Vasconia eta nazioarteko harremanak historian zehar. Tratatuak, diplomazia, historia eta zuzenbidea.
Nazioarteko harreman publikoen formalizazio juridikoa modernitatean Estatuak sortutako eta kudeatutako esparruaren barruan mugatu da. Modernitateko proiektuan Estatuak dira nazioarteko harremanen arloko eskumenen jabe, behintzat alderdi publikoari dagokionez.
Eredu horren arabera, Estatuak dira nazioarteko zuzenbideak arautzen dituen akordioak formalizatu eta tratatuen bidez betebeharrak sor ditzaketenak (ius contrahendi), eta Estatuak dira berdinen artean aitortzen diren ordezkaritza diplomatikoen bidez goi mailako harremanak ezartzeko gai direnak (ius legationis).
Estatuak bakarrik hartzen du parte nazioarteko zuzenbide publikoan, zeina, Justizia Nazioarteko Epaitegi Iraunkorrak bere definizio zaharrean zioenez, “estatu independenteen arteko harremanak gobernatzen” dituen (Lotus kasua, 1927).





