Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ELORRIETA ARTAZA [ELORRIETA ARTATZA], Tomas Juan (Bermeo, Bizkaia, 1883ko ekainak 23 – Madril, 1949ko urtarrilak 5).

Karguak eta lanbideak

 Legelaria

Ibilbidea

Robustiano Elorrieta medikuaren eta Eloisa Artazaren semea. 1917an Rosario de Lacy Palaciorekin ezkondu zen, Espainiako lehen emakume ginekologoa eta maistren Eskola Normalean Fisiologia eta Higiene irakaslea. Bikoteak zazpi seme-alaba izan zituen, tartean Jose Maria Elorrieta zinema zuzendaria.

Oñatin Filosofia eta Letrak ikasi zituen, eta Unibertsitate Zentralean Zuzenbidea. 1904. urtean bigarrenean doktoregoa eskuratu zuen udal antolamenduari buruzko tesi batekin. Giner de los Riosen ikasle izan zen eta Institución Libre de Enseñanza-ko kide. Era berean, Gizarte Erreforma Institutuko alor teknikoan aritu zen, laguntzaile lanpostua aterata. 1907an, Jose Ortega y Gasset eta beste batzuek Espainian Fabian Society bat sortzeko zuten proiektuarekin bat egin zuen. 1909an Madrilgo Ateneoko kide zen. Oso lotura estua izan zuen erakunde horrekin eta hainbat ikastaro eman zituen bertan. Hainbat laguntza ekonomiko jaso zituen Parisen eta Londresen bere ikasketan sakondu eta gizarte legedia eta langileen babeserako politikak aurrez aurre ezagutzeko.

Erresuma Batuan igarotako denboran, bereziki interesgarria egin zitzaion liberalismo berriaren adierazgarririk nagusietakoa zen Leonard Trelawny Hobhousek gizarte arloan zuen ikuspegia. Bertatik hainbat kronika idatzi zituen La Correspondencia de Españarentzat eta Ramiro de Maezturekin harremanetan egon zen, nahiz eta horrek «Institución Libre de Enseñanza-ren oinarrizko ziurgabetasuna» izatea leporatu zion. Espainiara itzuli zenean, oposizio bidez lortu zuen 1912an Salamancako Unibertsitateko Zuzenbide politikoaren katedra eta, Unamunoren esanetara zeuden hainbat irakaslerekin batera, landa eremuko herritarrak mobilizatzeko mitinak edo «predikazioak» eskaintzen aritu zen Probintzia guztian barrena. Ekimenaren tresna nagusia Salamancako Ateneoa zen, eta Elorrieta zen bertako idazkaria. Lehen Mundu Gerrak iraun bitartean, aliatuen jarraitzaileekin bat egin zuen, Ingalaterrarekiko zuen miresmenaren eta Alemaniako Reich-aren politikekiko gaitzespenaren eraginez. 1920an, trukean jaso zuen Murtziako Unibertsitatearen Zuzenbide politikoaren katedra. Egia ere bada 1923an eszedentzia eman behar izan ziotela ezinbestean, hezkuntzako ikuskari nagusi izendatu zutelako. Ondoren, hainbat zeregin burokratikotan aritu zen, betiere, Lan Ministerioaren baitan.

Gerora, bere burua liberal monarkikotzat hartu zuen, eta 1916an Toledoko Illescas distrituko Alderdi Liberaleko diputatu izateko hautatu zuten. 1923an Leongo Adiskideen Elkarte Ekonomikoaren izenean senatari izan zen, nahiz eta bere harreman eta jakinmin intelektualek Melequiades Alvarezen erreformismotik gertu kokatzera eraman. 1923ko kolpe militarraren ondoren bere karguak utzi zituen arren, aurrerago Erakunde korporatibo primorriveristaren alde agertu zen eta Kontsultarako Asanblea Nazionaleko kide izan zen, Nazioen Ligaren Aldeko Elkarteko ordezkari bezala. Europako hainbat hiritan horrekin lotuta eman ziren hitzaldietako batzuetan parte hartu zuen Espainiako ordezkari bezala. Errepublika ezartzearekin (guda zibilaren garaia barne), Lan Ministerioarekin elkarlanean jarraitu zuen, dagoeneko bertako funtzionarioa baitzen, eta hainbat batzorde parekidetako presidente izan zen. Ez dirudi elkarlan horrek berarengan eragin negatiborik izan zuenik, guda bukatuta, 1939ko apirilean, zigorrik gabe birgaitua izan baitzen. Orduko hartan esan zuenez, Madrilen egon arren, izpiritua Movimiento-arekin zuen eta «Gobernu marxistari» ez omen zion inolako atxikimendurik erakutsi. Gainera, «katoliko apostoliko erromatar praktikatzailea» zela esan zuen. Gauzak horrela, katedratikoen zerrendan sartu zuten berriro, bere espezialitateari zegokion katedra Valentziako Unibertsitatean hartu, eta handik, lekualdatze lehiaketaren bitartez, Zaragozara mugitu zen. Hainbat lizentzia lortu zituen eta 1943an borondatezko eszedentzia hartu zuen osasun arazoak zirela eta. Gainera, kargu garrantzitsuak bete zituen Instituto Nacional de Previsión delakoan eta irakasle aritu zen Madrilgo Gizarte Eskolan.

Eusko Ikaskuntzako kide izan zen, eta 1920an Bilbon emandako hitzaldi bat ere argitaratu zioten. Bertan, euskal foru erregimenaren onurak aipatzen zituen, norbanakoaren izaera indibiduala laudatzen zuelako, gizakien arteko elkartasunarekin uztarturik. Horrekin batera, Hermes aldizkariko kolaboratzaile izan zen.

Bere interes intelektualak konstituzionalismoaren eta ideia politikoen historiaren, nazioarteko harremanen eta politika sozialaren auziari zegokion erreformismoaren artean banatu zituen. Liberalismo esku-hartzaile baten aldekoa zen, eta horrek azalduko luke diktaduraren korporatibismoari eta Errepublikak ezarritako lan harremanen marko berriari eskainitako laguntza.

Obrak

Problemas de organización municipal, Madrid: Sucesora de M. Minuesa de los Ríos, 1911.

La función legislativa en Inglaterra, Madrid: Junta de Ampliación de Estudios e Investigaciones Científicas, 1912.

La guerra europea y los sistemas políticos de Inglaterra y Alemania. Conferencia pronunciada en el Ateneo de Madrid, Madrid: Imp. «Alrededor del Mundo», 1915.

Tratado elemental de derecho político comparado: teoría general del Estado moderno y su derecho constitucional, Madrid: Hijos de Reus, 1916.

«Juan Jacobo Rousseau y el carácter vasco», Hermes, 6 (1917), 381-383. or.

El movimiento bolchevista, Madrid: Jaime Ratés, 1919.

Conferencia del 13 de marzo de 1919: La municipalización de servicios en el Condado de Londres, Madrid: Imp. municipal, 1919.

El espíritu del régimen foral vasco, Donostia: Tip. La Información, 1920.

La democracia moderna. Su génesis, Madrid: Espasa-Calpe, 192-?.

Liberalismo, [s.l.]: Tip. Colón, 1926.

Derecho político: Ajustado al programa de oposiciones a la carrera fiscal, Madrid: Reus, 1927.

Práxedes ZANCADArekin, Los congresos de Berna, Madrid: [s.n.] Imp. clásica española, 1929.

Problemas económicos-sociales de la postguerra, Madrid: Gráficas Barragán, 1944.

La Carta del Atlántico y la Carta de Filadelfia. Reflexiones y documentos, Madrid: Escuela Social de Madrid, 1945.

Temas económico-sociales de la actualidad, Madrid: Ministerio de Trabajo, 1946.

La Carta de Naciones Unidas y la postdata soviética: el llamado caso de España ante la ONU, Madrid: Ministerio de Trabajo, Congreso de Estudios Sociales, 1947.

La tradición jurídica española y la Carta de San Francisco, Madrid: Escuela Diplomática, 1947

Bibliografia

GONZÁLEZ CUEVAS, P. C., Maeztu. Biografía de un nacionalista español, Madrid: Marcial Pons, 2003.

PELÁEZ, M. J., Diccionario crítico de juristas españoles, portugueses y latinoamericanos, I. libk., Málaga: Malagako Unibertsitatea, 2005 (Jeronimo Canok idatzitako sarrera); http://www.uc3m.es/diccionariodecatedraticos (Sebastian Martinek idatzitako sarrera).

RODRÍGUEZ DE LAS HERAS, A., «Las campañas agrarias de los intelectuales (Salamanca, 1913)», in GARCÍA DELGADO, J. L. (arg.), La cuestión agraria en la España contemporánea, Madrid: Cuadernos para el Diálogo, 1976, 363-391. or.

SUÁREZ CORTINA, M., El reformismo en España. Republicanos y reformistas bajo la monarquía de Alfonso XIII, Madrid: Siglo XXI, 1986.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP