Karguak eta lanbideak
Salamancako Unibertsitateko errektorea, filosofoa, idazlea eta pentsalari politikoa
Ibilbidea
Aitaren aldetik zein amaren aldetik Miguel Unamuno Jugo gozogileen leinutik zetorren. Garai hartan, negozio haren barne sartzen ziren gozokigintza, txokolategintza eta argizarigintza, hau da, eztia, azukrea eta kakaoarekin egiten ziren produktuak. Unamuno-larrazarrak Bergarakoak ziren eta jugotarrak Zeberiokoak (Arratia). Miguel Unamuno kultura, politika eta kiroleko beste pertsonaia ospetsu batzuen ahaidea zen. Hala, Telesforo Arantzadi antropologoaren lehengusua zen, eta Rafael Moreno Arantzadi Goñi Unamunoren osaba txikia, Bilboko Athleticeko goleatzaile ospetsua, «Pitxitxi» goitizenez ezagunagoa. Matilde Orbegozo Jugoren lehengusua ere bazen, hau Rafael Sanchez Mazas idazle eta politikari falangistaren amona, eta, beraz, ahaidetasuna zeukan haren semeekin, Rafael Sanchez Ferlosio idazlearekin eta haren anaiarekin, Chicho Sanchez Ferlosio kantautore anarkistarekin.
Unamuno-arantzaditarrak Bergaratik Bilbora joan ziren bizitzera, eta gozogintzako negozioa jarri zuten Gurutze plazan. Dendak «La Vergaresa» zuen izena. Miguelen aita, Felix Unamuno, Bergaran jaioa, Mexikora joan zen gazterik, eta han kapital txiki bat metatu zuen, eta harekin, Bilbora itzulitakoan okindegi bat jarri zuen; Salome Jugo Unamuno ilobarekin ezkondu zen, eta zinegotzi izan zen Bilboko Udalean, dirudienez «liberal aurreratua» zela. Salome, senarra ez bezala, emakume oso fededuna zen, eta itzal handia izan zuen Miguel semearengan. Unamuno-Jugo senar-emazteek sei seme-alaba izan zituzten: M. Felisa, M. Jesusa, Miguel, Felix, Susana eta M. Mercedes.
Miguel Unamuno, berriz, Concepcion Lizarraga Ezenarrorekin ezkondu zen eta bederatzi seme-alaba izan zituen: Fernando, Pablo, Raimundo, Salome, Felisa, Jose, Maria, Rafael eta Ramon. Lehenengo jaunartzeko katekesi-eskoletan ezagutu ziren umetan.
Unamunok Bilboko San Nikolas Ikastetxean hasi zituen ikasketak. Gero, 1875etik aurrera, Bizkaiko Institutuan egin zuen batxilergoa, eta 1880an lortu zuen gradua. Urte hartan bertan Madrilgo Unibertsitate Zentralera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera. 1883an, hemeretzi urte zituela, lizentzia lortu zuen eta 1884ko ekainean doktore-gradua, «Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca» izeneko tesiarekin. 1888an Psikologia, Logika eta Etika eta «Lengua vascongada» katedrak lortzen lehiatu zen Bilbon, biak ala biak alferrik. 1891n, hogeita zazpi urterekin, Salamancako Unibertsitateko Greziera katedrarako oposizioetara aurkeztu zen, eta baita lortu ere.
Bere unibertsitate-jarduera oso baldintzatuta egon zen bere joera politikoagatik. 1901ean Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten, eta 1914an kargutik kendu zuten sistema monarkikoaren Berrezarkuntzari egindako kritika politikoengatik. 1920an dekano izendatu zuten eta 1921ean errektoreorde, baina Miguel Primo de Rivera diktadoreak berriz kargutik kendu, eta 1924an Fuerteventurara kanporatu zuen. Indultua eman ondoren, lehenbizi Parisera erbesteratu zen eta gero Hendaiara, 1930 arte, hau da, Diktadura bukatu eta Salamancako katedrara itzuli zen arte. 1931ko apirilaren 12an, koalizio errepublikano sozialistak Salamancako zinegotzi hautatu zuten eta, ondoren, koalizio eta barruti bereko Gorteetarako diputatu. 1934an irakasle izateari utzi eta erretiroa hartu zuen, baina Salamancako Unibertsitatean ohorezko biziarteko errektore izendatu zuten.
Errepublikaren etorrerari gehien lagundu zion intelektualetako bat izan zen arren, laster lilura desegin zitzaion, batez ere Errepublikak erlijio- eta nekazaritza-gaietan jarraitutako politikagatik. Ondoren, militar matxinatuen alde egin zuen gerra zibilaren hasieran. Esan beharko litzateke militarren lehenengo manifestuak Errepublikaren izenean eginak izan zirela eta Unamunok agian autoritario erregenerazionistatzat hartu zituela. 1936ko ekainaren 19an Salamancako zinegotzi kargua onartu zuen eta Europako intelektualei dei egin zien «nazionalei» laguntzeko, kristau-zibilizazioaren eta mendebaldeko zibilizazioaren defendatzaile gisa. 1936ko abuztuaren 22an gobernu errepublikanoak errektore kargutik kendu zuen, baina urte horretako irailaren 1ean Defentsa Batzorde Nazionalak berriro jarri eta berretsi zuen karguan. Planteamendu politiko autoritarioetara hurbiltzen hasi arren, berehala ohartu zen militarrek, erreketeek eta falangistek ezarri nahi zuten erregimenak benetako izaera kriminala zuela. Frankistekin zuen desengainua traumatikoa izan zen: «Gaur egun falange guztia erotutako borrero nazkagarrien zera bat da».
Beste behin ere, Unamuno damutu egin zen bere erabakiaz, eta matxinatuei emandako laguntza atzera bota zuen. 1936ko urriaren 12an, Unibertsitateko Paraninfoan izan zen ikasturte akademikoaren irekiera eta, aldi berean, «Arrazaren Jaia», miliziaren, Elizaren eta intelektual frankisten parte hartzearekin. Han zeuden Jose Millan-Astray jenerala eta Jose Maria Peman, Enrique Pla Deniel apezpikua eta tartean Carmen Polo diktadore izango zenaren emaztea. Unamunok, hitz egitea pentsatzen ez zuen arren, azken unean diskurtso bat inprobisatu zuen, errepresio itsua eta zentzugabekeria gaitzetsiz, azkenean iskanbila itzelarekin amaitu zena. Egun horretan bertan zinegotzi kargutik kendu zuten eta hilabete bereko 22an Francisco Francok Unamunoren kargugabetze dekretua (beste behin ere) sinatu zuen errektoretza kentzeko. Biziraun zituen bi hilabete eta erdiak etxean atxilotua pasatu zituen.
Haren pentsamendu politikoa guztiz aldakorra zen, eta, beraz, oso konplexua. Bizitzan zehar, Unamuno bere inguruko aukera politiko ia guztietatik pasatu zen. Bilboko batxilergoko ikasle gazte zela, 1876ko foru-abolizioak eragindako inpaktupean, ingurune foralista hutsaren eragina izan zuen; alde batetik, Navarro Villoslada, Trueba, Vicente Arana, Arakistain eta abar irakurtzen zituen, bestetik, Pi Margallen idazki federalistak, eta Fidel Sagarminagaren eta Euskalerria Elkartearen eragina ere izan zuen. Unamuno uste osoko euskaltzale-foruzalea zen, Gernikako arbolarekin ametsetan galtzen zena («Al pie del árbol santo», 1882). Edonola ere, garai hartan Unamuno kristau fededun sutsua eta praktikantea zen. Madrilera bizitzera eta unibertsitatean ikastera joan zenean, eragin askoren berri izan zuen: Spencerren positibismoa, Darwinen eboluzionismoa eta Institución Libre de Enseñanza-ko krausismoa: Nicolas Salmeron, Francisco Giner de los Rios…, Kant eta Hegelen pentsamenduaz aparte. Orduan, erlijiozko usteen eta euskal foralismoaren kritika arrazional bati ekin zion, positibismotik eta zientziatik abiatuta: «Erratza pasa nahi nioke begietan pasioaren bendarik ez duten guztien laguntzarekin, kimerez eta asmakizun fantastikoz betetako makinari, herri baten historia xumea galbidera eraman baitu, herri hori baketsua, moderatua, langilea eta askea izanik. Aitor, Lelo, Lekobide, eta baita Jaun Zuria eta Arrigorriagako gudua ere, funtsik gabeko gertaerak izan ziren, edo oso gertaera problematikoak, guztiz historikotzat jo ezin direnak» («Vasco o Basco», 1886).
Unamunok behin baino gehiagotan aldarrikatu zuen 1812ko liberalismoaren tradizioa, bizitza-filosofia tolerante, kritiko eta antidogmatiko gisa ulertua. Formula politiko absolutista guztien aurkakoa zen, baina horrek ez du esan nahi, kontraesan unamuniar betean, beraren planteamendu asko autoritarismo faxistatik oso urrun ez zeudenik: alderdi politikoen kritika, gehiengoen gobernu demokratikoaren ukoa, «eskuindar/ezkertiar» dialektika gainditzeko saiakera eta irrazionalismo oso propio eta pertsonala, baina, azken batean, irrazionalismoa.
Espainiaren 1898ko krisi kolonialak eta Joaquin Costaren erregenerazionismoak eragin handia izan zuten berarengan, eta, Azorinekin eta Pio Barojarekin batera, «98ko belaunaldia»ren buru nabarmena bihurtu zen, erregenerazioa helburu zuten gogoeta filosofiko, politiko eta literario ugarirekin. Hala ere, kolonialismoaren aurkako jarrera argia izan zuen, bai Marokoko gerraren testuinguruan, «Saludo a los rifeños» (1909) poemarekin; poema horretan, salatzen zituen Espainiak lurraldea okupatu eta meategiak ustiatzeko zituen anbizio inperialistak, bai 1898ko gerran, «Verdadera caridad» (1896) izeneko artikulu batekin, Kubako matxinatuen alde idatzi zuenean.
Gainerakoan, hilezkortasunaren erlijiozko gaia izan zen bere pentsamenduaren ardatz nagusietakoa, baina haren erlijiotasuna gertuago zegoen luteranismotik katolizismotik baino, hau da, «azterketa libre» delakoaren alde zegoen, Elizarik eta dogmarik gabekoa, eta, jakina, politikaren eta erlijioaren, mundukoaren eta espiritukoaren arteko bereizketa zehatza eginez; beraz, alderdi konfesionalen kontra zegoen, erabat. Unamuno Espainiako Eliza katolikoaren hierarkiarentzat etsai arriskutsu bihurtu zen, eragin intelektual handiz hornitua, ideia «disolbagarri»en hedatzailea. Salamancako Unibertsitateko errektorea izanik, 1903an eztabaida sutsua izan zuen Tomas Camara tokiko gotzainarekin. Isidro Goma kardinalak 1938an Gutun Pastoral hau argitaratu zuen: «Los delitos del pensamiento y los ídolos intelectuales falsos» izenekoa; gutun horretan, Unamuno zen «idolo» doilor horietako nagusia. Enrique Pla Deniel Salamancako gotzainak dekretu bat eman zuen 1942ko martxoaren 20an El sentimiento trágico de la vida irakurtzea debekatuz. Guztiz adierazgarria izan zen hierarkia nazional-katolikoaren erreakzioa, 1953an omenaldia egin ziotenean eta Salamancan bere izena zeraman Museo-Etxea inauguratu zenean; Antonio Pildain Kanaria Handiko gotzainak gutun pastoral bat idatzi zuen oso izenburu adierazkorrarekin, non Unamuno «hereje gailen»tzat eta «bere herrikideen fede katolikoaren etsairik sutsuen»tzat hartzen zuen.
Gaztetatik oso kezka handia izan zuen Unamunok gizarte-arazoen inguruan, eta garai horretan postulatu anarkistarantz jo zuen. Honela zioen: «Nik uste dut ez goazela ez sozialismorantz, ez komunismorantz, baizik eta anarkiarantz», hau da, «gizarteen azken helburua, arrazoimenaren garaipena instintuaren gainetik, norbanakoa Estatuaren gainetik, askatasuna beharraren gainetik, indarra eskubidearen gainetik. Eta anarkia gisa ulertzen dut giza arrazoiak zerbitzatutako banakoaren indarra» (El Derecho y la fuerza). Hala ere, Unamunoren anarkismoa, hala balitz, Tolstoik proposatutakotik gertu egongo litzateke; honelaxe dio Federico Uralesek (Juan Montseny) Unamunori buruz: «Anarkista izateko, erlijio-espiritua sobera du, eta falta du zuzen begiratu eta argi ikustea. Sozialista izateko, independentzia sobera du. Katoliko izateko, maitasun eta pentsamendua. Ateoa izateko, sobera du bere izatearen esentzia, bere izate osoarena. Hobeto egongo litzateke, nahiz eta ez guztiz, anarkismo mistikoan, Tolstoirenean; anarkismo kristauan, baina handik ere ihes egingo luke» (La evolución de la filosofía en España, Barcelona: La Revista Blanca, 1934).
Hala ere, haren militantzia politikorik iraunkorrena, nabarmenena eta ezagunena sozialismoaren eremuan gertatu zen. 1892. urteaz geroztik, Unamunok sozialismoaren alde ari zen publizistatzat hartzen zuen bere burua, Salamancako La Libertad eta La Democracia aldizkarietan Unusquisque goitizenarekin argitaratu zituen artikulu batzuetan. Sozialismorantz egindako hurbilketa, jakina, guztiz intelektuala izan zen: «Kapitalismoaren ekonomia politikoa eta sozialismo zientifikoa batera aztertzeari ekin nion, eta azkenean konbentzitu egin naiz sozialismo garbia eta purua […] gaur benetan irauten duen bakarra, Gizateriaren erlijioa dela» (Valentín Hernandezi gutuna, 1894). 1894an, gutun bat bidali zuen Lucha de Clases astekarira, non bere konbikzio sozialistak adierazten zituen, eta, hala, langileei buruzko «apostolutza» intelektual bat hasi zuen, hein handi batean paternalista, eta 235 artikulu inguru argitaratu zituen Lucha de Clases astekarian, eta beste gutxi batzuk ¡Adelante!n. Ondoren, El Socialista PSOEren aldizkari ofizialarekin ere lankidetzan aritu zen. Unamunok horrela gogoratzen zuen 1914an lan politiko hura: «Nola ahaztuko nuen, bada, nire benetako ibilbide publikoa, soziala, apostolutzakoa, publizista sozialista gisa hasi nuela, Bilboko Lucha de Clases-en ohiko kolaboratzaile gisa, neu bazkide fundatzaile izan nintzen aldizkarian?». 1884ko urriaren 11n Bilboko Elkarte Sozialistan sartu zen. PSOE 1887an utzi zuen, depresio politiko eta existentzial sakonean sartu ondoren. Artikulu sozialista horietan, Unamunok materialismo historikoaren oinarrizko kontzeptuetatik hasi eta bakezaletasunari, militarismoari edo «antimaketismo»ari buruzko gogoetak ere landu zituen. Dirudienez, haren prestakuntza marxista ez zen guztiz osoa. Achille Loria, John Ruskin edo Henry Georgeren eragina jaso zuen, eta neurri txikiagoan Karl Marxena ere bai; azken honen irakurketa «astuna» egiten zitzaion.
Unamuno inoiz izan ez zena euskal nazionalista izan zen, edo, garai hartan esaten zen bezala, «bizkaitarra». Aitzitik, orrialde asko eskaini zizkion ideologia horri eta EAJren sortzaile Sabino Aranari. «Euskal nazionalismoan, baskongado bezala, penarik handiena ematen diguna ez da haren doktrina intimoa, ez dira haren dogmak, zeren eta, berez, ez dugu oso ondo ezer konkreturik eta argirik ezagutzen; soilik, ezagutzen ditugu erritu eta liturgiak, banderak, formulak, etiketak, elezahar faltsuak, mordoilokeria zentzugabeak, hau da, historiaren betiko arazoetatik espiritua aldentzen duen guztia» (El pueblo vasco en la Historia). Unamunok benetan praktikatu zuena espainolismo sakona izan zen, jatortasun/europazaletasun binomioari buruzko gogoetan oinarritua. Gainerakoan, Unamunok landu zuen kontzeptua «Hispanitatea» izan zen, 1909an Buenos Airesko La Nación egunkarian argitaratu zuen artikulu batean, hizkuntza bera (gaztelania) hitz egiten duten herrien komunitate gisa, eta «Arraza»ren kontzeptu mugatzaileari zentzu berdintzaile eta gainditzailea emanez. Geroago, Zacarias Bizkarrak, Ramiro de Maeztuk eta Ernesto Gimenez Caballerok, besteak beste, Hispanitatea terminoari zabalkundea eman zioten, eta Espainiako pentsamenduaren sektore atzerakoienek euren ondare bihurtu zuten.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Unamunoren pentsamenduan eduki politiko handia izan zuen auzi bat: euskal hizkuntzarena. Gai hori, berez zientzia filologikoari, kultura arloari edo hertsiki komunikaziori zegokion, baina garai hartan konnotazio politikoak hartzen hasi zen (eta oraindik ere baditu). Alde horretatik, XIX. mendeko azken hamarkada eta XX. mendeko lehena oso gatazkatsuak izan ziren. Horren adibide dira 1910ean Gasteizko gotzainak (Araba, Bizkai eta Gipuzkoa hartzen zituen elizbarrutia), Jose Cadena Eleta nafarrak EAJrekin izan zuen borroka gogorra, nahiz eta garai hartan alderdi politiko hori oso katolikoa izan. Cadena Eleta gotzaina euskaren kontrakoa zen erabat; baita nazionalista espainiar sutsua ere, eta gutun pastorala eman zuen, non jeltzaleak «seme-alaba galdu»tzat jotzen zituen eta debekatu egiten zuen elizbarrutiko haurrei bataioan euskarazko izenak jartzea. EAJren erreakzioa izan zen sinadurak biltzea gotzaina kargutik kentzeko eskatzeko. Cadena Eleta 1913an lekuz aldatu zuten.
Unamunok euskararekiko eta jarraitu beharreko hizkuntza-politikarekiko zuen jarrerak izugarrizko eragina izan zuen (eta du), eta erabateko atxikimendu hauskaitzak eta aurkakotasun biziak eragin zituen. Haren ideiek eragin handia izan zuten Bizkaiko liberalismoan eta sozialismoan hizkuntzari dagokionez. Unamunoren lehen hizkuntza gaztelania izan zen, baina nerabe zela euskara ikasten aritu zen, autodidakta, bere garai euskaltzale eta foralistan; gaitasun pixka bat lortu zuen, baina ez zen hiztun osoa izatera iritsi. 1888an, Bizkaiko Aldundiak Bilboko Institutuan euskarazko katedra bat sortzea erabaki zuen, «herrien hizkuntza amaitzen den tokian bertako nazionalitatea bukatzen dela dioen axioma oso kontuan izanik». Bost hautagai aurkeztu ziren: Miguel Unamuno, Resurreccion M. de Azkue, Sabino Arana, Pedro Alberdi eta Eustakio Madina. Unibertsitate-titulua zuen bakarra Unamuno zen; Azkuek, berriz, Teologia Sakratuko batxilergoa zuen, baina hizkuntza hobekien menderatzen zuena bera zen, eta horregatik lortu zuen katedra. Unamunok ez zuen gogo onez hartu erabakia, eta baliteke horrek eragin izana bere gogoan, eta euskararekiko bere jarrera baldintzatu izana.
Egia esan, 1884. urterako gutxienez, euskararekiko ideiak finkatuak zituen Unamunok. Urte hartan, Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca izenburu zuen doktore-tesia defendatu zuen. Tesi horretan, hizkuntzaren inguruko postulatu garrantzitsuenak defendatzen ziren, eta gero berak bizitza osoan mantendu zituen. Haren ideia nagusia da euskal hizkuntzaren pobrezia kontzeptuala eta ideia abstraktuak adierazteko ezintasuna, pentsamendu modernoari zegokionez behintzat. Unamunoren aburuz, hizkuntzaren galeraren kausak berezkoak ziren; ez zuen ikusten gizarteak, politikak eta ekonomiak eraginik zuenik: «Euskararen kasuan erabat sinetsita nago galdu egingo dela, eta berehala eta erremediorik gabe galduko dela, eta galduko da bere izaeragatik, kultura modernorako balio ez duelako». Beraz, euskara komunikazio-bide gisa lurperatu beharko litzateke, eta interes zientifiko eta historikoko monumentu bezala gorde: «Eta euskara? Azterketarako monumentu ederra! Erlikia beneragarria! Nobletasun agiria! Ehortzi dezagun, santuki, hileta duinarekin, zientzian baltsamatuta; utz diezaiegun erlikia interesgarri hau ikertzaileei» (1901eko Lore Jokoen diskurtsoa). Dirudienez, Julien Vinsonek Revue de Linguistique lanean («Coup d’oeil sur l’étude de la langue basque», 1868) eta Abel Hovelacquek (La Linguistique, 1876, 87-106. or.) argitaratutako artikuluetatik jaso zuen euskararen pobrezia kontzeptualaren ideia eta haren erremediorik gabeko gainbehera. Edo Elisee Reclusen artikulu ospetsu honetatik ere, «Les Basques, un peuple qui s’en va» (Revue de Deux Mondes, LXVIII, 1867ko martxoa, 313-340. or.) eta bereziki Vinson-en beraren artikulutik, 1879an argitaratua eta «El método científico y la lengua euskara» izenburua duena.
Unamunok zituen ideia linguistiko-politikoek gaitzespen handia eragin zuten sektore politiko nazionalista eta foralistetan; 1886 eta 1887 artean, euskarari buruzko eztabaida garratz batean sartu ziren berarekin Bilboko Institutuko irakasle Tomas Escriche Mieg, Ismael Olea Larrio eta Sabino Arana bera. Bilbon 1901ean egindako Lore Jokoetan Unamunok emandako hitzaldian euskarari buruzko ideiak azpimarratu zituen: «Euskara hilzorian zegoela, bildu, eta maitasun filialarekin lurperatzea besterik ez zitzaigula geratzen, zientzian baltsamatuta». Istilu ikaragarria sortu zen, eta batzuk, eskandalizatuta, txistuka eta oihuka hasi ziren bitartean, —hitzaldia hamar bat minutuz eten behar izan zuen—, beste batzuek txalotu egiten zuten, eta sinadurak biltzen hasi ziren hitzaldia inprimatzeko harpidetza egin eta hizlariari omenaldia eskaintzeko ere bai. Unamuno gai horretan beti egon zen tinko, euskara baztertzearen eta zentralismo linguistiko espainiar erradikalaren alde: «Nazio-hizkuntzaren kontu honetan tinkoa izan behar da. Nahi duten guztia hartu dezatela, udal- eta probintzia-autonomia, portu frankoak, askatasunak eta pribilegioak eta era guztietako foruak; baina ofiziala den guztia, gaztelaniaz, legeak, gaztelaniaz, behartzen duten hitzarmenak, gaztelaniaz, lege-indar zibila duen guztia, gaztelaniaz, eta, batez ere, irakaskuntza publikoa maila guztietan, gaztelaniaz» («Su Majestad la lengua española», 1908). Aitzitik, beti izan zen nolabaiteko deszentralizazio administratiboaren alde, ezberdintasun kontzientzia handiagoa zuten erkidegoentzat behintzat: Katalunia eta Euskal Herria.
Bestalde, Unamunok ez zuen inoiz bere burua juristatzat hartu, are gutxiago historialaritzat, eta, hala ere, jakintza-arlo horietan sar zitezkeen testu batzuk argitaratu zituen. Zuzenbideari dagokionez, «Acerca de algunas costumbres económico-jurídicas infantiles» (1895) eta, batez ere, «Vizcaya. Aprovechamientos comunes: lorra, seguro mutuo para el ganado» (1896). Unamunok Zuzenbidea ulertzen zuen bizitzeko modu herrikoi bezala, folklore gisa, ohiturazko praktika bat bezala, eta haien azterketak Etnografiatik hurbilago ikusten zituen Zuzenbidetik baino. Horrela, hainbat afera aztertu zituen, hala nola alborokea, Bilbo inguruko txakolindegiak irekitzeko txanda, herri-lurren erabilera, elkarrekiko lan prestazioen «trukeak»: gari jotzea, belar txarrak kentzea, lurra iraultzea. Gainera, ganaduarentzako edo baserriarentzako aseguru-ermandadeak aztertu zituen, eta, batez ere, garrantzitsuena: lorrari buruzkoa (bildots-lorra, zimaur-lorra, zur lorra), horrela deitzen zitzaien egiten ziren auzolanei, zimaurra zabaltzeko zela, artalde bat osatzeko zela edo etxe bat eraikitzeko egurra egiteko zela.
Historiari dagokionez, Unamunok errefusatu egiten zituen garai hartako historiografia positibista eta «gertakizunen» metodologia nagusiak. Gainerakoan, Historiaren ikuskera, eta zehazkiago Euskal Herriarena, ez zuen lan historiografiko batean adierazi, eleberri batean baizik, hein handi batean autobiografikoa: Paz en la guerra. 1918ko artikulu batean, berriz ere euskal herriaren historiari buruz hausnartu zuen; Unamunoren arabera, «ez du historiarik izan, eta berezkoa gutxiago, mendeetan zehar, eta orain hasten da historia hori izaten […], historia unibertsalari edo beste herri batzuetakoari lagunduz» (hau da, batez ere, Espainiari). Gizakiaren bizitza, herriena bezala, borrokan konponduko litzateke, beste batzuen aurka eta bere buruarekin borrokan, historian bide horretatik sartuz: «Eta zoritxarrekoa, gerra zibila ezagutzen ez duen herria, gerra zibil emankorra! Herri bat ez da historian sartzen, gerra zibilarengatik ez bada. Haurtzaroan eta gaztaroan osatu zen gure espiritua, han, euskal lurralde aberats hartan, bi gerra zibilek etorkizuneko historiarako emankor bihurtu zutena. Eta horrela iristen gara gure herriaren arimara, horrela iritsi zen gure herriaren arima guregana. Urte haietan. Eskerrak 72tik 76ra bitarteko urte haiei, gure herriaren onena agerrarazi baitzuten, eta horrek bete-betean sartu gintuen historian!» («El pueblo vasco en la Historia», 1918).
Historiaren kontzeptuari dagokionez, Unamunok, En torno al casticismo, (1895) lanean, kontzeptu historiografiko interesgarria landu zuen, oso eztabaidatua eta baita kritikatua ere, baina berritzailea, zalantzarik gabe: «intrahistoria» kontzeptua. Unamunoren aburuz, historiako protagonistak pertsona arruntak, herrikoak, tokiko eta egunerokotasunaren historia osatzen dutenak izan behar zuten, modu inkontzientean, hain zuzen ere, erregeak, heroiak, militarrak, elizgizonak eta politikoak protagonistatzat dituen historia ofizialaren aurkakoa: batean «historiarik gabeko milioika gizonen bizitza», eta bestean «Historian zarata egiten dutenena». Anonimotasunak estaltzen duena, egunkarietan agertzen denaren aurrean: «Historiaren olatuak bere hots eta aparren erreberberazioekin eguzkitan dabiltza, itsas zabalean barrena, sakon, itsas ixil baten azalera ondulatuan dabiltzanak baino askoz ere sakonago, eta eguzkia inoiz iristen ez den azken itsas hondoan» (En torno al casticismo, 27-28. or. gutxi gorabehera). Hala, Unamuno korronte historiografiko modernoetara hurbiltzen zen, hala nola mikrohistoriara edo egunerokotasunaren historiara.
Unamunok, batzuetan, Manu Ausari goitizena erabili zuen, garai hartako bizkaieraz «borrokalari» edo «batailatzaile» esan nahi zuen. Oso egokia, zalantzarik gabe, bere borrokalari-bizitza politikorako. Unusquisque goitizena ere erabili zuen, «bakoitza» esan nahi du, bere nortasun berezia ezagututa nahiko adierazgarria.
Bere lan filosofiko eta politikoaz gain, Unamunok badu egina oso lan garrantzitsua eta anitza: eleberriak, poesia, antzerkia, bidaia-liburuak, filosofia eta ikaragarrizko epistolario bat, 50.000 gutun inguru dituena.
Obrak
(Hautaketa).
Obras Completas (O. C.), Madrid: Afrodiso Aguado, S. A., I, 1951-1959; II, 1959-1964; III, 1966-1971.
«Al pie del árbol santo», 1882ko azaroak 23, in Escritos inéditos sobre Euskadi, Laureano Robles (arg.), Bilbo: Bilboko Udala, 1998.
Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca (1884). Sarrera eta oharrak José Antonio Ereño Altunarenak, Bilbo: Beitia, 1997.
«De elemento alienígena en el idioma vasco», Revista de Vizcaya, I, 8 (1885eko otsailak 15), 259-269. or.; 9 (1886ko martxoak 1), 295-305. or.
«¿Vasco ó Basco?», Revista de Vizcaya, I, 11 (1886ko apirilak 1), 399-404. or.
«Más sobre el vascuence», Revista de Vizcaya, 12 (1886ko apirilak 15), 422-426. or.
«Algunas palabras más sobre el vascuence», Revista de Vizcaya, 14 (1886ko maiatza).
«Evolución y Revolución», El Norte, 1886ko martxoak 22.
«Espíritu de la raza vasca», El Sitio Elkartean emandako hitzaldia 1887ko urtarrilaren 3an, Obras Completas, IV, 117. or.
«Carlistas y liberales», Revista de Vizcaya, V (1887), 27-30. or.
«¡Agur, arbola bedeinkatube!», Euskal-Erria, XIX (1888), 299-300. or.
«El movimiento socialista», La Democracia, Salamanca, I, II, III, IV, V, VI; 1892ko otsailaren 12, 15 eta 19a, 1892ko martxoaren 3, 18 eta 27a.
En torno al casticismo, La España Moderna, 1895eko otsaila-ekaina, Madrid: Biblioteca Moderna de Ciencias Sociales, 1902, Madrid: Cátedra, 2005.
«La lucha por la vida», La Lucha de Clases, 19, 1895eko otsailak 10.
«La medida del trabajo», La Lucha de Clases, 21, 1895eko otsailak 24.
«El militarismo», La Lucha de Clases, 26, 1895eko martxoak 31.
«Revolucionarismo», La Lucha de Clases, 27, 1895eko apirilak 7.
«La guerra es un negocio», La Lucha de Clases, 56, 1895eko urriak 26.
«Efectos del antimaquetismo», La Lucha de Clases, 58, 1895eko azaroak 9.
«Ricos y pobres», La Lucha de Clases, 59, 1895eko azaroak 16.
«La riqueza colectiva», La Lucha de Clases, 60, 1895eko azaroak 23.
«Acerca de algunas costumbres económico-jurídicas infantiles», Boletín de la Institución Libre de Enseñanza, XIX (1895), 267-270. or.
«Vizcaya. Aprovechamientos comunes: lorra, seguro mutuo para el ganado», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, LXXXVIII (1896); berrarg. in COSTA, J., Derecho consuetudinario y Economía popular de España, Barcelona: Manuales Soler, 1902, II. libk., 51-79. or.
«Capital y trabajo», La Lucha de Clases, 79, 1896ko apirilak 1.
«Libertades sin color ni grito», La Lucha de Clases, 93, 1896ko apirilak 11.
«Socialismo y proteccionismo», La Lucha de Clases, 86, 1896ko maiatzak 23.
«Los antimaquetos», La Lucha de Clases, 100, 1896ko abuztuak 29.
«Idealismo», La Lucha de Clases, 110, 1896 irailak 7.
«Verdadera caridad», El estudiante de Salamanca, 1896ko abenduak 5.
Paz en la guerra, Madrid: Fernando Fe, 1897, 240 or.
«Males de la guerra», La Lucha de Clases, 118, 1897ko urtarrilak 2.
«¡Paz, Paz, Paz!», La Lucha de Clases, 124, 1897 otsailak 13.
«Discurso en los Juegos Florales de Bilbao, de 16 de agosto de 1901», El Noticiero Bilbaíno, 1901eko abuztuak 27; Revista Contemporánea, Madrid, 1901eko irailak 15 (O. C., VI, 326. or.).
«El bizkaitarrismo y el vascuence», Los Lunes de El Imparcial, Madrid, 1901eko irailak 30; 1901eko urriak 1.
De mi país: descripciones, relatos y artículos de costumbres, Madrid: Fe, 1903, 155 or.
«Alma Vasca», Revista Alma Española, Madrid, II, 10 (1904ko urtarrilak 3), 2-5. or.
«Una advertencia», ¡Adelante!, 1906ko maiatzak 1.
«Su Majestad la lengua española», Faro, Madrid, 1908ko azaroak 1 (O. C., VI, 534. or.).
Recuerdos de niñez y mocedad, 1908. Berrarg. Ángel M.ª Ortiz Alfauren sarrerarekin, Bilbo: Asociación de Amigos de Unamuno, 1990.
La conciencia liberal y española de Bilbao: conferencia de Miguel de Unamuno, Bilbo: José Rojas, 1908, 22 or.
«Salutación a los rifeños», 1909 (O. C., Poesías sueltas, III, 1969).
«La argentinidad», La Nación, Buenos Aires, 1909ko martxoak 11.
Por tierras de Portugal y España, Madrid: Renacimiento, 1911.
Del sentimiento trágico de la vida en los hombres y en los pueblos, Madrid: Renacimiento, 1912; Madrid: Espasa-Calpe, 1938; México: Ed. Azteca, 1961.
«Lo que ha de ser un rector en España (Conferencia leída en el Ateneo de Madrid el 25
de noviembre de 1914)», Madrid: Ed. El Nuevo Mundo (O. C., VII, 853. or.).
«El pueblo vasco en la Historia», Hermes, 26 (1918), 153-155. or.
Andanzas y visiones españolas, Madrid: Renacimiento, 1922.
La agonía del cristianismo (1. arg., L’agonie du christianisme, Paris: F. Rieder, 1925), Madrid: Renacimiento, 1931; Madrid: Espasa-Calpe, 1937.
Epistolario, Colette eta Jean-Claude RABATÉ (arg.), Salamanca: Ediciones Universidad de Salamanca, 2017.
Bibliografia
AULESTIA, G., «Postura de Unamuno ante el vascuence», Muga, 70 (1989), 82-93. or.
AZURMENDI OTAEGI, J., Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa, Tafalla: Txalaparta, 2012.
— Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi, Andoain/Leioa: Jakin/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2020.
DELGADO GONZÁLEZ, I., «Unamuno y la Historia», Documentos A/3, Barcelona, 3 (1992ko martxoa), 42-44. or.
DÍAZ, E., Pensamiento político de Unamuno (Selección de textos y estudio preliminar de Elías Díaz), Madrid: Tecnos, 1965.
EREÑO ALTUNA, J. A., El pensamiento socialista de Unamuno en «La Lucha de Clases» (1894-1897), Bilbo: Ediciones Beta III Milenio, 2005.
— La tesis de Unamuno, Bilbo: Ediciones Beta III Milenio, 2009, 312 or.
ITURRIAK
Miguel de Unamuno, 1864-1936: Expedientes administrativos y otros documentos, Madrid: Ministerio de Educación y Ciencia, 1982, 431 or.
«Conferencia: El Derecho y la fuerza», 1885 eta 1890 artean Bilbon irakurria. Ez dago argitaratuta, Salamankako Casa Museo de Miguel de Unamuno-n dago eskuizkribua. 6/36 zk. kutxa.
VINSON, J., «El método científico y la lengua euskara», Revista Euskara, 1879, 144-148. or.
FEAL, C., Miguel de Unamuno. El resentimiento trágico de la vida. Notas sobre la revolución y guerra civil españolas, Madrid: Alianza Tres, 1991.
FERNÁNDEZ GARCÍA, E., «El socialismo del joven Unamuno», Cuadernos para el Diálogo, 167 (1976ko uztailak 10), 58-59. or.
FUNDACIÓN PABLO IGLESIAS, «Unamuno y Jugo, Miguel de», Diccionario biográfico del Socialismo español. Online arg.: https://fpabloiglesias.es/entrada-db/3875_unamuno-y-jugo-miguel/ (2021eko martxoak 31).
GONZÁLEZ, B., «Enfrentamientos entre el obispo Tomás de Cámara y Miguel de Unamuno a finales del año 1903», Cuadernos de la cátedra Miguel de Unamuno, XXVII- XXVIII (1983), 215-261. or.
IRIGOIEN, A., «Azkue, Arana eta Unamuno», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, 33 (1988-2), 391-401. or.
JUARISTI LINACERO, J., Miguel de Unamuno, Madrid: Taurus, 2012.
LAGAZ LACAMBRA, L., «Unamuno y el derecho», Revista de Estudios Políticos, 141-142 (1965eko maiatz-abuztua), 5-31. or.
LUJÁN PALMA, E., Trayectoria intelectual del joven Unamuno: historia de una crisis de fundamentos (De la defensa de los postulados fueristas y euskalerriacos, a la de los liberales y anarquistas), Bilbo: Bilboko Udala 2008.
MAROCCO, A. (arg.), Miguel de Unamuno. Estudios sobre su pensamiento, Roma: Información Filosófica, 2005, 160 or.
PILDAIN ZAPIAIN, A., D. Miguel de Unamuno: hereje máximo y maestro de herejías, Las Palmas de Gran Canaria: [s.n.], 1953, 16 or.
RABATÉ, C. eta J.-Cl., Miguel de Unamuno Biografía, Madrid: Taurus, 2009, 784 or.
RABATÉ, J.-Cl., «Miguel de Unamuno, publicista socialista en la prensa de Salamanca», Cuadernos de la Cátedra Miguel de Unamuno, XXXII (1997), 239-298. or.
SANDOVAL ULLÁN, A., «Vasconia en el primer Unamuno», Ediciones Universidad de Salamanca. Cuadernos de Cátedra Miguel de Unamuno, 47 (1-2009), 161-191. or.
URRUTIA LEÓN, M. M., Evolución del pensamiento político de Miguel de Unamuno, Bilbo: Universidad de Deusto, 1997.
— «Miguel de Unamuno en El Socialista (y nueve textos desconocidos)», Sistema, 186 (2005), 101-122. or.





