Karguak eta lanbideak
Apaiza eta propagandista politikoa
Ibilbidea
Lizarran jaio zen, Antonio Zubeldiak eta Asuncion Indak osatutako familian. Bederatzi seme-alabatik bigarrena izan zen: Antonio, Emiliana, Martin, Eladia, Gumersindo, Felix, Candido eta Alejo. Horietatik bi nabarmendu ziren sozialki, batetik, Martin (1878-1974), Gumersindo de Estella izenez ezagututako Frantziskotar kaputxinoa. 1936tik 1942ra bitartean Torreroko (Zaragoza) kartzelan eta hilerrian heriotza-zigorra jaso zuten ehunka pertsonaren bidelagun izan zen azken uneetan. Koadernoetan eta oharretan jasotako bere testigantza zuzen eta tragikoarekin liburu bat argitaratu zen: Memorias: Fusilados en Zaragoza 1936- 1939; Tres años de asistencia espiritual a los reos. Bestetik, Emiliana (1888-1987), musikaria, piano-jotzailea eta konpositorea. Parisera joan zen lehendabizi, eta New Yorkera eta Mexikora gero. Azken honetan karrera emankorra izan zuen, eta bertan hil zen, Hermosillan, 1987an.
Nestorrek aitaren hainbat destinotan eman zuen bere haurtzaroa. Aita udal-idazkaria izan zen lehenik, eta merkatari ondoren, eta Salinas de Oron eta Nafarroako hiriburuan aritu zen lanean. Iruñeko mintegian egin zituen eliza-ikasketak, eta Zaragozakoan amaitu, teologia eta zuzenbide kanonikoko lizentziatura bikoitzarekin. Oscariz, Janariz eta Beortegi herrietan aritu zen parroko, eta ondoren, Iruñeko mintegira joan zen, Filosofia, Logika eta Ontologia, Etika, Zuzenbide Naturala eta Historia Naturala alorretako irakasle gisa.
«Filosofoen arteko teologorik onena eta teologoen arteko filosoforik onena» zela esaten zen. 1921ean, Iruñeko mintegiko errektore izendatu zuten, eta ardura horretan egon zen 1923an kargua utzi zuen arte. Garai horretan, «Apaiz Haurrak» izeneko eliz mugimendura hurbildu zen. Egile batzuen arabera, ofizio santuak hura desegiteak eragin zuen Oiartzungo eta Iruñeko psikiatrikoetan sartzera behartu zuen krisi larria.
Hala ere, 1929an osatu eta Iruñeko katedralean sartu zen berriro ere, artxibozain eta liburuzain, eta honek garai emankorrago bati eman zion hasiera, teologo eta filosofo gisa ez ezik, pentsalari eta gizarte-dinamizatzaile gisa ere bai. Hurbil zegoen Euzko Alderdi Jeltzalearengandik, militante izatera iritsi ez bazen ere, eta bete-betean inplikatu zen alderdi horrek bigarren Errepublikan bultzatutako autonomia-estatutua babesteko jardueretan. Ildo horretan, bere jaioterrira joan zen, Lizarrara, «Euskal Estatuaren Autonomia Estatutu Orokorra» onartzeko euskal udal ordezkariek 1931ko ekainaren 14an egindako ekitaldietara. Dinamika horren barruan, Zubeldiak, La Voz de Navarra egunkariko artikuluez gain, hiru liburuxka idatzi eta argitaratu zituen: Los Estatutos en el actual momento crítico de Navarra, Lo que conviene que los navarros sepan en la hora de decidirse por el Estatuto eta Los momentos actuales de Navarra, euskal lau probintzien estatutu erkidea defendatuz, lehenengo biurteko errepublikarrean zehar.
Era berean, elizak gizarte-eremuetan esku hartzearen aldeko teoriko gisa, Leon XIII.a aita santuak zabaldutako doktrinen ildotik argudiatu zen, klase-borrokaren aurkakoak eta klasearteko elkartasunaren, gizarte-laguntzaren eta kooperatibismoaren aldeko ekimenen aldekoak. Propaganda-planotik haratago joan zen, eta «Farangortea» proiektua martxan jartzen saiatu zen, Nafarroako Artaxoa herrian nekazaritza-ustiapen handinahi baterako laborantza-etxea, lurrak eta tresnak erosita. Gerra zibilak esperientzia hori bertan behera utzi bazuen ere, Nestor Zubeldiak berak sinatutako liburuxkan FARANGORTEA. Obra social para auxilio de familias y ayuda de los trabajadores de la tierra) modu zehatzean diseinatua geratu zen.
Guda hasi zenean, Nestor Zubeldiak mugimendu frankistaren ildoa jarraitzen ez zuten apaiz nafarren bidea hartu zuen. Iruñetik kanporatu eta Abaurregainara erbesteratu zuten, eta han egon zen 1937ko maiatzaren 15etik 1938ko azarora arte. Orduan, atxilotu eta Mirafloresko kartusian (Burgos) sartu zuten. 1939ko martxora arte egon zen bertan. Erantzukizun Politikoen Auzitegiak epaitua, 1940ko apirilaren 9ko epaian, isun ekonomiko txiki bat ezarri zioten, jada jasandako erbesteratzeak salbuetsi zituelarik, eta, epaiaren arabera, hogeigarren hamarkadako ospitaleratzeek eragin zituzten aurrekari «eskizofreniko eta paranoikoek» zuzendaritza lanetan aritzeko oztopo argia zirelako.
Nafarroako hiriburura itzulita, katedraleko kalonje gisa hasi zen lanean. Dormitaleria kaleko bere etxea Jose Aguerre, Felipe Oñatebia, Modesto Urbiola edo Javier Ciga bezalako nazionalisten «pecatorum aterpea» izan zen. Berrogeita hamarreko hamarkadan, jarduera solidarioekin jarraitu zuen, maila teorikoan zein praktikoan. Horrela «Familien elkartasun kristaua» mugimendua jarri zuen martxan, sostengu teoriko zabalarekin, Los católicos y la Justicia Social eta El solidarismo democrático. Fórmula única de justicia social liburuen bidez. Planteamendu horiek zabaltzeko, Radio Requetén saio bat izan zuen astero, hamar bat urtez.
Hiru urteko gaixotasun neketsuaren ondoren, Iruñean hil zen 1963ko otsailaren 27an. Nahiz eta Herrialdeko Lagunen Errege Elkarteko kideek (Iruñean jarduten zuen erakundea, Jorge Ramon Sarasa eta Carlos Claveria abertzaleek dinamizatua) beatifikazio kausa bat hasteaz hitz egin zuten, ez dirudi honek inolako aurrerapauso edo oihartzun esanguratsurik izan zuenik.
Obrak
Los Estatutos en el actual momento crítico de Navarra, Iruñea: Imp. de La Acción Social inp., 1931.
Los momentos actuales en Navarra, Iruñea: Aramburu, 1931.
Lo que conviene que los navarros sepan en la hora de decidirse por el Estatuto, Iruñea: Aramburu, 1932.
La sensibilidad y la razón. Estudio analítico y solución de los problemas del conocimiento, Donostia: Ricardo Leizaola inp., 1935.
Farangortea. Obra social para auxilio de familias y ayuda de los trabajadores de la tierra, Donostia: Ricardo Leizaola inp., 1936.
Vida escondida con Cristo en Dios, Iruñea: Gráficas Iruña, 1942.
Las almas de los muertos; Iruñea: Aramburu, 1947.
Nuevas rutas de ordenación social. El solidarismo democrático, fórmula única de justicia social y de paz, Iruñea, 1951.
Los católicos y la justicia social, Iruñea: Gráficas iruña, 1954.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Néstor Zubeldia Inda», Auñamendi Euskal Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/pradera-larumbe-victor/ar-118372/ (2021eko maiatzak 17).
I. Z. M., D. Nestor Zubeldia. Notas biográficas y sucesos sorprendentes, Iruñea: Gómez ed., 1966.
ITURRIAK
Sentencia condenando a Néstor Zubeldia Inda… Nafarroako erantzukizun politikoen auzitegian, ES/NA/AGN/F363/TRP_SENTENCIAS.LB.1.N.395BIS.





