Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

DAGUERRE DE HUREAU [AGERRE DE HUREAU], Joseph (Saint-Martin de Seignanx, Landak, Frantzia, 1853ko azaroak 5 – Saint-Barthélémy, Landak, 1927ko urtarrilak lehena).

Karguak eta lanbideak

 Apaiza, abokatua eta historiagilea

Ibilbidea

Eugène Marie Joseph Daguerre de Hureau Landetako (Frantzia) Saint-Martin de Seignanx herrian sortu zen, 1853ko azaroaren 5ean. Hiru anai-arrebetan gazteena zen. Baionako Lespès de Hureaux familiako ondorengo bat zen. Haren aita, Leopold Daguerre de Hureau Baionakoa zen, ofizioz bankaria. Ama, Noemie Docteur, aldiz, paristarra zen sortzez, baina haren aita, Charles Dominique Joseph Docteur Baionakoa zen. Joseph Daguerreren aita aurrez ezkonduta egon zen Duzunaritzeko (Nafarroa Beherea) Apat jauregiko Coraly d’Apatekin; baina hau 1842an hil zen. Beraz, bizitza gehienean Landetan bizi izan bazen ere, Daguerrek Baionarekin harreman estua zeukan.

Zuzenbidea ikasi zuen Tolosako (Frantzia) unibertsitatean. Gaztetan, Frantziako itsas armadako komisisariako ikasle eta kide izan zen, kolonien zerbitzuan. 1876an izan zen horko ikasle, 1878an kolonien zerbitzuko komisario-laguntzaile izan zen, eta gero hogei hilabete iragan zituen Senegalen. Senegalen egin zuen egonaldiari buruzko liburu bat idatzi zuen 1881ean.

1884an apaiz sartu zen, eta kargu hartan iragan zuen bizitza guztia. Landetako Saint-Barthelemy herriko erretorea izan zen, eta kargu hura zuela hil zen, 1927ko urtarrilaren lehenean, 73 urtetan.

Garai batez Hiriburun (Lapurdi) bizi izan zen, eta Société des Sciences Lettres et Arts de Bayonne (Baionako Zientzien Letren eta Arteen Sozietatea) elkarteko kide izan zen, 1893tik 1899ra. Tarte hartan idatzi zituen ezagutzen zaizkion historia lan gehienak. 1813an eta 1814an Lapurdin iragan ziren gertakariei buruz aritu zen ikertzen, hain zuzen, Napoleonen soldaduak Espainiatik ihesi Lapurdin egon ziren garaiari buruz.

Gai horri buruzko bi artikulu idatzi zituen, Bulletin de la Société des Sciences, des Lettres et des Arts de Bayonne aldizkarian. Lehenbizikoan aipatu zuen Napoleonen armadaren eta Wellingtonen armadaren arteko guduak nolakoak izan ziren Hiriburun. Bigarren lanean, Napoleonen armadaren eta ingelesen armadaren artean Euskal Herrian gertatu ziren borrokak kontatu zituen xeheki. Lan hura hainbat ataletan argitaratu zuen, 1895ean, 1896an eta 1897an. Baina gai berari buruzko liburu bat ere argitaratu zuen 1997an, aldizkari horren argitalpen berezi batean: Napoleonen armadako Soult mariskalaren gibelatzearen kronika idatzi zuen.

Ezagutzen zaion azken lana ere garai hartan argitaratutakoa da, baina Etudes historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne aldizkarian. Aldi hartan, bere Baionako familiaren historia ikertu zuen, hala nola Lespès de Hureaux familiarena. Familiaren historiaren bitartez, XVI. mendetik Frantziako Iraultza arteko Baionako historiaren zati bat kontatu zuen.

Obrak

Thèse pour la licence (faculté de droit de Toulouse): en exécution de l’art. 4, titre II, de la loi du 22 ventôse an XII, Baiona: Imp. Lamaignère, 1876.

Vingt mois au Sénégal, Baiona: Imp. Lamaignère, 1881.

«La sanglante bataille de Saint-Pierre-d’Irube (12 et 13 décembre 1813)», BSSLAB, (1894), 289-300 or.

«1807-1814», BSSLAB, (1895), 565-580 or.

«1807-1814, d’après des manuscrits recueillis et complètés (suite)», BSSLAB, (1896), 46-80; 113-128; 193-208; 265-280 or.

«1807-1814, d’après des manuscrits recueillis et complètés (suite et fin), BSSLAB, (1897), 3-14 or.

«Une ancienne famille bayonnaise: (les Lespès de Hureaux)», Etudes historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne, 1897, 73-78 or.

La retraite du Maréchal Soult et le siège de Bayonne (1813-1814), Baiona: Lamaignère,

Bibliografia

Commissaire de La Marine», hemendik hartua: http://ecole.nav.traditions.free.fr/officiers_daguerre_eugene.htm.

DUBARAT, V. P. «Daguerre, J.: La Retraite Du Maréchal Soult et Le Siège de Bayonne» in Mélanges de Bibliographie et d’histoire Locale. III, 1898, 319. or.

«Table Des Matières Par Noms d’auteurs Contenues Dans Les Bulletins de La S.S.L.A. de 1873 à 2018», d.g., hemendik hartua: http://www.ssla-bayonne.com/tables_par_auteurs_1873_2018.pdf.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP