Karguak eta lanbideak
Legeetan doktorea eta poligrafoa
Ibilbidea
Fernando Tomas Sabino de la Quadra Salcedo y Arrieta Maskarua Gueñesko kontzejuan jaio zen, Enkarterri eskualdean, 1889ko abenduaren 30ean, familia aristokratiko batean. Tomas de la Quadra y Salcedo Zabalburu zuen aita, Zallako Murga dorreko XVII. jauna, Salcedo de Aranguren etxeko XXVI. jauna, Zamudio etxeko XX. jauna, Pedro Quadra artzapezpikuaren fundazioen patroia. Ama Rosario Arrieta Maskarua y Garai zuen, Gueñesko kontzejuko ospe handiko beste familia batekoa. Quadra Salcedo eta Arrieta Maskarua senar-emazteek izan zituzten 14 seme-alabetatik bigarrena zen Fernando. Jatorri aristokratikoa adierazi nahiak bultzatuta, Castillejosko markes titulua eskatu zuen, eta baita eman ere Alfontso XIII.ak 1931ko urtarrilean (Gaceta de Madrid, 1931ko urtarrilaren 8a). Cesar Gonzalez Ruano lagunak umorez erretratatu zuen beraren nobleziazko elitismoa, eta idatzi zuen Fernando de la Quadra Salcedo «Nafarroako tronurako erregegai izan zela, eta, gero, apaltasunez atzera egin ostean, Andorrako printzerrirakoa. Haren zuhaitz genealogikoa, Rafael Lasso de la Vegak aurkezten zuenarekin bakarrik lehia zitekeena, Eneko Aristarenganaino iristen zen».
Lehen mailako ikasketak Bilbon egin zituen. 1906an bukatu zuen batxilergoa Urduñan (Bizkaia), jesuiten ikastetxean. Ondoren Loiolako jesuiten apaiztegian sartu zen, baina nobiziotza egindakoan eta bost urtez giza zientziak ikasi ondoren, uko egin zion erlijiozko ibilbideari. Orduan Salamancako Unibertsitatean matrikulatu zen, Filosofia eta Letretako ikasketak egin eta Zuzenbidean lizentziatu zen 1916an. Madrilgo Unibertsitate Zentralean osatu zituen ikasketak, eta Zuzenbidean doktoratu zen Enkarterriko Foruari buruzko lan batekin. Hala ere, inoiz ez zen aritu legelari-lanetan. Kulturaren inguruan, ikerketan eta gai desberdinei buruz idazten aritu zen, bere ondarearen eta familia-errenten babespean, gizarte aristokratikoaren kultura-jarraibideen arabera.
Fernando de la Quadra Salcedok presentzia nabarmena izan zuen XX. mendearen lehen hereneko Bilboko kultura-giroan. Hogei urte pasatxo zituela, apaizgaitegia utzi eta gero, lehen kolaborazioak herriko prentsan argitaratzen hasi zen. 1914an Bilboko Arte Ederren Zirkulu eta Ateneoaren fundazioan eta beraren Idearium aldizkarian parte hartu zuen. 1915ean, Historiaren Errege Akademiako kide zen. 1916an Bizkaiko Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeko idazkari izendatu zuten eta baita Ikuskizun Publikoen Probintzia Batzordeko kide ere. 1917an Bizkaiko Aldundiko Euskal Kultura Batzordeko kide zen. Bilboko Lion D’Or-en solasaldi ospetsuan parte hartu zuen. Solasaldi hartan eskuindar intelektual monarkiko talde bat bildu zen (Pedro Egilior, Ramon Basterra, Mourlane Mitxelena, Sanchez Mazas, Quadra Salcedo bera, etab.), 1930eko hamarkadan espainiar nazionalismo autoritario edo totalitariorantz eboluzionatu zutenak.
Ikuspegi ideologikotik, Fernando de la Quadra Salcedok euskal foraltasuna eta tradizioa idealizatzen zituzten postulatu kontserbadoreak defendatu zituen, ikuspegi erregionalista eta monarkikotik begiratuta. Bere katolizismo tradizionalista eta foruzalea, nazionalismo kontserbadore espainiarrarekin lotu zituen, nahiz eta Sabino Arana Goiri euskal nazionalismoaren fundatzaileari buruzko laudorioak idatzi zituen. Politikoki monarkikotzat joa, gerra zibila hasi eta gutxira atxilotu egin zuten. Bilboko itsasadarrean ainguratutako Altuna Mendi kartzela-ontzian sartu zuten preso. Han fusilatu zuten 1936ko irailaren 26an, berrogeita sei urte zituela, miliziano ezkertiar kontrolgabeek, beste 27 preso eskuindarrekin batera. Gerra zibilean Francoren bandoan borrokatu zuten beste hiru anaiek ere bizia galdu zuten gerra hartan.
Fernando de la Quadra Salcedoren pentsamendua eta lana oso originalak izan ziren, talde ideologiko jakin batean edo eskola intelektual jakin batean sailkaezinak. Mintzagai izan zituen diziplinak askotarikoak izan ziren: genealogia, zuzenbidea, heraldika, historia hainbat etapatan —historiaurretik gaur egun arte— eta ikuspegiak, artearen edo literaturaren historiatik erlijio-kontuetaraino. Poesia, drama, kazetaritza-artikulua edo saiakera bezalako generoak landu zituen, laburrak, oro har. Aldizkako argitalpen ugarirekin kolaboratu zuen, gehienak Bilbokoak. Kultura eta nobleziari buruzko lehen artikuluak 1912an argitaratu zituen Novedades Donostiako astekarian, Sabino de Ayala goitizenarekin sinatuak. Honako aldizkari hauekin kolaboratu zuen: La Vasconia. Revista Ilustrada, La Veu de Catalunya, El Pueblo Vasco, La Tarde, Hecho, Hermes, Vida Vasca eta abar. Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberak argitaratzen zuen Información aldizkarian Ilustrazioaz geroztik egon ziren euskal ekonomialariei buruzko artikuluak idatzi zituen, gero Economistas vascongados y artículos varios sobre problemas destacados en la economía vasca izeneko liburuan bildu zirenak. Bilboko Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialak argitaratzen zuen Propiedad y Construcción aldizkarirako idatzi ohi zituen hiriko kale-izendegiari buruzko hainbat artikulu 1963an Calles de Bilbao izenburupean bildu ziren. Gai heterogeneoko hogeita hamar bat liburuxka argitaratu zituen, eta horietako askotan bere hitzaldiak agertzen ziren. Poeta gisa, lirika historizista bat sortu zuen, Euskal Herriko gertaera historiko eta mitikoetan oinarritua, El versolari (1917) edo Llanto de los Pirineos (1919) lanetan ikus daitekeen bezala, Gerra Handian hildako euskaldun frantsesen elegia bat. Bere obra osoak ez darraio programa koherente bati, baizik eta une bakoitzean interesgarriak iruditzen zitzaizkion gai eta genero literarioei heldu zien. Landu zituen gaien artean, beharbada aipagarria da berak zuen interesa Baskoniaren iraganeko hainbat alderdi ezagutarazteko eta garrantzizko gertakari historiko edo kultura-mugimenduetan euskaldunek zuten protagonismoa azpimarratzeko.
Obrak
La Personalidad Vasca en la Literatura Poética (examen crítico hasta el siglo XVI), [s.l.]: [s.n.], 1914.
El Canto de Guerra de los Vascos, Bilbo: Tip. El Nervión, 1914.
Recuerdo histórico sobre casas de moneda y bancos de emisión en el País Vasco, Bilbo: Imp. de Ricardo Wamba, 1914.
Los vascos en el Renacimiento. Trátase de lo que hicieron en el sacrosanto y ecuménico Concilio Tridentino, Bilbo: Imp. de la Casa de Misericordia, 1915.
Fuero de las M. N. y L. Encartaciones, Bilbao: Imp. de la Casa de Misericordia, 1916. (Berrarg. 2007an, Zuzenbidearen Euskal Akademiak «Clásicos del Derecho Vasco» bilduman).
El versolari, Madrid: Imp. del Patronato de Huérfanos de Intendencia e Intervención Militares, 1917.
Disertaciones clásicas. Del diálogo y la amistad, Bilbo: Garmendia, 1917.
Las bellezas bilbaínas del siglo XIX. Conferencia pronunciada en el Club Marítimo del Abra de Bilbao en noviembre de 1917 por Fernando de la Quadra Salcedo, Bilbo: Imp. Dochao, 1918. 1917.
Ensayos sobre el renacimiento vasco, Bilbao: Imp. Dochao 1918.
La cueva de Basondo, Bilbao: Imp. Dochao 1918.
Llanto de los Pirineos (Elegías de los vasco-franceses muertos en la Guerra), Madrid: Imp. del Patronato de Huérfanos de Intendencia e Intervención Militares, 1919.
Libros raros y curiosos de Bilbao, 1800-1830. Notas bibliográficas y literarias, Bilbo: Imp. Ambos Mundos, 1920.
Los retratos de Cervantes, Jáuregui y sus obras artísticas: conferencia pronunciada en la Universidad de Burdeos el 1 de junio de 1920, Bilbo: Imp. Ambos Mundos, 1920.
Pensamiento político de Navarra, 1450-1512: Conferencia pronunciada en el II Congreso de Estudios Vascos de Pamplona en 24 de julio de 1920, Bilbo: Ambos Mundos, 1921.
Árbol y genealógica descendencia de las Casas de Ayala y Murga, Bilbo: Tip. Echeguren y Zulaica, 1922.
La universidad vascongada: conferencia pronunciada en el Teatro de Bilbao el día 16 de diciembre del año 1923, Bilbo: José A. Lerchundi, 1923.
La primera vuelta al mundo. Participación de Vizcaya en la expedición del Cano: 1522- 1922. Conferencia del IV Centenario de la primera vuelta al mundo, Bilbo: Imp. del Patronato de Huérfanos de Intendencia e Intervención Militares, 1923.
Poema del Pirineo, Iruñea: [s.n.], 1924.
Los Parientes Mayores de Vicaya. Memoria presentada al Congreso de Genealogía Nobiliaria y Heráldica de Barcelona, año 1929, Madrid: C. Bermejo, 1930.
España y su Constitución. Conferencia anunciada en el Ateneo de Madrid para el 13 de junio de 1930 y suspendida por orden gubernativa del mismo día, Madrid: Imprenta Central, 1930.
¡Cavernícolas, cavernícolas! Defensa de la obra de los vascos (XABIER DE AZKOITIA goitizenarekin sinatua), Bilbo: Imp. Mayli, 1931.
Anexión forzosa de Vizcaya en 1356 y muerte del infante don Juan en 1358, Bilbo: T Tip. del Norte, 1936.
El general Castaños y la batalla de Bailén, Bilbo: Imp. de Luciano Celorrio, 1936.
Los Goyas inéditos de Vizcaya, Bilbo: Imp. de Luciano Celorrio, 1936.
Economistas vascongados y artículos sobre problemas destacados de la economía vizcaína, Bilbo: El Pueblo Vasco, 1943 (Información aldizkarian argitaratutako artikuluen bilduma).
Calles de Bilbao, Bilbo: Libª. Arturo, 1963 (Propiedades y construcción aldizkarian argitaratutako artikuluen bilduma).
Bibliografia
BACIGALUPE, C., «Fernando de la Quadra-Salcedo: el fracaso teatral de un humanista», Bilbao, 67(1993ko abendua), 34. or.
BLANCO, J. R., Fernando de la Quadra Salcedo. La poesía de la historia, Bilbo: Muelle de Uribitarte Editores, 2014.
MARAÑA, F., «Fernando de la Quadra Salcedo, razón, pasión y fantasía», Pérgola (Bilbao aldizkariaren kultura-gehigarria), 2008ko otsaila, 8. or.
REMENTERÍA, S., «Vicisitudes de un hombre de letra inquieto. Fernando de la Quadra Salcedo (1889-1936)», Bidebarrieta, 21 (2010), 185-197. or.





