Karguak eta lanbideak
Politikari nazionalista euskalduna eta historialaria
Ibilbidea
Gautegiz-Arteagan jaio zen 1866an. Familiak denboraldi batzuk herri horretan igarotzen zituen, Tabernasarre amaren baserrian, eta beste batzuk Gernikan, bere aitak, Angel Zabala Arrotegik, bulegoak zituen herrian, aita itsasgizona eta armadorea baitzen.
Urduñako Jesuiten Ikastetxean barneko ikasle izan zenez, seguru asko Sabino Arana ezagutu eta haren adiskide egin zen, bera baino urtebete zaharragoa. Gero Salamancara joan zen eta han Zuzenbidean lizentziatu zen. Ondoren Gernikara itzuli zen, bere aitaren eta Tomas Gorozika bazkidearen jabetzako enpresan sartu zen gerente-lanak egitera. Bilbon, Bartzelonan eta Buenos Airesen ordezkaritzak zituen ontzi-enpresa zen hura.
Bilbon bizi ez zen arren, Euskeldun Batzokijaren sortzaileetako bat izan zen, Sabino Aranak 1894ko uztailaren 14an sortu zuen lehen euskal erakunde nazionalista.
Asuncion Gorozikarekin, aitaren bazkidearen alabarekin, ezkondu zen eta harekin zazpi seme-alaba izan zituen 1903 eta 1921 artean. Urte horretan emaztea hil zen, eta seme-alabetatik bi bakarrik biziraun zuten aitak baino gehiago.
EAJren lehen zuzendaritza-kontseiluko kide izan ez bazen ere, 1895eko uztailaren 31n eratu zen Bizkai Buru Batzarrekoa, alegia, 1896ko maiatzaren 23an BBBko kide hautatu zuten lehen aldiz. Zabalak bere gain hartu zuen Gernikan alderdi honen lehen egoitza sortzeko ardura.
1897tik aurrera, gai historiko eta politikoei buruz idazten hasi zen prentsa abertzalean, eta, garai hartan ohikoa zen bezala, gobernuaren errepresioa saihesteko, hainbat goitizen erabili zituen bere artikuluak sinatzerakoan, eta ezagunena Kondaño izan zen. Artikulu dezente idatzi zituen, eta besteak beste, honako egunkari eta aldizkarietan argitaratu zituen: Aberri, Baserrittarra, Bizkaitarra, Euskal-Esnalea, Euzkadi (aldizkaria eta egunkaria), Euzkerea, Gipuzkoarra, Jagi-Jagi, JEL, La Baskonia, La Patria, Mendigoxale eta Yakintza.
Jaio berria zen EAJn bere parte hartzeak gero eta garrantzi handiagoa zuen euskara menderatzen zuelako, ezagutza historikoak zituelako eta prestakuntza juridikoa zuelako. Alderdiaren zuzendaritza berritzen zenean, Sabino eta Luis Arana anaien atzetik, hirugarrena bera hautatzen zuten. 1898an, EAJren probintziako diputatu izateko hautagai izendatu zuten Gernikako barrutian, eta oso boto gutxirengatik ez zen atera. Sabino Aranak, berriz, irabazi egin zuen Bilboko barrutiko hauteskundeetan. Urte honen amaiera aldera, atxilotu eta preso sartu zuten Larrinagako kartzelan, Ikurrina bat langile batzuei utzi izana leporatuta, haiek Arteagako eraikuntza bat bukatu zutenean ikurra teilatuan jartzeko erabili zutelako.
1903an, Pedro Chalbaudekin batera, EAJren hautagai aurkeztu zuten Bizkaiko Aldundiko diputatu izateko. Halako adiskidetasuna eta konfiantza zuen Sabino Aranak harengan, kartzelan eta gaixo egon zenean bera ordezteko izendatu zuela eta, bizitzako azken egunetan, bere ondorengo eta EAJko buruzagi nagusi hautatu zuen. Zabalak bere gain hartu zuen erantzukizun hori oso egoera zailetan, bai Aranaren heriotzagatik, bai alderdian zeuden barne-desadostasunengatik, alderdiaren bideragarritasuna zalantzan baitzegoen, indarrean zegoen lege-araudi murriztailea zela eta. Halako zalantza egin zuen Aranak EAJren amaiera proposatu zuela, «Euskal Liga Espainolista» delakoaren alde. Liga horrek Estatuaren batasun organikoa onartuko zukeen beraren errepresioa saihestu eta bere jarduera ahalbidetzeko. Proposamen hori ez zen onartu, eta estrategia horren aurka agertu ziren alderdiko kide gehienak, haien artean, Zabala.
Angel Zabalak ez zuen politikarako inolako anbiziorik ezta gidaritza politikorako inongo bokaziorik ere, baina hildako adiskidearekiko eta defendatu zuten kausarekiko —Euskal Herria, haren kultura eta nortasuna ez desagertzearena— leialtasunak indarrak eman zizkion hiru urte zailetan alderdia zuzendu eta kanpoko erasoei eta barruko desadostasunei aurre egiteko. Neurri handi batean, esan daiteke, beragatik izan ez balitz, EAJren sortzaile nagusia hil ondoren, alderdia desagertua izango zela. 1906an, bost kidek osatutako batzorde batek bere gain hartu zuen alderdiaren gidaritza, eta Zabala lehen lerroan bizitza politiko aktiboa egitetik erretiratu zen. Handik aurrera, Bizkaiaren Historiaren inguruan lan intelektual nabarmena egiten jardun zuen, eta horren emaitza dira jarraian zerrendatzen diren argitalpenak.
Konbentzioko eta Independentzia gerren arteko urte erabakigarri haietako Bizkaiaren Historiari buruz egin zuen interpretazioak, 1909an argitaratu zenak, gaitzespena jaso zuen Bilboko gotzainaren aldetik (bere lana Eliza Katolikoak debekatutako liburuen aurkibidean sartu zuen). Gotzaiak espainolismoaren agente aktibo gisa jardun zuen Bizkaiko lurraldean, eta Zabalari «indibidualismo»aren hobena leporatu zion, Zabalak uste baitzuen bizkaitarren autodeterminaziorako eskubide historikoen oinarria giza-askatasuna zela. Gotzaiaren gaitzespen hark Zabala kristau-fededunarengan atsekabe handia eragin zuen; horrez gain, urte haietan euskal nazionalismoak etengabeko erasoak jasan zituen Espainiako Gobernuak Euskal Herrirako izendatu zituen goi-hierarkia eklesiastikoaren aldetik. Hierarkia horrek oso gogor jokatu zuen hainbat aferatan, esate baterako, euskal izena jarri nahi zieten haurrak bataiatzeari uko eginez edo euskal nazionalismoaren jarraitzaileak ziren erlijiosoak erbesteratuz. Zabalak hurrengo urtean gaitzespen horren aurkako defentsa argitaratu zuen.
1912an Bermeoko Udaleko idazkari-lanpostua bete zuen eta herri horren historia aztertzen hasi zen. Lan horren ondorioz, 1928 eta 1931 artean Bermeoko Historia argitaratu zuen bi liburukitan. Gernikan ere ikerketak egiten zituen bere denbora librean. 1939. urtearen amaieran Madrilera joan zen artxiboak kontsultatzera, eta bertan hil zen 1940ko urtarrilean.
Obrak
«El Palacio-castillo de Arteaga», Euzkadi, I (1901), 69-74. or.
«El porqué del Palacio Castillo de Arteaga», I (1901), 81-177. or.
«Erectores y herederos del Palacio Castillo de Arteaga», Euzkadi, I (1901), 237-258. or.
«La primera guerra carlista», Euzkadi, II (1905), 98-157. or.
«Unión y Fueros. El Convenio de Bergara», Euzkadi, II (1905), 239-296. or.
Contestación a Mella por Kondaño. Serie de artículos publicados en el semanario nacionalista Patria, Bilbo: Bilbao Marítimo y Comercial, 1907.
«Hiztoria de Bizkaya. 1793-1797», Euzkadi, IV (1907), 93-142, 187-228 eta 267-293. or.; V (1908), 49-74 eta 99-158. or.
«Observaciones a observaciones», Euzkadi, V (1908), 183-238. or.
«La independencia tributaria», Euzkadi, V (1908), 339-347. or.
Historia de Bizkaya. 1793-1807, Bilbo: Imp. Eléxpuru Hnos., 1909.
Las confirmaciones y el pase foral, Donostia: Imp. de R. Altuna, 1909.
Defensa del libro Historia de Bizkaya de Zabala eta Otzamiz-Tremoya condenado por el Sr. Obispo de Vitoria y dispuesta por el autor para la Sagrada Congregación Romana del Índice á la cual ha sido sometida por aquel prelado la resolución definitiva del asunto. Contiene la defensa de la doctrina individualista, Bilbo: Sociedad Bilbaína de Artes Gráficas, 1910.
«Hiztoria de Bizkaya. 1808», Euzkadi, VIII (1911), 277-294 eta 341-366. or.; IX, 1912, 195-214. or.
«Hiztoria de Bizkaya. 1809», Euzkadi, IX (1912), 351-359. or.
«Gernika y los Fueros», URIARTE, J. R. de (arg.), Los baskos en la Nación Argentina. 1816-1916, Buenos Aires: La Baskonia, 1916, 49-66. or.
«Periyaren zalapartak», Euskal-Esnalea, XVI (1926), 56-68. or.
Historia de Bermeo, Bermeo: Gaubeca, 1928-1931, 2 libk.
«Neskutz», Euzkerea, I (1929), 166-167. or.
«Epílogo de la defensa de Neskutz (Virgen)», Euzkerea, I (1929), 187-188. or.
«Habla el maestro», Pintura Vasca, 6 (1932), 17-19. or..
«Propaganda “cuca”», Euzkerea, II (1933), 273. or.
«Cucharadas», Euzkerea, II (1933), 289-290, 309-310, 329-331, 349-351 eta 477-480. or.
«Historia política de Bizkaya. 1808-1932. El Acoso. Los planes de Napoleón», Yakintza, I (1933), 105-117. or.
«La Constitución de Bayona», Yakintza, I (1933), 287-297 eta 355-361. or.
«Naturaleza de nuestros reyes», in ZENBAITEN ARTEAN, El libro de oro de la Patria, Donostia: Ed. Gurea, 1934.
«La restauración», Euzkerea, III (1934), 9-16 eta 94-106. or.
«Los gobiernos militares», Yakintza, II (1934), 62-68 eta 116-124. or.
«La Constitución de Cádiz», Yakintza, II (1934), 286-301. or.
«Orígenes vascos», Yakintza, II (1934), 381-391. or.
«La Restauración», Yakintza, II (1934), 441-450. or.; III, 1935, 54-61. or.
«El crepúsculo foral», Yakintza, III (1935), 371-378 eta 442-455. or.; IV, 1936, 47-53. or.
Primeros años del nacionalismo (argitaratu gabeko lanen bilduma: «Sabino Arana- Goiri», «El nacionalismo vasco» eta «El cisma nacionalista» Sabino Arana eta berak, elkarri idatziriko eskutitzak), Bilbo: Alderdi Argitaldariak, 1985.
Bibliografia
AMÉZAGA, E., «Un sucesor a la fuerza de Sabino Arana», Muga, 79 (1992), 60-67. or.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., «Zabala Ozamiz-Tremoya, Angel de», Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Donostia: Auñamendi, 2003, LV. libk., 208-210. or.
ZABALA, A., «Ángel Zabala “Kondaño” (1866-1940) Historiador-Delegado General del PNV», CAMINO, I., Nacionalistas (1903-1930), Bilbo: Alderdi Argitaldariak, 1985, 126-136. or.





