Karguak eta lanbideak
Burokrata eta Ekialdeko Erromatar Inperioaren historialari
Ibilbidea
Jornandes, Jordanis edo Jordanus izenez ere ezagutzen da, eta hari buruz ditugun datu gutxiak Iordanesek berak idatzitako obren bidez dakizkigu. Badakigu bere aitona Pariak idazkari-lanak —notarius— egiten zituela Kandak izeneko buruzagi militar alano batentzat. Iordanesek berak ere egin zituen horrelako lanak beste buruzagi militar batentzat, Guntigis ostrogodoarentzat, hain zuzen ere — Baza izenez ezagunagoa da—. Hori dela eta, batzuen ustez, Iordanes jatorri alano edo godokoa zen. Agian, Guntigisentzat egin zituen notarius-lanak Guntigisek jeneral bizantziar Belisariok Italian egindako kanpainan (538-540) parte hartu zuenean egingo zituen. Pentsatzekoa da Iordanes notarius-kargua izan zuenean gizon heldua izango zela; beraz, vi. mendearen hasieran jaio zela ondoriozta daiteke. 550. urtearen inguruan, Konstantinoplan bizitzen zegoen jada, baina hori baino lehenago, Iordanesek berak «konbertsio» deitutako prozesu pertsonal bat bizi zuen. Ikerlariak ez dira ados jartzen bizantziar historialariak termino horri eman nahi dion esanahiari buruz: batzuen ustez, Iordanesek pagano edo arriano izateari utzi zion, kristau bihurtzeko, baina beste batzuek uste dute prozesu konplexuagoa izan zela, eta burokrata fraideen bizimodua izatera bultzatuko zuela prozesu horrek. Iordanesek bizimodu hori baliatuko zuen bere hurrengo idazlanetarako trebatzeko eta informazioa biltzeko. Halaber, kristau bihurtu zelako hipotesiaren alde egiten duten batzuk harago doaz, eta urte batzuez Italiako Crotona hiriko apezpikua ere izan zela defendatzen dute. Inperioko hiriburura bizitzera joan zenean, notarius ohiak Justiniano enperadorearen gortetik gertu-gertuko giroetan mugitu zen, eta hor hasi zen bere lanak idazten.
551. urtean idatzitako De origine actibusque Getarum lanean (Godoen historia, alegia), Iordanesek Austrogonia toponimo zaharra berreskuratu zuen, 453.- 456. urteen inguruan Hispaniako ipar-mendebaldean kokatutako erresuma sueboaren ekialdetik mugakide zen lurraldea adierazteko (44.230). Hor ageri da toponimo hori lehen aldiz iturrietan. Toponimo horren jatorria erromatarren aurreko autrigoien komunitatea da. Erromatarrak iristean, herri horrek okupatutako lurraldearen mugak honako hauek ziren: Ason ibaia (Kantabria)mendebaldean, eta Nerbioi ibaia (Bizkaia) ekialdean. Hegoalderantz, Arlanzón ibairaino (Burgos) heltzen zen.
Uste da Iordanesek Kasiodororen Historia Gothorum erabili zuela godoei buruzko bere lana idazteko. Halaber beste egile batzuen idatzien erabileraren arrastoa sumatzen da, bai egile greziarrenak (Estrabon, Ptolomeo, Dion Kasio, besteak beste), bai erromatarrenak (Ponponio Mela, Tazito eta Amiano Martzelino, adibidez). Iordanesen Godoen historia lanaren arrakastaren oinarria originaltasuna izan zen, erromatarrak bigarren mailan jarri zituen lehen obra izan baitzen, herri barbaro bat protagonista bihurtuta. Getica obra Antzinate Berantiarreko eta Erdi Aroko beste egile batzuek iturri-tzat erabili zuten, eta beste herri batzuei buruzko lanak idazteko eredu ere izan zen, hala nola anglosaxoiei (Beda) eta lonbardiarrei (Paulo Diakono) buruzko lanetarako. Austrogonia toponimoa geroagoko beste iturri batzuetan ere ageri da, hala nola Ravenate (4.42) lanean, baina geroagoko egileek gutxi erabili zuten; agian, klasizismoko termino bat zelako, edo garai horietan jada erabiltzen ez zelako.
Obrak
.«De origine actibusque Getarum. Iordanis Romana et Getica», honek berrikusia: Mommsen, T.; Monumenta Germaniae Historica, Berlin, 1882; berrinp. Munich: Beck, 1982. Gaztelaniako itzulpena: Jordanes, Origen y gestas de los godos, Sánchez Martín, J. M. (arg.), Madrid: Cátedra, 2001.
Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean, material eta agiriak, Bergara: UNED, 1988.
Bibliografia
Díaz Martínez, P. C.: El reino suevo (411-585), Madrid: Akal, 2011.
Emborujo, A.; Ortiz de Urbina, E.; Santos, J.: «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» in Complutum, 2-3 (1992), 449.-468. or.
Soby Christensen, A.: Cassiodorus, Jordanes and the History of the Goths, Copenhagem: Museum Tusculanum Press, 2002.
Solana Sáinz, J. M.: Los autrigones a través de las fuentes literarias, Gasteiz: Colegio Universitario de Álava, 1974.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Iordanes”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 142-143.





