Karguak eta lanbideak
Jesuita kanporatua, filologo euskoiberista, poligrafoa
Ibilbidea
Juan Garcia Hervas eta Ines Panduroren semea, Jesusen Konpainian sartu zen 1749ko irailaren 29an, Madrilgo nobiziatuan. Hiru urtez egon zen Alcalá de Henaresen Humanitate ikasketak egiten, Filosofia eta Teologiakoei ekin aurretik (1752-1760). Alcalan hizkuntza erudituak eta matematikak ere ikasi zituen. Teologiaren ondotik, urtebete eman zuen misio ebanjelikoetan Cuencako gotzaindegian, eta 1760an apaiz ordenatu zen. Hainbat ikasgai eman zituen Cáceresko ikastetxean (1760-1764), Huetekoan (1764-1765), Madrilgo Nobleen apaizgaitegian (1765-1766) eta 1766ko bukaeratik Murtziako Anuntziadan. Bertan harrapatu zuen, hurrengo urteko martxoan, jesuitak kanporatzeko aginduak.
Kanporatzeko Errege Pragmatika aldarrikatuta, Hervas eta bere adiskideak Cartagenara eraman zituzten. Korsikan urtebete egin eta gero (1767ko udatik 1768ko udazkenera), Forli hirian ezarri zen, Bolonia eta Rimini artean, eta Metafisika eta Matematika irakasten aritu zen. 1774 eta 1784 artean, Cesenan bizi izan zen, eta gainerakoan Erroman, Quirinal jauregi pontifikaleko liburuzain, bere lagun Pio VII.ak proposatuta. 1798-1802 urteen artean, aldiz, Erroma utzi eta Espainiara itzultzeko aukera izan zuen.
Italiako inbasio napoleonikoak eragindako egoerak 1798ko martxoaren 11ko Errege Ordena ekarri zuen, eta jesuita ohiei Espainiara itzultzeko aukera eman zien, betiere, Madrilera bizitzera ez joateko baldintzarekin. 1799ko otsailaz geroztik, hainbat hilabetez Bartzelonan bizi ondotik, Hervas bere jaioterrira, Horcajora, itzuli zen, eta bi urte egin zituen bertan. Garai horretan Bergarako (Gipuzkoa) Apaizgaitegia zuzentzeko hautagai izan zen, baina ekimenak ez zuen aurrera egin. Behin eta berriz proposatzen zioten arren, Hervasek ez zuen Baskoniako «udaberri amaigabea» bisitatzeko gonbidapena onartu, nahiz eta bi Gaztelak jipoitzen ari zituen sukar izurritea (paludismoa) saihesteko baliagarria izan. Aurrerago egindako oharren batean, ematen du benetan euskara ikasteko gogoa izan zuela, eta, noski, horretarako Baskonian sei hilabete igarotzea pentsatu zuen 1801. urtean. Ziurrenik, Humboldten bigarren bisitaldiarekin batera izanen zen, Hervasek berak onartu zuenez.
«Lasaitasun publikoarentzat kaltegarriak» zirela uste zuenez, Espainiako gobernuak jesuita ohiei prebentzio neurriak ezarri zizkien (bereziki Hervasen aurka) Errege Ordena baten bitartez (1801eko martxoaren 15ekoa). Hortaz, Cartagenan bildu zituen denak, berriro kanporatzeko, eta Ingalaterraren itsas blokeoa zela-eta, urtebete baino gehiago izan ziren bertan.
Bigarren aldiz Italiara erbesteratu zutenean, Hervasek harremanetan jarraitu zuen euskal intelektualekin. Cuencako abadea adiskidetasun horri eusten saiatu zen, Elias Ranz bere liburuzain eta agente literarioari, 1803ko abuztuaren 15ean bidali zion gutunean ikus daitekeenez. Soilik bi urte geroago, badakigu Catálogo de las lenguas lanaren sei liburukiak Bascongadara iritsi zirela, Juntas generales privadas de la Real Sociedad Bascongada, celebradas en la villa de Bilbao por el mes de julio de 1805-n, zehazki 28ko goizean, honakoa jaso zelako: «lagun artxibozainak Elkarteko artxiboan honako obrak aurkeztu zituela jaso zuen: Catálogo de las Lenguas de las naciones conocidas. Guztiak beren autoreek oparituta». Behar bezala erantzuteko, hurrengo eguneko arratsaldeko saioan, uztailak 29, «Lorenzo Hervas abade jaunari baz- kide literato patentea ematea adostu zen». Hesvasek euskalarien onespena bereganatu zuen Catálogo de las Lenguas de las naciones conocidas argitaratu zuenean. Manuel Larramendi jesuitaren tradizioari jarraituz (1690-1766), Baskoniarekin zerikusia zuten ikerketak bultzatzen zituen bertan, eta horrela aritu zen 1783tik hil zen arte. Hala, División primitiva del tiempo entre los bascongados usada aún por ellos izan zen Hervasek burutu ahal izan zuen azkeneko lan serioa, 1808ko urtarrilaren 1ean. Ordurako denbora luze zeraman artrosi larria pairatzen eta urte eta erdiren buruan hil zen.
Horcajoko abadeak gaztelerazko Catálogo de las Lenguasko IV., V., eta VI. liburukiak idatzi zituen euskal probintzietako biztanleak «Espainiako lehen biztanleen benetako eta egiazko oinordeak» zirela frogatzeko. Foruza- leek tesi hori erabili zuten euren pribilegio politika defendatzeko, eta haien aurrean Madrilgo gobernua zegoen, Godoyk babestutako filologoen eta Historiaren Akademiaren laguntzarekin, foruen indargabetzea ideologikoki eta zientifikoki prestatzen. Horretarako, gobernuak Traggiaren Diccionario his- torico-geográficon «Navarra» sarrera argitaratu zuen eta, ondoren, Astarloaren Apologiaren aurka jo. Jose Antonio Conde zen eraso horren buru, abadearen Catálogoko IV. eta V. liburukien zentsore malgu izandakoa. Harrigarria da Jose Antonio Conderen jarrera, Hervásen Catálogoko zentsurak goraipatzen baititu, eta Astaloaren Apologia baztertu, biek ala biek Larramendiren euskarari buruzko ideia berak lantzen dituzten arren.
Aita Enrique Portillo jesuitak honakoa esan zuen: «Hervasen Catálogo de las lenguas irakurri duenak ikusi ahal izan du euskarari ematen dion garrantzia […]. XVIII. mendean euskara aztertu nahi zuen oro berehala saiatzen zen abadearekin harremanetan jartzen». Argi eta garbi, Hervas euskoiberismoaren defendatzaile sutsua izan zen, eta bere euskarari buruzko hizkuntza ideietan gertatutako aldaketak italieraz idatzitako Catalogotik (1785) gazteleraz idatzitakora (1804), foruzaleekin eta babesten zituen euskal hizkuntzalariekin izandako harreman estuaren eraginez gertatu ziren. Astarloak, Moguelek, Tomas de Sorreguietak eta Luis Carlos Zuñigak Hervasi gutunak idazteaz gain, bere azkeneko argitalpenak oparitu, eta aholkua eskatzen bazioten, pentsatzekoa da nolabaiteko autoritate zientifikoa aitortzen ziotela.
Hervasek euskaldunekin zuen harreman onaren jatorria, euskara «lehen- dabiziko hizkuntza» zela frogatzeko egin zuen defentsa da, hizkuntza horren eta euskaldunen inguruko auziaren funtsezko elementua. Sentimendu «patriotikoa» eta berez herriarena den berezitasun ororen gaineko harrotasuna daude euskararen eta lehendabiziko hizkuntzaren inguruko polemika guztien atzean, eta horren eraginez, ezagutza linguistikoa interes politikoaren menpe geratu zen. Oso agerikoa izan zen garai hartan Baskoniako historia lantzen zutenengan.
Hervasek atseginez hartu zuen euskara penintsulako lehen hizkuntza zelako aurkikuntza, bere antzinako historiaren ikerketa historiko-antropologikoek zuten arazo metodologiko larri bat konpondu baitzuen horrela, ez soilik Espainiari buruzkoetan, baita Europa guztia hartzen zutenetan ere. Cuencako hizkuntzalariak nazioak sailkatzeko bitarteko natural eta fidagarritzat hartu zituen hizkuntzak. Bere metodoan, hizkuntzen azterketari lehentasuna eman zien, bere ustearen arabera, hizkuntzak ezinbestean loturik zeudelako haiek erabiltzen zituzten herriekin. Ideia hori xeheki azaldu zuen Saggio pratico delle linguen honako formulazioaren bitartez: «La storia delle lingue è quella delle nazioni, che le parlano. Le lingue fanno conoscere la dispersione e diramazione dell’ uman genere».
Euskararen bikaintasunen gainean zuen sinesmenaren atzean, bere lagun euskaldun foruzaleen izpiritu aldarrikatzailearen eragina egon liteke. Hervasek hiru probintziei egindako eskaintzak gogora ekartzen du Astarloak Bas- kongadari egindakoa, bigarren hori oso politizatua izan zen arren. Euskara askatasunaren sinboloa da («kanpoko nazioen anbizioaren aurka zuen askatasun garailearen bereizgarri bezala; antzinatasun errespetagarriaren errelikia gisa; Babelgo hizkuntzen nahasmen korapilatsuan Espainiak merezimenduz izan zuen zorte handiaren erakusgarri gisa; eta, azkenik, gure nazioaren historia primitiboa irudikatzeko monumentu gogoangarri gisa»).
Euskararen apologista gisa, Tubalek ekarritako hizkuntza primitiboa zela defendatu zuen, Biblian jasotako Babelgo Dorrearen atalean proposatu- tako tradizioari jarraituz. Hervasek Historia eta Etnografiaren esanetara jarri zituen ikerketa linguistikoak, Larramendik egin bezala. Hortik politikaren esanetara jartzera, urrats bakar bat besterik ez dago, eta batera eman zen.
Bizkaiko talde foruzalearen zerbitzura Foruzaleak Hervasen ezagutza linguis- tikoak Astarloari aholku emateko erabiltzen hasi zirenean, bat-batean, bereburua auzi horretan nahasirik ikusi zuen, agian, guztiz kontziente izan gabe.
Hainbat sari akademiko jaso zituen: Cortonako Akademia Etruskoarena (1786), Dublingo Zientzia eta Antzinaroko Errege Akademiarena (1785), Euskalerriko Adiskideen Elkartearena (1805) eta Livornoko Zientzien Akademia Italiarrarena. Beste batzuek, W. von Humboldtek, adibidez, bere jakintza eta lanerako prestutasuna goraipatu arren, metodo faltagatik kritikatzen zuten. Egia esateko, bere ekoizpen ugaria ez da perfekzioa erdiesteko gai (berrogeita hamar bat liburu argitaratu; berrogeita hamar eskuizkribu argitaragabe, eta beste hainbeste galduta). Gai guztiz desberdinetara erraztasun handiz egokitzeko adimen malgutasun arraroa zuen, eta hori da Hervasen obraren bi akats nagusien arrazoia. Hezkuntzaren bitartez, atzeratutako Espainia eguneratu nahi izan zuen. Bere sormen mailarik handiena hizkuntzalaritza konparatuan lortu zuen.
Berak idatzitako Biblioteca jesuítico española lanean, kanporatutako jesuiten arteko idazle emankorrenetako bat bezala aipatu zuen bere burua, bere autoerretratu literarioa dei genezakeena eskainiz. Aita Portillok zenbatutako 62 lan eta 131 liburuki guztiak ezin ditugunez aipatu, soilik italieraz eta gazteleraz argitaratutako lan nagusiak, bibliografia nagusia (ikerketa bibliografikoak) eta Hervasen euskoiberismoari buruzkoa aipatuko ditugu.
Obrak
Idea dell’Universo, che contiene la Storia della Vita dell’Uomo, Elementi Cosmografici, Viaggio Estatico al Mondo Planetario, e Storia della Terra, Cesena: Gregorio Biasini, 1778-1787, 16 libk.
Catalogo delle lingue conosciute, e notizia della loro affinità e diversità, Cesena: Gregorio Biasini, 1778-1787, 5 libk.
Historia de la vida del hombre, Madril: Aznar moldiztegia, 1789-1797, 7 libk.
Analisi filosofico-teologico della natura della Carità ossia dell’amor di Dio, Foligno: Giovanni Tomassini, 1792.
Viaje estático al mundo planetario, Madril: Aznar, 1793-1794, 4 libk.
Escuela española de sordomudos, Madril: Errege Moldiztegia, 1795.
Catecismo de la doctrina cristiana para instrucción de los sordomudos, Madril: Villalpando, 1796.
El hombre físico, o Anatomía humana físico-filosófica, Madril: Ongintzako Errege Erabakimen Administrazioaren Moldiztegia, 1800, 2 libk.
Catálogo de las lenguas de las naciones conocidas, y numeración, división y clases de estas, según la diversidad de sus idiomas y dialectos, Madril: Ongintzako Errege Erabakimen Administrazioaren Moldiztegia, 1800-1805, 6 libk.
Descripción del Archivo de la Corona de Aragón existente en la ciudad de Barcelona, y noticia del Archivo general de la Militar Orden de Santiago existente en su convento de Uclés, Cartagena, 1801.
Revolución religiosa y civil de los franceses en el año 1789: Sus causas morales y medios usados para efectuarla, Madril, 1803 (2. ed. Causas de la Revolución de Francia en el año 1789 y medios de que se han valido para efectuarla los enemigos de la Religión y del Estado, Madril, 1807).
Bibliografia
ASTORGANO ABAJO, A., «Hervás y los apologistas vascoiberistas en 1803»,
Revista Internacional de los Estudios Vascos, 48. zk., 1. libk. (2003), 347-408. orr.
ASTORGANO ABAJO, A., «Hervás, la Bascongada y los lingüistas defensores del vascoiberismo, en el marco del fuerismo», Astarloa en el II centenario de la «Apología de la lengua bascongada» (1803-2003), Donostia: Euskalerriko Adiskideen Elkartea, 2003, 11-140. orr.
ASTORGANO ABAJO, A., «Hervás, apologista del eusquera como lengua primitiva de España en sus contextos fuerista y vascoiberista», Archivo de Filología Aragonesa. In Memoriam Manuel Alvar (1923-2001), LIX-LX (2002-2004), I. libk., 169-195. orr.
ASTORGANO ABAJO, A., La Literatura de los jesuitas vascos expulsos (1767-1815), Euskalerriko Adiskideen Elkarteko sarrera hitzaldia. Emilio Palaciosen erantzuna, Madril: Euskalerriko Adiskideen Elkartea-Gorteko Ordezkaritza, 2009.
ASTORGANO ABAJO, A. (arg.), Biblioteca jesuítico española II. Manuscritos hispano portugueses en siete bibliotecas de Roma, Madril: Libris, 2009.
ASTORGANO ABAJO, A., El abate Lorenzo Hervás y Panduro (1735-1809). Sabio polígrafo,
Ciudad Real: Almud-Gaztela Mantxako Unibertsitatea, 2010.
ASTORGANO ABAJO, A. (arg.), Miguel de Cervantes Liburutegi Birtualean Hervasi eskainitako ataria: http://www.cervantesvirtual.com/obra/biblioteca-de-lorenzo-hervas-y- panduro-0/ (Kontsulta: 2019ko urriaren 9an).
CARO VAROJA, J., Sobre la lengua vasca y el vascoiberismo, Donostia: Txertoa, 1982 (2. ed.).
FUERTES GUITÉRREZ, M., Las ideas lingüísticas de Lorenzo Hervás y Panduro (1735- 1809). Doktorego tesia, Valladolid: Valladolideko Unibertsitatea, 2006.
MÉNDEZ RAMOS, S., Lorenzo Hervás y Panduro como filósofo: antropología, ética, moral y política, Tesis doctoral. Oviedo: Pentalfa, 2013.
OLARRA, J. de (arg.), «Hallazgo del tratado de Hervás y Panduro: División del tiempo entre los bascongados, usada aún por ellos», Euskalerriko Adiskideen Elkartearen Bule- tina, 8 (1947), 313-354. orr.
TOVAR, A., El lingüista español Lorenzo Hervás, Madril: Espainiako Liburu-denden Elkarte Orokorra, 1987.
PÉREZ MOREDA, V., «Hervás y Panduro, Lorenzo», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/11994/lorenzo-hervas-y-panduro (Kontsulta: 2019ko urriaren 11n).





