Karguak eta lanbideak
Elizgizona, poeta eta historialaria
Ibilbidea
Akitaniako gure elizgizona Akitaniako errege Pepin I.aren begikoa izan zen 820ko urteetan. Bretoien aurkako ekinaldian parte hartu zuen, 824an. Ludoviko Pio enperadorearen kontrako azpijokoan aritzeaz akusatuta, Estrasburgora deserriratu zuten. Han, errege frankoaren omenetan, Carmen in honorem Hludovici Caesaris olerki luzea ondu zuen. 2.649 bertso dira. Aurretik, eskaintza bat dago akrostikoan moldatua, erregearen barkamena eskatzeko. Obran 781etik 826ra bitarteko gertakari historikoak daude bilduta, eta uste denez, lana azken data horretan bukatu zen. Ermoldoren obran, Ovidio, Virgilio, Venantzio Fortunato eta karolingioen aldiko hainbat egileren eragina sumatzen da. Erbestetik ere bi gutun idatzi zizkion Pepin I.ari. Ermoldo 830ean itzuli zen gortera.
Olerkietan, Ludoviko Piok baskoiekiko bizi izan zituen gertakari historikoak aipatzen ditu. Datarik eman gabe, egileak esaten du enperadoreak baskoiak menderatu, eta haien leku eta gotorleku anitz konkistatu zituela (I, 92). Gero, baskoien printze Lupo Santxok kontseilu okerra eman zion Ludoviko Piori, enperadorearen armadak Bartzelona konkistatzera joateko aukeraz. Baina Ludovikok, azkenean, Tolosako duke San Gilenek adierazitako iritzia onartu zuen (I, 164). Horrenbestez, enperadorea Bartzelonara joan zen armadarekin batera. Armada-buruen artean, Lupo Santxo zegoen, soldadu baskoiek lagunduta (I, 310).
Obrak
Argitalpenak eta itzulpenak: Strecker, K. (arg.), Monumenta Germaniae historica. Poetae Latini Aevi Carolini, 6, 1, Weimar: H. Böhlaus, 1951, 1.-85. or.
Faral, E. (arg. eta frantsesezko itz.), Ernold le Noir, Paris: Les Belles Lettres, 1964.
Bibliografia
Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 275.-276. or.
Ranicri, I., «La tecnica versificatoria nel’ Carmen in honorem Hludowici Caesaris’ di Ermoldo Nigello e la tradizione dattilica latina»,in Studi Medievali, 25 (1984), 93.-114. or.
Werner, K. F., «Lhudovicus Augustus: gouverner l’empire chrétien, idées et réalités», in Godman, P., eta Collins, R. (argk.), Charlemagne’s Heir. New Perspectives on the Reign of Louis the Pious, 814-840, Oxford: Clarendon Press, 3.-123. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Ermoldo beltza”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 193-194.





