Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

ZUAZNAVAR FRANCIA, Jose Maria (Jose Maria Zuaznabar Frantzia) (Donostia, 1764ko abenduaren 17a – Donostia, 1840ko uztailaren 7a).

Karguak eta lanbideak

Jurista, politikaria, akademikoa eta idazlea

Ibilbidea

 

Gipuzkoako familia sustraitu baten oinordekoa izan zen. Familiak ondare handia eta errenta ugari zituen eta, gainera, lotura sendoak, bai administrazioan, bai Monarkiaren gortean. Jose Maria Zuaznavarrek bere ondarea, heziketa, lotura elitistak, arduraldi publikoa eta idatz zaletasuna baliatu zituen bere karrera harilkatzeko eta mamitzeko. Bada, bizitzaren azken urteetan idatzitako autobiografian karrera horren berri eman zuen. 1833an, Memorias para la vida de D. José María de Zuaznávar y Francia argitaratu eta, 1834an, Baionan huraxe zuzendu eta plazaratu zuen. Eta 1835ean, Mis ocios o ratos ociosos en Bayona izenburuko oroitidazki baten bidez eraman zituen bururaino bere oroitzapenak. Memoria multzo hori ez dira bizitza oso baten gaineko oroitzapenen lekukotasuna emateko oroipenak, ezta egileak bizi izandakoaz gogoeta egiteko idazkia ere. Izan ere, bere merezimenduak eta ospea goraipatzeko kontakizuna da, bizitzaren gorabeheren ondorioz egileak ezin izan baitzuen zabalkunde handiagoa izan. Berak, bere ustez, merezi izandako balio hura azaltzeko ekartzen ditu gogora bere zereginak eta, ondorioz, hura guztia zabaldu eta jakinarazi behar zuen. Azken buruan, egiazki memoria bitxiak dira, bizitza ulertzeko modu zehatz baten maila sozial bat bizitzearen testigantza, XVIII. mendetik XIX.era zihoan Baskonia hartan. Bizitza hura gizarte-estamentu bati berez zegokiola pentsatzen zen, eta memoriak, beraz, bi- zitza horren gaineko omena hedatzeko alegatu interesgarria dira. Memorien bukaeran, izenez eta maila sozialez beteriko zerrenda luze bat ageri da, egileak harremana norekin eta zertarako izan zuen salatzen digun lekukotasun adierazgarria.

Oñatiko Unibertsitatean ikasi zuen 1778tik aurrera eta Legeetako batxiler gisa atera zen 1782an. Bi ikaskuntzak ezaugarritutako ikasketa jaso zuen eta, zalantzarik gabe, biek ere haren karreran, lanbidean eta pentsamendu politikoan eragin zuten. Oñatin, hainbat irakasle izan zituen; haietako bat Ramon Maria de Adurriaga, gero Avilako apezpikua izan zena, hots, 1814an Persiarren Manifestu inboluzionistaren sinatzaileetako bat izandakoa. Ikasketa-orduak Johan Gottelieb Heineccius edo Heineckeren obrari eskaini zizkion (1681-1741) —Juan Heinecio ere esaten zaiona—, erregearen absolutismoa funtsezkotzat jotzen zuena gobernatzeko eta, era berean, legeak aztertzeko modua aldatzen ahalegindu zen eruditua.

Titulua kolkoan eta ondare intelektual hori gainean, Madrilen kokatu zen 1784an, ikasten jarraitzeko eta han karrera egiteko. Familia-loturen bidez, erabat txertatu zen Gortean kokaturiko euskaldunen artean. Jende ho- rrek Erresuma administratzeko lan nabarmenetan ziharduen. Jose de Ibarra nafarraren bulegoan lan egin zuen. Ibarra, hainbat urteren buruan, Justizia ministroa izan zen. Halaber, San Isidro Errege Ikastegietan, Zuzenbide Naturala eta Jendeen Zuzenbidea eman zituen, katedradun maila eskuratuta. Aldi berean, bi kargu bete zituen: batetik, Indietako Legeriaren batzordeko idazkaritza eta, bestetik, Espainiako Zuzenbidearen Errege Akademiako presidentordea. Orobat, Jurisprudentziako Akademia Teoriko-Praktikoko kidea izan zen. Lan eta kargu haietan, garai hartako irakasbide berritzaileak aplikatu zituen, Heinecciusek diseinatuak, eta egile horrek monarkien berezko ahalmen absolutu eta subiranoaz zituen ideiak zabaltzeaz arduratu zen. Urte haietan, Colección Jurídica lana prestatzen hasi eta 1824ra bitarteko ibilbide profesionalean osatu zuen. Argitara eman gabe gelditutako es- kuizkribu koadernatuak ziren. Eta 1833an, honako lan hau argitaratu zuen bere nozio juridikoez eta hezkuntzakoez: Compendio de la primera parte del discurso sobre el estado natural y civil del hombre. para el uso de la juventud en las universidades. Hura, era berean, bere lanbidea nola bete azaltzeko lekukotasuna zen, urte sail luzean irakaskuntzan eta administrazioan izaniko esperientziaren ondorioz.

1786an, Gaztelako Kontseiluko letratu izendatu zuten. 1791n, berriz, Kanarietako Entzutegiko fiskal izendatu, eta karguaz 1792ko abuztuan jabetu zen. 1803an kargugabetu zuten, Godoyren hurbilekoek antolatutako azpilanen ondorioz. Izan ere, kontua zen beldur zirela ez ote zituen Zuaznavarrek fiskal gisa ikertuko balidoaren ahaide hurbil baten iruzurrezko jarduera jakin batzuk. Hura Branciforteko Markesa zen, Godoyren koinatua, alegia. Litekeena da gertakari horrek nola-halako errezeloa eragin izana Zuaznavarrengan Godoyrekiko, eta nolabaiteko leialtasuna Fernando VII.aren politikarekiko eta haren inguruko taldearekiko.

Kanarietan zebilela, bere Diario hura idazten hasteaz gain, Invasión de la isla de Tenerife por los ingleses en 1797 eta Catálogo de los pueblos del distrito de la Real Audiencia de Canarias eman zituen argitara. Gero, beste liburu batzuk ondu zituen, hala nola Noticias histórico-legales de la Real Audiencia de Canarias desde la conquista de aquéllas hasta el año de 1755 (1815), Compendio de la Historia de Canarias (1816) eta Los vascongados en las Canarias (1820). Historia eta geografia gai gogokoak zituen eta aisia-uneetan nahiz elkarrizke- tetan landu zituen, musikarekin batera. Bereziki, Haydenen konposizioak zituen gustuko.

Kargugabetze hura erretiro «ohoragarria» izan zela hedatu zen eta, ondoren, Kanarietan jarraitu zuen itzulia antolatu arte. Itzulitakoan, Gipuzkoaren eta bertako Foruen aldeko testu bat idatzi zuen, Juan Antonio Llorentek 1806an argitaratutako Noticias históricas de las tres Provincias Vascongadas lanak bultzaturik. Eskuidatziak izenburu hau zuen: Llorente contra Llorente, demostrando las contradicciones y errores cometidos por este en su obra, en lo tocante á Guipúzcoa. Gipuzkoako foralitatearen alde egin zuen, Llorentek Foruen jatorriaren eta kondizioaren aurka idatzitakoei erantzuteko. Llorentek Godoyren eta Jovellanosen interesei lotuta idatzi eta argitaratu zuen lan hura. Zuaznavarren pentsamenduetan balidoaren itzala berragertu zen. Opuskulu foralista hori Zuaznavarren ondarearen inguruan sortutako eztabaidaren osa- gaietako bat izan zen, gero ikusiko dugun bezala.

Penintsulara itzuli zenean, Hernani eta Iruñean bizi izan zen, betiere independentzia gerraren laztasunak Zarautzen zuen jabetza batean saihestuta. Bere ondareaz arduratu zen, bai eta ahaideez eta hurbilekoez ere. Ge- rraren gertakariei adi, saiatu zen tartean ez sartzen, harik eta Napoleonen tropak Gipuzkoatik alde egiten hasi ziren arte. Zehazki, Mendizabal jeneralarekin eta Diputazioarekin aritu zen lankidetzan, Gipuzkoan «frantsesaren aurka» zebiltzan gerrillei finantziazioa agintzeko.

Gerra ondotik ohiko bizitzara itzulirik, Historia Akademiako kide urgazlea izendatu zuten, gortean zegoen jendearekin berriro harremanetan hasita, baina hark berak adierazitakoaren arabera, Madril hura gaztaroan ezagutu- takoaz oso bestelakoa zen. 1819an, bere kontaktuekin zuen harremanei esker, Nafarroako Erresumako Kontrabandoaren Auzitegiko ministro-kargua bete zuen, Nafarroako Kontseiluko epaile-postua atxikita, eta hartatik, 1824ko abuztuan erretiratu zen. Halaber, Iruñeko Lurralde Entzutegiko magistratua izan zen. Azken postu horretan ziharduela idatzitako lan batzuek bere geroa markatu zuten. Nafarroari buruz ondu eta argitara emaniko azterlanak dira.

Bere prestakuntzarekin bat, Zuaznavarrek Heinecciusengandik ikasi zuen zer-nolako garrantzia eman behar zitzaion historiari zuzenbidearen arloan. Horregatik, Zuaznavarrek bere bizilekua ongi ezagutzeko interesa agertu zuen. Nafarroaz honako bi lan hauek idatzi eta argitaratu zituen: Estados de la cuestión del comercio interior de granos en el Reyno de Navarra (1817) eta Discurso sobre el comercio exterior de granos del Reyno de Navarra (1818), hau da, erresumako nekazaritza-produktuen merkataritzari buruz zituen ezagutza historikoak eman zituen.

Aro liberalaren erdian, 1821etik 1822ra, Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra izenburuko bi liburukiak plazaratu zituen. Idazkian, 1812ko Konstituzioak erresumari egindako ekarpena azaldu ondoren, zalantzak barreiatu zituen Nafarroako foru erregimenaren balio historikoaz. Lan hori argitaratu ondotik, bere karguetatik erretiratu zen, arestian aipatu be- zala, eta Hernanira joan zen bizitzera. Ez dirudi begikoa zuenik Madrilen ezarritako erregimen liberala, ezta 1812ko konstituzioa ere, ez baitzuen hura zin egin 1820an karguan jarraitzeko eta, are gehiago, Frantzian erbesteratzen ere saiatu zen, orduko gobernuaren onarpena ez zuela sumatu zuenean.

Baina behin liberalen aldia iraganik eta Fernando VII.aren boterea berrezarririk, Ensayo saiakera berrargitaratu zuen 1827tik 1829ra. Harako hartan, Cadizko konstituzioa aipatu gabe, absolutismo monarkikoaren aldeko jarrera garbia erakutsita, gobernu molde gisa, eta Nafarroako erresumako Fo- ruek baliorik ez zutela are indar handiagoz erakutsi nahian; eta halaber, Fernando VII.aren gorteak sustaturiko administrazio absolutista eta zentralista komeni zela nabarmentzeko asmoz. Yanguas y Mirandak, Sagaseta de Ilurdozek eta Olorizek jarrera hura errefusatu eta gaitzetsi zuten. Haien iritziz, izan ere, Zuaznabarren obra astakeria hutsa zen. 1966an, Nafarroako Foru Diputazioak berrargitaratu zuen.

1806an Gipuzkoaren eta bertako Foruen alde agertu bazen ere, Zuaznavarrek gero jarrera erabat absolutista hartu zuen eta Nafarroako erresumako Foruen kontrakoa, argi eta garbi. Horregatik leporatu zitzaion foruen kontrakoa izatea. Nola edo hala, ospe horrek zuzenean du zerikusia gobernu zentralistaren alde agertzeko interesarekin, jarrera hura bere mailaren eta interesen onerako baitzen. 1806an Gipuzkoa defenditu zuen bai, baina ziur aski, Godoy bezalako aurkari bati kaltea eragiteko, eta Kanarietan, Bakearen Printzearen ingurukoek eskaturik, pairatutako iraina itzultzeko.

Nafarroako legeriari buruzko obraren lehen edizioan, 1812ko Konstitu- zioa aipatu zuen, itxuraz agintari liberalengan berarenganako interesa eragin nahian, joera zentralista erakusteagatik. Hirurteko Liberalaren amaieran, ordea, eta berrezarpenaren etorrera ikusirik, obra berrargitaratu zuen, baina jarrera konstituzionalista liberal oro bazterturik eta, ordainez, jarrera absolutista leiala tinkaturik. Nafarroara iritsi arteko bilakaeran, erregetza absolutista eta zentralistaren aldeko jarrera hartu zuen. Kanarietako postutik kendu izanaren ondorioz, badirudi pentsatu zuela Fernando VII.aren ingurunearekiko jarrera aldekoagoa agertu behar zuela. Izan ere, monarkiarekiko atxikimen- dua erakutsi zuen pertsonalki, Fernando VII.ak Donostia 1828an bisitatu zuenean, eta Maria Kristina erreginak eta Isabel infantak ere hiria 1831n bisita- tzean. Dena den, Nafarroako legeriari buruzko saiakeran, argudioak zuzendu egin zituen garai liberalaren eta Fernandoren berrezarpenaren artean. Horrek adieraz dezake bazuela interesa Gorteko kideen artean leku bat lortzeko. Memorietan aipatzen du opuskulu bat zirriborratu zuela Llorenteren planteamenduez hark Gipuzkoako historiaz egindako okerrak zuzentzeko, bestelako asmorik gabe. Memoria horietan bertan, ordea, pozik kontatzen du nola jaso zuen Etxe eta Gorteko postu bat 1829an, erregeak izendaturik, eta 1831n, be- rriz, Ordena militarretako Kontseiluaren Ministro kargua, Montesakoari zegokionez, ordena horretako zalduna baitzen. Eta memoria horietan beretan behin eta berriz nabarmentzen du ez zela sekulan izan Karlos III.arena baino monarkia hobeagorik, ezta errege harenak baino ministro hobeagorik ere.

Hain zuzen ere, Zuaznavarren ekoizpenak aldi hartako ministro ilustratuak emulatzen ditu. Izan ere, hainbat aldiz ageri dira Floridablanca eta Campomanes memorietan aipaturik, biak ere eredugarri eta inspirazio-iturri. Ikusi dugun bezala, Zuaznavarrek bere liburu sorta zabalean gai juridikoak jorratzeaz gain, tratatu historikoak eta geografikoak ere aztertu zituen; hura ohi- koa izan zen XVIII. mendearen bukaerako magistratu ilustratuen artean. Ez dirudi Zuaznavarrek Ilustrazioaren gaineko errezelorik zuenik. Aitzitik, hura erreforma-bidetzat jotzen zuen, baina eraldakuntza handirik gabe, ordena eta, batez ere, beraren maila soziala mantenduko zuen gobernu absolutistaren eskutik. Administrazioan izandako postuei esker egin zuen Zuaznavarrek aurrera bere ibilbidean. Eta ordena hori zaintzearren, bere mailako jendeen bizitza ilustratua gobernu absolutista batekin bateragarri egiten saiatzeko burutazioa izan zuen; hori bai, monarkiaren arrazoiak sendotuta, bai erresuma- ren boterea metatzeko, bai beraren karrera ohorez beterik eta maila sozial gorenean mantentzeko, hau da, Zuaznavarren leinuari berariaz eta berez ohi zegokion mailan. Ideia horiek darizkio autokonplazentziaz ondutako autobiografiari.

Obrak

Argitaragabeak

Historia rerum gestarum populi Romani etc. (d.g.). Varias Oraciones pronunciadas en la Real Academia de Derecho español. (d.g.). Historia de Canarias y su geografía, d.g.

Varios sucesos de Canarias desde 1796 a 1802. Tratado sobre las cárceles.

Tratado sobre los Procuradores fiscales del Rey. Tratado sobre los delitos de Incontinencia.

Plan de Hacienda para el arreglo de las guerrillas de Guipúzca, 1812 (aprobado por el Ge- neral en jefe Mendizábal y por la Regencia).

Colección Jurídica, treintaiocho tomos en folio, y pasta trabajados en Madrid, Canárias y Pamplona desde 1784 a 1824.

Memoria sobre el Diccionario de la Real Academia, artículo Hernani.

Memoria sobre la Vida de su padre, con buena parte de la Historia moderna de Guipúzcoa.

Diario de mis ocupaciones durante mi mansión en Teide, a fines del año de 1805 y principios de 1806 (manuscrito).

Llorente contra Llorente, demostrando las contradicciones y contradicciones y errores cometidos por este en su obra, en lo tocante á Guipúzcoa, c. 1806.

Argitaratuak

Compendio de la historia de las Canarias formado en su principio con la concisión correspondiente para las escuelas de primeras letras de aquellas islas y hoy aumentado notablemente en obsequio de la verdad, Madril: Fuentenebrorena iza- niko Inprimategian, 1816.

Estados de la cuestión del comercio interior de granos en el Reyno de Navarra, Iruñea: Paulino Longás, 1817.

Discurso sobre el comercio exterior de granos del Reyno de Navarra, Iruñea: Paulino Longas, 1818.

Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra, Iruñea: Radaren alargunaren Inprimategia, 1820-1821.

Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra, Donostia: Ignacio Ramón Baro- jaren Inprimategia, 1827-1829.

Elogio de don Alonso V de Aragón y I de Nápoles, Madril: Ibarra impresor de Cámara de S. M., 1832.

Compendio de la primera parte del discurso sobre el estado natural y civil del hombre. para el uso de la juventud en las universidades, Madril: M. D. Burgos Inprimategia, 1833.

Compendio histórico de la jurisprudencia de la Corona de Castilla, Madril: M. D. de Bur- gos Inprimategia, 1834.

Noticias para literatos acerca de los archivos públicos de la hoy estinguida Sala de Seño- res Alcaldes de Casa y Corte, y del Repeso Mayor de Corte, Donostia: Ignacio Ramón Barojaren Inprimategia, 1834.

Las memorias para la vida, Baiona: Lamaigère Inprimategia, 1834.

Mis ocios, o Ratos ociosos en Bayona, Baiona: Lamaigère Inprimategia, 1835.

 

Bibliografia

GONZÁLEZ FUERTES, M. A., «La singular purificación de José María de Zuaznávar como consejero de Navarra en 1823», Huarte de San Juan. Geografía e Historia, 24, (2017) 121-145. orr.

LEONÉ PUNCEL, S., Los fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historikoa eta Autonomikoa aztertzeko Fundazioa, 2005.

MIKELARENA PEÑA, M., «La refutación absolutista del discurso pactista navarro: José María de Zuaznávar y Francia y el Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra», Cuadernos de Historia del Derecho, 18 (2011), 241-267. orr.

MILLARES CARLÓ, A., «Hernani en 1831 [sobre un manuscrito de José María Zuaznávar]», Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, IX (1953), 465-469. orr.

OTAZU, A. de, «José María de Zuaznávar y Francia», Boletín de Estudios Históricos de San Sebastián (1971), 263-283. orr.

SÁNCHEZ PRIETO, J. M., «Los Correspondientes navarros en la Real Academia de la Historia (1833-1900)», Príncipe de Viana, 180 (1987), 193-226. orr.

SORALUCE ZUBIZARRETA, N., Más biografías y catálogo de obras vasco-navarras,  Gasteiz,  1871.

VALLEJO, J., «Notas sobre don José María de Zuaznávar y Francia», Homenaje a Don Julio de Urquijo, Donostia, 1949, I. libk., 277-285. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP