Karguak eta lanbideak
Abokatua eta politikari nazionalista
Ibilbidea
Aita Zornotzakoa zen, eta familiak «Ogena de medio» (Ogena Erdikoa) izeneko etxola bat zuen han, Boroa auzoan.
Nekazari-familia bat zen, jabe nagusien artean ez zegoena. Denborarekin Bilbora joan zen bizitzera, eta Somera kaleko 19.an, negozio bat ireki zuen, tabernari eta ostalari lanetan aritzeko. Hura utzi zuenean, zerealak saltzen ibili zen. Ama —eta amona— Sestaon jaio zen, baina haren aurrekoak Trapagaranetik etorri ziren, eta beraien abizenak oso ezagunak ziren inguru hartan (Durañona edo Zaballa). Badirudi Federicoren aitaren negozioek semea Bizkaiko Institutura ikastera bidaltzeko adina eman zutela, izan ere, 1892an batxilergo-titulua lortu zuen.
Ondoren, Filosofia eta Letrak eta Zuzenbidea ikasi zituen aldi berean Deustuko Unibertsitatean. Bertako ikasle izen zen 1892-1893 ikasturtetik 1897-1898 ikasturtera bitartean, eta baliozkotze-azterketak egin zituen Salamancan. 1895eko ekainean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen bikain notarekin. 1898an Zuzenbideko lizentziatura lortu zuen eta 1900ean doktoretza, «Las Ordenanzas de Comercio de Bilbao» tesiarekin.
Oso gaztetatik enpresari-zirkuluetan sartu zen, batez ere meatze-enpresariekin, heta 1917an Bizkaiko Patrono Meatzarien Elkarteko idazkari izendatu zuten. Nazionalismora Euskalerria Elkartearen sektoretik iritsi zen, Ramon de la Sota Aburtoren itzalean. 1919an eta 1921ean diputatu probintzial hautatu zuten. Urte horietan, CNVko gidarietako bat izan zen. Ramon de la Sota eta Ceferino Urienekin batera, «La protección del caserío y adquisición de la propiedad por el inquilino» mozioa idatzi zuen, 1922ko otsailaren 7an aurkeztu eta Bizkaiko Aldundiak onartu egin zuena. Hurrengo urtean Bilboko Meatze Zirkuluko idazkari kargua hartu zuen. 1930eko udaberri-uda aldera egin zen nazionalismoaren bateratze prozesuan parte hartze garrantzitsua izan zuen. EAE-ANVren eta EAJren arteko zatiketa gertatu zenean, askotan Leonardo goitizenarekin agertzen zen Euzko Abertzale Ekintzaren (EAE-ANV) aurkako polemiketan, eta esplizituki kritikatu zuen EAE-ANV, erlijioa alderdiaren ideietatik kanpo utzi zuelako. Bere luma askotan agertzen da urte haietako prentsan; ideologia kontserbadorea zerien haren idazkiei. Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren bezperan, zetorrena ez sostengatzeaz aparte, salatu egin zuen: «iraultza antikristaua eta antisoziala, zeinari antiklerikalek, masoiek, sozialistek eta komunistek laguntzen baitiote, eta Viva la República garrasi leun eta itzalik gabea hartu baitute, aldi berean bere proiektu erradikal eta suntsitzailea bildu eta zaintzeko. Zer egin behar du euskal nazionalismoak hor, askatasunaren etsai den jende horren artean, diziplina militarra baino gehiago baten aldekoak, Jainkoa, autoritatea eta familia eraistearen aldekoak direnak… ?», galdetzen zuen 1931ko otsailaren 24ko Euzkadi egunkarian. Hala ere, bi hilabete geroago, Errepublikak bideratu zuen mugimendu autonomistan parte hartu zuen, batez ere, La Gaceta del Norte eta Euzkadin egindako kolaborazioekin. Bost urte iraun zuen errepublika-garaian bera izan zen alderdiko garrantzitsuenetakoa. Gerra hasi zenean Bilbon zegoen eta urriaren 27an Auzibideko zuzendari eta Euzko Jaurlaritzako Ogasun Saileko aholkulari juridiko izendatu zuten. Euzkadiko Ogasuneko Administrazio Kontseiluko lehendakaria ere izan zen. Bilbo menderatu zutenean, Lapurdira erbesteratu zen, eta han egon zen 1942 arte. 1942ko maiatzaren 29an Irunen atxilotu zuten. Donostiatik Bilbora trenez eraman zuten, eta han Atxuritik Indautxuko komisariara kaletik oinez eraman zuten. Hainbat kargu leporatu zizkioten: EAJn eta Euzko Langileen Alkartasunan (ELA-STV) afiliatuta egotea, erregimenaren gustukoak ez ziren liburuak sartzea eta, azkenik, Euzko Jaurlaritzan erantzukizun-karguak betetzea. Egun batzuk atxilotuta pasa ondoren, 1942ko ekainaren 26an, epaile instruktore militarrak kartzelaldi arindua eman zion. Une horretatik aurrera, eskura dituen lege-ekintza guztiak abiaraziko ditu, bere defentsa aurrera eramateko ez ezik, bahitutako ondasunak berreskuratzeko ere. 1948ko urtarrilean aplikatu zitzaion Francok 1945ean emandako indultua, eta behin betiko askatasuna lortu zuen. Esan bezala, konfiskatutako ondasunak eskatzeko auzi bat aurkeztu zuen 1950ean eta bere aldeko epaia 1954an eman zen.
Meatzaritzako patronalean lan egiteaz gain, partaidetza handia izan zuen, adibidez, Eusko Ikaskuntzaren sorreran. Federico Zabala Eusko Ikaskuntzaren bazkide sortzailea eta ,1931n, Bizkaiko autonomia azpibatzordeko kide izan zen Eusko Ikaskuntza Autonomia Estatutuaren proiektu bat idazten hasi zenean.
1919an Bizkaiko Aldundira iritsi zen nazionalistak gutxiengoa zirenean. Hain zuzen ere, Zabalak Aldundiaren osoko bilkuran egin zuen lehen hitzaldia protesta bat izan zen, barrutietako aldaketak eta 1917an lau urtetarako hautatu ziren Durango eta Markinako diputatuen kargu-uzte behartuak zirela eta. 1919ko abuztuaren 2tik aurrera, aktiboki hartu zuen parte Aldundiaren jardueran. Arrienekin batera, gaur egun esango genuke gutxiengo nazionalistaren «bozeramaile» izan zela. Hasierako diskurtsoetan, Zabalak aipamen berezia egin zion Kontzertuaren erabilgarritasunari, eta esan zuen baliagarria zela ez bakarrik probintzien interes materialak sustatzeko baita herri baten bizitza sustatzeko ere: hizkuntza, kultura fisikoa eta arteak.
Urte haietan zehar, Zabala aldi berean aritu zen Meatze Zirkuluko idazkari-karguan, probintziako diputatu-karguan, bere bulegoan abokatu-lanetan eta Deustuko Unibertsitatean irakasle, non hainbat irakasgai eman zituen Merkataritza Fakultatean (merkataritza-tratatuak, idaztegia, muga-zergak eta aduanak, tokiko ekonomia, zuzenbide fiskala eta kontratu-, merkataritza- eta kanbio-zuzenbidea) eta Literatura Fakultatean.
Baina, ezbairik gabe, urte haietan Aldundian hasitako ekimen garrantzitsuenetako bat monografia-lehiaketa baterako deialdia egiteko proposamena izan zen. Onartutako proposamen horren arabera, lehiaketara aurkeztutako monografien ardatza Kontzertu Ekonomia eta egitear zegoen berritzea izan behar zuen.
Bere sentimendua plazaratu zuen esanez Primo de Riveraren diktadura erori zenetik Monarkia edo Errepublika aukeratzea ez zela beraien arazoa, ez batak ez besteak ez ziolako askatasunik emango Euskadiri: «Espainian gu ez gara ez monarkikoak ez errepublikanoak; Euzkadiko euskaldunak gara. Gure gobernatzeko modua tratatzen denean, orduan iritzia emango dugu; ez dugu ezer esatekorik espainiar Estatuaren gobernuaz ari direnean».
Jarduera politiko horiez gain, Errepublika garaian Bizkai Buru Batzarreko aholkulari juridikoetako bat izan zen. Zuzenbidearen arloan zituen trebetasunak beste ekimen batzuetarako ere erabili zituen erlijioa defendatzeko orduan. Haize antiklerikalak gogor jotzen hasi zirenean, 1931tik 1934ra bitartean,. El Mensajero del Sagrado Corazón de Jesús Elkarte Anonimoko gerentea izan zen, Jesusen Lagundiaren Bilboko argitaletxekoa, baita ere Bilboko Vera Cruz lekaimeen Ikastetxeko zuzendaria. Horrez gain, Bilboko Jesusen Bihotz Sakratuaren monumentua eraisteko Udalak hartutako erabakiaren aurka errekurtsoa jartzeaz arduratu ziren legelarietako bat izan zen, izan ere, monumentu hori diktadura garaian herritarren artean eginiko diru-bilketa bati esker eraiki zen.
Francisco Gaskuek hasitako joerari jarraitu zion; orain indarrean dagoenaren antzeko kupo-formula bat (Estatuaren aurrekontuari zegokion kupoa) eztabaidatzen edo, gutxienez, hausnartzen hasi zen eta kupoaren egungo diseinuraino iritsi dena, Gipuzkoako iritzi-foroetatik abiatuta, eta oraindik nolako bidea egin zuen ez badakigu ere, 1979ko Autonomia Estatutura iritsi zena.
Obrak
El Consulado y las Ordenanzas de Comercio de Bilbao con breves noticias históricas acerca del comercio de esta villa, Bilbo: La Editorial Vizcaína, 1907.
El Concierto Económico: qué ha sido, qué es, qué debe ser. Con el texto del Concierto vigente y carta-prólogo de D. Julián de Elorza, Bilbo: La Editorial Vizcaína, 1927.
Los arrabales de Bilbao y sus necesidades religiosas, Bilbo: La Editorial Vizcaína, 1929.
El Gobierno de Euzkadi y su labor legislativa, 1936-1937, Oñati: HAEE-IVAP, 1986.
Memorias de un desterrado (argitaragabea).
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., La articulación político-institucional de Vasconia: Actas de las «Conferencias» firmadas por los representantes de Álava, Bizkaia, Gipuzkoa y eventualmente de Navarra (1775-1936), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995, 2 libk.
ALONSO OLEA, E. J., El Concierto Económico (1878-1937). Orígenes y formación de un Derecho histórico, Oñate: HAEE-IVAP, 1995.
— Continuidades y discontinuidades de la administración provincial en el País Vasco. 1839-1978. Una «esencia» de los Derechos Históricos, Oñate: HAEE-IVAP, 1999.
EZCURDIA, L., Cuerpos armados forales. Los Miqueletes, Donostia: Itxaropena, 1968.
GRANJA SAINZ, J. L., Nacionalismo y II República en el País Vasco, Madrid: CIS-Siglo XXI, 1986.
ITURRIAK
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., «Zabala Allende, Federico», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/zabala-allende-federico/ar-144565/ (2023ko uztailak 21).
SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA, online katalogoa: https://catalogo.sanchoelsabio.eus/Author/Home?author=Zabala+Allende%2C+Federico+de (2023ko uztailak 21).
ZABALA Y ALLENDE, F., El concierto económico: ¿qué ha sido, qué es, qué debe ser?, Eduardo ALONSO OLEA (arg.), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Ogasun eta Finantza Saila-Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Institutua (Euskal Herriko Unibertsitatea), 1998. Online arg.: https://www.ituna.eus/storage/2020/04/elconciertoquehasido.pdf (2023ko uztailak 21).





