Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

URBISTONDO EGUIA, Antonio (Antonio Urbistondo Egia). Solanako Lehen Markesa (Donostia, 1805eko uztailaren 12a – Madril, 1857ko apirilaren 26a).

Karguak eta lanbideak

Militar karlista, Filipinetako gobernadorea eta kapitain jenerala

Ibilbidea

Amaren aldeko familia Donostiako merkatariak ziren, hiriko botere politikoaren barnean ongi kokatuak. XVIII. mendearen bukaera aldera edo XIX. aren hasieran, familiak ezkontza bidezko itun-politikari heldu zion, eta, hein batean, horrek izan dezake zerikusia Antonio karlista izatearekin, bai eta lehen karlismoaren baitan izaniko eginkizun garrantzitsuarekin ere. Aita, izan ere, Sebastian Urbistondo Carrera, Francisco Ramon Eguia jeneralaren (Bilbo, 1750-?, 1827) alabarekin ezkondu zen. Jeneralak eginkizun guztiz na- barmena izan zuen liberalismoaren aurka Hirurteko Liberalean. Lotura horren indargarri, Antonio Urbistondo bera bere izeba Francisca Eguia Zaya- sekin ezkondu zen bigarrenez, Egia jeneralaren alabarekin, alegia. 1823an, bestalde, Miguel Bodeten koinatu bihurtu zen. Lizarran 1800ean jaioa, Bodet militarra eta armadaren administratzailea izan zen, ongi kokatua egon zen 1823-1833ko berrazarpen absolutistan, eta karlisten armadarekin ere egin zuen bat. Azkenik, anaia Jose Joaquinen bidez (Gerra Bulegoko Idaz- karitzako ofiziala Fernandoren bigarren berrazarpenean), Luis Cordoba koronelarekin ahaidetu zen, zeinak 1823-1833ko absolutismo berrezarriarekin egin baitzuen karrera.

Antonio Urbistondo nahasita egondako lehen gorabehera politikoek ahaidego-sare horrekin izan zuten zerikusia. 1814an, erregearen paje-zalduna izan zen eta, 1819an, 800 dukateko kopuru bat lortu zuen Granadako San Bartolome y Santiago ikastetxean ikasteko. Dirua, hasiera batean, eliz karrera bat egiteko eman zioten eta, kopuru horri esker, Eguia jeneralaren alabari jarraiki zitzaion (gero, harekin ezkondu zen), gobernu konstituzionalak jenerala Granadako kapitain jeneral izendatu zuenean. Handik aurrera, Antonioren ibilbidea betirako gelditu zen aipatu jeneralarenari lotua. 1820an, ikasketak Oñatiko Unibertsitatean jarraitzeko eskaera egin zuen, Eguia jenerala euskal probintzietan kokatu baitzen, Granadako kapitaintzatik kargugabetu eta gero. Badirudi Oñatiko ‘gazteria liberalaren milizia boluntario’ batean sartua ibili zela, nahiz eta berehala agerian jarri zen azpilaneko mugimenduetan nahasita ibili zela 1820-1823ko sistema konstitu- zionalaren aurka. Aguraingo 1821eko apirileko altxamendu erregezalearen gidarietako bat izan zen, eta preso hartu zuten. Altxamendua gertatu zenean adin txikikoa izateagatik errugabetzat joa, Oñatin konfinatu zuten (1822), baina laster Frantziara ihesi joan zen Eguiarekin elkartzeko. Erbestean, teniente koronel maila eman zioten eta Baionako Batzorde Erregezalearen idazkaria izan zen.

Absolutismoa 1823an berrezarri zenean, 1827ra arte itxoin egin behar izan zuen, agintari erregezaleengandik lortutako maila militar hura baliozkotzat jo zezaten. Denboraldi batez lizentzia mugagabearekin ibili zen (1828-1829), harik eta Erreginaren erregimentura destinatu zuten arte (1829-1831), eta ondoren, Zamorakora (1831-1833) eta, azkenik, Nafarroakora (1833). Azken destino horretatik kendu zuten, begi-bistako lotura karlistak zituelako eta, 1833ko abenduan, Meridan konfinatu zuten. Haren inguruko pertsona batzuei neurri berbera ezarri zieten, hala nola Manuel Bodeti (Fernando VII.a hil zenean, armadako ordaintzaile-lanpostutik kendu zuten) eta bi koinaturi, hau da, Ignacio Egia Ballescari (arrazoi berbera izan zela medio, Leongo intendentziatik kendua) eta Francisco Eguia Ballescari (Gerra Bulegoko Idazkaritzako ofizial nagusi kargutik kendua).

Bere ahaidegoa bat dator bera pentsamoldez lehen karlismoari atxi- kia ibiltzearekin. Arestian aipaturiko familia eta gizabanako batzuek karguak bete zituzten XVIII. mendeko borboien absolutismoaren babespeko era- kundeetan (elkarte ekonomikoak, nobleen mintegiak, akademia militarrak, etab.). Horren haritik, kontuan harturik bai karlismo barnean egindako ibilbidea, bai idazkietan azaldutako ideiak, ‘despotismo ilustratua’-ri jarraipena emateko ildoari lotuta ibili zela esan da, Karlos III.aren erregealdia gogoan. Historia Política del partido carlista lanean (1841), adibidez, Manuel Lasalak ildo hartan kokatu zuen, alderdi karlistako fanatikoen edo ‘apostoliko’-en aurkako ildoan, alegia.

Azkenean, armada karlistan sartzea lortu zuen, ibilaldi gorabeheratsu baten ondotik. Izan ere, Portugaldik Ingalaterrara joan, eta 1835eko hasieran Bizkaiko kostaldea jo nahian zebilela, Castro Urdialesen espetxeratu zuten, beste buruzagi eta ofizial karlista batzuekin batera. Puerto Ricora deportatua, Santo Tomas uhartera ihes egin, Ingalaterrara eta Frantziara joan eta, azkenean, Nafarroan sartu eta Don Karlosen aurrean agertu zen.

Leku nolabait nabarmena bete zuen karlisten organigraman. Izan ere, idazkaria izan zen Durangon 1836ko urriaren 15ean egindako Batzar Nagusian, hau da, Bilboko setioa eztabaidatu zen hartan. Handik gutxira, Gomez jeneralaren dibisiotik zetozen batailoi gaztelarrak eraginkortasunez berrantolatu zituen, zeregin horretarako mandatua eman baitzioten. Errege Espedizioaren Estatu Nagusiko bigarren buru izendatua, Don Kar- losek Kataluniako komandante jeneral izendatu zuen, lider gisa tokiko buruzagi karlistak diziplinatzeko. Kataluniako agintari karlistekiko tratuan liskarrak sortu ziren eta, horren ondorioz, Printzerritik alde egin behar izan zuen.

Iparraldera itzulirik, kuartel-egoeran utzi zuten landa-mariskal mailarekin Lizarrako fusilamenduak gertatu arte. Gerraren azken etapan, Rafael Marotok errege kuartelaren aurka bidaltzen zuen tropari bidea eragozteko eginkizuna eman zitzaion. Alabaina, eginkizun horretan ari zela eta, Marotorekin hitz egitearen ondorioz, erregegai karlistaren inguruan zebiltzan begikoak baztertu beharraz jabetu zen. Operazio hartan egindako lanagatik, Gaztelako dibisioaren komandante jenerala izendatu zuten, Marotok erabakita eta Don Karlosek berretsita. Egun hartatik aurrera, eginkizun garrantzitsua bete zuen Bergarako hitzarmena erakarri zuten gertakarietan.

Apuntes sobre la guerra de Navarra en su última época (1841eko otsaila) lanean, gertaera haiek zehatz samar kontatu zituen. Opuskulu hori haren adiskide Jose Manuel Arizagak 1840an argitaratutako Memoria militar y política sobre la guerra de Navarra lanaren gehigarri bat da eta, batez ere, zuzenketa bat. Urbistondok elite karlistaren barne deskonposizioa azaldu zuen, eta azaldu ere, mugimendua gidatu nahian gertaturiko borrokak, herrialdea baketzeko lehen proposamenak eta Espartero jeneralarekiko kontaktuak. Haren pentsamoldeari dagokionez, aipatzekoa da zer iritzi zuen Foruen eginkizunaren inguruan karlisten altxamenduaren hasieran. Urbistondok, izan ere, kontra egiten zien Foruak «herritar gehienentzat hutsalak zirela, eta herria fanatismo erlijiosoak bultzaturik soilik altxatu zela» esaten zietenei. Izan ere, negoziazioetan, Foruak bere osotasunean aintzat hartzen ez zituzten akordioen kontra agertu zen. Horrela, haren iritziz, foru- sistema nazioaren sistema orokorraren mendean jartzen zituzten akordioak egon ziren hainbat batailoik armak utzi baino lehen agertu zituzten errezeloen azpian, eta akordio horiek ere bakea Iparraldeko frontean lortzea korapilatu zuten.

Gerra ondoren, Donostiako kuartelean egon zen eta, han, bere Apuntes lana ondu zuen. Lan horretan hauxe idatzi zuen: «egunak iluntasun begirunetsuan ematen ditut, eta espainiar guztiak zinez berradiskideturik ikustea beste xederik ez dut». Hala ere, hori ez zen traba izan 1841eko altxamendu moderatu-foruzalea Gipuzkoan gidatzeko Esparteroren erregeordetzaren aurka. Altxamenduaren porrotaren ondorioz berriz ere Frantzian erbestera- turik, moderatuak agintera itzuli zirenean, berriro igotzen hasteko aukera etorri zitzaion. Horrela, Bizkaiko komandante jenerala (1843) eta Baskongadetako kapitain orokorra (1846-1847) izendatu zuten, eta teniente jeneral maila eskuratu zuen (1846). Nafarroako eta euskal probintzietako matxinada karlistaren saialdia menperatu zuenez (1848), La Solanako Markesa titulua eman zitzaion (1850).

Filipinetako gobernadore eta kapitain jenerala izendaturik (1850-1853), ogasun-erreforma bat egin eta, horren ondorioz, nabarmen handitu ziren Estatuak Filipinetan lortzen zituen diru-sarrerak. Halaber, «Banco Español y Filipino de Isabel II» izeneko bankuaren sorrera bultzatu zuen, uharteko merkataritza suspertzeko asmoz. 1853an dimisioa eman ondotik, kuartel-egoeran gelditu zen Gasteizen (1854-1856), denbora-tarte labur batez Gerra Bulegoko idazkari-lanetan Narvaezen ministerioan arituta (1856ko urria-abendua). Di- rudienez, jauregian Arenalesko Markesarekin eta Narvaez jeneralarekin berarekin izaniko duelu batean hil zen.

Obrak

Apuntes sobre la guerra de Navarra en su última época, y especialmente sobre el convenio de Vergara. Por el mariscal de campo …, Madril: D. R. de la Sotaren inprimategia, 1841.

Bibliografia

Auñamendi, «Urbistondo Eguía, Antonio de», Auñamendi Euskal Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/urbistondo-eguia-antonio-de/ar-136362/ (2019ko uztailaren 24an egindako kontsulta).

BANÚS, J. L., «Alcaldes y capitulares de San Sebastián (1285-1813)», Boletín de estudios históricos de San Sebastián, 20 (1973), 11-49. orr.

BULLÓN DE MENDOZA, A., «Antonio Urbiztondo y Eguía», Diccionario Biográfico Es- pañol, Madril: Historiako Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/4410/antonio-urbiztondo-y-eguia (2019ko uztailaren 24an egindako kontsulta).

BULLÓN DE MENDOZA, A., La Primera Guerra Carlista, Madril: Aktak, 1992.

RUBIO POBES, C., Revolución y tradición. El País Vasco ante la Revolución liberal y la construcción del Estado español, 1808-1868, Madril: Siglo XXI, 1996.

URRUTIA, E., «Antonio de Urbistondo», Euskalerriaren Alde, 12 (1923), 352-354. orr.

ITURRIAK

ARTXIBO HISTORIKO NAZIONALA, Universidades, 671-3. paper-sorta, 35. esp. José Luis Urbistondoren espedientea.

SEGOVIAKO ARTXIBO OROKOR MILITARRA, EP1, B 3322. Manuel Bodet Modeten espedientea.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP