Karguak eta lanbideak
Erlijioso domingotarra eta historialaria
Ibilbidea
Historia de los Reyes de España lana egin zuen historialariaren izen berekoa da. Hura ere erlijioso domingotarra zen, eta Kortazar izeneko baten aita; horregatik, bien nortasunak nahasi izan dira. Lehenengoaren gurasoak Juan Kortazar de Armentia eta Maria Diaz de Yurre ziren, eta bera Gasteiz ondoko Ihurre herrian jaio zen, 1515-1520 aldera. Domingotarra egin zenean frai Juan de Vitoria izena hartu zuen, Gasteizko San Domingoren komentuan botoak egin zituenean, 1536an. Peña de Franciako (Salamanca) komentuan irakasle aritu ondoren, Arabara itzuli zen. Historialari lanean informazio dokumentatu asko bildu zuen, artxibo ugari aztertuta, eta horietako asko jaso zituen De la antigüedad de España y naciones cantábricas y nobleza suya lanean. 1591ean bukatu zuen eskuizkribua, eta hainbat zati erantsi zizkion 1597ra arte. Garai hartan ohikoa zenez, teoria eusko-kantabrista eta tubalista ere bere egiten zituen.
Obrak
De la antigüedad de España y naciones cantábricas y nobleza suya, ca. 1597. Eskuizkribua, Universidad de Salamanca. Vidaurrázaga eta Inchausti, J. L. (arg.), Nobiliario alavés de Fray Juan de Victoria: xvi. mendea, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1975.
Bibliografia
AuñamendiVitoria, J. de, Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/vitoria-juan-de/ar-140509/ (2018ko urriaren 10ean egindako kontsulta).
Vidaurrázaga e Inchausti, J. L. (arg.), Nobiliario alavés de Fray Juan de Victoria: xvi. mendea, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1975.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Vitoria, Juan de (I)”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 413-414.





