Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

FLORO (Luzio Aneo Floro) (Afrika, K.o. 70? – Erroma, ca. K.o. 140).

Karguak eta lanbideak

Poeta eta historialaria

Ibilbidea

Luzio Aneo Floro latindar historialaria izan zen, eta Tito Livioren Ab urbe condita lanaren bertsio laburtu bat idatzi zuen: Tito Livioren epitomea. Livioren lana bezala, Erromaren historia laudagarri bat zen, baina askoz laburragoa. Horregatik, hain zuzen ere, Flororen lana Liviorena osatzeko erabili ohi da, nahiz eta Epitome lanaren azkeneko liburuan, Livio ez zen izan Flororen iturri bakarra. Ez dakigu ziur noiz jaio zen (K.o. 70?), ezta noiz hil zen ere (K.o. 140), baina badakigu bere obra Hadriano enperadorearen agintaldian argitaratu zuela. Gorazarrezko poema bat idatzi zion enperadore horri; segur aski, Hadrianok bere babespean hartu zuelako. Aurretik, Florok poeta-, -hizlari- eta -irakasle-ibilbidea izan zuen, eta Inperio osoan zehar bidaiatu zuen. Tarracora (Tarragona) iritsi, eta irakasle-lanetan aritu zen denboraldi batez. Flororen lanak, laburra eta oso erabilgarria denez, arrakasta handia izan zuen Antzinaroa amaitu eta gero, Erdi Aroan eta Errenazimenduan.

Tito Livioren epitomea lanean, Florok Calagurriseko (Calahorra) setioa (K.a. 71) gogoratzen du, Sertorioren aurkako gerran izandakoa, bai eta fames calagurritanaren pasarte ospetsua ere (2.10.9). Gertaera hori kontatu zuten beste latindar egile batzuek ere —Valerio Maximo, Suetonio, Juvenal, Orosio eta Ausonio—, eta jasotakoa kontuan hartuta, argi dirudi gertakari hori, krudelkeriaren eta sufrimendu handiaren ohiz kanpoko adibide izan zenez, erromatarren imajinario kolektiboan txertatu zela, Hispaniako zenbait herriren portaeraren eredu gisa —Erromaren aurkako erresistentzia handiaren eredu—, beste adibide batzuekin batera —Numantzia, kasu—, eta irudikapen zehatz bat eratu zen, Inperioaren oroimen kolektiboan kalagorritarrak eta, hala bazegokion, baskoiak gerrari eta gatazkari aurre egiteko modu jakin batekin lotzen zituena. Ez dugu ahaztu behar erromatarren kulturan herriak identifikatzeko parametroak, funtsean, hizkuntza, kanpoko itxura eta gerra egiteko modua zirela. Alde horretatik, Florok adibide praktiko bat erabili zuen, irakurleei erakusteko zein gogorra den gerra Hispanian, eta hori dela eta, Sertorioren Gerran parte hartu zutenek erromatarren arteko gerra-ekintzak nahasi zituzten herriekin eta hiriekin aliatu behar izan zutela. Bestalde, kasu honetan, Florok Calahorra hiria —garai horretan baskoia izanez gero—Erromaren aurka zegoela dio, eta horrek baskoiek Erromarekiko zuten jarrerari buruzko eztabaida historiografikoa elikatu du luzaroan, baskoiak Erromaren aliatuak ala aurkariak ziren, alegia. Azken aldian gai horren inguruko iturri berririk lortu ez denez, zaila da erabateko erantzunik ematea. Baina zentzuzkoa izan daiteke pentsatzea baskoiek ez zutela Erromarekiko beti batera eta modu koherentean jardun, eta baskoi-talde desberdinek jarrera desberdinak izan zitzaketela, lekuaren eta garaiaren arabera.

Obrak

Floro, Epítome de la historia de Tito Livio, Hinojo, G. (gaztelaniazko itzulpena), Madrid: Gredos, 2000.

Florus, Epitome of Roman History, Forster, E. S. (ingelesezko itzulpena), Loeb Classical Library, Cambridge, MA: Harvard University Press, 1929.

Bibliografia

Espinosa, U.: «Calagurris y Sertorio» in Calahorra, bimilenario de su fundación. Actas del I Simposium de Historia de Calahorra, Madrid: Ministerio de Cultura, 1984, 189.-199. or.

Fatás, G.: «Aproximación al estudio de la expansión vascona en los siglos ii y i antes de Cristo» in Estudios de Deusto, 20 (1972), 377.-400. or.

Perex Agorreta, M. J.: Los vascones, el poblamiento en época romana, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1986.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Floro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 54-55.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP