Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA FRANKO-MEROVINGIOAK

GREGORIO TOURSEKOA (Riom, Auvernia, 538 – Tours, 594).

Karguak eta lanbideak

Tourseko apezpikua, historialaria eta hagiografoa

Ibilbidea

Gregoriori buruz dakiguna haren lanei eta bere lagun Venantzio Fortunatoren poemei eta korrespondentziari esker dakigu. 538. urtearen inguruan jaio zen, Riomen, Clermont-Ferrandetik (Auvernia) gertu, gizarte-maila oneko familia galiar-erromatar katoliko batean. Gregorioren aita Florentzio Auverniako senatari baten semea zen, eta ama, Armentaria, Burgundiako leinu nobleen ahaidea zen. Jaiotzean, Jurgi Florentzio izenez bataiatu zuten, eta, gero, Gregorio izena hartu zuen; agian, amaren aldetiko aitonaren omenez: Autuneko comesa eta Langreseko apezpikua izan zen aitona, eta hiltzean, santutu egin zuten. 551. urte aldera, Gregorio gazteak sukar batzuetatik bizirik ateratzea lortu zuen, bere burua San Ilidiori gomendatu ondoren, eta gertaera horren ondorioz, erlijioso-bizitza egitea aukeratu zuen. 563. urterako, diakono zen jada, Auvernian agian. Harreman estua izan zuen Sigeberto errege merovingioarekin eta Brunikilda erreginarekin, eta monarken babesari esker, Tourseko apezpiku izatea lortu zuen 573. urtean, Galiako apezpikutza garrantzitsuenetako bat. Klotario I.aren ondorengoen arteko gerra zibilen lekuko izan zen, bere apezpiku-egoitzan babesa bilatu zuten guztiei lagundu zien, gatazketan esku hartu zuen eta alderdien arteko bitartekari-lanak egin zituen, eta, batzuetan, ordezkaritza diplomatikoko lanak ere bai.

Zenbait lan hagiografiko idatzi zituen, eta elizkizunen zenbait pasarte iritsi dira gurera, bai eta beste egile batzuentzat egindako sarrerenak eta hitzaurreenak ere. In gloria confessorum (48-51; 83) eta In gloria martyrum (11-12; 73)lanetan, Akitaniako eta Novenpopulaniako kristautze-prozesuarekin lotutako ahozko zenbait tradizio hagiografiko bildu zituen, iv.-v. mendekoak, batez ere. Hala ere, Gregorioren lan aipagarriena haren Decem libri historiarum da; hau da, Historiako hamar liburu. Hor, Galiaren historia biltzen du, vi. mendekoa, batez ere. Lana 594an amaitzen da, urte horretan eteten baita hamargarren liburua, agian apezpikua lana idazten ari zela hil zelako. Gregorioren kontakizunen ardatz nagusia erresuma merovingioak dira, eta Galian nolabaiteko eragina dutenean soilik aipatzen ditu ondoko herri eta erresumekin lotutako gertaerak.

Akitaniako lurraldea behin baino gehiagotan aipatzen du. Aipamen horien guztien artean, Gundobaldoren matxinadaren eta haren ondorioen kontakizuna nabarmentzen da. Gundobaldo frankoen erresumako erregegaia izan zen, eta Galiako zenbait handikiren eta apezpikuren lankidetzaz, Txilperiko I.a zenaren Akitaniako jabetzen errege koroatu zezatela lortu zuen 584. urtean. Aldaketak egin zituen Akitaniako elizan eta armada bat osatu zuen, baina, bere aldekoek salduta, Gontran erregearen tropek garaitu zuten, Convenae hiriari —gaur egungo Saint-Bertrand-de-Comminges, Garona Garaia— oso setio gogorra ezarri ondoren (Hist. 7.34-39; 43; 8.6; 18). Baskoniari dagokionez, Gregoriok bitan soilik aipatzen ditu eskualdea eta bertako biztanleak. Izan ere, merovingioek 541. urtean bisigodoen aurka Pirinioetako igarobideetan egindako erasoa kontatzean, ez du Pompelo aipatzen frankoen armadaren ibilbidea zehaztean (Hist. 3.29).

Hala ere, Toursekoak Baskonia edo bertako biztanleak aipatzen dituen bi pasarteak oso interesgarriak dira, Venantzio Fortunatok baskoien eta frankoen arteko aurreko etsaitasunari buruz ematen dituen berri lausoak argitzeko balio baitute. Lehen erreferentzia 581ekoa da. Urte horretan, Gregorioren arabera, Bladastes dux frankoa Baskoniara joan zen eta ia armada osoa galdu zuen —Bladastis vero dux in Vasconiam abiit maximamquae partem exercitus sui -amisit— (Hist. 6.12); Gregoriok dio baskoiak, sei urte geroago, mendietatik ordokira jaitsi zirela eta laborantza-lurrak eta mahastiak suntsitu zituztela, gatibu asko hartu zituztela eta azienda lapurtu zutela. Astrovaldus duxa haien kontra egiten saiatu zen askotan, baina oso garaipen gutxi lortu zituen —Wascones vero de montibus prorumpentes, in plana descendunt, vineas agrosque depopulantes, domus tradentes incendio, nonnullus abducentes captivos cum pecoribus. Contra quos saepius Austrovaldus dux processit, sed parvam ultionem exegit ab eis— (Hist. 9.7). Hori da Antzinate Berantiarreko egile batek baskoiak Pirinioen iparraldean zeudela argi eta garbi adierazten duen lehen aldia. Halaber, Bladastes duxak Baskoniaren aurka egindako erasoaldia Leovigildo errege bisigodoak eskualdearen hegoaldean egindako erasoaldiaren garai berean izan zen.

Decem libri historiarum lana —gerora, Historiae Francorum izenez ere ezagu-tzen da— Gregorio Toursekoaren lan bikainena dela esan dezakegu.Historia horien hamargarren liburua amaitu gabe egonda ere —agian, lehen esan dugun moduan, apezpikua liburu hori idazten ari zenean hil zelako—, obra horrek oso garrantzi handia du vi. mendeko mundu merovingioaren alderdi guztien berri jakin ahal izateko. Lan horretan, Gregoriok errege frankoen erregealdien balorazioa egiten du, eta transmititu egiten digu bere ustez nolakoa den gizarte ideala, monarkia katoliko sendo batez gobernatua, apezpikuekin erabat ados egonda. Egileak oinarri dokumental zabala zuen: zenbait testu bibliko, historiografia-lanak (Eusebio Zesareakoa, Jeronimo, Orosio, Rufino eta Sulpizio Severo), lan hagiografikoak, askotariko korrespondentzia, artxibategi publikoak, ahozko tradizioak, lekuko fidagarrien lekukotasunak, eta Gregorioren beraren esperientzia. Gregorioren lana bizkor zabaldu zen bere garaikoen artean, eta orduko beste egile batzuek erabili zuten, hala nola Liber Historiae Francorum eta Fredegarioren kronika deituriko lanen egileek.

Obrak

Gregorius Turonensis, «Decem libri historiarum» in Krusch, B.; Levison, H. (argk.): Monumenta Germaniae Historica, Scriptores rerum Merovingicarum, 1, 1, Hannover: Impensis Bibliopolii Hahniani, 1885. Berrarg. Historia Francorum, Hannover, 1937. Gaztelaniazko itzulpena: Historias. Herrera Roldán, P. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Cáceres: Universidad de Extremadura, 2013.

— «In gloria martyrum» in Krusch, B. (arg.): Monumenta Germaniae Historica, Scriptores rerum Merovingicarum, 1/2, Hannover: Impensis Bibliopolii Hahniani, 1885. Berrarg. Hannover: Hahn, 1969.

— «In gloria confessorum» in Krusch, B. (arg.): Monumenta Germaniae Historica, Scriptores rerum Merovingicarum, 1/2, Hannover: Impensis Bibliopolii Hahniani, 1885. Berrarg. Hannover: Hahn, 1969.

Bibliografia

Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.

Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia. Gasteiz: UPV/EHU, 2017.

Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.

Rouche, M.: L’Aquitaine: des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une region, Paris: Ecole des hautes études en sciences sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Gregorio Toursekoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 133-135.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP