Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

PLAZA SALAZAR, Carlos de la (Navarrete, Errioxa, 1859ko azaroak 2 – ?, 1918ko martxoak 22).

Karguak eta lanbideak

Jurista eta Bizkaiko Kodifikazio Batzorde Bereziko kidea 

Ibilbidea

Bizkaiko ordenamendu juridikoan aditua zen legelaria izan zen. Errioxan jaio zen eta Zuzenbidea ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean. Ondoren, Bilbon finkatu zen, eta hiribilduko Abokatuen Elkargoko kide izan zen. Legelari gisa ez ezik, bizitza politiko bizia ere izan zuen. Bilboko hainbat udal kargutan ibili zen, hala nola alkateorde eta 1893an bitarteko alkate lanetan. Halaber, Gorteetako diputatu-hautagai izan zen. Hazten eta indartzen ari zen Bizkaiko industria siderometalurgikoarekin harremana zuten negozio-gizonekin ondo moldatzen zen. Izan ere, La Vizcaya metalurgia eta eraikuntza Sozietateko abokatu aholkularia izan zen, eta hartako idazkari nagusia izatera pasatu zen Bilboko Labe Garaiekin eta La Iberia-rekin bat egin zuen arte; orduantxe sortu ziren Bizkaiko Labe Garaiak. Bi kasuetan lehengusuaren arrastoari jarraitu zion, Victor Chavarri enpresaburu bizkaitarrari, alegia, haren abokatua izan baitzen. Hain zuzen ere, Plaza izan zen bere ondasunen inbentarioa egin zuena, ondasunen esleipenean parte hartu eta gaiari buruz zituen ezagutzak erakutsita.

Bere lan juridikoari dagokionez, Bizkaiko Foru Zuzenbideari buruzko lan garrantzitsuak egin zituen, batez ere XIX. mendearen azken hamarkadan eta XX. mendearen lehen urteetan. Bizkaiko Foruaren Zuzenbide pribatuaren edukia birdefinitzeko funtsezko garaia da, honako hau hartzen baitu: Espainiako Kode zibila onetsi zen unetik hasi eta Bizkaiko Zuzenbide pribatuko erakunde nagusiak aztertzeko eta biltzeko hasitako prozesuan zehar, Oinarrien Legean xedatutakoarekin jarraituz, Espainiako Kode zibilaren Eranskin gisa sartzeko.

Lan horretan ari zela, bere lehen eginkizunak probintziako diputazioak jaso zuen 1889ko urriaren 15eko Errege Aginduan izan zuen abiapuntu, eta Bilboko Abokatuen Elkargoari iritzia eskatu zion egin beharreko Eranskinari buruz. Eskaera horri erantzuteko, batzorde bat sortu zen, oraindik indarrean zegoen Foru Zuzenbideari buruzko zortzi puntu argitzeko. Lehenengoa da gehien interesatzen zaiguna, eta hauxe zioen: «Foruak arautzen dituen puntuak edo lekuak. Zer puntutan duen hautazkoa aplikazioa; zer puntutan nahitaezko aplikazioa eta zer puntutan aplikatzen den hein batean». Hainbat gorabehera zirela medio, batzorde berri bat eratu zen (1894), eta gaien banaketan Carlos Plazari aipaturiko lehen atala egokitu zitzaion. Egokitu zitzaion gaia aztertzeko, kontuan izan behar zuen Bizkaiko Zuzenbide pribatua Espainiako Zuzenbide zibilean uztartuta zegoela batetik, eta bestetik, XIX. mendearen amaierako Bizkaiko udalerrien birdefinizio-prozesu konplexua, izan ere, juridikoki espazio konplexuak eratzen ari baitziren, esate baterako, Mungiako herribildu eta elizatearen bategitea. Hori lortzeko, legelarien eta politikarien iritzia bilatu zuen, eta artxiboetan bilaketa-lan handia egin zuen, gaiaren nondik-norakoak argitzen lagunduko zioten epaiak kontsultatuz. Bere ikerketen emaitza, Bizkaiko Foru Zuzenbideari buruzko lehen ikerketa-lana argitaratzea izan zen, Territorios sometidos al Fuero de Vizcaya en lo civil dentro y fuera del Señorío de aquel nombre. Lan horretan premisa batetik abiatu zen, Bizkaia jatorriz lur laua zela eta bere zuzenbidea zuela («elizateak antzinako populazioa ziren. Antzinako garaietan ez zegoen herribildurik)», adierazi zuen urte batzuk geroago, Por Bilbao! lanean). 1895ean argitaratu zen lan hori lehen aldiz, eta bertan aztertzen zituen Bizkaiko ordenamenduaren lurralde-hedadura eta Bizkaiko Foruaren muga geografikoak. 1630eko Konkordiaren garrantzia kalibratuz, Bizkaiko errealitatea herribildu/Zuzenbide arrunta-lur laua/Forua dualtasunera ezin zela murriztu adierazten zuen. Lan horrek interes handia piztu zuen, hargatik urte gutxi barru, 1899an, bigarren edizioa egin zen, eta Fermin Herranen Biblioteca Bascongadan agertu zen 37. eta 39. liburukietan.

Azken urte hartan Bizkaiko Kodifikazio Batzorde Berezia sortu zen, Kode zibilean sartu beharko litzatekeen Eranskina idazteko. Manuel Lekanda buru zela, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak Plaza Salazar izendatu zuen Batzorde horretako kide, eta, baita, txostengile ere. Hala, Batzordeak egin zituen bi lanen arduraduna izan zen: Eranskinaren testu artikulatua eta Batzordearen Aktak. Batzordeak eskatu zion Gobernuari aurkeztu behar zitzaion Eranskinaren proiektua idazteko, «Batzordeak osoko bilkuran hartutako erabakiak kontuan hartuta», baina «konfiantzazko boto zabala» eman zioten batzordekideek. Testuan Plazaren arrastoa ikus daiteke, adibidez, lurraldeei eta haien araubide juridikoei ematen dion garrantzian. Horrela, legislazio hirukoitzeko sistematik (97 foru legekoak, 9 legedi orokorrekoak eta 14 bietakoak) sistema dual batera igaroko litzateke: 13 Kode zibilekoak, eta gainerakoak, foralak (lehenengoetan zuzenbide osagarri gisa erabiliko litzateke). Horretarako, hiru formula proposatzen zituen. Lehena, herri bati zati bat kendu eta besteari atxikitu, bereizitako zatia bere legedi zibila galduko du eta erantsi den herrikoa hartuko du. Bigarrena, herri bat besteari atxikitzea, amore ematen zuen herriak legedi zibila galduz. Hirugarrenak bi herriren bat egitea erabateko anexioaren bidez suposatzen zuen. Legedi zibilaren ezarpena, kasu honetan, sinatzen duten akordioaren araberakoa izango da, eta, akordiorik lortzen ez bada, Bizkaiko Forua aplikatuko litzateke, horretarako, legedi orokorraren izaera eta 1630eko Konkordian ezarritakoa oinarritzat hartuta. Foru Zuzenbidearen alderdi eta erakunde garrantzitsuei buruzko ekarpen garrantzitsuak ere egin zituen, eta foru-komunikazioa funtsezko ezaugarritzat hartu zuen, tronkalitatearen eta tronkaleko jaraunsleen eskubideen gainetik. Memoria interesgarri bat idatzi zuen aurreproiektuaren lagungarri izateko. Batzorde buruari zuzendu zion, eta aktetan 15. saioko eranskin gisa sartu zen. Eranskina bi liburutan bildu zen, bata Bizkaiarentzat (131 artikulurekin) eta bestea Arabarentzat (4 artikulurekin), hiru azken xedapenekin eta bi xedapen iragankorrekin batera; Gregorio Balparda legelari eta historialari bizkaitar garaikidearen iritzi kritikoa jaso zuen; eta, proiektua izatetik pasatu ez zenez, ez baitzen ez indarrean jarri ez antolamendu orokorrean sartu, 1928an Bilboko Abokatuen Elkargoak berrikusi eta eguneratu ahal izan zuen.

Carlos de la Plazarentzat Foru Zuzenbideak iraun zezan, beharrezkoa zen foro bat egotea, erabakiak hartu eta epaiak egingo zituena, antzina Epaile Nagusiak eta Valladolideko Kantzelaritzako Bizkaiko Aretoak egiten zuen bezala. Hala, bere El Supremo y la territorial lanean bildutako hainbat artikulutan, Bartzelonako Adiskideen Elkarte Ekonomikoak egindako proposamenaren kontra agertu zen, hau da, foru-eskubideei buruzko auziak aipatzen ziren kasazio-errekurtsoak ulertzen zituen «Auzitegi Goren» bat sortzearen aurka, eta Bilbon hiru euskal probintzietarako Lurralde Auzitegi bat sortzearen alde agertu zen. Proposamen hori urte berean argitaratu zuen beste lan batean. Halaber, Bizkaiko Monumentuen Batzordeari planteatu zion aipatutako Aretoararen dokumentuak eskatu eta Bizkaian gorde behar zirela, Bizkaiko Epaile Nagusiak aplikatzen zuen Forua hobeto eta zehatzago ulertzeko eta interpretatzeko.

Bere testu horietan eta beste batzuetan ikus daitekeenez, legelari honek, ordenamendu juridikoen testuez gain, jarduera judizialaz ere arduratu zen, irizpen eta epai garaikideak ekarriz, baita iraganekoak ere. Hori guztia historialari gisa egindako lanari eta lurraldearen historiari buruzko ikerketei esker egin zuen. Hain zuzen, berak esaten zuen Lope García de Salazarren ondorengoa zela. Hori dela eta izendatu zuten, aipatu Monumentuen Batzordeko kide, eta batzorde horren Buletinean euskal probintzien iraganari buruzko lan interesgarriak argitaratu zituen. Jurista eta historialari ezagunekin izan zuen tratua, hala nola Carmelo de Etxegarai edo Teofilo Guiardekin. Tokiko gaiak ere landu zituen Por Bilbao! Brindisen. Bere lan historikoen balioari esker 1900ean Historiaren Errege Akademiako kide urgazle izendatu zuten.

Obrak

(Hautaketa). 

Territorios sometidos al Fuero de Vizkaya en lo civil dentro y fuera del Señorío de aquel nombre, bi koaderno, Bilbo: Imp. de M. Echevarria, 1895 (2. arg. Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1899, 2 libk.; berrarg. Adrián Celayaren sarrerarekin, Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2006).

Apéndice del Código Civil, que comprende las disposiciones aplicables en Vizcaya y en Álava, Bilbo: Imp. de la Misericordia, 1899 (berrag. Actas de las sesiones celebradas por la Comisión Especial de Codificación de Vizcaya, 18. saioa, eranskina, Bilbo: Imp. Provincial, 1902; berrarg. Andres Maria Urrutiaren sarrerarekin, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2004).

Por Bilbao! Brindis, 2. arg. (1. arg. 1897), Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1900. (Batzordeko idazkari eta txostengile gisa), Actas de las sesiones celebradas por la Comisión Especial de Codificación de Vizcaya, Bilbao: Imp. Provincial, 1902 (berrarg. Andres Maria Urrutiaren sarrerarekin, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia Bizkaia eta Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2004).

El Supremo y la territorial, Bilbo: Inp. eta aztze.: Erruki Etxea, 1905.

La Audiencia territorial en Bilbao. Cuaderno segundo, Bilbo: Imp. y Enc. de la Casa de Misericordia, 1905.

Etimologías vascongadas del castellano, Bilbo: Imp. Lit. y Enc. de Emeterio Verdes, 1909.

Duplicidad de leyes civiles en los municipios de Vizcaya, Bilbo: Imp. y Enc. de la Casa de Misericordia, 1912.

Bibliografia

ALONSO OLEA, E. A., Víctor Chavarri (1854-1900). Una biografía, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005.

AUÑAMENDI, «Plaza Salazar, Carlos», Auñamendi Eusko Enziklopedia. Online arg, https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/plaza-zaraitzu-carlos/ar-115679/ (2023ko uztailak 19).

MONREAL ZIA, G., «Codificación civil y legislación foral de Bizkaia», AHDE, 28, 83 (2013), 151-261. or.

URRUTIA, A., «Introducción», Actas de las jornadas de las Comisión Especial de Codificación de Vizcaya, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2004, XVI-XXVI. or.

ITURRIAK

BCMV, I-VII. libk., 1909-1918.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP