Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

POSSE VILLELGA, Jose (Segovia, 1881 – Bilbo, 1972).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, kazetaria eta propagandista katoliko soziala

Ibilbidea

Segovian jaio zen jatorriz galiziarra zen familia batean. Zuzenbide karrera Santiagoko Unibertsitatean egin zuen. Bilbon finkatu baino lehen, 1904. urte arte, erredaktore izan zen Santiago literatura aldizkarian (1901-1902), eta Coruñako Revista Gallega aldizkarian kolaborazioak egin zituen kronika literario batzuk idatziz. Bizkaiko hiriburuan La Gaceta del Norte egunkariko erredaktore buru izan zen, Bizkaiko Bulegoetako Enplegatuen Elkarte Nagusiko lehendakari, Bizkaiko Aurrezki Kutxako Gizarte Idazkaritzako buru lehenik, eta gero zuzendari (1923-1924), Bizkaiko Nahitaezko Gizarte Aseguruen ikuskatzaile (1935) eta, gerra zibilaren ondoren, Gizarte Aurreikuspeneko Institutuan probintzia-ordezkari. 1920an, hauteskunde orokorretarako hautagaia izan zen katoliko independente gisa, urkixotarren eta La Gacetaren onespenarekin, baina bere hautagaitza atzera bota zuen hauteskundeak egin baino lehen.

Haren alderdirik ezagunena, ezbairik gabe, propagandista katoliko, gizarte-katolizismoaren eta sindikalismo katolikoaren sustatzaile eta hedatzaile gisa egindako lan itzela izan zen. Zugaztietako Leon XIII.a langile Elkartearen estatutuen erredaktorea izan zen, eta Palentzian 1906an egindako korporazio katoliko-langileen Batzar Erregionalean parte hartu zuen. 1907 urtetik aurrera, Eliza Katolikoak 1906 eta 1912 artean sustatutako Gizarte Asteen antolaketa eta propagandarako Batzorde Iraunkorrean parte hartu zuen, eta hainbat hitzaldi eman zituen. Eskola laikoaren kontra egindako kanpainetan parte hartu zuen 1910ean eta, bere bizitzan zehar, hainbat eta hainbat hitzaldi eta ikastaro eman zituen Espainian zehar. Bere artikulu asko argitaratuta daude egunkari eta aldizkarietan.

Bere idazki ugarien artean, gizarte-gaiei buruzkoak beti, gizarte-aseguruak, langabezia, langile-etxebizitza, erakunde sindikala, etab. aipatzen zituen, eta guztietan interes handiena pizten zutenak, eta nabarmenenak Euskal Herriko gizarte-baldintzak aztertzera bideratu zituen idazkiak dira. Oro har, ongi dokumentatutako soziologia-azterketak dira, eta interes handiko datuak eskaintzen dituzte, hark bere lanetan aztertu zituen gizarte-arazo horietako batzuk ezagutzeko. 1932ko ekonomia-krisialdian Bizkaian egon zen langabeziari buruz, euskal portuetako langile-etxebizitzaren egoerari buruz, gizarte-laguntzaren eta langile-aseguruen egoerari buruz edo Euskal Herriko gizarte-bizitzari buruz egin zituen idazkiak, Euskal Herriko gizarte-baldintzen azterketa bikainaren adibide onak dira. Azterketa horien guztien azken helburua zen Elizaren gizarte-politika zabaltzen laguntzea, eta sozialismo iraultzailearen aurka joatea. Jose Posse, Leon XIII.a aita santuaren Rerum novarum entziklikaren eragin sendoaren pean, gizarte-katolizismoaren korronte pragmatikoenen defendatzaile sutsua izan zen, batetik, nahitaezko gizarte-aseguruak sustatzeko beharra aldarrikatuz, langileen eta gizarte-bakearen mesederako, eta bestetik, patronalaren injerentziarik gabeko langile-asoziazionismo bat, izaera mistokoa, eginkizun bikoitza beteko zuena: orientazio erlijiozkoa eta profesionala, batetik, eta lan arloari zegokionez, ekonomikoa eta erreibindikatzailea, bestetik.

Obrak

Crónicas del trabajo. Serie Manuales sociales, Bilbo: Sociedad Bilbaína de Artes Gráficas, 1904.

«Uniónes Profesionales», II Semana Social de España. Valencia. 12-19 de diciembre, Zaragoza: Tip. de Mariano Salas, 1907.

El socialismo, sus hombres, su organización, sus procedimientos, Bilbo: [s.n.], Imp. y Enc. La Editorial Vizcaína, 1912.

SCHRIJVERS, R. P. J., Manual de economía política, adaptado a España por el Abogado del Ilustre Colegio de Bilbao D. José Posse Villelga, Barcelona: Luis Gili, 1912.

La vida social en el País Vasco: Lecciones pronunciadas en la VI Semana Social de Pamplona, Durango: Imp. y Libª. Florentino de Elosu, 1914.

«Los seguros sociales en el País Vasco: Forma como pudieran organizarse en modo que se desarrollen con garantía de permanencia y unidad de orientación», II. Congreso de Estudios Vascos: recopilación de los trabajos de dicha asamblea celebrada en Pamplona del 18 al 25 de junio de 1920, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1920, 380-399. or.

Organización regional y municipal de la orientación profesional: conferencia pronunciada por … Congreso de Estudios Vascos, Donostia: Nueva Editorial, 1928.

El problema de la vivienda en los puertos vascos: su situación y sus remedios. Conferencia pronunciada en la Asamblea de Pesca Marítima Vasca por…, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1928.

La casa propia: el ejemplo de un pueblo, Bilbo: La Editorial Vizcaína, 1931.

Informe del inspector de Seguros sociales José de Posse Villelga sobre el paro forzoso en Vizcaya, Madrid: Publicaciones del INP, 1932.

La inspección de Seguros Sociales obligatorios: Curso de formación para funcionarios del Instituto Nacional de Previsión, 26 de marzo de 1935, Madrid: Publicaciones del INP, 1935.

«De mi archivo. Un gallego en la Casa de Juntas de Guernica», BRSBAP, XX. urtea, 3 (1964), 319-232. or.

Bibliografia

AZPIRI, A., «Las sugerencias de Posse en el año 1923: la situación en el inicio de la dictadura de Primo de Rivera», in Urbanismo en Bilbao, 1900-1930, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2000.

MARTÍNEZ VARA, T., eta RAMOS, J. L., «El matizado anti-industrialismo del catolicismo social español, 1880-1936», Historia y Política, 27 (2012), 251-279. or.

MONTERO, F., El primer Catolicismo Social y la Rerum novarum en España (1889-1902), Madrid: CSIC, 1983.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP