Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA FRANKO-KAROLINGIOAK

LUPO FERRIERESKOA (Loup de Ferrières, Lupus Ferrariensis, Lupo Servato, Lupus Servatus)(Ferrières?, Frantzia, ca. 805 – Ferrières, Frantzia, c. 862).

Karguak eta lanbideak

Ferrièresko abadea eta teologoa

Ibilbidea

805 aldean jaio zen; Ferrièresen, agian (Sensko elizbarrutia, Frantzia). Funtzionario-familia batekoa zen, jatorriz bavariarra, Auxerreko eskualdera bizitzera joana; Karlos Martelen garaietatik aurrera, ziurrenera. Ferrièresko San Pedro abadian, monje beneditarraren prestakuntza jaso zuen. Hogeita bost urte zituela, Fuldako abadiara joan zen teologia ikastera, eta han bertan, letra-ikasketak irakatsi zituen. Fuldan, Eginhardo, Rabano Mauro eta Godeskalko Orbaiskoa ezagutu zituen. Lupo Ferrièreskoak, garai hartan, lege germaniarren bilduma bat osatu, Rabano Maurok zenbakien liburuan egindako iruzkina zuzendu, eta San Maximin eta San Wigbert santuen bizitzak ondu zituen.

836. urtean, Ferrièresera itzuli, apeztu, eta monje gazteen prestakuntzaz arduratu zen. Jakintsu ospea zela eta, Bavariako Judith enperatrizak Luis Errukitsuaren semearen ––Karlos Burusoila izango zenaren–– irakasle izendatu zuen. Karlosen mesedeari esker, 840. urtean, Ferrièresko abade egin zuten, eta kargua zendu arte bete zuen. Luporen ekimenaren bidez, monasterio hura Europako kulturaren erdiguneetako bat izan zen, garai hartan. Egile greko-latindar nagusiek ondutako testuen kopia bultzatzeaz gain, liburutegi garrantzitsua osatu zuen, jatorrizko eskuizkribu anitz eskuratuta eta beste batzuk kopiatuta. Verneuileko (844) eta Parisko (849) kontzilioetan parte hartu zuen, bai eta Soissonsko sinodoan ere (853), eta mandatu ofizialak egin zituen bai Borgoinara (844 eta 845), bai Erromara (849). Lupo Ferrièresen hil zen, 862 inguruan, gaixotasun luze baten ondorioz .

Lan intelektualari dagokionez, Lupo Ferrièreskoa berpizkunde karolingioaren ordezkaririk adierazgarrienetako bat izan zen, bai eta Auxerreko eskolaren sortzailea ere. Jurista gisa, Lupok Verneuileko sinodoko (844ko abendua) kanonen argitalpen bat prestatu zuen, bai eta lege barbaroen corpus bat ere, Friuliko dukearentzat. Halaber, teologo agustindar ospetsua izan zen eta buru-belarri parte hartu zuen predestinazioari buruzko eztabaidan. Karlos Burusoilak eskatuta, Liber de tribus quaestionibus liburua idatzi zuen 849an, hots, agustinismo integralaren aldeko ekarpen garrantzitsua.

Lupo Ferrièreskoak interes historiko handiko gutuneria ugaria idatzi zuen. 132 gutun horiek eskuizkribu bakarrean gordeta daude, Parisko Liburutegi Nazionalaren babespean (BN, Paris, lat. 2858). Gutun haietako batean, 44.garrenean ––845eko azaroaren 12tik 22ra bitarte idatzitakoan––, kontatzen du normandoek erasoaldi bat jo zutela Bordeleko eskualdean, hildako anitz eraginda; besteak beste, Sigwino baskoien dukea. Eta ondotik hauxe erantsi zuen: «gertakari horrek ederki darakutsa zeinen egia handia den Jainko Jaunaren esana: erresuma zatitu orok bere hondamendia izanen du ondorio, eta ikustarazten du zer akabera izanen duten zatiketaren bidea hartzen dutenek».

Obrak

Argitalpenak eta itzulpenak: Desdevises du Dézert, G. (arg., oharrak eta sarrera), Lettres de Servat Loup abbé de Ferrières, Paris: Vieweg, 1888. Dümmler, E., Monumenta Germaniae Historica. Epistulae Karolini Aevi, 6, 1, Berlin: Weidmann, 1902, 7.-126. or. Levillain, L. (arg. eta frantsesezko itzulpena), Loup de Ferrières. Correspondance, Paris: Les Belles Lettres, 1964, 2 liburuki.

Bibliografia

Holtz, L., «L’école d’Auxerre», Iogna Prat, D.; Jeudy, C., eta Lobrichon, G. (argk.), L’école carolingienne d’Auxerre. De Muretach à Remi (830-908), Paris: Beauchesne, 1991, 131.-137. or.

Marshall, P. K., «The Epistulae of Servatus Lupus», in Revue Bénédictine, 89 (1979), 184.-187. or.

Münsch, O., Der Liber legum des Lupus von Ferrières, Francfort: Peter Lang, 2001.

Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 286.-287. or.

Regenos, G. W., «The Letters of Lupus of Ferrières», in The Classical Bulletin, 25 (1949), 55.-57. or.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Lupo Ferriereskoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp.195-196.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP