzeari buruz. Bere burua posizioa aldatzera beharturik ikusi zuen, liberalen taldeak, Sagasta buruan zela, 1876ko Konstituzioa onar zezan.

Hirurogeita lau urte zituela, 1891ko urtarrilaren 13an hil zen Madrilen, bronkioetako gaitz batek jota, okerrera egin zuena Madrilgo negu gorriko egun batean, urte bereko urtarrilaren 5ean, Kongresuko ekitaldi bateko agerraldiaren ondoren. Alarguna utzi zuen: Demetria Martin y Baraya andrea, emaztea 1857an harekin ezkondu zenetik, Alonso Martinezko markesa tituluaz ohoratua. Bikoteak bederatzi haur izan zituen, horietako bat Casilda izenekoa (1866-1950), I. Romanonesko kondearekin ezkondua (1863-1950). Haren artxibo pertsonalean, Alonso Martinezi buruzko balio handiko albiste eta dokumentuak biltzen dira, eta Espainiako Historiaren Errege Akademian biltegiraturik dago, ikertzaileek probestu dezaten.

Obrak

Noción del Estado. Hitzaldiak, Madrid: Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, 1871.

Estudios sobre el derecho de propiedad. Zientzia Moral eta Politikoen Akademian irakurri txostena, 1874. Hemen argitaratu zen: Memorias de la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, III. libk., Madrid, 1875, 479. or. eta hur. Hemen ere argitaratua: Manuel Alonso Martínez. Vida y obra. C. Rogel eta C. Vattier (koor.). Madrid: Tecnos, 1991, 861-1037. or.

La federación: lo que significa en remotos tiempos: lo que en la época actual representa. La Liga aquea. Suiza. Federación de los Países Bajos. Federación de la República de América del Norte, hitzaldiak, Madrid: Real Academia de Ciencias Morales y Políticas. Emilio Alcala Galianoren hitzaurreaz, Conde de Casa Valencia, 1877.

Problemas relativos a las prisiones. Importancia de la reforma penitenciaria, sus progresos y estado actual en otros países y en nuestra patria; sus objetos y las dificultades con que tropieza, hitzaldiak, Madrid: Real Academia de Ciencias Morales y Políticas. Fernando Cos-Gayónen hitzaurreaz, 1879.

El Código civil, en su relación con las legislaciones forales, Madrid, 1884-1885, 2 libk. Edizio berria: Madrid: Plus Ultra, 1947, Jose Castan Tobeñasen hitzaurreaz. Hemen ere argitaratua: Manuel Alonso Martínez. Vida y obra, C. Rogel eta C. Vattier (koor.), Madrid: Tecnos, 1991, 1169-1311. or.

Examen del derecho de propiedad, Madrid: Imp. Eduardo Martínez García, 1886.

Fundamentos de la doctrina de algunos preceptos del Código civil. Hitzaurrea: Manuel Alonso-Martínez eta Bea, III. Alonso-Martínez markisa, Madrid: Tecnos, 1961 (berrarg.). Hemen ere argitaratua: Manuel Alonso Martínez. Vida y obra, C. Rogel eta C. Vattier (koor.), Madrid: Tecnos, 1991, 1325-1331. or.

Bibliografia

ASOCIACIÓN DE PROFESORES DE DERECHO CIVIL, Centenario del Código civil (1889-1989), Madrid: Fundación Ramón Areces, 1990, 2 libk.

BARÓ PAZOS, J., La Codificación del derecho civil en España (1808-1889), Santander: Servicio de Publicaciones de la Universidad de Cantabria, 1993.

DE SOTO, A., «Manuel Alonso Martínez», Jurisconsultos españoles. Biografías de los expresidentes de la Academia y de los jurisconsultos anteriores al siglo XIX inscritos en sus lápidas, II. libk., Madrid: Real Academia de Jurisprudencia y Legislación, 1911, 187-204. or.

GÓMEZ MAMPASO, M. V., «Alonso Martínez y la codificación civil, en número monográfico dedicado al Centenario del Código civil», Anales de la Real Academia de Jurisprudencia y Legislación, 19 (1988), 227-260. or.

HERNÁNDEZ GIL, A., «En defensa del Código civil», Revista de Derecho Privado, Madrid, 1948, 776-783. or.

LASSO GAITE, F., Crónica de la Codificación española. 4. Codificación Civil (Génesis e historia del Código), 2 libk., Madrid, 1970.

— «Los presidentes de las Comisiones de Códigos», Anales de la Real Academia de Jurisprudencia y Legislación, 19 (1988), 153-225. or.

ROGEL, C., eta VATTIER, C. (koor.), Manuel Alonso Martínez. Vida y obra (José Luis de los Mozosen hitzaurrea), Madrid: Tecnos, 1991.

— Alonso Martínez y su época. Urteurren-ospakizuneko erakusketa. Alonso Martínezen mendeurrena (1827-1891). Burgos: Caja de Ahorros Municipal de Burgos: 1991.

ITURRIAK

Código civil. Debates parlamentarios 1885-1889. Atariko azterketa José Luis de los MOZOSena, HERRERO GUTIÉRREZ, R., eta VALLEJO ÚBEDA, M.ª A. (arg.), Madrid: Dirección de Estudios y Documentación, Secretaría General del Senado, 1989, 2 libk.

COLMEIRO, M., Necrología del Excmo. Sr. D. Manuel Alonso Martínez, leída ante la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, en las sesiones de 12 y 19 de mayo de 1891, publicada en la colección de Necrologías de dicha Academia, I, Madrid, 1898, 189-204. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP