Karguak eta lanbideak
Handiki galiar-erromatarra eta Nolako apezpikua
Ibilbidea
Pontzio Antzio Meropio galiar-erromatar jatorrikoa zen, eta senatarien ordenako familia batekoa. Kristau bihurtu zen eta Nolako (Napoles, Italia) apezpikua izatera iritsi zen, Paulino Nolakoa izenez (K.o. 355-431). Akitaniarekin lotura estua zuen, aita hango prefektua baitzen, eta besteak beste, Ausonio Bordelekoa izan zuen irakasle. Latindar poeta eta erretoriko ospetsua zen Ausonio, eta biak oso lagun egin ziren. Kristau bihurtu ondoren, bere seme jaioberriaren heriotza traumatikoaren ostean, gizartetik urrundu zen eta aszetismoari heldu zion. Hain zuzen ere, erabaki hori eztabaidagaia izan zen Paulinoren eta maisu Ausonioren artean, Ausoniok aurreko bizimodutik —erromatar estiloko bizimodu erosoa— hainbeste urrundu izana gaitzesten zuelako.
Bere bizitzan, Paulinok zenbait carmina idatzi zituen —kristau-joerako latindar poemak— bai eta gutun ugari ere, zenbait pertsonarekin izandako gutun bidezko harremanen ondorioz. Gutun-truke horietatik ospetsuena Ausonio Bordelekoarekin izandakoa da, lehen aipatu duguna. Gutun horietan, Paulinok, maisuari erantzuteko, isolamenduaren edertasuna aldarrikatzen du, eta ohitura zibilizatuei eusteko aukera ere badagoela, barbaroen artean bizi arren. Eta hor, baskoiak aipatzen ditu, eta zakarrak, lapurrak eta basakeriaren (feritas) eredu direla dio (Epist. 10.202-220). Gutunean adierazitako egoera erretorikoa dela eta adierazpen hori basakeria eta zibilizazioa alderatzeko egiten dela nabarmena bada ere, honako hau iruditu zaio deigarrien historiografia modernoari: saltus terminoa agertzea baskoiekin lotuta, Plinio Zaharrak termino hori baskoien lurraldearen administrazio-deskribapena egiteko erabili eta hiru mende geroago. Zenbait egilek hori guztia baliatu dute erromatarrek Baskonia ez zutela inoiz konkistatu aldarrikatzeko, eta lurraldeak bere funtsari eutsi ziola, erromatarren politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-sistematik urrunduta egon zelako. Paulinoren testuaren arabera dakigunagatik, ordea, argi dago egilea baliabide erretoriko bat erabiltzen ari dela, eta, hor, baskoiak barbaro idealizatuen rola betetzen ari direla, eta testuan adierazitakoak ez duela zertan lotura zuzenik izan baskoien errealitate historikoarekin, Erromatar Inperioaren politika- eta administrazio-dinamiketan integratuta baitzeuden. Interesgarriagoa da baskoiak Pirinioekin eta Akitaniarekin lotzen direla, jada K.o. iv. mendean, aurreko aldietan Pirinioen hegoaldean soilik kokatzen baitzituzten. Bestalde, Paulinok kultu tradizionalekin lotzen ditu K.o. iv. mendean; hau da, badirudi garai horretan oraindik bazeudela kristau bihurtu gabeko baskoiak.
Obrak
Ausone et Paulin de Nole: Correspondance, Amherdt, D. (sarrera, arg., testua, frantserako itzulpena eta oharrak), Bern: Peter Lang Publ., 2004.
Poemas, Cienfuegos, J. J. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 2005.
Bibliografia
Lanz, J.: «Antzinateko baskoiak: izen eta izanaren arteko eztabaidak (xvi-xxi mendeak)» in Sancho el Sabio, 39 (2016), 33.-65. or.
Larrea, J. J.; Pozo, M.: «Vasconia en la Tardoantigüedad: De la Antropología a una historia en pedazos» in Revista Internacional de los Estudios Vascos, 60. libk., 1. zk. (2015), 42.-77. or.
Moreno, E.: «Los Vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat Autònoma de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Ramírez Sádaba, J. L.: «Las ciudades vasconas según las fuentes literarias y su evolución en la tardoantigüedad» in Espacio y tiempo en la percepción de la Antigüedad Tardía. Antigüedad y cristianismo, 23 (2006), 185.-199. or.
Torregaray, E.: «La Antigüedad Tardía en el País Vasco (siglos iii-iv d. C.)» in Lema Pueyo, J. A.; Barruso Bares (koor.): Historia del País Vasco. Prehistoria y Antigüedad, Donostia: Hiria, 2006, 347.-377. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Paulino Nolakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 73-74.





