Karguak eta lanbideak
San Orentzioren bizitza jasotzen duen obra hagiografikoa. Auskiko apezpikua izan zen V. mendearen lehen erdian
Ibilbidea
Orentziori buruz dakigun gutxia haren biografia hagiografikoetan jasotakoa da. Biografia horiek desberdinak dira, ia guztiak. Horien guztien artean, Boddeken-eko monasterioko (Westfalia) bertsioa da zaharrena eta informazio historikoki fidagarriagoa ematen duena. Dirudienez, vi. mendearen hasieran idatzi zen, bisigodoen aldeko ingurune batean, Vouilléko Gudua (507) baino lehenago. Orientius Huescan jaio zen, iv. mendearen bigarren erdian edo; garaiko familia dirudunetako kideen hezkuntza izan zuen; eta kristau bihurtu zen, ez dakigun data batean. Ama hil zitzaionean, v. mendearen hasieran, Huescakoak bere ondasunak saldu, eta irabaziak behartsuenen artean banatu zituen, eta, gero, Novempopulaniara joan zen aitarekin, bizimodu zorrotz eta jainkotiarra egiteko. Han, v. mendearen bigarren hamarkadan, Auskiko (Gers) biztanleek hiriko apezpiku izendatu zuten, aldarriz. Zenbait mirari egin zituen, exorzismo bat egin zuen gertuko mendi bateko tenplu pagano batean, eta eskualdeko ebanjelizazio-prozesuan lagundu zuen (Vit. Orient. 1-2). 439. urtetik urte gutxi batzuetara hil zen, segur aski. Data hori da obran identifika daitekeen bakarra: Vitan azpimarratzen da pertsona zaharra zela errege bisigodo Teodoriko I.aren enbaxadore gisa aritu zenean, arrakastarik gabe, Litoriok gidatutako erromatar tropen aurrean, Tolosa -setiatzear zeudenean. Hagiografoaren arabera, Orentziok ezin izan zuen erromatarrek hiriari eraso egitea eragotzi, baina haren otoitzei esker, jainkozko probidentziak laino trinkoa barreiatu zuen guda-zelaian, eta, horrela, bisigodoei —arrianoak ziren, baino kristauak— lagundu zien, erromatar armada eraso-tzailearen aurka — huno paganoz osatutako tropa laguntzaileak ziren— (Vit. Orient. 3). Bosgarren pasartean, denbora-tarte zehaztugabe bat jasotzen da, 439. urtetik apezpikuaren heriotzara arte. Pasarte horretan jaso-tzen da Orientiusek arrakasta izan zuela bere azken mandatua egitean, Tolosan salaketa faltsu baten ondorioz preso eta heriotza-zigorrera kondenatuta zegoen hispaniar jatorriko noble bat —vir nobilissimus genere hispanus— salbatzeko.
Beste lan hagiografiko batzuetan bezala, Vita Orientii obran, protagonistaren bizitza dotoretzen da, balentriekin eta elezaharreko gertaerekin, eta horiek guztiek jainkozko probidentziaren babesa edo parte-hartze zuzena izaten dute. Egilearen helburua ez da obra historiografiko bat idaztea, eta jasotzen diren gertaerei buruzko akatsak eta asmakuntzak ohikoak dira horrelako iturrietan. Esate baterako, Orentzioren Vitan soilik jasotzen da magister utriusque militia Aezio egon zela Tolosako Guduaren (439) aurreko negoziazioetan, baina, beste iturri fidagarriago batzuei esker, badakigu data haietan Aezio Erroman zela, eta Litorioren porrotaren berri izan ondoren joan zela Galiara. Horrenbestez, zenbait ikertzailerentzat, Orentzioren Vita ez da testu oso fidagarria: kontraesanak daude bertsio desberdinen artean, lana apokrifoa da, eta, horrez gain, baliteke beste testu hagiografikoen eragina izatea. Hala ere, gure ustez, -dokumentuak balio eta interes handia du, Novempopulaniaren kristautze–prozesuari eta Antzinate Berantiarreko diplomaziaren historiari dagokionez.
Amaitzeko, adierazi nahi dugu zenbait ikertzailek Commonitorium poema elegiakoaren egiletza aitortu diotela. Poema horretan, inbasio barbaroek eragindako hondamenak jainkozko zigortzat hartzen dira, eta inbasioak bizimodu mundutarra alde batera uzteko eta espiritualtasunari heltzeko pizgarritzat interpretatzen ditu. Santuaren ustezko gorpuzkiak Auchen zeuden, eta bere gurasoenak, Huescan, eta erlikiatzat gurtu zituzten mende askoan. Bi hiri horiek pieza horietako batzuk elkartrukatu zituzten 1609an.
Obrak
Orientius, «Commonitorium» in Ellis, R. (arg.): Corpus Scriptorum Ecclesiasticorum Latinorum, 16. libk., Vienna: Hoelder-Pichler-Tempsky, 1888.
«Vita sancti Orientiiepiscopo Ausciorum in Novempopulania» in Henskens, G. (arg.): Acta Sanctorum, Maii 1, Paris: Firmin Didot fréres, 1866.
Bibliografia
Courcelle, P.: Histoire littéraire des grandes invasions germaniques, Paris: Etudes Agustiniennes, 1964, 3. arg.
Gillet, A.: Envoys and Political Communication in the Late Antique West, 411-533, Cambridge: Cambridge University Press, 2003.
Gómez Zarraquino, J. I.: Los santos Lorenzo y Orencio se ponen al servicio de las «tradiciones» (siglo xvii), Huesca: Instituto de Estudios Altoaragoneses, 2007.
Griffe, E.: La Gaule chrétienne à l’époque romaine, Paris: Letouzey & Ané, 1964-1966, 3 libk., 2. arg.
Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia, Gasteiz: UPV/EHU, 2017.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Vita Sancti Orientii Espiscopo Ausciorum in Novempopulania”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 110-111.





