Gernikako Batzar Exea izango da, irailaren 3an eta 4an, Euskal Herriko Unibertsidadearen (EHU) “Bizkaia eta bere askatasunak: Eraberritutako Foruaren 500 urte” udako ikastaroaren egoitzea. Prestakuntza akademiko horrek Bizkaiko Batzar Nagusien bultzadea eta Iura Vasconiaeren lankidetzea ditu, eta 1526ko Foru Barria edo Erreformaua, lurraldearen nortasuna eregiteko testu juridiko erabagigarrienetakoa, onetsi zaneko bosgarren mendeurrena ospatu gura dau.
Ikastaroa gaur goizean aurkeztu da Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Itziar Alkorta Idiakez eta Imanol Merino Malillos, ikastaroko zuzendarikide lez, eta Idoia Otaegui Aizpurúa EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria. Ekimena, Foru Barriaren onarpenaren V. mendeurrena ospatzeko Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia aurton antolatzen dabizen ekitaldien barruan dago.
Topaketearen helburu nagusia, Foru Barriak edo Erreformauak Bizkaiko askatasunen oinarri lez izan eban esanahi historiko, juridiko eta politikoa herritarrei hurreratzea da. Jardunaldi bietan zehar, ospe handiko adituek kaparetasun unibersala, antolaketa komunitarioa lako printzipioak eta Europako beste eredu batzukaz konparautako perspektiban irudikatzeko sistemak aztertuko ditue.
Programaren mugarrietako bat, XVIII. mendeko Foru Erreformauaren aplikazinoari eta irakaskuntzari buruzko “Commentaria ad veram intelligentiam legum fori de Vizcaya” (1725) iruzkin juridiko aurkitu barriaren aurkezpena izango da. Saio hori Jose Luis Aurtenetxe Bizkaiko Batzar Nagusietako legelari nagusi ohiak moderauko dau, eta Jon Arrieta eta Imanol Merino adituek hartuko dabe parte.
Gregorio Monreal Ziaren, Mikel Mancisidor De la Fuente Arartekoaren, eta Iñaki Bazán Díaz Erdi Aroko Historiako irakaslearen berbaldiak jasoko dituen saio teorikoez gain, ikasleek eta bertaratutakoek esperientzia zuzena bizi ahal izango dabe Aldundiaren ondareagaz, oroitzapenezko erakusketa baten eta María Rosa Ayerbe Iribar eta Alberto Santana Ezkerraren eskutik, Batzar Etxera bertara egingo dan bisita gidauaren bitartez. Foru Liburutegian dagoan Foru Barriaren 500 urteei buruzko erakusketearen zati bat Gernikako Batzarretxeko Liburutegira eroango da.
Programan alderdi teknikoak be landuko dira, dozena bat adituk hartuko dabe parte guztira lau mahai-ingurutan, Bizkaia zaharreko parte-hartze politikoa, berme prozesalak, fiskalidadea edo merkataritzea, beste gai batzuen artean, argitzeko.
Matrikula doan hemen:
https://www.uik.eus/eu/jarduera/bizkaia-bere-askatasunak-eraberritutako-foruaren-500-urte
BATZAR ETXEAREN BERREHUNGARREN URTEURRENA OSPATZEKO KONTZERTUA
Ekitaldia, orain 200 urte Gernikako Batzar Etxea eregiten hasi zirala ospatzeko “ad hoc” sortutako “Haretxaren azpian” kontzertuagaz amaituko da. ESASeko (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) Alara hari laukoteak interpretauta, 1894ko abuztuan Pablo Sarasatek Gernikako Arbolearen ondoan askatasunen alde eta bere sinbolismoaren eta esanahiaren omenez emon eban kontzertuaren egokitzapena izateko helburua dau.





