Ibilbidea
Kronika anonimoa da. Eskuz idatzitako kopia batetik hartu du izena. Kopia xi. mendekoa da eta Moisacceko monasterioan aurkitu zen. Kontakizuna Jainkoak gizakia sortu zuenetik abiatu eta 828an bukatzen da. Hutsune bat du, dena den, 716.-770. urteen artean, testuak galdu baitira. Baliteke egileak aurreko urte-liburu batzuk erabili izana, egun desagertuak, jatorriz Frantziako hego-mendebaldekoak; Karlomagnoren eta haren garaiaren historiari dagozkion ataletarako, gutxienez. Lanaren testu desagertuaren bertsio bat Annales Rivipollenses urte-liburuetan kopiatu zen. Kopia hura x. mendekoa da eta biltzaile anonimo batek egin zuen, interesgarrien eta fidagarrien jo zituen eskuizkribuak transkribatu baitzituen.
Chronicon Moissiancense kronikan, musulmanek Galiak konkistatu izana (732) kontatzen denean, esaten da Hispaniako errege Abd ar-Rahmanek Iruñea zeharkatu eta Pirinio mendiak gurutzatu zituela, sarrazeno-armada handi batek lagunduta, eta azkenean, Karlos Martelen tropek errege musulmana azpiratu zuela, Poitiers hiritik hurbil. Zehatz kontatzen du, halaber, Karlomagnok Zaragozara alferrik egindako espedizioa, bai eta itzulera ere, Orreagako Guduak (778) markatua. Bitxia da 780. urteari dagokion albistea, hots, Karlomagno Gaalz ibaitik hurbil nafarren kontra borrokatu zelako albistea, non baskoi olde handia bataiatzen baita, bai eta inguruko beste herri batzuk ere. Baskoiek, 815. eta 818. urteetan, Ludoviko Pioren aurka egindako matxinaden berri ere ematen da.
Obrak
Pertz, G. H. (arg.), «Chronicon Moissiacense», in Monumenta Germaniae Historica. Scriptores, I. Annales et chronica aevi Carolini, Hannover, 1826, 280.-313. or.
Bibliografia
Collins, R., Charlemagne, Toronto: University of Toronto Press, 1998.
Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 282.-286. or.
Segura Munguía, S., Mil años de historia vasca a través de la literatura greco-latina. De Aníbal a Carlomagno, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 239. or.
Aipamen bibliografikoa
Vega López, F., “Chronicon Moissiacense”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 196-197.





