Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA BISIGODOAK

WAMBAREN ZEDARRITZEA. Dokumentu apokrifoa. Ustez, Toledoko erresuma bisigodoko apezpikutegien lurralde-banaketa jasotzen du, eta Wamba erregeak (672-680)

Karguak eta lanbideak

egin omen zuen.

Ibilbidea

Espainiako historiografian xix. mendetik Wambaren zedarritzea deituriko dokumentua errege horrek idatzi omen zuen, kontzilio batean, elizbarrutien mugarritze geografikoen inguruan sortutako liskarrak konpontzeko. Hala ere, ebazpen hori ez dago jasota bisigodoen garaiko kontzilioetako aktetan, eta ez zen dokumentu horren berri izan xi. mendeko azken urteetara arte. Nolanahi ere, iturri fidagarritzat erabili zuten, xii.  eta xiii. mendeetan sortutako muga-auzi batzuk konpontzeko. Banaketa zenbait testutan ageri da, batzuetan bakarrik, eta beste batzuetan, berriz, Erdi Aroko obra historikoetan eta eklesiastikoetan gehituta edo aipatuta. Dokumentua eskuizkribu askotan transmititu da, zerrenda luzea aterako litzateke, baina batzuetan, iritsi dena kopia partzialak dira eta ez dira beti fidagarriak. Horrez gain, eskuizkribu horietako asko era guztietako dokumentuetako erreferentzia laburren bidez soilik ezagutzen ditugu. Bertsio guztiak kontakizun moduan ageri dira, eta ez akta gisa edo jatorrizko dokumentuak izan beharko lukeen moduan. Hala, banaketa idatzi zeneko testuingurua azaltzen duen hitzaurre baten ondoren, erresuma bisigodoa osatzen duten artzapezpikutegiak adierazten dira, bai eta haiek osatzen dituzten apezpikutegiak ere, eta, gero, apezpikutegi bakoitzaren lurralde-mugak adierazten dira. Zedarritzea zehazteko, lau puntu adierazten dira elizbarruti bakoitzeko, eta, oro har, puntu horietako bat, gutxienez, bat dator ondoko elizbarrutiaren puntuetako batekin. Azkenik, dokumentuaren amaieran, Wambaren ebazpena berresten duen epilogo bat dago.

Baskoniako lurraldea hartzen zuten edo haren mugakide ziren elizbarrutiak Terragonako (Tarragona) artzapezpikutegi metropolitanoaren mendekoak ziren. Honako hauek ziren: Osca (Huesca), Cesaraugusta (Zaragoza), Pampilona (Iruñea), Tirasona (Tarazona), Calaurra —Calabre, Calagora eta Calaforra izenez ere ageri da— (Calahorra), Senona (kokapen ezezagunekoa) eta Auca (Villafranca Montes de Oca). Jarraian, elizbarruti horiei buruzko erreferentzia osoak adieraziko ditugu:

59. Cesaraugusta teneat de Tenia usque Splanam. De Ripas Montes usque -Godolo.

60. Osca teneat de Splana usque Cobello. De Sperle usque Ripam.

61. Pampilona teneat de Cobello usque Mustellam. De Loga usque Tallam.

62. Tirasona teneat de Mustella usque Nampiam. De Sparga usque Ostaval.

63.  Calaurra teneat de Nampia usque Spargam. De Mustella usque Lacalam.

64. Senona teneat de Sparga usque Platenam. De Almot usque Millosam.

65. Auca teneat de Platena usque Amaiam. De Uilla Inferno usque Pedem -Moram.

Lehenago aipatu dugun moduan, Wambaren Zedarritzeak hedapen bizkorra izan zuen ageri eta hurrengo mendeetan. Izan ere, benetakotzat hartu zuten eta musulmanak viii. mendean sartu ondoren desegindako elizbarruti batzuen mugak ezartzeko ere erabili zuten. Hala ere, handik gutxira, zedarritzearen edukia zalantzan jarri zen, eta, gaur egun, zientzialariek uste dute faltsua dela, edo, gutxienez, apokrifoa. Bertsio desberdinen hitzaurreak eta epilogoak xi. mendearen amaieran idatzi zituzten, baina ez dakigu elizbarruti bakoitzaren mugak adierazten dituzten toponimoak garai berean sartu ziren. Horrez gain, honako hauek kontuan hartu behar ditugu: bisigodoen garaiko kontzilioetako aktetan ageri ez dela; tokiko izen berezietako asko identifikatzeko zailak direla, eta batzuetan, ezinezkoa ere bai; zenbait bertsiotan nahita egindako nahasketak daudela, bertsioa idatzi zen egoitzaren interesetara egokitzeko; eta eskuizkribu batzuk ez ditugula osorik jaso. Horrek guztiak pentsarazten gaitu lurralde-banaketa hori, gaur ezagutzen dugun moduan, Toledoko edo Osmako apezpikutegian idatzi zela, Husilloseko Kontzilioaren (1088) eta Paskual aita santuak emandako bularen  (1107-1108) arteko uneren batean.

Obrak

Vázquez de Parga, L.: La división de Wamba: contribución al estudio de la historia y geografía eclesiástica de la Edad Media española, Madrid: CSIC, 1943.

Bibliografia

Blázquez y Delgado Aguilera, A.: La Hitación de Wamba. Estudio histórico geográfico, Madrid: Real Sociedad Geográfica, 1907.

Pérez de Laborda, A.: Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “wambaren zedarritzea”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 125-126.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP