Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

VILLAVASO ECHEVARRIA [BILLABASO ETXEBARRIA], Camilo Felipe (Bilbo, 1838ko abuztuak 23 – Bilbo, 1889ko uztailak 23).

Karguak eta lanbideak

Kazetaria, idazlea, historialaria eta politikaria 

Ibilbidea

1838an jaio zen, Bilboko merkatari-familia batean, hiriko erdigunean. Bariko San Nikolas parrokian bataiatu zuten, eta Camilo Felipe izena jarri zioten. Nicolas Fabian Balbino Villavaso Larrearen eta Isabel Victoria Andresa Echevarria Larrondoren semea. Agerikoa da letren arloan zuen prestakuntza zabala, kontutan hartzen badugu bere liburutegia, izan ere, alemanez, frantsesez, ingelesez eta italieraz idatzitako liburu askok eta nazioarteko hainbat aldizkarik osatzen zuten. Hala ere, merkataritza arloan familiak izandako gorabeherak zirela eta, antza denez, ikasketetan porrot egin zuen. 1888ko abenduaren 1ean Aulestiako Luisa Lequerica Bilbaorekin ezkondu zen. Berrogeita hamar urte zituela hil zen, ezkondu eta hilabete gutxira, ondorengorik utzi gabe.

Idatzi zuen lehengo kazetaritza-artikuluak eduki historikoa zuen eta 1856an argitaratu zen Semanario Pintoresco Español aldizkarian: «De la guerra de Durango con el linaje de Zaldívar». Argitalpen labur honetan, Villavasok ñabardura askorekin kontatzen du Bizkaia Erdi Aroan suntsitu zuten etengabeko bando-gerretako kapitulu bat.

Urtebete geroago, 1857an, Irurac-Bat egunkarian hasi zen kolaborazioak egiten. Egunkari hau, 1853an sortua, Juan E. Delmasena zen, hau da, Villavasoren kazetaritza-mentoretzat har daitekeenarena. Egunkari horretako nazioarteko atalaren kolaboratzailea izan zen eta hainbat artikulu argitaratu zituen goiburu honekin: «Revista Extranjera».

Irurac-Batean parte hartzen ari zelarik, aldizkaria dohainik eskuratu zuen 1864an (1869an saldu zen arte). Haren zuzendaritza bere gain hartu zuen 1867an, eta horrela, bateratu zituen bere kazetaritza-bokazioa, nazioarteko politika garaikidearekiko interesa, eta korronte liberal foruzalearekiko lotura estua.

1868ko iraultzaren ondorioz gertatu ziren aldaketek aldarazi egin zuten garai hartako errealitate politikoa, eta, Villavasoren kasuan, Bilboko Udalean sartzeko aukera eman zioten. Udaleko idazkari-kargua hartu zuen, ordura arte kargu hori izan zuen Miguel Ingunzaren dimisioaren ondoren, 1869ko urtarrilean. Urte bereko otsailaren 15ean Villavasok postu hura betetzeko eskaera aurkeztu zuen. Egun berean izendatu zuten idazkari osoko bilkuran.

Udal-idazkari izan zen garaian (1886 arte), urte horietako askotan ordezkapen-kargu politiko bat baino gehiago bete zituen; besteak beste, Bizkaiko Batzar Nagusietako prokuradore izendatu zuten 1870ean eta Jaurerriko Foru Aldundiko bigarren erregidore hautatu zuten 1872-1874 urteetan, baita Probintziako Aita izendapena eman ere. Garai nahasia izan zen, gertaera dramatikoz josia, edozein aldetatik begiratuta, azken Karlistaldiagatik. Gero eta argiago ikusten zuten Foruak alderdi karlistaren patuarekin lotzeak, ezinbestean, Foruak desegitea ekarriko zuela karlisten porrotarekin batera, eta halaxe gertatu zen, hain zuzen ere.

Testuinguru horretan esanahi handiagoa du Villavasok foruzaletasun liberalaren sektore baten proposamena onartu izana, Gorteetarako Durangoko hautagai izateko (berriro ere Durangaldeko herri honi lotuz), 1876an agerian baitzegoen Foruen etorkizun beltza.

Bilboko Udaleko idazkari kargua eta Gorteetarako Bizkaiko ordezkari izateko aukera bateraezinak zirenez, dimisioa aurkeztu zuen 1876ko urtarrilaren 23an (segurutzat jo zen diputatu hautatuko zutela), eta hilabete bereko 27an Udalbatzak onartu egin zuen Villavasoren dimisioa, Hiribilduaren Madrilgo mandatari berezi izendatzearekin batera.

Jaurerriaren Parlamentuko ordezkariak buru-belarri aritu ziren Foruen defentsan, haiek indargabetzeko zorian baitzeuden. Esparru horretan nabarmendu behar da 1876ko uztailaren 14ko hitzaldi luze eta trebea.

Oratoria bikaineko gizona zen Villavaso, eta, bere hitzaldi sutsuan, Foruei buruzko eztabaidaren egokitasunari buruzko arrazoizko zalantza bat transmititzen saiatu zen, kontuan hartuta gerra bukatu berria zela eta horren ondorioz iritzi desberdinak eta ezin ikusiak puri-purian zeudela, bere ustez, prentsaren interesengatik edo ekonomia-arloko hiri aurkariren batek bultzatuta. Hitzaldiaren gainerako zatia hiru zatitan banatuta zegoen: lehenengoan aipamen historikoa, Bizkaiaren jatorrizko independentziaren eta bere bateratze baketsu eta borondatezkoaren deskribapena egin zuen, gerra pizteko arrazoien azterketa (erabat baztertzen du Foruen kausa), eta azkenik, 1839ko Legearen interpretazio forala, foru egiturak mantentzeko legezko euskarri gisa.

Alferrik izan ziren haren ahaleginak eta gainerako ordezkarienak. Handik egun gutxira, 1876ko uztailaren 21ean, Foruen Lege indargabetzailea onartu zen.

Villavasok 1877ko ekainaren 12an uko egin zion aulkiari. Irailaren 6an eskatu zuen berriro Bilboko Udaleko idazkari-kargua, eta hurrengo egunean Udalbatzak eman egin zion, aurreko aldian egindako kudeaketarekin gustura zegoela adierazita.

Bizitza politikotik erretiratuta, udal lanez gain, lan eskerga egin zuen arlo askotan, esate baterako, kulturan eta kazetaritzan edo arlo intelektual eta akademikoan. 1879an, orduko Alzola y Minondo alkatearen aginduz, Bilboko Zabalgunearen kale izendegiari buruzko Txostena idatzi zuen. 1880ko apirilaren 2an Historiaren Errege Akademiako kide urgazle hautatu zuten, eta urte berean Probintzia Baskongadoetako Otomandar Inperioaren kontsul izatera heldu zen. Halaber, Bizkaiko Monumentuen Batzordeko kide izan zen.

1881etik aurrera, Euskal-Erria aldizkariarentzat kolaborazioak egiten aritu zen Bilboko seme-alaba ospetsuen biografia sail batekin eta Durangoko Historiaren kontakizunarekin. Azken horrek zazpi emanaldi izan zituen, eta 1968. urtera arte ez zuten dena batera argitaratu. Era berean, beste aldizkari batzuekin ere kolaboratuko zuen, hala nola Revista Vizcaya, non haren biografietako batzuk eta Celebridades contemporáneas saila (geroko lanaren oinarri) argitaratu baitzituzten, nazioarteko politikaren kronikez gain. Hoja Literaria aldizkariarekin ere kolaboratu zuen.

Arnastea eragozten zion gaixotasun larri eta kroniko baten ondorioz, Villavasok uko egin zion Udal Idazkaritzari 1886an. Udalak (ad hoc sortutako) Bilboko kronikari eta Liburutegiko ikuskatzaile karguak eskaini zizkion, bizitzeko baliabide ekonomikoak izan zitzan.

Urte berean, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala sortu zen Bilbon. Villavasok parte hartu zuen haren sorreran. Hasiera-hasieratik, Zuzendaritza Batzordeko idazkari-artxibozain izan zen (geroago, 1888an, Boletín de la Cámara aldizkariko erredakzio-buru ere izan zen). Bitartean, 1886an bertan, Arana eta Truebarekin batera, eusko-nafar folklorea sustatzeko motor bihurtu zenaren hazia izan zen. Testuinguru horretan kokatu behar da, 1886ko martxoaren 27an Iruñeko Gayarre Antzokian eman zuen hitzaldi sutsua.

Ildo beretik, Villavasok Durangoko Euskal Jaietan parte hartu zuen 1886ko uztailean, eta hiru lan aurkeztu zituen, hainbat sari lortu zituelarik. Lehenengo lana Apuntamiento para un compendio historial de la M.N. Villa Tavira de Durango y Memoria de sus Hijos más ilustres izenburupekoa izan zen, lehenago aipatu den bezala, zatika argitaratu zena 1886an Euskal-Erria aldizkarian. Zati horiek guztiak 1968. urtean argitaratu ziren, Euskal Jaietan aurkeztu zuen hirugarren lanarekin batera, hau da, Pablo Pedro de Astarloaren Biografia. Bigarren lana, Memoria acerca de la condición social de los trabajadores vascongados izan zen, 1886an argitaratua. Bertan, Villavasok beste herrialde batzuetan gertatu ziren langile-mugimenduak saihesten saiatzeko neurri batzuk aztertu eta proposatu zituen.

1887an argitaratu zen La cuestión del Puerto de la Paz y la Zamacolada. Exposición histórica acompañada de la memoria justificativa de uno de los actores de aquellos sucesos inéditos y del plano de este importante proyecto. Jose Maria Murga La Barreraren dokumentuak izan ziren lan horren oinarri, bera izan baitzen Zamakoladako gertaera gehienetan parte hartu zuen haietako bat.

Urtebete geroago, Bilboko Merkataritza Eskolako bitarteko irakasle izendatu zuten. «Merkataritzaren eta Industriaren Historia Orokorra» eta «Geografiaren Osagarriak» irakasgaiak eman zituen. Urte horretan bertan (1888) argitaratu zen bere azken lana: Celebridades contemporánea. Bosquejos biográficos. Liburu horretan bildu ziren lehenago Revista Vizcaya aldizkarian zatika argitaratu ziren testu guztiak.

Karlos III.aren eta Isabel Katolikoaren Ordenetako Komendadore tituluak zituen.

1889ko uztailaren 23an hil zen, bronkitis kapilar kronikoaren ondorioz. Hileta elizkizunetara Aldundiko lehendakaria eta Bilboko alkatea bertaratu ziren, eta horrek Villavasoren garrantziaren berri ematen du.

Obrak

La cuestión del Puerto de la Paz y la Zamacolada. Exposición histórica acompañada de la memoria justificativa de uno de los actores de aquellos sucesos inéditos y del plano de este importante proyecto, Bilbo: Imp. de Juan E. Delmas, 1887.

Memoria acerca de la condición social de los trabajadores vascongados, Bilbo: Imp. de Juan E. Delmas, 1887.

Celebridades contemporáneas. Bosquejos biográficos, Bilbo: Administración de la Revista de Vizcaya, 1888.

Historia de Durango y de sus más ilustres hijos, Bilbo: Villar Libª., 1968.

Bibliografia

AUÑAMENDI, «Villavaso Echevarria, Camilo Felipe», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/villavaso-echevarria-camilo-felipe-de/ar-128533/ (2020ko urriak 26).

BASAS, M., «Camilo Villavaso Echevarria», in VILLAVASO, C., Historia de Durango y de sus más ilustres hijos. Bilbo: Libª. Villar, 1968, 7-43. or.

DELMAS, J., Biografía universal de claros varones de Vizcaya, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970, 191-192. or.

URQUIJO GOITIA, M., «Villavaso Echevarria, Camilo», Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 921-926. or.

— «Villavaso Echeverria, Camilo», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia, Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/85213/camilo-villavaso-echeverria (2020ko urriak 27).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP