Karguak eta lanbideak
Teologoa eta historialaria
Ibilbidea
Juan Manuel Martínez Ugarte Haron jaio zen 1735ean. Agustindarren abitua 1752an hartu zuen, bere abizenen ordez Risco izengoitia hartuta, gaztaroa iragan zuen Avilako komentuaren omenez. Teologia ikasi zuen Salamancan, eta diziplina horretako katedraduna izan zen Valladoliden, 1765tik 1767ra bitartean. Azken urte horretan Madrilgo Maria Aragoikoa Ikastetxera igaro zen, eta erregentea izatera iritsi zen han. España Sagrada lanaren hamahiru liburukiren ardura izan zuen, eta horrez gain, beste hainbat monografia egin zituen, aita Flórezen aldezpena eginez eta Gaztela eta Leongo erresumen historiaren ingurukoak. 1801ean hil zen.
Sarrera honetan Riscoren lanetako bat azalduko dugu: Espainia Sakratuaren 32. liburukia, Madrilen argitaratu zena 1779an eta izenburu zuena La Vasconia. Tratado preliminar a las santas iglesias de Calahorra, y de Pamplona: en que se establecen todas las antigüedades civiles concernientes a la región de los Vascones desde los tiempos primitivos hasta los Reyes primeros de Navarra. Lehen aipatutako España Sagrada. Teatro Geográfico-Histórico de la Iglesia de España bildumak historia eklesiastiko espainolaren monografia sail bat eskaini zuen, tomo bakoitza zona espezifiko bati eskaintzen ziola. Proiektu historiografiko hori Enrique Flórez historialari agustindarrak diseinatu zuen, beste herrialde batzuetan egindako bilduma monumentalen antzera, eta historiografia espainiarraren klasiko bat da, dokumentu eta informazio sail oso zabala bildu zuena. Flórezek berak prestatu eta argitaratu zituen lehenbiziko 27 liburukiak 1747 eta 1773 bitartean, errege-etxearen laguntzaz. 1773tik aurrera, Flórezen lanari Manuel Riscok eman zion jarraipena. 1774an eta 1775ean Flórezek prestatutako XXVIII. eta XXXIX. tomoak argitaratu zituen, eta bere gain hartu zuen XLII. tomora iritsi arteko guztien ardura. Ondotik, beste hainbat egilek jarraitu zuten lanarekin hurrengo hamarkadetan.
Riscoren lanean intentzio politiko argia antzematen da Nafarroaren iragana berreraikitzen duenean, bat egiten baitu 1776-1777 bitarteko kinten inguruko auzian Nafarroako Diputazioarekin izan zuen eztabaidan Campomanesek adierazi zituen zenbait ideiarekin. Riscok eginahalak egin zituen Moretek defendatu zituen argudio historiografikoen oinarriak ukatzeko. Izan ere, hemen aipatzen ari garen biografia horretan berean esaten denez, «el Gobierno Español aprobó y agradeció mucho este trabajo particular del Maestro Risco». Ez da ahaztu behar, horrekin lotuta, Campomanesek Historiaren Errege Akademian eta bestelako botere-guneetan izan zuen pisua.
Obra handiaren hitzaurrean berean, haren edukien zati bat laburbildu zuen Riscok. Haren iritziz, Nafarroako Erresumaren jatorria zen «objeto de los más enredosos y obscuros que pueden ofrecerse en la Historia», horretaz idatzi zuten egile nafarrek eta aragoitarrek oso maite zutelako «a su respectiva nación», eta horren ondorioz, «los navarros y aragoneses modernos, como tan apasionados a las glorias de este Reyno», jatorriari ematen zioten «una antigüedad no menos remota que la adjudicada por todos los Historiadores a la dignidad Real instituída en Asturias».
Riscok ukatu zituen «una Cantabria invicta, o jamás vencida» izan zela aldezten zuten tesiak, eta baieztatu zuen ez zegoela «en la Costa septentrional parte tan retirada, o de tan firme resistencia, que no se rindiese al constante valor de los Romanos». Gainera, adierazi zuenez, Kantabriatik muga frantsesera bitarteko lurraldeak «estubieron sujetas al Imperio mucho antes de la guerra Cantábrica». Puntu horretan Riscok, haren maisu Enrique Flórezek 1768an argitaratu zuen La Cantabria lanean erabili zuen arrazoibidearen ildo beretik, Euskal Herriko egileen jarrera kantabrista kritikatu zuen, batez ere egile greziar eta erromatarrek emandako informazioak erabiliz. La Vasconia argitaratu zen urte berean, José Hipólito Ozaeta Gallaiztegiren La Cantabria vindicada y demostrada, según la extensión que tuvo en diferentes tiempos izenburuko lana argitaratu zen Madrilen, eta lan hura arbuiatzeko Riscok jadanik bere egin zituen Flórezen argudioak.
Betiere La Vasconia lanarekin jarraituz, hitzaurreko paragrafo batean argi utzi zuen Riscok kontzientea zela bere ekarpenaren mami politikoaz. Hona hemen paragrafo horretan zioena: «Y aunque las sentencias, que sigo, son comúnmente gloriosas y favorables a España, de donde podría sobrevenir alguno en sospecha de mi sinceridad; pero tengo la satisfacción de que los testimonios y razones que propongo mostrarán con la mayor claridad, que el adherirme a ellas más ha sido efecto de inclinación a la verdad, que de amor ciego a la Nación».
Riscoren lanaren edukiak bi ardatz nagusitan laburbildu daitezke. Lehenik eta behin, historialari nafarrek sostengatzen zituzten tubalismoa eta kantabrismoa ukatzen zituen, gotizismoaren esanahi positiboa aintzat ez hartzeko baliatzen zirelako. Bigarrenik, bisigodoek eta Asturias eta Leongo koroek Baskonia menperatu zutela eta Nafarroako erresuma ere Asturias eta Leongo errege-erreginen mende egon zela aldarrikatzen zuen.
Haren lanaren lehenbiziko atalak «Gentes que habitaron la Vasconia antes de la venida de los Cartagineses, y Romanos» izenburua zuen, eta hor Riscok kritikatu zituen Espainia lehenengoz populatu zutenak Nafarroan ezarri zirela zioten tesi tubalistak, argi adieraziz Garibai, Henao eta Moneten jarrerak erratuak zirela. Lanak jasotzen dituen gainerako ideia nagusiak azken herenean biltzen dira. Haien arabera, bisigodoek Baskonia menperatu zutela gauza argia zen Erriberri sortu zuen Suintila erregearen agintalditik, jadanik zenbait matxinada ezagutu zituen Rezesvintoren erregealdira arte. Wambak menperatu zituen behin betiko, eta ez zen gehiago euskaldunen matxinadarik izan arabiarrak etorri arte. Beraz, Riscok kontra egin zion Moreten baieztapenari, haren arabera baskoiak, Wambaren espedizioaren ondoren, ez baitziren geratu «erabat errenditurik». Riscoren iritziz, 711. urtearen azken aurreko garaian, Baskonia Kantabriako dukeek gobernatu zuten, «Errege Godoen leinutik hautatuak». Riscoren ustez, okerra zen egile askoren iritzia: «muchos de los Escritores modernos que han tratado largamente del origen del Reyno de Navarra, empeñándose en defender, que la dignidad Real se estableció en la Vasconia luego que se perdió España, y que los Navarros nunca estuvieron sujetos a los Reyes de Asturias».
Moretek lehenengo errege nafarren gainean zituen tesiak kimerikoak eta fabulazkoak ziren Riscoren iritziz, eta baieztatu egin zuen 711. eta 778. urteen bitartean Baskonia Asturiasko Erregeen mende egon zela, eta 778tik 824ra bitartean Iruñea frankoen esku egon zela, Nafarroako hegoaldea arabiarren esku eta iparraldea baskoien eskuetan. 824. urtetik aurrera, Alfontso II.a Asturiaskoaren erregealdira arte, Baskonia errege asturiarren mende egon zen. Nafarroako erresuma ix. mendean oso aurrera sortu zen, Eneko Aritzarekin, baina hark ez zuen lortu nafarrak gobernatzea «con pacífica posesión como Rey, o Soberano independiente de los Reyes de Asturias». 850. urtetik 870. urtera bitartean nafarrak alferrik saiatu izan ziren, behin baino gehiagotan, leondarren uztarritik askatzen. Gartzea Enekoez erregea izan zen lehena «que obtubo la dignidad de Rey absoluto de los Navarros»; Riscoren ustez, «los Reyes de Navarra vienen de la sangre real de los Godos de España», errege asturiarrek Nafarroa denbora luzez menperatu zutelako eta ahaidetasun loturak zeudelako Gartzea Enekoez eta Asturias eta Leongo erregeen artean, Kantabriako dukearen bitartez.
Handik urte batzuetara, Riscok izan zituen asmo berberak atxikiz, Joaquín Traggia Uribarrik artikulu bat idatzi zuen Nafarroari buruz Historiaren Errege Akademiak 1802an argitaratu zuen Diccionario geográfico-histórico de España lanean, penintsulako lau euskal lurraldeei eskainitako bi liburukietan. Proiektu hura Campomanesek asmatu eta bultzatu zuen hamarkada batzuk lehenago, baina Traggiaren diskurtsoa nabarmen aldentzen zen Campomanesengandik, bai edukiari zegokionez, bai aztertzen zuen aldi kronologikoari zegokionez ere. Hala ere, esan beharra dago, Traggiaren ekarpena Nafarroari buruz historialarien arreta eman bazuen ere, Riscok Nafarroako erresumaren jatorriari eman zion tratamendua itzalita geratu zela.
Obrak
España Sagrada. Tomo XXXII. La Vasconia. Tratado preliminar a las santas iglesias de Calahorra, y de Pamplona: en que se establecen todas las antigüedades civiles concernientes a la región de los Vascones desde los tiempos primitivos hasta los Reyes primeros de Navarra, Madrid: En la imprenta de Miguel Escribano, 1779, 3 libk.
El R. P. M. Fr. Henrique Flórez vindicado del Vindicador de la Cantabria, Don Hipolyto de Ozaeta y Gallaiztegui, Madrid: En la Imprenta de Pedro Marín.
Bibliografia
Mikelarena, F., «La Vasconia de Manuel Risco y la polémica subsiguiente sobre el pasado de Navarra», in Hispania Sacra, 66, Extra I (2014), 297.-337. or.
Aipamen bibliografikoa
Mikelarena, F., “Risco, Manuel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 670-673.





