Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

WEBSTER, Wenthworth (Uxbridge, Erresuma Batua, 1828ko ekainak 16 – Sara, Lapurdi, 1907ko apirilak 2).

Karguak eta lanbideak

 Elizgizon anglikanoa, idazlea eta euskalaria

Ibilbidea

Brightongo ikastetxe pribatu batean ikasi ondoren, Oxfordeko Lincoln College ikastetxean sartu zen 1849an, eta 1852an graduatu zen. 1854an ekin zion eliza-ibilbideari, Clofordeko parrokiaren diakono gisa (Somerset). 1861ean apaiz egin zuten, eta Lapurdin bizi ziren ingelesen artean aritu zen ministerioan. Ingalaterratik kanpo bere ministerio-lana garatzeko bokazioak munduaren izaera eta ezagutzeko grinarekin zuen lotura. Horrek zirikatuta, gaztaroan, Eskozian, Alemanian, Suitzan, Azore uharteetan, Brasilen eta Argentinan bidaiatu zuen. 1862 eta 1863 bitartean Egiptora joan zen, Bigorran pausatu aurretik. Bagnères-de-Bigorre udalerrian tutore aritu zen, eta bertan ezagutu zuen bere emazte Tekla Laura Knipping. Bost urte geroago, Euskal Herrian nabarmendu zen Donibane Lohizunen ezarritako eliza anglikano berriaren lehen kapilau gisa. Kargu hori 1869 eta 1882 artean izan zuen, eta fede horretako komunitate zabalari eman zion zerbitzua, Lapurdiko kostaldean bizi baitzen. Hiribildu hartan jaio ziren haren lau alabak eta semea, euskaraz arintasunez hitz egin zutenak. Webster-ek berak hizkuntza ikasi zuen, eta metodo fonetikoen bidez ikertzen hasi zen, itzulpenak eginez hala frantsesera nola ingelesera.

1882an, uko egin zion Donibane Lohizuneko parrokiako karguari, eta Saran kokatu zen, lehenengo «Bechi-enea» baserrian eta, azkenik, «Crespotegia»n (Mendi-Bichta). Han hil zen 1907an. Saratik Anton Abadia laguna bisitatzera joan zen, Hendaian zeukan egoitzara. Jatorri irlandarreko euskaldun ospetsuarekin izan zuen adiskidetasun estuaz gain (elkarri ugari igorri zizkioten gutunak), Webster euskalaritzako une hortako aditu garrantzitsuenekin izan zuen harremana, hala nola John Rys, Hugo Schuchardt, Fidel Fita, Marcelino Menendez Pelayo, Louis Lucien Bonaparte printzea, Jean-Pierre Duvoisin, Georges Lacombe, Julien Vinson, Jean-Martin Dithurbide, Georges Herelle, Leon Hiriart, Mitxel Elizanburu, Laurent Diharasarri, Julio Urkixo, Carmelo Etxegarai edo Jose Manterola, besteak beste. Horietako askorekin elkartrukatu zituen gutunak Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko Urkixo Funtsean gorde dira, bai eta Baionako Euskal Museoan ere, eta azterlan ugari egin dira.

Webster jaunak bisitari ospetsuei abegi ere eman zien, hala nola William Ewart Gladstone, garai hartako lehen ministro britainiarra. Harekin gai teologikoei buruz hitz egiten zuen eta, azkenean, ministro horrek pentsio bat eman zion, aukera emanez ikerketetan soilik aritzeko. 1907ko martxoan, Eduardo VII.a erregea Sarara joan zen haren ohorez jokatu zen pilota-partida batera. Webster gaixorik eta oso ahul zen, eta ezin izan zuen erregea agurtu.

Lapurdin bizi izan zen urteetan, Webster-ek landa-lan etnografiko handia egin zuen, euskal ipuin tradizionalak eta Ipar Euskal Herriko biztanleen hainbat ohitura bilduz. Ipuinak Julien Vinson euskalariaren laguntzaz argitaratu zituen, Basque Legends. Collected chiefly in the Labourd idazlanaren lehendabiziko argitaraldian (1877). Ipuinok gaiaren arabera sistematizatu zituen: Tartalo, Herensuge, askotariko animaliak, Basajaun, Basandere eta laminak, sorginkeria, maitagarri zeltak, maitagarri frantsesak eta, bukatzeko, kontakizun kristauak. Idazlanak arrakasta handia izan zuen, eta horrek bihotza altxa zion ikerketa eta dibulgazio lanetan jarraitzeko. Haren hurrengo liburua, Spain, 1882an argitaratu zen, eta Baskoniari buruzko kapitulu zabal bat jaso zuen.

Geroago Saran finkatu zenetik, Euskal Herriari buruzko artikuluak idazten jarraitu zuen, bai aldizkari britainiar, frantses eta espainiarrentzat, bai garai hartan Euskal Herrian sortu zirenentzat. 1883an Espainiako Historiaren Errege Akademiaren Boletín-ean 1883an argitaratu artikulu batean, erakutsi zuen zorroztasun zientifikoa zuela; bertan, irmo salatu zuen Altabizkarko kantua apokrifoa zela, Garay de Monglaveri eta Louis Duhalderi aurre eginez, historialari horiek egiantzeko itxura eman baitzioten. Euskararen azterketari egin zion lehen ekarpen handia Pierre Urtek 1712an idatzi Grammaire Cantabrique-Basque lan argitaragabea argitaratzea izan zen.

1901ean, Les Loisirs d’un étranger en Pays Basque idatzi zuen, Ipar Euskal Herria bisitatzeko eta bertako historia eta ohiturak ezagutzeko interesa zuen ororentzako gida eruditua. Hitzaurrean, hauxe ekarri zuen gogora: «Lurralde hauek lehen aldiz bisitatzen dituzten turistei, sinetsarazten zaie euskaldunak eta Euskal Herria beti izan direla gaur bezala. Aitzitik, ia dena aldatu da, eta aldaketak inoiz ez dira handiagoak izan azken hogeita hamar urteetan eta Bigarren Inperioan baino. Autonomia zaharra desagertu egin da, baina sortzen zuen zintzotasunak eta harrotasunak bere horretan diraute. Antzinako ohitura asko erabilerarik gabe geratu dira, asko galdu egin dira, monumentu zaharrak suntsitu egin dira, errepideak bereziki eraldatu dira. San Joan suak, erlijio-zeremonia gisa, ia ahaztuta daude; lehen, lursail guztien aurrean eta herrialdeko etxe guztien aurrean pizten ziren, eta otoitz eginez pasatzen ziren. Orain ez da ia surik pizten heriotza baten ondoren hurbilen dagoen bidegurutzean, eta oinezkoek ez dute aitagurea errezatzen, ez harririk botatzen haren ondoan dagoen pilara. Ezkontza eta ehorzketa zeremoniek tokiko isuria galdu dute, eta Frantziako gainerako lurraldeetako berberak bihurtu dira [… ]».

Webster-ek, gainera, euskal gaiei buruzko hamarka artikulu idatzi zituen, aldizkari anglosaxoietan argitaratuak, hala nola The Academy, Notes and Queeries, The Spectator, The Fortnighly Review, The Atheneum, Anglican Church Magazine, Cornhill Magazine, English Historical Review, Fortnightly Review, Journal of the Gypsy Lore Society, Journal of the Anthropological Institute, Mac-Millans Magazine, The Antiquary, The Swiss Anglican Magazin, The Journal of the Anthropological institute of Great Britain, The Pyrenean, The Season, The Treasury of languages, The Academy, etab. Frantzian, artikuluak aldizkari hauexetan argitaratu zituen: Bulletin de la Société Ramond, Bulletin de la Société de Borda, Bulletin Hispanique, La Nouvelle Revue, La Réforme Sociale, Revue de Linguistique et de Philologie comparée, Revue des Études Anciennes. Espainian, Boletín de la Institución Libre de Enseñanza, Boletín de la Academia de la Historia, La Ilustración católica, la Revista contemporánea, edo Revista crítica de Historia y Literatura Españolas aldizkarietan idatzi zuen. Une horretako euskal aldizkari garrantzitsuenetan ere parte hartu zuen, hala Ipar Euskal Herrian (Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Bulletin de Biarritz Association, La Tradition au Pays Basque, eta Revue du Béarn et du Pays Basque), nola Hego Euskal Herrian (Euskalzale, Euskal-Erria, eta Euskalerriaren Alde). Euskal etnografia eta hizkuntza-gaiak ez ezik, foruak aztertu zituen ikuspegi liberal batez, bai eta zenbait instituzio ere, hala nola couvadea, kofradiak, fazeriak eta elkarren onerako hitzarmenak.

Wentworth Webster Saran hil zen 1907ko apirilaren 2an Encyclopædia Britannica-rako Euskal Herriari buruzko artikulu bat idazten zuen bitartean, eta Donibane Lohizunen hilobiratu zuten.

Obrak

Basque Legends, collected, chiefly in the Labourd by Wentworth Webster, M. A., Oxon; with an essay on the basque language by Julien Vinson, London: Griffith and Farran; London: Welbrook and Co., 1877. Itzulia: Euskal ipuinak (I eta II), ARBELBIDE, X. (arg.), Donostia: Euskal Editoreen Elkartea, 1993.

«Les Basques», Nouvelle Revue, 10 (1881), 344-374. or.

Spain, Foreign Countries and British Colonies collection, London: Sampson Low, Marston, Seaple & Rivington, 1882.

Sur quelques inscriptions du Pays Basque et des environs, Baiona: Imp. A. Lamaignère, 1892.

«Les pastorales basques», Euskal-Erria, 29 (1893), 565-569. or.; 30 (1894), 39-43, 79-83 eta 103-107. or.

Le Dictionnaire Latin-Basque de Pierre d’Urte, Baiona: Imp. A. Lamaignère, 1895.

Grammaire cantabrique basque par Pierre d’Urte (1712), Wentworth WEBSTER-en arg., Baignères-de-Bigorre: Imp. D. Bérot, 1900.

Les loisirs d’un étranger au Pays Basque, Châlons-sur-Saône: Imp. Française et Orientale E. Bertrand, 1901.

«Seroras, freyras, benitas, benedictae entre los vascos», Euskalerriaren alde, 1. libk., 5-6 (1911), 139-151. or., 166-168. or.

À la découverte des Basques: moeurs et institutions, Républiques des Pyrénées, faceries, pastorales, etc., Donostia; Baiona: Elkarlanean, 1998. 

Bibliografia

AGUDO HUICI, R. M., Wentworth Webster: vascófilo, fuerista y etnólogo, Vitoria-Gasteiz: Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Comisión de Álava, 1984.

ECHEGARAY, C., «Wentworth Webster», RIEV, 2 (1908), 373-385. or.

IRIGARAY, A., «Noticias bio-bibliográficas del vascólogo y etnólogo Wentworth Webster», Fontes Linguae Vasconum, 6. libk., 18 (1974), 451-452. or.

IRIGARAY, A., eta VIDEGAIN, Ch., «Leyendas vascas de Wentworth Webster», Fontes Linguae Vasconum, 7. libk., 20 (1974), 271-278. or.

URKIZU, P., Wentworth Webster (1828-1907), Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2000.

VEYRIN, Ph., «Wentworth Webster (1828-1928)», Bulletin du Musée Basque. Revue des Études et Recherches Basques, 10 (1929), 1-21. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP