Ibilbidea
Batzordea absolutismoaren garaian sortu zuen Fernando VII.ak, 1815eko azaroaren 6ko Errege Aginduaren bidez. Monarkiaren hainbat kontseilarik eta kargu instituzionalek osatzen zuten, eta haren berehalako helburua zen zenbait neurri proposatzea euskal aduanetako kontrabandoari amaiera emateko («haren trafiko kaltegarriak —esaten zen— fede oneko merkataria aurri ekonomikora eramaten baitu, eta Errege Ogasuna eta fabrika nazionalen sustapen handiagoa kaltetzen baititu»). Izen hori jartzeko arrazoia zen haren enkargu nagusia zela erremedioa jartzea hiru euskal probintzietan Errege Errenten gaian maiz gertatzen ziren «nahasmen» eta «abusuei». Agindu hartan, non Erregeak jakinarazten zion Batzordearen sorrera Bizkaiko Jaurerriari, ziurtatzen zen, ordea, haren xedea zela «Erresumaren ongi orokorra» uztartzea
«Probintzia salbuetsien ongi partikularrarekin», haien foruak «berrezarri» baitzituen, Cadizko garaiaren ondoren, Fernando VII.ak berak, 1814ko uztai- laren 29ko Errege Aginduaren bidez.
Ikuspegi horretatik, 1808aren aurreko garaiari jarraitasuna emanez, badirudi Batzordea sortuta Gobernuak zuen asmoa zela, abusuak erreformatzea baino gehiago, justifikatzea, J. A. Llorentek hasitako dokumentu bidezko kritikatik abiatuta, muga-zergen inguruko gaiak ateratzea jurisdikzio probintzialetik, foru-baimenetik salbuetsita, era esklusiboan esleitzeko jurisdikzio berezi bati: errenta-ordezkariei, alegia.
Baina Batzordeak hasieratik erabiltzen zuen nazio espainiarraren defini- zioak lurraldeari eta merkataritzari zegozkien gaiak Ogasunarekin identifikatzen zituen (penintsulako merkatua babestu nahian), eta horrek lehenik eta behin eskatzen zuen, probintzietako agintariek defendatzen zutenaren erabileraren aurka, aduanak barne aldetik kostara eramatea («Foruen berrespen horrek ez lituzke kaltetu behar Ogasunaren eta Nazio osoaren interesak»), eta horrekin justifikatzea Gobernuaren esku-hartzea, foraltasunaren mugak alda- tzeko baliagarritasun publikoaren (fiskala) irizpideetatik abiatuta, eta errege- legegintza berrestea (tokiko ohitura/lege edo lege partikularren aurka).
Batzordeak, beraz, hasieratik planteatuko zuen foruak mugatzeko aukera, lurralde horietara hedatuz gai ekonomiko-juridikoen inguruko araudi orokorra.
Sortu zen unean, Batzordea osatzen zuten Gaztelako Kontseiluko kontsei- lari Jose Maria Sierrak, Ogasun Kontseiluko kontseilari Jaime Alvarez Mendietak, Errenten zuzendari nagusi Mateo Gil Solak eta Kantabriako Aduanetako Gobernadore Francisco Campuzanok. 1819an, ordea, Batzordeak emandako txostenean ageri zenaren arabera, kideak honako hauek ziren: Gaztelako Kontseiluko fiskal Ramon Lopez Pelegrin, Errenten Zuzendaritza Nagusiko Juan Quintana (Estatuaren zorraren kitapen batzordeko burua), Francisco Maria Campuzano, Ramon Garcia Lleopart, Ogasun Kontseilukoa, Gipuzkoako korrejidore 1814ko amaiera aldera, eta Manuel Jofre Villegas, Batzordeko idazkaria.
Batzordearen eginkizuna izan zen, finean, hiru probintziei buruzko txosten edo irizpen bat ematea, 1819ko apirilaren 2ko data daramana, bertan aipatzen den azken xedapena 1816ko martxoaren 9koa bada ere. Txosten horren zenbait kopia eskuz izkribatuak gordetzen dira, bi Madrilgo Artxibo Historiko Nazionalean, eta beste bat Sevillako Unibertsitateko Liburutegian, Pedro Sainz Andinoren funtsean jasoa dagoena. Testua, nolanahi ere, garrantzi gutxiko zenbait aldaketa erantsita, ez zen osorik inprimatuko 1836ra arte, ordurako konstituzionalismoa agintean zela, eta Madrilgo «erregearen inprimatzaile» Tomas Jordanen Bulegoan inprimatu zen, hain zuzen ere. Txostena une hartan plazaratzearen helburua, noski, eztabaida publikoan eragitea zen, izan ere, 1839ko urriaren 25eko legearen inguruan lehenik Kongresuan egindako eztabaida, egun haietan Senatuan hastekoa baitzen. Lege horrek, 1837ko Konstituzioaren testuinguruan, eta «Monarkiaren batasun konstitu- zionala kaltetu gabe», euskal probintzietako eta Nafarroako foruak manten- tzea berretsi zuen, baina haiek aldatzeko eskatzen zuen, konstituzioaren arabera egokitzeko.
Txostena, dena den, ez zen ezezaguna. Tomas Gonzalezek lehen ere eraman zuen inprimategira haren laburpen bat 1829an, euskal lurraldeei buruz osatu zuen Arau eta Agirien Bilduma ospetsuan. Testuak, gainera, inprimategira iritsi baino lehen, eskuizkribu bidezko eztabaida bat piztu zuen, mendearen hasieran Llorente eta Aranguren Sobradoren artean izan zutenaren an- tzekoa, hasieratik eskuizkribu bidez erantzun baitzion J.A. Ibañez Renteriak. Haren esanetan «Txostenak gehiago esaten zuen, indar gehiagoz eta adieraz- pen egokiagoez, Llorentek baino». Baina absolutismoaren ondoren ere eztabaida ez zen itxi, P. Novia Salcedoren lanak frogatzen duenez. Bera merka- taritza librearen aldekoa zen, eta haren lana, 1829an bukatu zuena, ez zen inprimatuko 1851-52ra arte.
Txostena modu argian Juan Antonio Llorenteren Noticias Históricas la- nean oinarritzen da, baina haren aipamenik ez du egiten, hura frantsestua zelako. Beraz, Txostenaren egile materiala ezezaguna da. Eskuz idatzitako ko- pia bat Sevillako Unibertsitateko Liburutegiko P. Sainz Andinoren funtseko paperen artea gorde izanak, beharbada, iradokitzen ahal du hura izan zela Txostenaren egilea, Sainz Andinok berak 1829an beste txosten bat eman zuelako, Ebroko aduanak Nafarroako iparraldera lekualdatzearen alde. Baina Abusuen Batzordearen Txostena eman zen unean Sainz Andino nondik nora zebilen batere ez dakigu eta, aipatzen ari garen bi txosten horien tonuan eta argudioetan dagoen aldea aintzat hartuta, zaila da pentsatzea hura izan zela egilea. Beste alde batetik, arreta eman izan du nolako kointzidentziak dauden haren proposamenen eta 1814an Fernando VII.ari Justo Jose Banquerik, Ogasun Idazkaritzako ofizialak, aurkeztu zion txostenaren artean. Beste aukera bat da, ziurtatu ez badaiteke ere, testua idazteko lanean parte hartzea Batzordea hasi zenetik bukaera arte bertako kide izandako pertsona bakarrak, Francisco Maria Campuzanok, alegia. 1813an, Cadizko Gorteen aginduz, Gasteizko Intendente kargua baitzuen, aduanen erreforma egiteko enkargua jaso zuen, baina ez zuen lortu.
Estatu Kontseiluak, hirurteko liberalean sartuta dagoeneko, Txostenari buruz eman zuen Irizpenaren arabera, 1820an Batzordea iritsi zen 46 paper- sorta ere erabiltzera, haien artean, adibidez, Aduanetako gobernadore-ordezkariak emandako txosten eta espedienteen multzoa; Burgos, Santander, Cadiz, Katalunia eta Coruñako Kontsulatuen kexak, protekzionismoaren defentsan; Probintzia salbuetsiekiko merkataritza libreari buruzko Kapitulatuak, 1727koak; Bilboko kontrabandoaren epailearen txostenak; eta Garci Lopez Chinchilla korrejidorearen txosten bat (1487), funtsezko garrantzia zuena, aurrerago ikusiko denez.
Txostenaren edukia hiru zatitan banatua dago. Lehenengoa atal historikoa da, eta hiru euskal probintzien ustezko jatorrizko independentziaren aurkako argudioak aurkezten dira, esanez XII. mendearen aurretik udal forua beste legerik ez zegoela, eta haien zerga-ekarpena egiteko salbuetsita ez zeudela. Bigarren atalean ezbaian jartzen da kontrabandoa galarazteko 1727ko Kapitulatuak, gobernuaren eta euskal lurraldeen artean adostutakoak, zuen eraginkortasuna. Haren bidez finkatzen ziren barneko aldeko aduanak, salbuespen-kasuetan bakarrik kostara lekualdatu zituenak Filipe V.ak, 1717an. Eta azkenik, hirugarren atalean, kontrabandoa deuseztatzeko hainbat proposamen zehatz egiten ziren, besteak beste, barne aldeko aduanak kostara erama- tea, Bilboko eta Donostiako kontrabandoaren epaitegiak eta Irungo «Alcaldía de Sacas» ospetsua deuseztatzea, eta foru-aldundietatik eta hiru lurraldee- tako justizia erakundeetatik kentzea «errenta eta merkataritza» gaien inguruko guztia, eta baimentzea hainbat produkturen merkataritza librea, besteak beste, burdina, tabakoa edo gatza, horretarako gaitasuna emanez Bilboko eta Donostiako portuei, eta zergak ordainaraziz, berriz, Amerikara edo atzerriko erresumetara eraman beharreko gaiei bakarrik.
Beraz, argi dago Batzordea sortu zen unean testuingurua zela aduanen inguruko gatazka. Baina Txostenean argudio gisa historia juridikoa erabiltzen denean, helburua da kontrabandoa jazartzeko eginkizunean lehentasuna ematea salbuespenezko jurisdikzio bereziari —errenten gobernadore ordezkaria— foru-aldundien gainetik, haiek maiz foru baimena baliatzen zutelako auzien inguruko errege-xedapenen aurrean. Zentzu horretan, historia baliatzen da Txostenean gobernuaren esku-hartzea justifikatzeko, 1727an Biz- kaiarekin eta Gipuzkoarekin eta 1748an Arabarekin sinatutako Konbenioetan ezarritakoaren aurkakoa zelako, izan ere, haietan, aduanak barne aldean mantentzeaz gain, zergetatik salbuetsitako merkataritza-gai zerrenda luzea jasotzen baitzen. Hortik zetorren egileek Cinchillaren Ordenantzei ematen zieten garrantzia, horiek baitziren Errege Kontseiluaren erreferenteak hemezortzigarren mendean Bizkaian esku-hartzeko, lehenengo aldiz 1782an, Errege Kontseiluaren aginduz, inprimatu zirelarik, ordurarte inprimatu gabe izaki eta.
Hala eta guztiz ere, denbora luze igaro zen Txostena idatzi zenetik inprimatuta argitaratu zen arte eta, beharbada, horregatik erabili izan zen alde batera edo bestera, unean uneko interesen arabera, batik bat absolutismoaren eta liberalismo konstituzionalaren aldetik. Nolanahi ere, bietan ahala bietan ere, arrazoi historikoaren aipamenak etengabeak izan ziren.
Absolutismoaren menpean txostena erabili zen lurraldeen legearen eta erregearen bitartekaririk gabeko subiranotasunaren alde argudiatzeko, horixe baitzen Espainaiko Ilustrazio juridikoaren ezaugarrietako bat, euskal foraltasunak denbora luzez irudikatu duen erabileraren eta ohiturazko zuzenbidearen aurrean. Partidak aipamenak, jaunen jurisdikzioaren gainean erregeak zuen lehentasunari buruz, eta Fernando VII.ak foruak «berritu» izana baliagarriak izan ziren Txostenaren egileentzat, foruen gaineko esku-hartze edo/eta aldaketa justifikatzeko. Hala ere, absolutismoaren garaian Txostenaren proposamenak ez ziren inoiz aplikatu, Monarkiak nahiago izan baitzuen, Ogasun andeatu bat zuelarik, euskal lurraldeen zerga-salbuespena bere horretan uztea, Monarkiari egindako dohaintza oparoen truk.
1837ko Konstituzioaren menpean, berriz, berariaz aipatzen ez bazen ere, Txostena zen liberal aurrerakoiek gehien erabili zuten dokumentua, 1839ko Legea parlamentuan eztabaidatu zenean, euskal foruak aldatu behar zirela defendatzeko, konstituzioan lehenesten zen subiranotasun nazionalaren («batasun konstituzionala») kontzeptuaren arabera egokitzeko. Kontzeptu horren arabera, aduanen batasuna eztabaida ezina zen, eta foruak aurkezten ziren —esaterako C. Anton Luzuriagak edo Pedro Lemanuriak— estatuaren lurral- de-antolamendu berriaren administrazio propio baten gisa, orduan konstituzioan ia batere jasotzen ez zena, 1812aren aldean.
Txostena Konstituzioaren garaian erabiltzen jarraitzeak adierazten du planteamendu liberalek absolutismoarekin bat egin zutela, nazioaren kon- tzeptu unitarioa lurralde eta zergen gaian guztien gainetik zegoen kontzeptu gisa, edozein aldaketa egin aurretik. Praktikan, ordea, absolutismoaren garaian bezala, alde batera eta bestea jotzen zen, batzuetan foruak mantentzearen alde, ogasun publikoari egindako ekarpen oparoen truk, eta aldatzearen alde, adibidez 1841eko Dekretuaren bidez —ez lege bidez— maiz aldaketa ho- rien efikazak ez zirela ondorioztatu bazen ere.
Bibliografia
BERNAL, A. M., España, proyecto inacabado. Costes/beneficios del Imperio, Madril: Fundación Carolina-Marcial Pons, 2005.
GARCÍA MARTÍN, J., «Informe de la Junta de Reforma de Abusos de la Real Hacienda de las Provincias Vascongadas (1819-1839). Edición crítica y estudio», E- Legal History Review 5 (enero 2008), 1-106. orr.
IBÁÑEZ DE LA RENTERÍA, J. A., «Observaciones sobre el informe dado al Rey por la Junta de abusos de Real hacienda de las Provincias Bascongadas que de orden de la Diputación de este Muy Noble y Muy Leal Señorío de Vizcaya me remitió al efecto de hacerlas su Secretario perpetuo de gobierno a 22 de enero de este presente año [22 de febrero de 1820]». J. Agirreazkuenaga, «Contribución al pensamiento político de José Agustín Ibáñez de la Rentería (1751-1826)», Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 2 (1994), 405-427. orr.
NOVIA SALCEDO, P., Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Vizcaya y provincias de Álava y Guipúzcoa, contra las noticias históricas de las mismas que publicó D. Juan Antonio Llorente y el Informe de la Junta de Reforma de abusos de la Real Hacienda en las tres Provincias Bascongadas, Bilbo: Librería Delmas é Hijo, 1851, 4 libk.
PÉREZ MOSTAZO, J., Ilustrando las raíces. Antigüedad vasca, política e identidades en el siglo XIX, Iruñea: Urgoiti argitaratzaileak, 2019.
RUBIO POBES, C., «Estudio introductorio. La burguesía donostiarra y la cuestión aduanera: un conflicto foral «Ciudad de San Sebastián. Memoria justificativa de San Sebastián para el fomento de la industria y el comercio de Guipúzcoa (1832), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1996, 11-63. orr.
SORIA SESÉ, L., «La controversia sobre los supuestos abusos del sistema aduanero vasco: 1795-1829», Notitia Vasconiae, 2 (2003), 453-477. orr.





