Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELA ETA LEONGO EGILEAK ETA OBRAK

VALERA, Diego de (Cuenca?, 1412 – El Puerto de Santa María, ca. 1488).

Karguak eta lanbideak

Historialaria, moralista eta diplomazialaria

Ibilbidea

Seguru asko Cuencan jaio zen 1412an, judu kristautuen familia batean. Joan II.aren mediku Alonso Chirinoren eta María de Valeraren semea zen. Diego de Valera 1429an sartu zen gortean, Joan II.aren noble gazte gisa, eta kargu berari eutsi zion Henrike IV.arekin ere. Nazaren aurka borrokatu zuen Granadako gerran (1431), eta 1435ean zaldun izendatu zuten. 1437tik 1442ra bitartean hainbat misio diplomatiko bete zituen Espainiak Europan zituen enbaxadetan (Frantzia, Bohemia, Dazia, Ingalaterra, Borgoina…). Cuencako prokuradore zereginean hainbat kargu bete ondoren, 1462an Palentziako justizia nagusia izendatu zuten, eta 1474an Errege-erregina Katolikoen kontseilari. Azken kargu hori Puerto de Santa Mariako alkatetzarekin batera bete zuen.

Obra oparoa utzi zuen idatzita. Literaturaren arloan, hainbat poema eta Errege-erregina Katolikoei eskainitako epistola sorta bat. Era berean, zenbait tratatu politiko-moral ere idatzi zituen, hala nola Defensa de las virtuosas mujeres (1441), Espejo de verdadera nobleza (1441), Tratado de las armas (1458-1467), Ceremonial de príncipes (1462) eta Doctrinal de príncipes (1475). Historialari lanean, hauek idatzi zituen: Crónica abreviada (1482), la Crónica de los Reyes Católicos (1486-1488) eta Memorial de diversas hazañas (1486-1487). Azken hiru obra horiek iturri bereziki garrantzitsuak dira Trastamara dinastiako azken kideen berri jakiteko. Aurreko kroniketan, iturri dokumental ugaritan eta egilearen beraren bizitzan oinarrituta daude aipatutako lan horiek.

Memorial de diversas hazañas lanean, Henrike IV.aren erregealdian Bizkaiko historiaren hainbat pasarteren berri ematen du egileak, bereziki bandoen arteko borroka odoltsuen eta kapareen arbitrariotasunaren berri. Halaber, hausnarketa eta balorazio orokorrak ere egiten ditu, eta datu zehatzak ematen ditu, Trebiñuko kondearekin gertatutakoari buruz, adibidez. Bando-gerren testuinguruan, oso interesgarriak dira Bizkaiko legediaren eta ohituren inguruan adierazten dituen iritziak. Horiei esker, Jaurerriko biztanleek zenbait berme juridiko zituzten Gaztelako monarken eta jauntxo arbitrarioen aurrean: «E como los vizcaínos tengan antiguas leyes e costumbres que puedan desnaturalizarse del rey si atentase quebrantarlas, y el Condestable ay quisiese algunas cosas facer contra sus leyes e costumbres, los vizcaínos fueron de ello muy mal contentos, e pensaron buscar su remedio, aunque la antigua discordia entrellos, en que inumerables gentes por fierro e por fuego avían sido muertos, ansí de linaje de Oñez como de Gamboa que aquella provincia señoreaba, les dava grande estorbo, y el odio que entrellos avía repunaba al deseo de la libertad, e la enemistad que ninguno fasta entonces pudo quitar de entre estos dos linajes a la ambición y deseo de señorear aquella provincia».

Obrak

Memorial de diversas hazañas, 1486-1487. De Mata Carriazo, J. (arg.), Memorial de diversas hazañas, Madrid: Espasa-Calpe, 1941.

Crónica de los Reyes Católicos, 1486-1488. De Mata Carriazo, J. (arg.), Crónica de los Reyes Católicos, Madrid: Centro de Estudios Históricos, 1927.

Bibliografia

Moya García, C. (arg.), Mosén Diego de Valera: Entre las armas y las letras, Woodbridge: Tamesis, 2014.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A., Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 76.-78. or.

Salvador Miguel, N., eta Moya García, C. (koord.), La literatura en la época de los Reyes Católicos, Madrid: Iberoamericana, 2008.

Salvador Miguel, N., eta Moya García, C., «Diego de Valera», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/4811/diego-de-valera (2018ko azaroaren 3an eginiko kontsulta).

Aipamen bibliografikoa

Lizarraga Rada, M., “Valera, Diego de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 317-318.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP