Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

CONSTANTIN GARBI, Albert (Izpura, Nafarroa Beherea, 1873ko abuztuak 22, Atharratze, Zuberoa, 1957ko apirilak 28).

Karguak eta lanbideak

Medikua, idazlea, euskaltzalea eta politikaria

Ibilbidea

Jaio zenean Alexis, Pierre eta Albert izenak jarri zizkioten, eta gurasoak Jean-Baptiste Constantin (1844-1927) eta Engrace Garbi (1854-1948) izan zituen, biak ere Donibane Garazikoak. Haren aita ere euskaltzale ospetsua izan zen, hainbat lan argitaratu zituena (esaterako Haritchabaletaren bizia & Don Juan eta bere adixkidiak), «Joanes Garaztarra» goitizena erabilita, eta maisua zen Izpurako eskolan. Aita-semeak lanean aritu ziren Eskualduna aldizkaria Zuberoan hedatzeko, eta halaber Eskualtzaleen Biltzarraren alde. Cercle d’Etudes Euskariennes zirkuluko kideak ere izan ziren biak. Baionan sortu zen zirkulua 1911n, eta gerraren ondorioz desagertu zen 1914an. Jean-Baptiste gizon jantzia zen, zuberera ongi ezagutzen zuena, eta horregatik kontsultak egiten zizkioten, hainbat ikerketa-lan lexikografikoren karietara. 1918an, Euskaltzaindia sortu zenean, Jean-Baptiste Constantin Akademiako kide izendatu zuten Zuberoatik.

Albert Constantin 1903an ezkondu zen Rosalie Claire Ameztoirekin (1883-1944).

Emaztearen aita Saint-Martin Harriaga «Morrosko» ospetsu eta aberatsa zen, Hazparneko alkate izan zena 1890 eta 1904 bitartean, eta ondoren karguan Pierre Broussainek ordeztua. Senar-emazteek hiru seme izan zituzten: Jean (1904-1981), Arnaud (1905-1968) eta Pierre (1906-1942). Constantin familia haien jabetzako etxean bizi izan zen, eta gaur egun Atharratzeko Udalaren jabetzakoa da.

Ikasketak Larresoron hasi zituen, eta ondoren Baionan jarraitu. Parisera joan zen medikuntza ikastera, eta 1898an bukatu zuen.

Medikua eta Basabürüko hainbat herritan txertaketa-komisario izateaz gain, oihal-lantegi garrantzitsua zuzendu zuen Albert Constantinek Atharratzen, «linge basque» edo euskal ehunak egiten zituena: «Constantin et Cie». Ehun mota horiek ospe handia zuten ipar Euskal Herrian, eta gainera garrantzi ekonomiko handia zuten, oroz gain landa-eremua zen lurralde batean. Mauleko espartinekin batera, Zuberoako salbuespen industriala ziren, 1870an Larraineko burdinolak itxi ondoren. «Euskal diseinuko» oihalak lihozkoak ziren, eta haien funtsezko ezaugarria zen zazpi koloreko lerroez osatutako zerrenda, euskal zazpi lurralde historikoak irudikatuz.

Ez da harritzekoa Constantinek, bi lanbide ospetsu horietan arituta (medikua eta industria-gizona), ospe handia izatea garai hartako Zuberoan, hautatua izatea hainbat kargu betetzeko, eta hainbat aldiz ohorezko sariak jasotzea. Esaterako, Atharratzeko Udal Kontseilari hautatu zuten 1905eko apiriletik; herri bereko alkate 1924 eta 1936 bitartean; Kontseilari Nagusi Atharratzeko kantonamendutik, 1919-1940 eta 1945-1957 aldietan eta departamentuko Kontseilaria 1943an. 1919an UDRren zerrendetan (Union Républicaine Démocratique) aurkeztu zen, eta 1945an, berriz, Parti Républicain Radical et Radical-socialiste alderdiaren zerrendetan. Gainera, Ohorezko Legioko Zaldun izendatu zuten 1930eko abuztuaren 20an, eta 1953ko apirilaren 8an Ordena horretako Ofizial izatera igo zuten. Halaber, «Officier d’Academie» izendatu zuten.

Haren jardueraren alderdi oso interesgarri bat da euskal hizkuntzaren eta kulturaren aldeko aktibismoari dagokiona. Dominique Iribarne ingeniariarekin batera, Constantinek osatu zuen Kepa Altonagak «Atharratzeko taldea» deitu duena, Zuberoako Basabürüa aldean euskal kultura sustatzeko asmoz. Oso parte-hartze aktiboa izan zuen Eskualtzaleen Biltzarrean. 1922ko irailaren 21ean erakunde euskaltzale horren karguak berrantolatu ziren eta Jean Etxepare hautatu zuten elkarteko buru, eta Constantin eta Louis Dassance buruordeak. 1933an Constantin Baionako Societé des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne elkarteko kide izendatu zuten.

Arlo politikoan, hainbat hauteskundetan UDR eta PRR alderdien zerrendetan aurkeztu zela ikusi badugu ere, Constantinen ideiak beste bide batetik zihoazen. Egiaz, euskal abertzaletasunaren aitzindarietako bat izan zen ipar Euskal Herrian. Adiskide handia izan zuen bera bezala medikua zen Pierre Broussain, ideia euskaltzaleak ere partekatzen baitzituzten. Bien arteko hainbat gutun ere gorde dira, eta haien bitartez lortzen ahal da politikaren eremuan zituzten kezken gaineko ikuspegi bat. 1901ean eta 1905ean Constantinek estrategia bat diseinatu zuen, Broussainen laguntzarekin, Eskualdun Ona hamaboskaria (Eskualduna zaharraren ondorengoa) «ildo separatistako» euskal aldizkari abertzalea bihurtzeko asmoz. Orobat, 1903an Pierre Broussaini idatzitako eskutitz batean adierazten zuen bazegoela aukera sortzeko «un parti nationaliste viable». Egiaz, era horretako alderdi bat sortzeko baldintza egokirik ez zegoen orduan, eta Constantinen eta Broussainen proiektu politikoak ezerezean geratu ziren, eta ez zuten jarraitzailerik izan, epe laburrera.

Ziurrenik ere, mediku eta industria-gizonaren bizimodu azkarrak eta, horiez gain, kulturaren sustatzaile jarduera eta eginkizun politikoak tartean, ez zuen denbora anitz izanen idazteko eta, beraz, argitaratutako oso lan gutxi ditu. Haietako anitz, gainera, ematen zituen hitzaldietako testuak dira. Hala ere, saiakera bat argitaratu zuen, gai historiko bati buruzkoa, «Les Basques et l’unification nationale sous la Révolution» izenburukoa, eta egiaz, izenburu berarekin Mixel Etxeberrik Baionako Bulletin de la Société des Sciences, des Arts et des Letres aldizkarian 1933ko urte hartan berean argitaratutako artikulu baten gaineko iruzkina zena. Constantinek bi galderatan zentratzen zuen gaia: zergatik zuberotarrek ez zuten salatu Estatu Nagusietako diputatuak hautatzeko modua? eta, zer jarrera izan zuen Nafarroa Behereak Departamentu bat Bearnorekin batera sortzeko proiektuaren aitzinean? Galdera horiei erantzun nahian, garai hartako hainbat dokumentu transkribatu zituen. Medikuntzaren inguruko saiakeraren bat ere idatzi zuen euskaraz, eta beraz, euskarazko prosa zientifikoaren aitzindarietako bat da.

Obrak

«Zuhainen eritarzunaz eta haien arraberrikatziaz», Almanak uskara edo Ziberouko egunaria, 1913, 125-135. or.

«Les Basques et l’unification nationale sous la Révolution», BSSLAB, IV (1933), 454-457. or.

«Santa Garaziko bilkuran Constantin mediku jaunak egin duen mintzaldia», Gure Herria 22, 5 (1950), 201-205. or.

«Eskiulako herria nuntik eta nula egin den?», Gure Herria, 1954, 353-357. or.

Bibliografia

ALTONAGA, K., «Gure prosa zientifikoaren lehen urratsak: Albert Constantin jaun medikuaren Zuhainen eritarzunaz eta haien arraberrikatziaz», Ekaia. EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkaria, 17 (2003), 121-136. or. https://ojs.ehu.eus/index.php/ekaia/article/view/2479/2071 (2021eko apirilak 15).

— «Atharratzeko biltzarrak eta Atharratzeko taldea 14ko gerla atarian», Mendebaldeak badu ekialdea. XI Jardunaldiak, Bilbo: Mendebalde Euskal Kultur Alkartea/BBK, 2007, 159-229. or.

CHARRITON, P., Pierre Broussain, sa contribution aux etudes basques (1895-1920), Bilbo: Euskaltzaindia, 2007.

ITURRIAK

EGILE GABE, «Constantin jaun bedezia zenthu da», Herria, 351. zk., 1957ko maiatzaren 2a.

EGILE GABE, «Constantin jaun bedeziaren ehortzea», Herria, 352. zk., 1957ko maiatzaren 9a.

EGILE GABE, «Constantin jaun bedeziaren ouhouretan», Herria, 354. zk., 1957ko maiatzaren 23a.

FONDS BROUSSAIN (chez Madame Jenofa Broussain-Leroy, Naguile etxea, Lehuntze). «Lettres du Dr Constantin, de 1899 a 1919». Aipatua in: CHARRITON, P.: «Fonds Broussain; les lettres du Docteur Albert Constantin (12-12-1899, 22-6-1919)», Bulletin du Musée Basque, 1989-1, 573-595. or.

«Journal officiel de la République française. Lois et décrets», Gallica 1943ko maiatzaren 23a. https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k9614068c/f3.item.r=canton.zoom (2021eko apirilak 15).

MINISTÈRE DE LA CULTURE. Ordre de la Légion d’Honneur. http://www.culture.gouv.fr/LH/LH119/PG/FRDAFAN84_O19800035v0340519.htm (2021eko apirilak 15).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP