Karguak eta lanbideak
Donostiako hiriko udal artxibozaina
Ibilbidea
1974an, «Doctor Camino» taldeak ohorezko bazkide izendatu zuen hogeita hamar urtean Donostia hiriko udal artxibozaina izandako pertsona, XIX. mendeko azken urteetatik XX.eko lehen laurdenera bitarte, hain zuzen. Izendapenaren bidez, «Doctor Camino» taldeak artxibozain arduratsu batek bere lanbideari eskainitako lana aitortu zuen. Izan ere, Donostiako udal artxiboaren arduraduna izan zen aldetik, udalerriko artxibo administratiboa sistematizatzeaz gain, bertako agiri historikoak ere zaindu zituen. Hiriaren historia udal agirien bidez berreskuratzeko interes hura bat dator XVIII. mendearen bukaerako urteetan Joaquin Antonio de Camino Orellak egindako lanarekin. Lan horren ondorioa baita Caminok ondutako argitalpen hau: Historia civil- diplomático- eclesiástica, anciana y moderna, de San Sebastián con varias noticias particulares pertenecientes a la Provincia de Guipúzcoa.
Anabitartek Donostiako dokumentazio historikoa, ahal zen neurrian, berreskuratzea izan zuen helburu, hura arras galdu baitzen tropa ingelesek eta portugesek hiria 1813an setiatu, eraso eta suntsitu zutenean, Gerra Napoleonikoetan. Anabitartek, beraz, zorigaiztoko 1813 suntsiketa hartatik iraun zuen udal artxiboko dokumentuen lekukotasun bakarra aztertzeari heldu zion. Horrez gain, Donostiako udaleko artxibo administratiboa antolatu eta kudeatu zuen, Serapio Muxikaren ildoari jarraikiz. Serapio, izan ere, «Gipuzkoako Udal Artxiboetako ikuskaria» zen eta Donostiako artxibo-funtsen aurkibide bat argitaratu zuen 1898an. Udalak Anabitarteren artxibo-lan izugarri hura aitortu eta, 1916an, «Hiriaren Mendeurrenaren Urrezko Domina» eman zion.
Anabitartek jardun zuen garaian, interes handia sortu zen hiriko dokumentazio historikoa berreskuratu eta antolatzeko. Haren lana, beraz, testuinguru horretan kokatu beharra dago. Une hartan, izan ere, Pablo de Gorosabelen lanaren ondorioz, udaleko artxibo-funtsak historia-lanetarako funtsezko oinarritzat jotzen hasi ziren. Bada, horrek, Gipuzkoari dagokionez, udal dokumentazioa babesteko kezka handia eragin zuen, betiere Probintziaren historia osatze aldera. Ikuspegi horretan oinarriturik jardun zuten hala Serapio Muxikak nola Fausto Arotzenak. Anabitarte, hortaz, testuinguru hartan lotu zitzaion lanari, baina bere hiriko artxiboa eta historia berreskuratu nahiak bultzaturik, noiz eta eraldaketa handiko urteetan. Donostian, izan ere, aldaketa handiak gertatzen ari ziren bai hiri-egituran, bai demografian, 1813ko suntsiketaren ondotik suspertu izanaren ondorioz. Hura, egiazki, hiri berria baitzen. Eta hiria berritu eta eraldatzeko bide hartan, hiriaren historia kontuan hartu eta urte haietako kudeaketaren lekukotasuna jaso beharra zegoen. Bada, Baldomero Anabitarte arretaz aritu zen zeregin hartan, hiriaren iragana eta oraina babesteko eta, era berean, Donostiaren hazkuntza eta hedapenaren neurriko artxibo bat antolatzeko. Udal agintaritzaren ardura goraipatzen zituzten ekitaldiz eta bitxikeriaz osaturiko kontakizuna ondu nahi izan zuen, hura «familia» donostiarraren oparotasun materialaren eta moralaren berme-emailea baitzen.
Horrela, 1895ean, hiriko Udalak Anabitarteren liburua argitaratu zuen, hots, Colección de documentos históricos del Archivo Municipal de la M.N. y M. L. ciudad de San Sebastián, hiriaren historiak 1200etik 1813ra bitarte barnebiltzen zituen artxibo-funtsak jasotzeko. Udalak, gero, udalerriaren eta haren kudeaketaren historia lantzeko enkargua eman zion bere artxibozainari. Badirudi bi arrazoik bultzaturik sortu zela arestian aipatutako interes hori hiriko bizitzaren gaineko lekukotasun enpirikoa uzteko eta haren kudeaketa eraginkortasunez artxibatzeko: batetik, 1813ko gertakarien ondorioz hiriko dokumentazio historikoak zuen egoerak txarrak bultzaturik eta, bestetik, ordura arte agertutako arreta txikiak eraginik, udal jarduerak eragiten zituen agiriak babestu eta kudeatze aldera. Udal bizitza jasotzeko ahaleginak, zehazki, Donostiako udaleko pertsonaia itzaltsuen nahiari erantzun zion, sustrai parternalistetan oinarritutako ordena eta autoritatea ekarri nahi izan baitzituzten udalerriko bizitza politikora, bizilagunen ohituren berrikuntza eta oparotasuna ziurtatze aldera. Eta horretarako, iraganari buruzko kontakizun bat ondu beharra zegoen kudeaketa-eredu hori babesteko eta, hein batean, baita gizarte eta gizalege eredu bat babesteko ere.
Udalaren enkarguak bi libururen argitalpena eragin zuen 1901ean eta 1903an; lehenbizikoa 1894tik 1900era ardazturik (1974an berrargitaratua) eta, bigarrena, berriz, 1813tik 1894ra. Anabitartek, halaber, 1901etik 1925era bitarte erregistraturiko udal kudeaketaren historia landu zuen. Lan hori argitaratu gabe egon zen, harik eta «Doctor Camino» taldeak 1971n plazaratu zuen arte. Lan horiek guztiak, egun, funtsezko testigantzan dira Donostia nola aldatu zen ikusteko eta hirigintzaren nahiz gizartearen aldetik nola egituratu zen jakiteko, bai eta historia hura nola jaso zen ikusteko ere. Testigantza ere badira udal artxiboa nola osatu eta kudeatu zen jakiteko, udalerritarren politika administratze aldera ez ezik, hiriaren historia etorkizunerako ere dokumentatze aldera. Azken buruan, iraganean egiterik izan ez zen hura zuzentzeko modu bat izan zen, eta kudeaketa- eta gizarte-eredu bat etorkizunera begira uzteko. Horren guztiaren lekukotasun fidel eta zehatza jaso zuen, beraz, Baldomero Anabitartek.
Obrak
Colección de documentos históricos del Archivo Municipal de la M.N. y M. L. ciudad de San Sebastián, Donostia: [s.n.], 1895.
Gestión del municipio de San Sebastián en el siglo XIX, Donostia: Jornet, 1903.
Gestión del municipio de San Sebastián 1901-1925, Donostia: Grupo Dr. Camino, 1971.
Gestión municipal de San Sebastián (1894-1900), Donostia: Grupo Dr. Camino, 1974
Bibliografia
AGUIRRE, J., Grupo Doctor Camino. 50 años de historia donostiarra, Donostia: Kutxa Fundazioa, 2017.
ANABITARTE, A., «Reedición del libro Gestión Municipal de San Sebastián (1894-1900) de Baldomero Anabitarte», Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 8 (1974), 257-260. or.
AROCENA, F., «Una obra póstuma de B. Anabitarte», Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 7 (1973), 340-341. or.
FERNÁNDEZ ALBALADEJO, P., «Historias de una ciudad», in ARTOLA, M. (arg.), Historia de Donostia-San Sebastián, Donostia: Ed. Nerea, 2000, 479-502. or.





