Karguak eta lanbideak
Erromatarren garaiko mapa. Ezagutzen zen munduaren bide-sarea jasotzen du
Ibilbidea
Maparen kopia bakarra xii. mendekoa da, eta Vienako Liburutegi Inperialean gorde zen. Zati bat falta zaio, eta 6,82 metroko luzera eta 34 zentimetroko altuera ditu. Mapa Konrad Celtes-ek aurkitu zuen, xvi. mendean, eta Herr Peutingerri laga zion 1507an. Hori dela-eta esaten zaio Tabula Peutingeriana. Dokumentu horretan, idazteko unean (iv. mendearen erdialdea, agian) ezagutzen zen munduko lehorreko komunikazio-sareak adierazten dira. Hala, mapak ezagutzen ziren Lurraren eremu guztiak jasotzen ditu, Irlanda uhartetik Txinaraino, eta eremu hori guztia ozeanoak inguratzen du. Mapan, mansionesen —bidaiariek atseden hartzeko guneak; zelaberez aldatzeko aukera ere egon zitekeen— arteko distantziak erromatar miliatan adierazita ageri dira. Galian, distantziak legoatan —leugae— adierazten dira (legoa bat erromatar milla bat eta erdi zen, 2.200 metro inguru), eta Persiako lurralderako, parasangak erabili ziren (parasanga bat lau milia ziren, sei kilometro inguru).
Mapa mutilatuta dago, eta Mendebaldeari dagokion muturreko zatia falta zaio. Hor, Irlanda, Britania, ia Iberiar penintsula osoa, Galiaren zati bat eta Afrikako iparraldea zeuden. Ez dakizkigu egilearen izena eta obraren jatorrizko izenburua, gorde ez den zatian egongo baitziren. Uste da egile ezezagun horrek Antoninoren ibilbidea obrarako kontsultatutako iturri berak erabiliko zituela. Mendebaldeko Pirinioen inguruneari dagokionez, Novenpopulania probintziaren ipar-ekialdea iritsi zaigu, eta, hor, Tolosatik mendebalderantz doan galtzada batean, Elusa (Eauze, Gers) ageri da, eta Agenera doan beste batean, berriz, Lactora (Lectoure, Gers).
xix. mendearen amaieran, K. Miller ikertzaileak mutilatutako zatia berregin zuen, Ravennatis anonymi Cosmographia edo Ravenate obran adierazitakoaren arabera. Izan ere, Millerrek uste zuen tabula lan horren kalko zehatz bat zela.
Obrak
Miller, K. (arg.): Itineraria romana. Römische Reisewege an der Hand der Tabula Peutingeriana, Stuttgart: 1916.
Pérez de Laborda, A. (arg.): Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996.
Bibliografia
Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.
Lemoine, J.: Toponymie du Pays basque français et des pays de l’Adour, (Landes, Pyrénées-Atlantiques, Hautes-Pyrénées), Paris: A. et J. Picard, 1977.
Roldán, J. M.: Itineraria hispana. Fuentes antiguas para el estudio de las vías romanas en la península ibérica, Valladolid; Granada: Universidad de Granada, 1975.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Tabula Peutingeriana”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 85-86.





