Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

GORTAZAR MUNIBE, Manuel Maria (Bilbo, 1824ko uztailak 13 – Bedia, Bizkaia, 1896ko irailak 12).

Karguak eta lanbideak

 Politikaria, foruzale liberal «moldagarria», Bizkaiko diputatu nagusia eta Probintziako aita

Ibilbidea

1824ko uztailaren 13an jaio, eta egun berean Santiagoko elizan bataiatu zuten, Ignacio de Munibe y Areyzaga aita ponteko zuela, amaren aldetiko osaba, eta Euskalerriko Adiskideen Elkarteko sortzailearen semea. Azkenetako Bizkaiko diputatu nagusia izan zen eta Diputazio Probintzialeko lehen presidentea, Foruak indargabetu ondotik. Luciano de Urizar, Lopez de Lacalle eta Uhagon diputatuekin sortutako komisio bateko buru izan zen, 1878an Canovas del Castillorekin lehen Kontzertu Ekonomikoa negoziatzeko.

 

Bere familiaren inguruko datu gehien ematen dituena Guillermo Gortazar da. Manuel Maria Bizkaiko Ahaide Nagusien leinu zaharrenetako bateko kide zen. Familia ondasunak jaso zituen, eta probintziako aberatsenetakoa bilakatu zen. Maria del Carmen Munibe Arangurenen (XI. Peñafloridako kondearen arreba) eta Bizkaiko diputatu nagusi Jose Maria Gortazar y Loyzagaren (1793-1855) semea izan zen. Azkenak euskara, «gure arbasoen hizkuntza ederra», babesteko proposamena egin zuen 1854an, eta 1841ean euskararen katedra sortu zuen. Markinan ezkondu ziren 1816ko uztailaren 28an eta sei alaba eta bi seme izan zituzten. Manuel Maria gizonezkoetan lehena zenez, oinorde- tzan jaso zituen Gortazarko ondasunak eta bere osaba Victor Munibe y Arangurenen, hots, XI. Peñafloridako kondearen, beste asko.

 

1834 eta 1838 artean, familia Baionan eta Mont-Marsanen bizi izan zen, kolera morbotik eta Lehen Karlistalditik ihesi. Ihes hori ez zen ongi ulertu, eta karlismoarekiko loturagatik ihes egin zutela pentsatuta, ondasun guztiak bahitu zizkieten. Baionako alkateak eta hiri horretako kontsul espainiarrak sinatutako errugabetze dokumentuak aurkeztu zituzten, eta Esparterok bahiketa indargabetu zuen, 1839ko maiatzaren 15eko ebazpenaren bidez.

 

Manuel F. gaztearen heziketa, premu zen aldetik, ez zen unibertsitatera begirakoa izan, «heziketa onari» baizik (kultura orokorra, matematikak, hizkuntza klasikoak, frantsesa, musika eta marrazketa), hau da, Jaurerriko kargu publikoetan aritu eta familia ondasunak kudeatzeko. Familia Bilbora itzuli zenean, aitak Loiolara bidali zituen bi semeak, bigarren hezkuntza buka zezaten. Manuelek Musikan eta Marrazketan zuen trebea zela erakutsi zuen, eta bere bizitza guztia haiei loturik eman zuen.

1850. eta 1870. urteen artean, politikan jardun zuen Bilboko Udalean (errejidore eta alkate) eta Gernikako Batzar Nagusietan. Aisialdia bere zaletasun artistikoen eta Bilboko elkarte kultural eta musikalen artean banatzen zuen. 1855ean, bere aita kolera morboagatik hil zenean, Manuel Maria de Gortazarrek familia ondasunen ardura bere gain hartu zuen, 32 urterekin. 1857ko martxoaren 25ean ezkondu zen, Laguardian, bere lehengusina bigarrena zen Catalina Manso de Velasco y Salazarrekin (Torrecilla de Cameros, 1836ko otsailak 13 – 1859ko urtarrilak 13). Bikote horren baitan jaio zen bere lehen semea, Manuel Maria (1857-1922). Bost urte geroago, bigarren aldiz ezkondu zen, ordura arte bere koinata zen Susana Manso de Velasco y Salazarrekin (Torrecilla de Cameros, 1842ko abuztuak 11 – 1934ko maiatzak 3), Supernudako konderriko eskubideen oinordekoa, Espainiako Handitasunarekin, eta Laguardiako Samaniego Jauregiko Anderea. Manuel Maria jaunak eta Susana andereak 10 seme-alaba izan zituzten, horietako bat Carlos de Cortazar y Manso de Velasco musikologoa.

Gortazarrek jarduera politiko foruzale eta liberal bizia izan zuen, «foruzale moldagarrien» eta Madrilgo gobernuarekin hitz egiteko prest zeudenen buru. Bizkaiko Diputatu Nagusi eta Probintziako aita izan zen, bere aita, eta aitaren aldeko aitona eta aitona hirugarrena bezala. Amaren aldetiko aitona ere probintziako aita izan zen, baina Gipuzkoan. Bilboko alkateorde aritu zen 1859an eta alkate 1860ko azaroaren 8tik 1861eko urtarrilaren 1era, eta Bilboko Udaleko zinegotzi edo erregidore 1861, 1862, 1865 eta 1866an. Bilboko ordezko ahaldun izan zen Bizkaiko Batzar Nagusietan 1859 eta 1862 urteetan.

Foru diputatu kargua bete zuen 1867tik, eta 1869. urtean Suezko kanalaren inauguraziora joan zen bere osaba Victor Munibe Peñafloridako XI. kondearekin, Jose Antonio de Gortazarrekin eta beste euskal herritar ospetsu batzuekin batera. Gortazar anaiek Pascual Madozen gutun bat eraman zuten Ferdinand de Lessepsendako.

1840. eta 1872. urteen artean, foruzaletasun moderatuarekiko atxikimenduak nabarmen egin zuen gora, bai liberalen artean, eta baita tradizionalisten artean ere. Seiurteko Iraultzaileak eta Hirugarren Karlistaldiak Manuel Maria de Gortazarren bizitza politiko lasaiarekin bukatu eta ezegonkortasuna ekarri zuten, 1868ko irailetik aurrera. Garai horrek iraun bitartean Bizkaiko foru presidente aritu zen, Bilboko agintari zibil gorena baitzen, eta, horrez gain, laguntzaileen konpainia bateko kide izan zen. Gainera, Foruak indargabetu (1872-1874) aurreko Bizkaiko Aldundiko azken presidenteetako bat izan zen, oinaztarrek 1872ko abenduaren 7an hautatu ondotik. Errepublika garaian, Bizkaiak kantoi bat osatzearen alde agertu zen, baina bere jarduera publiko ezagunena Foru Aldundiko boterea zuten botere publikoen alde egindakoa da. Matxinada karlistari aurre egiteko, foru guardia sortu zuen. 1874ko maiatzaren 2an, Concha jenerala Bilbon sartu zen, eta setioa bukatutzat eman zuen; ez, ordea, gerra, hori 1876ko otsailaren 26ra arte luzatu baitzen, eta, horregatik, Gortazarrek presidente foral bezala jarraitu behar izan zuen 1876ko irailera arte. Hilaren 25ean, 1872tik 1876ra arteko kontu errendapena aurkeztu zien Bizkaiko Batzar Nagusiei.

Hirugarren Karlistaldiaren ondotik, Manuel Maria de Cortazar tradizio liberal foruzalea gordetzen ahalegindu zen, Kontzertuaren eta kupoaren formularen bitartez.

Foruen oinarrizko elementuak indargabetu zituen 1876ko uztaileko legeari aurre egin zioten «foruzale moldagarrien» buru izan zen Gortazar. Lege horrek bertan behera utzi zituen, besteak beste, foru pasea, kontribuzio salbuespenak eta kintak. 1876ko urtarriletik uztailera, foruzale liberala zen Ma- nuel Mariak eta hiru foru aldundiek lan eskerga egin zuten Kongresuan eta Senatuan, zabaltzen ari zen Foruak indargabetzearen aldeko iritzia desagerrarazteko helburuarekin. Canovasekin izandako negoziazioetan, presio errua jasan behar izan zuten, batetik, uzkurrak eta intoleranteak ziren karlisten- gandik, eta, bestetik, liberalengandik. Azken horiek, guztiak foruzaleak izan arren, maila desberdinean egin zuten presioa, eta, gerora, «gogor» eta «moldagarri» artean bereizi ziren. Gortazar Nafarroako eredua jarraitzen saiatu zen, adosturiko lege bat eta hamar urteko epea zuen kupoa ezarriz, baina Ca- novasek ez zuen halakorik onartu. Negoziazio horien emaitza Exposición diri- gida a las Cortes de la nación por las Diputaciones de las Provincias Vascongadas el 16 de junio de 1876 izan zen, ziurrenik Manuel Mariak idatzi, eta hiru Aldundiek sinatu zutena. Bertan, Foru erregimena osoki mantentzeko nahia agertzen dute, urte hartako uztailaren 21eko legeak ekarri zuen eztabaida parlamentarioaren aurrean. Sei artikulu besterik ez ditu lege horrek, eta, bertan, ez dira «indargabetzea» edo «desagertzea» aipatzen, «erreforma» baizik, 1839ko legeak aurreikusi bezala.

Manuel Maria de Gortazar Bizkaia ordezkatzeko erresumako senatari izendatu zuten 1877ko apirilaren 5ean, eta Bizkaiko Probintzia Diputazio berriko lehendabiziko presidentea izatea onartu zuen, kalte handiagoak ekiditeko asmoz, 1877ko maiatzaren 15ean hasi eta 1880ra arte. Canovas del Casti- lloren Gobernuak emandako Errege Aginduaren bitartez izendatu zuten, hain zuzen ere. Fermin Sagarminagaren gidaritzapean zeuden Foruzale gogorren jarreraren aurrean, Gortazar Madrilekiko tentsioa baretzen saiatu zen, taktika adimentsu eta gordetzailea. Era berean, kupo ekonomikoaren eta kinten Kontzertu bat adosten saiatu zen, printzipioen auzia alde batera utzita. Liberal foruzale «moldagarriek» uste zuten, Gortazarrek bezala, Batzar eta Al- dundi Nagusiak desagertu arren, oraindik bazegoela Foru Erregimen Zaharra mantentzeko aukerarik. Kupoaren inguruan adostasuna erdietsi, eta 1878ko otsailaren 28ko Errege-Dekretuan jaso zen. Gortazar akituta zegoen Madrilgo sesio haiek bukatzean, baina pozik, nahiz eta, tamalez, akordioak lege izaera izan beharrean, Errege-Dekretuarena zuen. Bere helburua lortu zuen, hots, «gure instituzioen ondoratzetik, hondakin gutxi batzuk salbatzea, dagoeneko salbaturik zeudenez gain». Guztiarekin ere, dekretua inposizio baten emaitza izan zen; eta pertsona zintzoen artean, asmo onez egina izan arren, ez zen bi aldeek adostutako zerbait. Manuel Mariak atsekabeturik bukatu zituen Canovasekin izandako negoziazioak, baina kontzientzia lasai zuen, ahal izan zuen guztia egin zuela uste baitzuen, eta oso zaila zen negoziazio batetik abantaila ahalik eta gehien lortzen saiatu zelako.

Foruzale erradikal askok ez zuten ulertu eta zentsuratu ere egin zuten. Bizkaitar guztiek sentitzen zuten sentimendu foruzale berbera sentitu arren, Manuel Maria de Gortazarrek «Bizkaiko Probintzia Diputazio berriko presidente izateko proposamen nekeza onartu zuen, sakrifizioaren eta Bizkaiari zion mugarik gabeko maitasunaren erakusgarri», Javier de Ybarrak jaso bezala.

Gorago aipatu bezala, berari zor zaio 1878ko lehen Kontzertu ekonomikoa. 1879 eta 1880 urteen artean, Manuel Maria Diputazioko presidente izan zen, 1880. urteko iraileko hauteskundeak egin arte, hots, probintziako agintea bukatu zuen arte. Hauteskunde kanpainak iraun bitartean, tradizionalistek eta liberal gogorrek foruzale moldagarrien aurka jo zuten, Gortazarren ohorea zalantzan jartzera iritsi arte. Eraso horien aurka, Manuel Mariak Gobernadore zibilarengana eta Antonio Canovasen Ministro Kontseiluarengana jo zuen, foru administrazioan emandako denboraren balantzea egin asmoz. Biek ezezkoa eman zioten, ordea.

1880ko azaroaren 2an, Probintzia Diputazioko presidentetza utzi zuen, eta hori izan zen bere agerraldi publiko bakarra. Hortik aurrera, bere patrimonioaren kudeaketaz eta bere familia handia zaintzeaz arduratu zen.

Euskal-Erria aldizkariak bere nekrologikoan jaso zuenez, politikaria iza- teaz gain, «negozioetan aurrea hartzen zuen gizona zen, bere kapitala inbertitu zuena, batez ere Zaldibarko bainuetxe bikainetan, atzerriko hoberenen pare jartzea lortu baitzuen». Hain zuzen ere, enpresari bezala, Zaldibarko jabetzari etekin handia atera zion, garai hartako bainuetxe nagusietako bat izan zedin lortuz. Arratiako bideko zuzendari partikular izan zen, hainbat en- presetako akzioduna, eta beste askotako aholkulari. Gainera, Bilbaina Elkar- teko presidenteorde izan zen 1864. urtean eta Bilboko Erruki etxeko idazkaria 1871.ean. 1879ko urriaren 18ko Errege Dekretuaren bitartez, Bizkaiko Neka- zaritza, Industria eta Merkataritza komisario izendatu zuten.

Testuinguru politiko-ekonomikoak ez zion onik egin Manuel Mariari, erregimen liberal berrira aldatzeak (eta guda karlistek) Euskadiko lur-jabe aberats handienen porrota ekarri baitzuen, lurraren balioa asko jaitsi zelako. 1876an, Foruak indargabetzearekin batera, premuen erregimena bukatu zen, eta, ondorioz, handik aurrera familia ondasunak zuzenbide zibil erkidearen bidez banatu ziren. Hortaz, Manuel Mariaren ondasunak desagertzen joan ziren XX. mendean zehar.

Idazle foruzalea zen aldetik, Francisco Cariaga Carreras bizkaitarrarekin, Juan Bautista Acillona gipuzkoarrarekin eta Ramon Ortiz de Velasco arabarrarekin batera idatzi zuen aldarrikapenez betetako «Exposición dirigida a las Cortes de la nación por las Diputaciones de las Provincias Vascongadas el 16 de junio de 1876» ezaguna, Canovasek Foruak indargabetu baino hilabete bat lehenago. 1874ko Bilboko setio karlistaren eguneroko interesgarria ere idatzi zuen; bertan, Ignacio del Castillo jeneralarekin (1817-1893) batera hiribildua karlistengandik nola defendatu zuten kontatzen da. Bere jardunarengatik, Gortazarrek Meritu Militarraren Gurutze Handia jaso zuen.

Bere obra guztian zehar argi erakutsi zuen euskal foruzaletasun liberalaren sortzaile nabarmenetakoena izan zela. Gainera, antzinako askatasunak eta kapareen edo handikien nagusitasuna Cadizko Gorteetan sortutako korronte politiko liberal indartsuarekin uztartzen saiatu zen. 1892an idatzitako poema batean, hil baino hiru urte lehenago, malenkoniaz, atsekabea agertu zuen handikien garaiaren bukaera iritsi zelako, eta bere buruari galdetzen zion ea Foruetatik ahal zena salbatzearen alde eta Bizkaiko Jaurerria modernitatera egokitzeko egindako lanak merezi izan zuenetz.


Obrak

Exposición dirigida a las Cortes de la nación por las Diputaciones de las Provin- cias Vascongadas el 16 de junio de 1876, Madril: D. R. P. Infanteren ardurapeko moldiztegia, 1876.


Diario epistolar del excelentísimo Sr. D. Manuel María de Gortázar y Munibe, F. Gondra Lazúrteguiren edizioa, Bilbo: Imprenta Industrial, 1949.


«Correspondencia», Diarios del sitio de Bilbao 1874, Bilbo: Biblioteca Bascongada Vi- llar, 1966.


Diario del Sitio de Bilbao 1874, Bilbo: Muelle de Uribitarte Editores, 2013.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J., Bilbao desde sus alcaldes, Bilbo: Ayuntamiento de Bilbao-Bilboko Udala, 2002, 1. libk., 339-344. orr.


BASAS, M., «Vida y Fortuna de los Gortázar, Caballeros ilustrados de Bilbao en el si- glo XVIII», Anuario de Historia Económica y Social, 1 (1968), 403-459. orr.


CÁNOVAS DEL CASTILLO, A., «Los antiguos y modernos vascongados: su origen y sosiego secular y su situación e inquietudes actuales», Obras Completas, V. libk., Madril: Cánovas del Castillo Fundazioa, 1997 (1. ed. 1873).


CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxu- lar Atea, 2015, 306-310. orr.


Cuadro de texto: IVAP 2023-10-25 08:25:59 -------------------------------------------- Zergatik berdin? Aurreko irizpideak jarraituz gero, parentesi artekoa euskal grafian, "Hormaetxe")

DEL BURGO, J. I., Cánovas y los conciertos económicos. Agonía, muerte y resurrección de los fueros vascos, Iruñea: Editorial Laocoonte, 2010.


GORTÁZAR ECHEVARRÍA, G., Manuel María de Gortázar Munibe 1824-1896, Madril: Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, Gorteko Ordezkaritza, 2019.


GORTÁZAR Y ROTAECHE, L. de, «Gortázar Munibe, Manuel María de», Diccionario Bio- gráfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/110032/manuel-maria-de-gortazar-munibe (2019ko azaroaren 13an kontsultatua).


LABAYRU, E. J., Historia General del Señorío de Bizcaya, Bilbo: La Propaganda argitale- txea; Madril: Victoriano Suárezen liburudenda, 3. libk., 1895-1901.


MARTÍNEZ ARTOLA, A. X., «Gortázar Munibe, Manuel María de», Auñamendi Euskal En- tziklopedia, Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/gortazar-y- munibe-manuel-maria/ar-68024/ (2019ko azaroaren 13an kontsultatua).


SUPERNUDAKO KONDEA, «La inauguración del Canal de Suez contada por un bilbaíno», Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, III. urtea, 1. koadernoa (1947), 29-44. orr.


URQUIJO GOITIA, M., «Manuel María Gortázar Munive», Diccionario Biográfico de los Diputados Generales, Burócratas y Patricios de Bizkaia (1800-1876), Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak, 1995, 231-234. orr.


VÁZQUEZ DE PRADA TIFFÉ, M., El residuo foral: la negociación del primer Concierto Econó- mico, 1877-1888, Bilbo: Eusko Ikaskuntza, 1983.

— Negociaciones sobre los fueros entre Vizcaya y el poder central, 1839-1877, Bilbao: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1984.

YBARRA, J., Política Nacional en Vizcaya, Madril: Ikasketa Politikoen Institutua, 1948.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP