Vasconiako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoari buruzko Sinposioa, XX. edizio honetan Zuzenbidearen irakaskuntzari, magistraturaren antolakuntzari eta elkargokatzeari dedikatu dena, Iura Vasconiae-k antolatuta, arrakastatsua izan da, bai hizlarien kalitateagatik, bai sortutako eztabaidengatik, ikerketa-eremu berriak irekitzen baitituzte.
Iura Vasconiae-ko presidente Gregorio Monrealek eta Sinposioko zuzendari Roldán Jimenok aurkeztu zituzten 13 hizlariak eta eztabaidak moderatu zituzten.
Ponentzia guztiak Iura Vasconiae Aldizkarian jasoko dira, eta 2023aren erdialdean argitaratuko da.
Goizeko saioa Donostian hasi zen, Iura Vasconiae Fundazioaren egoitzan, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasle Manuel Martínez Neiraren eskutik. Estatuko Unibertsitatearen Historiaren azterketan espezialista nagusia da, eta honako gai honi buruz hitz egin zuen: “Crítica ilustrada y proyecto liberal: la enseñanza del Derecho en la Monarquía hispánica”. Paris I La Sorbona Unibertsitateko irakasle Anne Rouselet-Pimont arduratu zen XVI. eta XIX. mendeen artean Frantziako Monarkian Zuzenbideak izan zuen irakaskuntza azaltzeaz.
Javier García Martínek, UPV/EHUko irakasleak, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Zuzenbidearen irakaskuntzan erabiltzen ziren eskuliburuak eta apunteak aztertu zituen. Unibertsitate horretako Zuzenbidearen Historiako irakasle Rosa Mª Ayerbek Oñatiko Unibertsitatearen sorrerari eta bilakaerari buruzko azalpena eman zuen, ikasleen bizitza arautzen zuten arau zorrotzak bereziki azpimarratuz.
Illes Balearreko Unibertsitateko irakasle Rafael Ramisek berak “unibertsitate txikienak” (universidades ínfimas) gisa kalifikatzen dituenen bilakaera azaldu zuen, horien artean Irachekoa kokatuz; bertan, tituluak lortzeko ordainketak monje beneditarrek ematen zituzten irakaspenek baino gehiago balio zuen. Goizeko saioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Roldán Jimeno irakaslearen ponentziarekin amaitu zen. Nafarroako Erresuman Unibertsitate bat sortzeko egindako ahalegin hutsalak errepasatu zituen, baita nafar ikasleek Penintsulako zein Frantziako eta Italiako beste unibertsitate batzuetara trebatzera joateko zuten beharra ere.
Arratsaldeko saioa Deustuko Unibertsitateko Gema Tomás irakaslearen hitzaldiarekin hasi zen; jesulagunek sortutako unibertsitatean bertan zuzenbide-ikasketen sorrera eta lehen garapena azaldu zituen. Carlos Garrigak, UPV/EHUko irakasleak, magistraturaren antolakuntza jorratu zuen. Ondoren, abokatuen elkargoen sorrera eta antolakuntza aztertu ziren. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako elkargoez Santiago de Pablo UPV/EHUko irakaslea arduratu zen; Iruñeko, Lizarrago eta Tuterako elkargoez, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Mikel Lizarraga irakaslea.
Imanol Merinok, UPV/EHUkoak, Prokuradoretzaren antolakuntza azaldu zuen, eta auzietan haien presentzia lurralde batzuetan nahitaezkoa eta beste batzuetan hautazkoa nola zen azaldu zuen. Eta, azkenik, Euskaltzaindiko presidente eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Andrés Urrutiak eman zion amaiera Sinposioari, notario-elkargotzearen historia azalduz.
Aurreko edizioetan bezala, Sinposioan hainbat ikertzaile eta doktorego-ikasle izan dira. Lehenengoen artean, Josu Erkoreka zegoen, titulu partikularrean; gaur egun lehendakariorde eta Segurtasun sailburua da, eta lehenago Gobernantza sailburu eta Iura Vasconiae Fundazioaren kofundatzaile izana.





