Karguak eta lanbideak
Bide-ingeniaria, enpresaburua, administratzailea, politikaria eta senataria
Ibilbidea
Zenbaitek, gainera, «poligrafoa, matematikaria eta kalkulista, soziologoa, ekonomialaria eta finantzaria, historialaria, arkeologoa, epigrafista eta numismatikoa» izan zela adierazi zuten. Ignacio Altzola Elgarresta merkatari donostiarraren bigarren semea izan zen (egileren batek dio Zumarragakoa zela), Bergarako ehungintzari lotua. Ama, berriz, M.ª Ignacia Minondo Lezea izan zen, sortzez Goizuetarra (Nafarroa). Anaia nagusia, Benito, ontzigintza-ingeniaria izan zen; txikienak, Domingok, karrera militarra egin zuen. Bi arreba ere izan zituen: M.ª Natividad eta M.ª Marcelina. Maria Mercedes Castejon Torresekin ezkondu zen eta, Bilbon kokatu bazen ere, bizitza guztian ondasunak izan zituen Altzan eta Donostian.
Benitorekin batera Bergarako Errege Mintegian ikasi zuen 1850etik 1852ra eta, gero, 1857an, Madrilgo Bide, Kanal eta Portuetako Eskolan, non Evaristo Txurrukaren ikaskidea izan baitzen (harekin batera, zehazki, Bilboko azpiegitura-lan handiak egin zituen, XX. mendearen hasieran). Bere karreran zehar, 1861ean ingeniarigai izendaturik, Ebroko Kanalizazio Errege Konpainiaren Obren azterketa-batzordean sartu zen. 1863an graduatu zen, bere promozioko 6. postua eskuratuta.
Ingeniari hasi zen lanean Malagan, Malagatik Fuengirolara bitarteko errepide-tartearen proiektua egin baitzuen, bertako lehen zubiaren proiektua barne, Guadalhorce ibaiaren gainean, 1869an inauguratua. Urte hartan, Probintzia Baskongadoetako Bulegora destinatu zuten lehen ingeniari gisa, karguaz maiatzaren 24an jabetuta. Bizkaian zegoela, bertako foru aldundiko obra-ikuskaritzako buru izendatu zuten (Trianoko mineral zamalekuetan), bai eta Bilboko itsasadarra kontserbatzeko kapitain ere; hori zela eta, azterlan bat egin zuen itsasadarraren nabigagarritasunaz, Bilboko Merkataritza Batzordeak eskaturik, eta Uribitarteko kaiak eraiki zituen.
1871n, Palentziako Herri Lanetako Buru izendatu zuten, baina ez zuen Bilbotik alde egin nahi izan eta hainbat enpresa pribatutarako hasi zen lanean, hala nola La Orconera-Lutxana trenbide-enpresarako (minerala Zugaztietatik Nerbioi ertzeraino garraiatzeko egina) edo Bilboko Zabalgunea bultzatu zuen enpresarako (Abandoko eta Begoñako elizateen kontura). Azken Karlistaldiak, ordea, Zabalgunearen egitasmoa geldiarazi zuen. Pablo Boluntario Laguntzaileen batailoian borrokatu zuen, 1874an Bilbo setiatu zuen karlisten altxamenduaren aurka (Setioaren Domina eman zioten). Zabalgunearen proiektua, azkenean, 1876ko ekainaren 5eko Errege Aginduak onetsi zuen.
Gerra bukatu ondoren, Bilboko alkate izendatu zuten 1877ko martxoaren 31n, Bizkaiko gobernadore zibilak proposaturik, noiz eta Bizkaia eta, oro har, Euskal Lurraldeak, inoizko ataka estu-estuenetako batean sarturik zeudenean. Karguaz jabetzeko hitzaldian (apirilak 1), Udal hura erreformatzailea zela esan zuen, administrazioaz arduratuko zelako (Udalak azken urte haietan hartutako tankera politikoa alde batera utzita), bai eta berrikuntzaz eta Bilbo berria eraikitzeaz ere, hiriaren eragina hiribilduko mugaz harago zihoalako, hiriak elizate batzuk beretu zituelako eta beste elizate batzuetan ere eragina bazuelako, Espainiako Iparraldeko hiriburu bihurtzeraino.
Bilboko alkate gisa, ildo «trantsigente» delakoarekin lerrokatu zen, ez baitzien aurka egin Gobernu zentrala onesten ari zen dekretuei Euskal Probintzietako administrazioa Espainiako gainerako lurraldekoekin parekatzeko. 1877ko apirilaren 18ko Ezohiko Batzordean, dena den, hiribilduaren nahigabea adierazi zuen, foru erregimena bertan behera utzi izanagatik, hura gauza «anormala, ezohikoa, justifikaziorik eta aurrekaririk gabea» baitzen; halere, aurkarien jarrera «intrantsigente eta zorrotz» hura gaitzetsi zuen, oinarri harturik bai hirian nagusi zen espiritua, bai bertako tradizioak, bai hiriak zuen posizio garrantzitsua, bai merkataritza-interesak, bai eta jarrera hark hiriari ekar ziezazkiokeen kalteak ere.
Pabloren kudeaketa eraginkorrari esker, ordea, Bilbon eskola publiko berriak eraiki ziren, bai eta Arte eta Lanbideen Eskola ere, 1879an inauguratua (eskola horretako zuzendaritza-batzordeko burua izan zen, eta batzordeari Urrezko Domina eman zitzaion Bartzelonako 1888ko Erakusketa Unibertsalean). Kudeaketa onaren ondorio ere izan ziren Zabalgunea, gandolen ordez estoldak jartzea, gai sukoiak hiri-barruti zaharretik kanpora eramatea, Mallonako hilerria saneatzea, garbiketa-zerbitzua hobetzea, prostitutak aztertzeko areto bat egokitzea, ospitaleko zerbitzu medikuak zabaltzea —amatasun, ero eta pediatria atalak sortuz—, eta hiriko ur-hornidura zabaltzea.
Alkatetza 1879ko uztailaren 1ean utzi eta bere lanbide-jarduerara itzuli zen. Zazpikaleetako komunikazio-azpiegitura hobetze aldera, San Antongo zubia (1877, E. Hoffmeyerrekin elkarlanean) eta San Frantziskoko pasabidea proiektatu zituen, beste hirigintza- eta trenbide-proiektu batzuk ere eginda. Besteak beste, Zabalgune berriaren urbanizazioan hartu zuen parte (1878, zenbaiten iritziz, modernotasunaren ikurra; Unamuno eta beste zenbaiten aburuz, ordea, espekulazio eta hutsaltasunaren adibidea), txaletak eraiki zituen Campo Volantinen eta hainbat eraikin Albian, eta La Perla Higiezin Sozietateko kontseilari- eta kudeatzaile-lana ere garatu zuen. Trenbidearen munduan, Bilbo-Portugaleteko trenbidearen lanak zuzendu zituen Kadagua ibaiaren gainean (konpainia horretako zuzendari-kudeatzailea ere izan zen 1884an, Bilbo-Donostia eta Bilbo-Santander trenbidea ere proiektatuta). Halaber, Zornotza-Gernikakoa eta Lumokoa ere proiektatu (Bilbo-Durangokoaren adarra), Urolakoa bururatu (Zumarraga-Zumaia) eta Bilbo-Areetako trenbidearen batzordeko kidea ere izan zen, Euskal Herriko teknikaririk ospetsuena izateraino, betiere bi xedek bultzaturik jardunez, hots, obren erabilgarritasunak eta obra horien edertasunak (ideia hori «La estética de las obras públicas» bere lanean defenditu zuen, El Arte Industrial de España argitalpenean, 1892an, eranskin gisa argitaratua).
1881eko udal hauteskundeen ondotik, indar monarkikoak Bilbon elkartzeko asmoz eratutako Batzorde Liberala osatzen saiatu zen, batzordeburu ere izendatu zuten 1883an eta hautagaitza haietako batean ere parte hartu zuen 1886ko hauteskunde probintzialetan. Bilboko barrutian diputatu probintzial aukeraturik, Diputazioko presidente izendatu zuten 1886an, jarduera 1886-1888 eta 1888-1890 biurtekoetan garatuta; urte haietan, honako hiru jarduketa-ildootan oinarritutako gobernu-programa bat diseinatu eta garatu zuen arrakastaz: 1.) 1887ko Kontzertu Ekonomikoaren berrikuntza eta Diputazioaren ahalmen ekonomikoak eta administratiboak indartzea (horretarako, Batzordearen txostena prestatu zuen, Ogasun ministroarekin Kontzertua Madrilen kudeatzeko balio izan zuten Oinarriak eskainita); 2.) azpiegitura probintzialeko obrak (errepideak, trenbideak eta kanpo-portua), eta 3.) irakaskuntza publikoaren sustapena (Merkataritzako Goi-mailako Eskola sortuz eta Ingeniari Eskola sortzeko lehen proposamena eginez, jakitun baitzen jakintza zientifikoak «funtsezko oinarria direla industriaren garapenerako», Bergarako Errege Mintegian ikasi zuen bezala).
Diputazioan zegoela, euskal aldundien artean Konferentzia Foralak ia urtero egiteko «praktika zentzuzkoa» berrezartzearen alde agertu zen, «familia baskongadoaren loturak are gehiago eta gehiago» sendotzeko, haien eskubide historikoen defentsan.
Lau urtez Jaurerria kudeatzen buru-belarri jardun eta gero, jarduera pribatura itzuli zen, bere higiezin-negozioak kudeatuta, ingeniari eta arkitekto gisa aitortza handia zuela, hots, «aditua herri-administrazioan, garraioan eta komunikazioetan, eta herri-lanen funtzionamendua ongi ezagutzen duena». 1891n, Batzorde Liberaleko kidea zen aldetik, Balmasedako barrutian aurkeztu zuen bere hautagaitza hauteskundeetarako, baina ez zuen deus egiterik izan Victor Txabarri eta Jose Martinez de las Rivas dirudunen aurrean, barruti hartan «urrezko ibai bat» ibilarazi zutelako. Garai hartan, El arte industrial de España lana azkentzen ari zen, 1892an argitaratua, hots, Espainian ordura arte argitara emandako lanik onena. Ospe handi hura zela eta, Bilboko garai hartako olgeta-zentrorik elitisteneko burua izan zen 1892an (Bilbaina Elkartea), eta kide ere Historiaren Errege Akademian, Zientzia Zehatzetakoan, eta Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademian, bai eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartean eta Bilboko El Sitio Elkartean ere.
90eko hamarkadatik, Bizkaiko burdingintzaren protekzionismoa garatu zuen, berak idatzitako argitalpen askotan Espainiako politika ekonomikoa eta muga-zergak sakon azterturik, hark berak erakunde legegileak presionaturik Espainiako burdingintza eta metalurgia arloko ekoizpena kanpoaldeko lehiatik babesteko eta ekoizpen hari merkatu nazionala erreserbatzeko; bereziki, sektore kontsumitzaileen aldarrikapenen aurrean (trenbide-sektorea, eraikuntza eta herri lanak, etab.), Sagastaren Gobernuaren aldian, eta Bilbon, hainbat Merkataritza Itun berritzearen karira, 1893ko abenduaren 9an egindako meeting handian (bilera politikoa) parte hartu zuen. Halaber, Bizkaiko eta Espainiako Ekoizleen Ligetako buru izan zen hainbatetan.
Berrezarkuntzaren sistema politikoa kritikatu zuen, mugimendu erregenerazionistan parte hartuta, mugimendu hori hondamendi kolonialaren ondorioz indartu baitzen, eta Merkataritza Ganberen Zaragozako Batzarrean parte hartu zuen, 1898an. Bilboko ordezkaritzan, Batzarreko lanak antolatzeko batzordeko burua izan zen, baina Batasun Nazionalaren planteamendu hausleak onartu ez zituenez, Silvelaren estrategia erreformistarekin aritu zen elkarlanean eta, horrela, Silvelaren Gobernuan, Herri Lanetarako zuzendaria izan zen, 1900etik 1901era.
Bizkaiko burdingintza babeste aldera, halaber, Pablok zuzenean esku hartu zuen La Vizcaya eta La Iberia enpresen batasunean eta, hartatik, Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren 1902an (Administrazio Kontseiluko kidea izan zen); bestalde, txosten eta prentsa-artikulu asko argitaratu, eta muga-zerga berria prestatzeko estatu-batzordeetan parte hartu zuen, Angel Urzaiz Ogasun ministroak 1904an salgaiak sailkatu eta baloratzeko oinarriak ezartze aldera sortu zituen batzordeetako buru izanda. Lan horren ondorioz, muga-zerga babeslea onetsi eta 1906ko uztailaren 1ean sartu zen indarrean.
1903an berriz ere aurkeztu zen Batzorde Liberaleko kide gisa Silvelak deitutako hauteskundeetan, Bilboko barrutian, baina Jose Maria Urkixo integristaren aurrean galdu zuen. Dena den, 1907an Bizkaiko senatari aukeratu zuten Antonio Mauraren Gobernua ekarri zuten bozetan, Bilboko talde kontserbadoreen koalizioaren ordezkari gisa. Kargu hartan 1910eko apirilaren 14ra arte jardun zuen.
Bizitzako azken urteetan maurismoa antolatzen aritu zen Bizkaian. Politika utzi zuen, ordea, bi arrazoi izan zirela medio: batetik, Espainiako politikaren egoera nahasiak eraginda eta, bestetik, nazionalismoaren eta sozialismoaren gorakadak Bizkaian eragindako krisi politikoaren ondorioz. Handik aurrera, ikerketan aritu, eta saiakera historikoak eta ekonomikoak argitaratu zituen.
Zendu zenean, sari eta izendapen asko zituen. Bereziki, Isabel Katolikoaren Ordenaren Gurutze Handia, Gentilhombre de Su Majestad delakoa eta Aduanetako Goi Burua. Dominak ere bazituen, hala nola Bilboko Setioarena, Maria Kristinaren Erreginaordetzarena, eta Zaragozako Setioetakoa. Haren aitortzaren erakusgarri, kide izan zen, besteak beste, Nizako Societe des Lettres, Sciences et Arts elkartean eta Bogotako Academia Colombiana delakoan.
Zalantzarik gabe, lanik nabarmenena hasierako hura izan zen, El Arte industrial en España, alegia. Espainiako aurrerapen artistikoaren errepaso historikoa egin zuen, eraikinen barrualdeak apaintzeko arau batzuk emanda, apainketa finkoaren materialak eta apaingarriak agertuta, altzari modernoak eta aretoak azalduta eta, horrekin batera, bestelakoak, hala nola herrietako estetika; marrazkiak lehen eta bigarren irakaskuntzan duen garrantzia; arte industrialeko museoen balioa; atzerriko irakaskuntza teknikoaren eta artistikoaren egoera; Espainiako arte eta industria irakaskuntza ofizialen egoera; bai eta arte ederren eta lanbideen eskolen egoera ere. Era berean, Espainiako irakaskuntza profesionalak behar zituen erreformak, eta egindako erakusketak; bestalde, Espainiako zeramika eta beste produktu batzuen industriaren egoerari eta muga-zergei buruzko informazioa (beste produktuen artean, metalgintza, zurgintza eta ebanisteria, tapizgintza, ehungintza eta estanpazioa, guadameziak, enkajeak, koadernaketak), bai eta proiektuak ere.
Baina ikuspuntu foraletik, haren lan garrantzitsuena Régimen Económico-Administrativo Antiguo y Moderno de Vizcaya y Guipúzcoa izan zen, 2002n berrargitaratua, bere garaiko lekuko, behatzaile eta ekintzaile baten lana baita, Pablok hauxe aldarrikatu baitzuen: «iturrietara jotzea eta bertako artxiboak berrikustea», zertarako eta herrietako barren-barreneko bizitza ezagutzeko, eta, hain zuzen ere, obra hori bera da gure historiako bi menderen iragaitea ezagutzeko iturria.
Jarduera politiko, profesional eta «publizista» hark oro har (lan garrantzitsuen egilea izan baitzen) arrasto handia utzi zuen garai hartan eta egun ere baliozkoa izaten dirau.
Obrak
(Ez daude bildurik ingeniaritzari buruzko argitalpenak).
Discursos, informes y documentos del periodo de su Alcaldía en Bilbao, Bilbo, 1880, 244 or.
Expropiación forzosa por causa de utilidad pública, 1886 (liburuxka), 67 or.
África, su reparto y colonización, Bilbo: Casa de la Misericordia, 1891, 96 or.
El arte industrial en España, Bilbo: Casa de la Misericordia, 1892, 550 or.
Estudios de Administración Municipal, Bilbo: Imp. de M. Echevarría, 1893, 240 or.
«La administración municipal de Bayona», Revista Contemporánea, XCIII (1894), 51, 144, 236, 363, 462. or.
Relaciones Comerciales entre la Península y las Antillas, Madrid: Imp. de la viuda de M. Minuesa de los Ríos, 1895, 336 or. [berrarg. Forgotten Books, 2018].
Colección de discursos y artículos sobre tratados de comercio y aranceles, Bilbo: Imp. De la Casa de la Misericordia, 1896, 266 or.
Conferencias y artículos de revista, 3 libk.
«El Problema Cubano» (Revista Contemporánea aldizkarian argitaratutako artikulu-bilduma) 1897 eta 1898, 202 or.
Monografía de los caminos y ferrocarriles de Vizcaya, Bilbo: Imp. Provincial, 1898, 208 or.
Las obras públicas en España. Estudio histórico, Bilbo: Casa de la Misericordia, 1899, 560 or. [berrarg. Madrid: Colegio de Ingenieros, Canales y Puertos, 1979, 501 or.].
El problema industrial, Bilbo: Imp. de la Casa de la Misericordia, 1905.
La política económica mundial y nuestra reforma arancelaria, Bilbo: Casa de la Misericordia, 1906.
«El Archivo de Astola (Vizcaya)», BRAH, 57 (1910), 499-503. or.
«Del régimen administrativo del Señorío de Vizcaya», BCMV, II, 3 (1910), 37-57. or.
«Moción para que se recojan y custodien los objetos y documentos del Archivo de Astola, del Duranguesado», BCMV, II, 4 (1910), 6-7. or.
Régimen Económico-Administrativo, Antiguo y Moderno de Vizcaya y Guipúzcoa, Bilbo: Imp. de la Casa de la Misericordia, 1910 [berrarg. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2002].
Reseña biográfica de la labor realizada por Pablo de Alzola y Minondo, Bilbo: Casa de la Misericordia, 1911.
Bibliografia
ALONSO OLEA, E., «Visión del 98 de un burgués vizcaíno: Pablo de Alzola», en SÁNCHEZ MANTERO, R. (arg.) En torno al «98». España en el tránsito del siglo XIX al XX, Huelva: Universidad de Huelva, 2000, II, 105-115. or.
— «Pablo de Alzola y Minondo. Ideas y realidad de los derechos históricos (1841-1912)», Notitia Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Aldizkaria, 1 (2002), 411-434. or.
AMÉZAGA, E., Autores Vascos, Algorta: Hilargi, 1987, I, 193-196. or.
AUÑAMENDI, «Alzola y Minondo, Pablo de» Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/alzola-y-minondo-pablo-de/ar-9402/ (2021eko ekainak 9).
BARRENECHEA GONZÁLEZ, J. M., «Estudio preliminar», in Pablo de Alzola y Minondo. Selección de textos, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2002, 831 or. [Clásicos del Pensamiento Económico Vasco, 6].
— «Pablo de Alzola», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia, 2009, III. libk., 835-827. or. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/10751/pablo-maria-zoilo-de-alzola-y-minondo (2021eko ekainak 9).
BASURTO, R., «Pablo de Alzola, el Bismarck vasco», in BEL, G. eta ESTRUCH, A. (koord.), Industrialización en España: entusiasmos, desencantos y rechazos. Ensayos en homenaje al profesor Fabián Estapé, Madrid: Civitas, 1997, 227-248. or.
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con Libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular Atea, 2015, 401-411. or.
GONZÉLEZ DE DURANA, J., «El Ingeniero Pablo Alzola Minondo», in Puente de hierro para la ría de Bilbao de Don Pablo de Alzola, Bilbo: Estudios Gráficos, 1986, 7-29. or.
ICAZA ZABALA, J. J., «Perfiles vascos en la ciencia y la ingeniería del periodo 1850-1950», Nuevos Extractos de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, gehigarria. 4-B, 87-140 (1996), 101-106. or.
LÓPEZ ATXURRA, R., «Pablo de Alzola, un hombre abierto al mundo», in Régimen Administratiuvo Antiguo y Moderno de Vizcaya y Guipúzcoa, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea, 2008.
RODRÍGUEZ DE LA RUA, J., «Pablo de Alzola, más que un historiador», Ingeniería y territorio, 79 (2007), 74-77. or.
SERRANO ABAD, S., «Pablo de Alzola Minondo» in Bilbao desde sus Alcaldes. Diccionario Biográfico de los Alcaldes de Bilbao y gestión municipal en tiempos de la revolución liberal e industrial, Bilbo: Bilboko Udala, 2002, I. libk., 489-508. or.
— «Pablo Alzola, un perfil biográfico» sarrera in Régimen Administrativo Antiguo y Moderno de Vizcaya y Guipúzcoa, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea, 2008.
— «Pablo Alzola Minondo, Alcalde de Bilbao 01.04.1877 / 30.06.1879», Bilbaopedia. Online arg.: http://www.bilbaopedia.info/pablo-alzola-minondo (2021eko ekainak 9).
ITURRIAK
Bilboko alkate gisa egindako jarduera: BILBOKO UDAL ARTXIBOA. Akta Liburua 310, 311 eta 312; A.S. paper-sorta 26, 4. esp.
Bizkaiko senatari gisa 1907-1908 legealdian: ARCHIVO DEL SENADO, erreferentzia-kodea: ES. 28079. HIS-0026-04 (espediente pertsonala).





