Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

GRANDES GARRIDO, Fortunato (Soto de Cameros, Logroño [gaur egun Errioxa], 1871ko urriak 14 – Agurain, Araba, 1942ko maiatzak 13).

Karguak eta lanbideak

Udal idazkaria eta historialaria

Ibilbidea

Manuel Grandes eta Juana Garridoren semea, Soto de Camerosekoak bata zein bestea; familia, antzinatik Errioxan errotua, Gasteizera joan zen bizitzera Fortunatok bost urte zituela. Bere bost anai-arreba txikiak Arabako hiriburuan jaio ziren 1877 eta 1885 artean. Bataioan Aurelio Fortunato izena jarri zioten baina berak bigarren izena soilik erabili zuen. Fortunato Grandes Aguraingo Andre Mariaren parrokian ezkondu zen 1897ko azaroaren 7an (Udal idazkari gisa lanean hasi zen urte berean) Elisa Bibiana Ladron de Gebara Beltran de Herediarekin. Bikoteak hamaika seme-alaba izan zituen Agurainen 1898tik aurrera: Jose Moises, Jesus Primitivo, Juan Ramon, Joaquin, Manuel, Mercedes, Isabel, Juana Maria, Sofia, Josefina eta Elisa.

Aguraingo Udaleko idazkari izan zen, etengabe, 1897ko otsailaren 6tik 1936ko irailaren 15 arte, hau da, ia 40 urtez. Ziurra da bere kargu-uztea ez zela izan arrazoi politikoengatik, bere atxikitze ideologikoa eta une hartako Arabako politikaren testuingurua kontuan izanik; adinagatik, lanean egindako urte luzeengatik eta gaixotasunengatik, besterik gabe. Izatez, 1932an eskatua zuen erretiroa gaixotasunagatik, baina orduan ez zioten onartu.

Ez dakigu ezer haren hezkuntza eta ikasketei buruz. Lanpostu batean lehenengoz agertzen denean El Diario de Álava: unidad católica-fueros egunkariko kazetari zen; 1895eko otsailaren 5ean sortutako egunkari horretan «gaztaroa hasi berritan» sartu zen. Benito Guineak eta Pedro Garcia Eguiak sortu zuten egunkari tradizionalista eta ultrakatoliko hori, eta Jose Maria Gonzalez de Echavarri Vivanco izan zen zuzendari. Grandes bi urtez egon zen erredakzioan eta, arestian esan bezala, 1897an lan hori utzi eta Aguraingo Udaleko idazkari lanean hasi zen. Egunkari horretako artikulu gehienak sinadurarik gabe edo goitizenekin ageri dira, beraz, ezinezkoa da Grandesen lana zehazki ezagutzea.

Berak kontatzen digu nola hasi zen historiarekiko bere interesa, batez ere Aguraingoarekikoa. Julio Urkixori 1937ko abenduaren 13an bidalitako eskutitz batean, ondoren Cosas de Salvatierra (1939) izeneko bere liburuko hitzaurrean hitzez hitz kopiatutakoan, zera esaten du: «Udal honetako Idazkaritzaren kargu egin nintzenean, hain nahasia aurkitu nuen artxiboa, antolatzea pentsatu nuela; eta lan horri eskaini nion nire denbora, beste betebeharrek nire arreta behar ez zutenean […]. Garai hartan nik ez nekien ezer Agurainen historiari buruz eta, normala denez, eskuetara zetorkidan hura irakurtzeko jakin-mina izaten nuen […] geroago, herri honekiko sortu zen interes eta maitasun indartsu eta biziak ohar batzuk hartzera bultzatu ninduen […]. 1904an Donostian iragarritako Erakusketa etnografikoaren harira, eta horrelako lehiaketa goresgarriari laguntzeko asmoz, gure artxiboko pergamino baliotsuenen aukeraketa bat eta oso denbora gutxian prestatu nuen liburuxka bat idaztea otu zitzaidan, Apuntes históricos de Salvatierra izenekoa…». Liburuxka hori liburu bihurtu zen gero, 1905ean argitaratuta; gerora, Agurainen historiako zenbait gairi buruzko artikulu batzuk argitaratu ziren Euskalerriaren Alde aldizkarian. Lan horiek, beste ohar batzuekin osatuta, 1939an bildu ziren Cosas de Salvatierra liburuan.

Udal artxiboko informazioa antolatu eta biltzeaz gain, Aguraingo bi parrokietakoetan (San Joan Bataiatzailea eta Andre Maria) ere lan egin zuen; baina emaitzak kaxkarrak izan ziren, izan ere, batez ere lehenengoan, dokumentuen hutsuneak handiagoak ziren presentziak baino, eta «arpilatu egin zutela dirudi, liburu eta paper bakan batzuk utzita» egiaztatu zuen. Gainerakoan, haren metodologia nahiko tradizionala zen; ez zuen sartu ez erreferentziarik, ez bibliografiarik, ez erabilitako iturririk, nahiz eta noizbehinka gainetik aipatzen zituen: «D. Modesto Lafuentek dioen moduan…» edo «jarraian kopiatu dugun 1522ko abuztuaren 22ko Epaiaren arabera» edo « Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historiatik (1802) hartuta». Hori bai, dokumentaziotik ateratako hitzez hitzeko aipamen asko kopiatu zituen.

Bere joera politikoak bat zetozen Diario de Álavan izandako lehenengo lanarekin: ultrakatolizismo, integrismo eta foruzaletasunaren inguruan ibili zen beti; horrela, 1905eko Apuntes históricos de Salvatierra liburuaren hitzaurrea Benito Guinea Lopez de Arechagak (Gasteiz, 1855-1917) idatzi zuen. Politikari integrista eta foruzale arabar hori 1909an probintziako diputatu eta Kontzertu Ekonomikoaren negoziatzailea izan zen, Diario de Álava egunkariaren sortzaile izateaz gain. 1909ko Cosas de Salvatierra liburuko hitzaurrea bere lagun Jose Maria Gonzalez de Echavarrik Vivancok idatzi zuen, Diario de Álavaren zuzendaria, eta politikari integrista eta ultrakatolikoa hura ere. Gainerakoan, Grandesek, liburu hori argitaratzeko, Elizaren baimena eskatu zuen, nahitaezkoa izan ez arren eta, noski, apezpikutzak atsegin handiz eman zion.

Fortunato Grandesen joera politikoei buruzko berri eman diezagukete bere Cosas de Salvatierra lanetik ateratako pare bat laginek. Honokoa dio Aguraini buruz: «Gure herria […] bere printze eta erregeei ohoreak eta dohaintzak emateko, eta Arabako Batzar Nagusiei merezitako gorazarrea egiteko orduan, odolean sartuta baitzituen Tronuarekiko eta foru ordezkaritzarekiko maitasunaren ideal prestuak, zeinak gure erlijiozko Fedearen zutabeari eutsiz, Espainia tradizionalaren benetako gotorlekuak diren». (47. or.). Eta azken Karlistaldiari buruz hitz egitean, bide batez, 1936ko gerra zibila ere aipatzen du: «Uste osoa daukagu Jainkoaren laguntzarekin, bizi dugun gerra honetan hain nabarmen babesten gaituena, marxismoaren aurka Historiak erregistratutakoen artean odoltsuena eta suntsitzaileena, purifikatua geratuko dela gure Espainia eta bere purutasun osoan agertuko dela bizimodu tradizionala, maila guztietan bere aurrerabidea ernalduz espainiar on guztien helburu gorena den Jesusen Bihotz Sakratuaren erresumarekin» (256. or.).

Obrak

Apuntes históricos de Salvatierra, Gasteiz: Imp. provincial, 1905 (2. arg., faksimilea. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1982).

Salvatierra: 25 años de administración municipal, 1922.

«Destrucción de Salvatierra: peste y fuego», Euskalerriaren Alde, 13. urtea, 234 (1923), 201-209. or.

«El retablo de Salvatierra: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 14. urtea, 248 (1924), 285-290. or.

«Organismos municipales de Salvatierra: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 14. urtea, 246-247 (1924), 230-239, 256-263. or.

«Los gremios de Salvatierra: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 15. urtea, 262 (1925), 387-390. or.

Memoria que presenta al Ayuntamiento de Salvatierra su secretario don Fortunato Grandes por lo que hace relación al ejercicio de 1924, Gasteiz: Viuda e hijos de Sar, 1925.

«La autoridad real y los salvaterranos: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 16. urtea, 265 (1926), 22-27. or.

«Tradición vasca» (Fortunato Grandesek Teresa María Alangua adineko andrearengandik Agurainen gertatua bezala jasoa), Álava: revista ilustrada, Gasteiz, 1. urtea, 1 (1926), 13-15. or.

«Arca de Misericordia de Salvatierra: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 17. urtea, 278 (1927), 67-72. or.

«El idioma en Álava. Algunas palabras euskericas», Euskal-Esnalea, 277 (1927 ilbeltza), 4-5. or. eta 19. urtea, 306-308 (1929), 123-125, 129-141. or.

«Salvatierra: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 17. urtea, 284-285 (1927), 284-291, 329-244. or.

«Bodas funerales, pleitos y chambergos: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 18. urtea, 299 (1928), 416-420. or.

«Vividores de antaño: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 18. urtea, 297-298 (1928), 380-383. or.

«Elegido a la fuerza: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 19. urtea, 304 (1929), 130-142. or.

«La fe pública en Salvatierra: historia alavesa», Euskalerriaren Alde, 19. urtea, 310 (1929), 384-390. or.

«La vecindad en Álava. Se obedece pero no se cumple», Euskalerriaren Alde, 20. urtea, 314 (1930), 69-72. or.

«Concordia de Álava y Guipúzcoa: fraternidad vasca», Euskalerriaren Alde, 20. urtea, 317 (1930), 185-191. or.

Memoria que presenta al Ayuntamiento de Salvatierra su secretario don Fortunato Grandes por lo que hace relación al ejercicio de 1932, Gasteiz, 1932.

Cosas de Salvatierra, Gasteiz: Imp. del Asilo Provincial de Álava, 1939.

Bibliografia

ITURRIAK


AGURAINGO ERREGISTRO ZIBILA, Fortunato Grandes y Garridoren heriotza-akta, 12. f., 68. or. 3. atala (1942).

ARCHIVO HISTÓRICO DIOCESANO DE LOGROÑO, Soto de Cameroseko San Esteban Protomartiriaren parrokia, Bataiatuen 11. liburua, 88. f.

GASTEIZKO ELIZBARRUTIAREN ARTXIBO HISTORIKOA, AHDV-GEAH/F006.397 (02261/001-00); AHDV-GEAH/F006.397 (M00337/001-01) 104r-104v f., eta AHDV-GEAH/F006.397 (M00337/001-01) 089v f.

KOLDO MITXELENA KULTURUNEA, Julio Urquijo Funtsa, J.U. 107805506 signatura.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP