Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ILARREGUI ALONSO, Pablo (Pablo Ilarregi Alonso) (Lizarra, Nafarroa, 1808ko urtarrilaren 15a – Iruñea, 1874ko urtarrilaren 6a).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, historialaria, politikaria, udal kudeatzailea, kultur sustatzailea eta idazlea

Ibilbidea

Juan Jose Ilarregui eta Maria Alonsoren semea, 1836ko uztailaren 28an Teresa Igarabide Oyarzabal ugazaba aberatsarekin ezkondu zen Iruñean. Senar-emazteek bi seme-alaba izan zituzten, Dolores (Iruñea, 1837) eta Eduardo (Iruñea 1839-1884). Azken honek, aita ordezkatu zuen Iruñeko Udaleko idazkari-karguan, eta Nafarroako Euskara Elkartearen inguruan sortutako ideia euskaltzale berberak zituen.

Pablo Ilarreguik Iruñeko Adiskidetze Mintegian ikasketak egin zituen, 1817 eta 1819 bitartean behintzat. Ondoren, Salamancan Zuzenbidea ikasi zuen. 1830ean, Zuzenbideko batxilergoa zen, eta abokatua izateko proba egiteko eskaera egin zuen. 1840an Iruñeko Udaleko idazkari izendatu zuten, eta 1873an hartu zuen erretiroa. Liberal foruzalea, forua aldatzearen aldekoa, euskaltzalea eta ondare arkeologikoaren defendatzailea. Liberal on denak bezala, Milizia Nazionalean ibili zen behin baino gehiagotan: artillari boluntario 1822 eta 1823 artean, bigarren sarjentu hasi eta gerora teniente 1834 eta 1836 artean, eta beteranoen konpainian 1855ean.

Liberal konprometitu eta militante gisa erantzukizun publiko ugari izan zituen. Iruñeko Udaleko zinegotzia 1833an eta alkate hautetsia 1838an. Iruñeko Armamentu eta Defentsa Batzordeko kide ere izan zen 1836ko azarora arte. 1836-1837ko Biurteko Progresistan, inprenta askatasunerako epaile izan zen; halaber, Iruñeko Aldizkari Ofizialeko zuzendaria izan zen garai hartan. Errenten Ordezkariordetzako aholkulari ere izan zen. 1841eko hauteskundeetan Gorteetako ordezko diputatu hautatu zuten Nafarroan. Pascual Madoz diputatu titularrak karguari uko egin zion, eta Ilarreguik 1841eko apirilaren 20an hartu egin zuen, hala ere, honek ere uko egin zion hilabete geroago, eta, beraz, ia ez zuen parlamentu-bizitzarik egin.

Foru Diputazioak Foruak aldatzeko batzordeko kide izendatu zuen 1840an, eta 1841eko azken proiektuaren erredaktoreetako bat izan zen. Proiektuaren oinarrien inspiratzailea Jose Yanguas y Miranda izan zen. Ilarreguik eta Yanguasek Francisco Javier de Ozcariz karlistarekin polemika handia izan zuten prentsan, legearen kontura; Ilarreguik 1841eko legean amaitu zen prozesua justifikatu egin zuen, Diputazioak agindu zion Memorian, 1872an Bigarren Gerra Karlistaren hasieraren bezperan argitaratua. Jarrera zertxobait aldatu zen urteen poderioz. Hasieran Yanguasen jarrera bera hartu zuen eta testua Espainiako lege arrunt soiltzat jo zuen, baina ondoren jarrera foralista hartu zuen, eta honek Nafarroako Euskara Elkartearen sorrera eragin zuen.

Ilarregui kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile sendoa izan zen. Horrela, Historiaren Akademiako urgazle eta Nafarroako Monumentuen Batzordeko lehendakariordea izan zen. 1857 eta 1868 bitartean, kargu horietan zebilela, hainbat txosten egin zituen Akademiarentzat, erromatarren aurreko garaian, erromatar garaian eta Erdi Aroan mosaiko, numismatika eta epigrafien alorrean Nafarroan izandako aurkikuntza arkeologikoei bu- ruz. Bereziki interesgarria izan zen Curia kalean aurkitutako mosaiko erromatar bikain baten aurkikuntzan eta azterketan izan zuen eginkizuna. Legezko neurri bat proposatu zuen aurkitutako elementu arkeologikoen ja- betza eraginkorra izan ez zedin, aurretik Monumentu Batzordeek dekla- ratu ez bazituzten. Batzorde horiek piezak aztertuko lituzkete, eta Estatuak horiek eskuratzea merezi ote zuten erabakiko zuten. La Joven Navarra: periódico de literatura, ciencias, artes, industria y comercio, egunkarian eta El País Vasco Navarron parte hartu zuen. La Joven Navarraren idazketa- idazkaria haren seme Eduardo izan zen. Iruñeko Bigarren Hezkuntzako Institutuko Ikuskapen Batzordeko kide izan zen eta 1839 eta 1844 bitartean Nafarroako Instrukzio Publikoaren Batzorde Probintzialeko batzordekide. Iruñeko Herriaren Adiskideen Elkarteko kidea izan zen, eta baita bere estatutuen idazleetako bat ere.

1868an, euskaltzale izaki, «Laurak bat»en lau lurraldeetan euskal hizkuntza eta kultura zaindu eta aztertzeko erakunde bat sortzeko ahaleginean parte hartu zuen; 1918an sortuko ziren Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzaren aitzindari izan zen Euskal Kulturaren Akademia. Hala, Pablo Ilarreguik, Juan Iturralde y Suitek, Nicasio Landa mediku eta humanistak eta Esteban Obanos apaizak (denak Nafarroako Euskara Elkartearen sortzaile eta Historiako Akademiako urgazle) Nafarroako beste hainbat intelektualekin batera, erakunde hori sortzeko deia egin zieten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako homologoei. 1868ko iraultzak proiektua behin-behinean geldiarazi egin zuen. 1870eko urtarrilaren 23an, Ilarreguik Euskararen Akademiaren proiektua mahaigaineratu zuen berriro ere, El País Vasco-Navarro astekarian argitaratutako ar- tikulu batean; artikulu horretan egoitza Bilbon kokatzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, eta lau euskal lurraldeetako akademiko egokienak aukeratzea proposatu zuen. Hala ere, 1872ko Gerra Karlista berriak proiektua zapuztu egin zuen. Ilarregui euskaltasun kultural baten aldekoa izatea ez zen eragozpena izan arlo politikoan euskal eta nafar unionismoaren aurka egin zezan. Hala, 1873an, Lehen Errepublikaren hasieran, txosten bat egin zuen, Juan Yanguas Irachetarekin batera, zeinak adierazten baitzuen Nafarroak kantoi bakarra eta bereizia osatu behar zuela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak osatu behar zutenarekin bat egin gabe.

Bere lanari dagokionez, Ilarreguiren lehen argitalpenak Lehen Karlistaldiaren testuinguruan egindako gorespen liberaleko literatura-konposizioak dira: Isabel II.a erreginari egindako ereserkia, 1834koa, eta Espartero jenerala 1839an Iruñera sartu zeneko kontaketa. Testu horren barruan, «Bakea- ren opari gisa kantatu beharreko ereserkia» dago, Mariano Garciak musikatua. Dirudienez, 1836ko abenduan Ilarreguik karlisten aurkako Memoriala idatzi zuen, herritarrei erreginaren dema ordaintzeko ekarpenak egiteko eska- tuz, baina, antza den, ez zen argitara eman. Antzeko garrantzia du 1869ko altxamendu karlistaren inguruan sortutako beste testu batek. Urte hartan, Cruz Ochoa de Zabalegui diputatu karlistak Manifiesto a los Navarros delakoa argitaratu zuen, argudio historikoekin Karlos VII.aren zilegitasuna defendatzen zuena, hala nola Alcolean Bergarako Hitzarmena hautsi izana edo erlijioa Funtsezko Forua gisa. Ilarreguik adierazpen horren tesiak gaitzetsi zituen A los Navarros testuan.

Bada beste gai ekonomiko-sozial bat ere, liberal ona izaki inplikatu zena, eta 1850eko hamarkadan oparotasunaren eta progresismoaren paradigma suposatu zuena: trena ezartzea; Frantziarekin Alduidesen barnako trenbide-loturaren defendatzaile sutsua izan zen, eta trena Iruñera iritsi zenean oda bat osatu zion, «Loria eta aintza Jeinuari eta gizakia hainbeste goraipatzen duen zientziari!» motako adierazpenak zituena eta «Loria eta aintza On Jose Salamancari» batekin amaiera eman ziona.

1844an, Nafarroako Monumentuen Batzordeak Fiteroko monasterioko artxiboa ikuskatzeko eskatu zion Ilarreguiri. Bertan, oso kronika interesgarria aurkitu zuen, Iruñeko Nabarreriako 1275-1276ko gudari buruzko poema epikoa, guda horretako borrokalarietako batek (Guilhem de Anelier Toulouse) Proventzako hizkuntzan idatzia. Ilarregik 1847an argitaratu zuen testua, aitzinsolas, idatzohar eta guzti. 1856an, Francisque-Michelek argitaratu zuen berriro ere Parisen.

Nafarroako Foruak ere bere kezka garrantzitsuenetako bat izan ziren. Lehenik, Foru Orokorra zuzendu eta editatzeko ardura hartu zuen, Segundo Lapuertarekin batera. Bestalde, 1869an bertan argitaratu zuen Foru horri buruzko azterketa historiko-juridikoa egin zuen. Eta, azkenik, Memoria luze bat idatzi zuen, 1841eko abuztuaren 16ko Foruak Aldatzeko Legearen inguruko oinarri historikoari eta prozesuari buruzkoa, eta 1872an Memoria argitaratu bitartean izan zituen ondorioei buruzkoa.

Esan bezala, Nafarroan hitz egiten ziren hizkuntzak zituen gogoko, horregatik, euskarari eta proventzarrari buruzko artikuluak argitaratu zituen.

Azkenik, idazkari bezala Iruñeko Udalaren hainbat testu sinatu zituen (Udaltzaingoaren Ordenantzak, 1842; Gobernu Batzorde Laguntzailea, 1843; Hiria Gobernatzeko Erregelamendua, 1843; Eraikin bat eraikitzeko proiektua, 1844; Lehen Hezkuntzako Plana, 1847; Eraikuntzari buruzko Ordenantzak, 1859; Zezen plaza, 1867, etab.) nahiz eta testuen idazketa zati batean baino ez zetorren bat bere idazkerarekin.

Obrak

Himno cantado en la proclamación de la Reina Nuestra Señora D.ª Isabel 2ª de Castilla, primera de Navarra, por los Individuos de la Amistosa Reunion de Pamplona, Iruñea: Ramón Domingoren inprimategia, 1834.

Relación sucinta de los Festejos Públicos con que el Ayuntamiento Constitucional de Pamplona ha celebrado el fausto y extraordinario acontecimiento de la Paz y la Entrada Triunfal que el Duque de la Victoria hizo en la misma, la tarde del 20 del corriente, Iruñea: Francisco Erasun y Radaren inprimategia, 1839.

Aitzinsolasa eta oharrak, ANELIER, G., La guerra civil de Pamplona, poema escrito en ver- sos provenzales por Guillermo Aneliers de Tolosa de Francia; é ilustrado con un prólogo y notas por Pablo Ilarregui, Iruñea: Longás y Riparen inprimategia, 1847.

Defensa del ferrocarril de Pamplona a Francia por los Alduides, Iruñea: Eco de Navarraren inprimategia, 1857.

Composición poética a la inauguración del Ferro-Carril de Pamplona, l.g., d.g. [1860?].

«El arte de Guttemberg en Navarra por P. I.», La Joven Navarra, 1. zenb. (1860). Reglamento para las secciones del Vínculo de la ciudad de Pamplona; aprobado por su M. I. Ayuntamiento en 4 de noviembre de 1862; precedido de una memoria histórica del mismo establecimiento, Iruñea: Darío Aguirreren lit. inprimategia, 1862.

A los Navarros, Iruñea: Tiburcio Iriarteren inprimategia, 1869. Nafarroa  329

Del origen y autoridad legal del Fuero General de Navarra, Iruñea: Tiburcio Iriarteren inprimategia, 1869.

Fuero General de Navarra. Edición acordada por la Excelentísima Diputación Provincial. Dirigida y confrontada con el original que existe en el Archivo de Comptos, Por D. Pablo Ilarregui y D. Segundo Lapuerta, Iruñea: V. Canteraren ardurapeko probintzia- inprimategia, 1869.

Memoria sobre la Ley de Modificación de los Fueros de Navarra, escrita por D. Pablo Ilarregui en virtud de encargo de la Excma. Diputacion foral y provincial de la misma, Iruñea: V. Canteraren ardurapeko probintzia-inprimategia, 1872.

«La lengua vascongada», El País Vasco-Navarro, 2. zenb. (1870) eta Revista Euskara, 1. zenb. (1878), 17-23. orr.

«La lengua Provenzal en Navarra», El País Vasco-Navarro, 6-7. zenb. (1870) eta Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra (1924), 9-12. orr.

«La batalla de Calatañazor», Euskal Erria, 22 (1890), 181-184. orr.

Bibliografia

BERRUEZO ALBÉNIZ, R., «Implantación de la administración educativa li- beral en Navarra: la Comisión de Instrucción Primaria, 1838-1858», Príncipe de Viana, 15. eranskina (1993), 867-892. orr.

ESPARZA, E., «Notas críticas a los cien años del descubrimiento del poema provenzal de Anelier sobre la guerra civil de Pamplona, por D. Pablo Ilarregui», Príncipe de Viana, 5 (1944), 447-453. orr.

FITA, F., «Mosaicos romanos de Pamplona», Boletín de la Real Academia de la Historia (1909), 426-437. orr.

GARCÍA-SANZ MARCOTEGUI, Á., beste batzuekin batera, Diccionario biográfico de los diputados forales de Navarra (1840-1931), Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1996.

IRIBARREN, M., Escritores navarros de ayer y de hoy, Iruñea: Gómez, 1970.

ITURRALDE Y SUIT, J., «La guerra civil de Pamplona en 1275 y 1276, según el poema de Guillermo Anelier», Revista Euskara, 5 (1882), 249-57., 314-324., 359-369. orr.; 6 (1883), 29-32., 38-48., 65-74., 97-104., 129-136. orr.

IBÁÑEZ ARTICA, M., «El informe de D. Pablo Ilarregui (Académico de la R.A.H.) sobre las monedas del Príncipe de Viana», Gaceta numismática, 170-171 (2008), 23-28. orr.

MADARIAGA ORBEA, J., «Pablo Ilarregui Alonso», Urquijo Goitia, M. eta Agirreazkuenaga Zigorraga, J. (zuzendariak), Diccionario Biográfico de Parlamentarios españoles, 1820-1854, Madril: Gorte Orokorrak, 2012, 2. Lib.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP