Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

LOPEZ Y LOPEZ DE TORRE, Blas Domingo (Langraitz Oka, Araba, 1781eko otsailak 3 – Gasteiz, 1861eko abenduak 23).

Karguak eta lanbideak

Legelaria, magistratua, politikari foruzale liberala, Probintziako aita

Ibilbidea

Euskal Foruen defendatzaile sutsua, Arabako Batzar Nagusiko ahaldun izan zen 1814an, Gasteizko alkate 1843-1844an eta Gorteetako diputatu 1837 eta 1853 arteko lau legealditan. Legelari bikaina zen, Bartzelonako Audientziako ohorezko magistratu, Arabako Aldundiko aholkulari eta karguan zen bitartean ohiturazko forua idatzi zuen. Jatorri xumea zuen arren, XIX. men- deko Euskal Herriko pertsonaia publikorik garrantzitsuenetako bat izatea lortu zuen. Bere zerbitzuengatik Probintziako aita izendatu zuten.

Bere gurasoak Lazaro Tomas Lopez, Langraiz Okan jaioa (Araba), eta Rosa Lopez de Torre, Argantzunen jaioa (Trebiñu, Burgos), ziren, eta familia Argantzunen bizi zen. Langraiz Oka ondoko posta bideko Lupierro bentako bentarien seme eta biloba zen. Oñatiko eta Valladolideko Unibertsitateetan Zuzenbidean lizentziatu zen, eta Gasteizen aritu zen abokatu.

1810eko urriaren 12an ezkondu zen Argantzungo Marcelina Iñiguez y Lazcanorekin, 1861eko uztailaren 3an bat batean hil zen arte. Harekin bi alaba izan zituen: Joaquina eta Matilde; azkena,1843an, Francisco Javier Palacios y Balzolarekin ezkondu zen, 1876. eta 1879. urteen artean Gipuzkoako senatari izandako Francisco Mariaren anaia.

Bere jarduera politikoa Arabako Batzar Nagusietan hasi zen, 1814an, probintziako prokuradore eta aholkulari bezala, «burutzeke zeuden negozio larriak eta sor litezkeen berriak bideratzeko». Batzarretan legelari aritu zen nagusiki, foruekin loturiko gaietan aditua. Berak idatzi zituen Batzar Nagusietan aurkeztutako txosten ugari, eta, zenbaitetan, hiru Aldundien bileren gaineko informazioa emateko deitu zuten, Arabako ordezkaria baitzen. Blas Domingo Lopez «hiru ahizpen» bilera gehienetara joan ohi zen.

Hirurteko Liberala iritsi zenean (1820-1823), Gasteizko bigarren alkate izendatu zuten 1820ko apirilaren 4an. Denbora gutxi eman zuen kargu horretan, hilaren 21ean, kargua utziko zuela jakinarazi baitzion Udalari, Gasteizko eta bere 43 herrietako lehen instantziako epaitegiko epaile izendatu zutelako. 1822ko abuztuaren 6an, inprenta askatasunaren legerako aurreikusitako epaimahaiaren bitarteko fiskal izendatu zuten.

Hirurteko liberalean kargu publikoetan aritu izanagatik ere, Hamarkada Gaitzesgarriko berrezartze absolutistan ez zuen bazterketarik jasan. Ez hori bakarrik, Arabako Foru Aldundiaren lehen urratsetan bere laguntza ezinbestekoa izan zen. Laster hartu zituen probintziako eta Batzar Nagusietako aholkulari eta lehen kontsultari karguak bizi arterako. Foruen defentsan egin zituen hitzartze guztiak Instrucción para la defensa de los Fueros de la M.N. y M.L. Provincia de Álava (1827) lanean jaso ziren. Urte hartatik 1857ra hiru euskal Diputazioek egindako bilera guztietan ageri da. Eskerrak emateko, 1831ko azaroaren 21ean, aholkulari karguan emandako zerbitzuengatik aintzatespena eskatu zioten Arabako Batzar Nagusiek erregeari. Aurrerago, 1833ko apirilean, Kataluniako Errege Audientziako krimenaren alkatearen ohorezko plaza eman zioten.

Lehen Karlistaldian, Blas Lopezek hainbat idatzi igorri zituen Madrilgo prentsara eta komisio parlamentarietara. 1833ko urriaren hasieran, lehendabiziko altxamendu karlisten berriak iritsi zirenean, agintea hartu nahi zuen erregegai karlistaren aldeko Arabako altxamendua ekiditen saiatu zenetakoa izan zen Blas Lopez. Horretarako Valentin de Verasteguirekin elkarrizketatu ziren (1789-1878), «natural armatuen» buru baitzen. Hilabete horretan, aldi berean izan ziren indarrean Diputazioko botereak eta botere armatua zuen Batzorde Karlista. Urriaren 20tik 21erako gauean, istilu larriak izan ziren eta hainbat pertsona atxilotu zituzten, tartean Blas Lopez. 1834an, Burgosera bidali zuten erbesteraturik, baina denbora gutxirako: maiatzaren bukaeran, Madrilera joan zen eta, ekainaren 10ean, Gasteizera bidean zen.

Arab ako Aldundiko aholkulari zen aldetik, idatzi gehien idatzi zituenetako bat izan zen, eta negoziatzailerik garrantzitsuenetakoa Isabel II.arekin izandako foruen inguruko eztabaidetan. 1834an, Arabako Aldundiak Fausto Otazu bidali zuen Gorteetara ordezkari gisa, probintziaren interesen alde egin zezan, eta Blas Lopez izan zen bere laguntzaile nagusia komisio horretarako behar zituen gai teknikoetan, eta foruak mantentzeko argudio juridikoak behar izan zituenean. Otazuren gutuneria aztertuz gero, argi atzeman daiteke Blas Lo- pezek foru sistemarekin jarraitu nahi zuen estrategia zein zen: egoera zail eta gatazkatsu horretan, aurrez aurreko eztabaida ekiditea zen bere helburua, bizirautea, alegia; gerora, garai lasaiago, eta, printzipioz, aldekoago batean, gaia berriro mahai gainean jartzeko.

1836ko maiatzean, Francisco Javier de Isturizek deitutako hauteskundeetan, Lopez Arabako ordezkari izateko hautatu zuten, baina, azkenean, ez zituzten Gorteak ireki. Diputatu kargua galdu arren, Madrilen geratu zen den- bora luzez, baina ez geldirik, bere idatziak eta goi-karguei egindako bisitak ugariak izan baitziren. 1837ko udaberrian Gasteiza itzuli zen. Bertan, 1837ko abuztuaren 17an, tropak altxatu zirenean, ezkutatu eta bizia salbatzea lortu zuen.

1837ko Konstituzioa onartu zenean, diputatu akta lortu zuen 1837-1838 eta 1838-1839 legealdietarako eta Madrilera itzuli zen. Diputatuen Kongresuan emandako denboran, Arabako korporazioaren aginduz, «zorigaiztoko herrialde hau zapaltzen duten kalte latzak leuntzen saiatzeko» urratsak ematen saiatu zen. Nagusiki, presio fiskala arintzeari begirako kudeaketak egin zitzan eskatu zitzaion. Eragin politiko handiagoa izan zuen Bergarako Hitzarmenean jasotako klausulak euskal instituzioen alde indarrean jar zitezen egindako ku- deaketetan parte hartu zuenean. Pedro Egaña eta Fausto Otazurekin batera, foru araudia bere horretan mantentzen saiatu ziren, ahal zen heinean. Parlamentuko egonaldia bukatu zuenean, 1839ko ekainaren 11n, Diputazioak komisio bat bidali zion probintziari egindako zerbitzuagatik zoriondu zezan. Era berean, 1839ko abenduaren 17an Probintziako Aita izendatu zuten, «Arabako probintziari eskainitako arretarengatik, interesagatik eta zerbitzuengatik». Arabako Abokatuen Elkargoa sortu aurreko prestaketan lagundu zuen, 1839ko azaroaren 12an, eta bertan sartu zen hogeita bi abokatuetako bat izan zen.

1840ko maiatzaren hasieran, Blas Lopez Madrilera aldatu zen bere familiarekin, Gorteetako ordezkari bezala, Foruak mantentzeko Gobernuarekin izaten ari ziren negoziaketetan parte har zezan. Izandako esku hartzeagatik, Arabako korporazioak zoriondu zuen. 1843ko urtarrilaren 1ean, Gasteizko lehen alkate kargua hartu zuen. Bere agintaldian ez zen istilu edo gatazka nabarmenik egon hirian, baina Forurik gabeko egoerara egokitzen saiatzen ari zen.

Espartero erregeordea agintetik kendu zuen 1843ko altxamendu moderatuaren ondotik, alkatetza utzi zuen, 1844ko martxoaren 31n. 1846ko uztailean, Gobernu zentralak eskatzen zuen kontribuzioaren auziaz aritu zen gainerako probintziekin, Arabako ordezkari bezala. 1846ko urriaren 20an, Arabako ohiturazko foruari buruzko erreseina labur bat idatzi zuen: «documentada síntesis del fuero alavés», 1926an argitaratua. 1848an, Lopezek hiru probintzien foru akordioaren oinarria idatzi zuen, gerora, probintzia bakoitzak egokitzat jo zituen aldaketak egin bazituen ere. Bizkaiaren intrantsigen- tziak prozesua geldiarazi zuen, Lopezek idatzitako «negoziazio oinarriak» ez baitzituen onartu, Arabak eta Gipuzkoak ez bezala. Momentu erabakiga- rria izan zen, Blas Lopezen oinarriek garai hartan foru erregimena egonkortzea bilatzen zutelako, hainbat kontraforu atzeraezin onartuz. Gutxienekoen proiektua zen Lopezena, eta Bizkaian nagusi zen foruzaletasun maximalistak atzera bota zuen.

1850ean, Arabako ordezkari izendatu zuten Madrilen, eta Laguardiako (Araba) Gorteetako diputatu karguarekin uztartu zuen 1851, 1852 eta 1853an. Arabako aholkulari bezala, Pedro Egañarekin batera proiektu bat idatzi zuen Foruak Estatu espainiarrean indarrean zegoen errealitate politiko eta juridiko-konstituzionalean egokitzeko. Euren asmoa, hiru euskal probintzien estatutu politiko autonomikoa oinarri juridiko sendoetan egonkortzea zen. 1851. urtean aurkeztu zioten memoria Ministroen Kontseiluko Presidente zen Juan Bravo Murillok izendatutako «Foru akordioaren komisio handiari». Hiru Diputazioek 1852an Gobernuarekin izan zituzten bileretan izandako esku hartzea garai hartan izan zuen garrantzitsuena izan zen. Haietan, Arabako ordezkariek defendatzen zutenaren arabera (Pedro de Egaña eta Blas Lopez), ez zegoen kontraesanik foru sistemaren eta konstituzioaren artean.

Bere heriotza bihotzez sentitu zuten askok. Arabako Aldundiak ezohiko batzarra deitu zuen bere irudia omentzeko. Laudorio asko jaso zituen Blas Domingo Lopezek, «legelari bikain eta bertutetsua» edo «arabar gailen ahaztezina» zela zioten, besteak beste.

Obrak

Instrucción para la defensa de los fueros, grandezas y privilegios, buenos usos y costumbres de la M. N. y M. L. Provincia de Álava, en el expediente que pende en el Real y Supremo Consejo de Hacienda, sobre la Intendencia de Ejército de Navarra, y establecimiento de sus oficinas en la ciudad de Vitoria, Gasteiz: Agapito Manteli, 1827.

Observaciones sobre la necesidad de examinar el régimen administrativo de las Provincias Vascongadas para fallar con acierto en esta materia, Madril: Miguel de Burgos jaunaren moldiztegia, 1834. 

Fuero consuetudinario de la provincia de Álava, Gasteiz: Probintziako moldiztegia, 1926.


Bibliografia

AYERBE IRÍBAR, M. R., «Las Juntas Generales Vascas. En defensa de la foralidad y de los derechos históricos», Ivs Fvgit, 15 (2007-2008), 303-337. orr.

BASTERRA, A. et al., Colegio de Abogados de Álava. 150 años de historia, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1989.

CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Axular Atea, 2015, 85-94. orr.

FERNÁNDEZ SEBASTIÁN, J., «Periodismo, liberalismo y fuerismo», Rubio Pobes, C. eta De Pablo Contreras, S. (koord.), Los liberales: fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Gasteiz:  Sancho el Sabio Fundazioa, 2002, 337-372. orr.

LARREA, M.ª A. eta MIEZA Y MIEG, R., «La Memoria de Egaña y López ante la Comisión de reforma de los fueros (1852)», Revista Internacional de los Estudios Vascos, 34 (1986), 781-795. orr.

URQUIJO, M. (zuz.), Diccionario biográfico de los Diputados Generales, consultores y se- cretarios de gobierno de Álava (1800-1876),  Gasteiz:  Arabako Foru Aldundia, 2004.

URQUIJO GOITIA, J. R., «López de Torre, Blas Domingo», Diccionario Biográfico Es- pañol, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/84867/blas-domingo-lopez-lopez-de-torre, (2019ko irailaren 12an kontsultatua).

VIDAL-ABARCA, J., VERÁSTEGUI, F. de, OTAZU, A. de (arg.), Fausto de Otazu a Íñigo Ortes de Velasco. Cartas 1834-1841, M. Herrero de Miñónen hitzaurrea,  Gasteiz:  Arabako Foru Aldundia, 1995, 2 libk.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP